Latifundioa (latinezko latifundium hitzetik) nekazaritzarako edo abeltzaintzarako ustiatzen azalera handiko lursaila da, latifundista deritzon jabe bakar batena, orokorrean nekazaritza estentsiborako erabilia, produktu bakarrarekin edo bakan batzuekin eta produktibitate eskasekoa. Minifundioak berriz, azalera txikiko lursailak dira, jabe desberdinak dituztenak, eta gehienetan nekazaritza intentsiborako erabili ohi direnak. Latifundioak eta minifundioak bereizteko muga zehatza lausoa da ordea; adibidez, 20 Hako lursaila minifundioa izan daiteke eskualde batean, azalera handiagoko lursailen artean badago, eta latifundioa beste batean. Horien erabilera ere aldakorra da; adibidez, minifundioak nekazaritza intentsiborako erabili ohi diren arren, produktibitate handiarekin, badira minifundioak kapital intentsibo nahikoa (makineria, ...) inbertitzeko gutxieneko tamainara heltzen ez direnak, eta produktibitate eskasarekin, autokontsumorako soilik erabiltzen direnak.
Latifundismoa eta minifundismoa latifundioak eta minifundioak daudenean garatzen diren lursailen banaketa moduak eta ondoriozko nekazaritza-egiturak eta gizarte fenomenoak dira. Nekazaritza-egitura horiek kondizio sozialak eragiten dituzte guztiz; hala, latifundismoan nekazaritza-langileen esplotazioarekin lotzen da, latifundistak inposatzen dituen lan-baldintzak direla eta. Latifundismoaren aurka, nekazaritza erreformak bultzatu dira historian zehar, latifundioak espropiatuz eta desjabetuz, eta nekazaritza langileen artean banatuz, produktibitatea gehitu eta horien bizimodua hobetzearren.
Latifundismoaren eta minifundismoaren arrazoiak historikoak nahiz geografikoak izan daitezke. Minifundioak adibidez, bereziki mendi inguruetako jabetza-egitura izan da, eta bailara eta lautadak latifundioak eratzeko paisaia egokienak, lursailak zabaltzeko erraztasunagatik. Ingurura egokitzen den laboreak ere badu garrantzirik; adibidez, zerealak latifundioetan laboratu ohi dira, latifundioak zerealak produktibitate handiarekin ekoizteko aproposak direlako, eta baratzeko produktuak minifundioak, horietarako nekazaritza intentsiboa behar delako, lursail txikietan. Arrazoi historikoak ere garrantzitsuak izan dira; adibidez, kolonizazioan latifundioak eratzeko joera izan da, kolonoen eskuetan, bertako langileekin, lan-indar merkea probestuz.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Partzela kontzentrazioaPartzela-kontzentrazioa landa eremuko partzela edo lur eremuak bateratzeko prozesua da, horien gehiegizko zatitzea saihestu eta nekazaritza ustiapenei tamaina egokia eman eta produktibitatea gehitze aldera. Partzela kontzentrazioa bereziki komenigarria…
Nekazaritza ekologikoaNekazaritza ekologikoa, nekazaritza biologikoa edo nekazaritza organikoa aldi berean lurraren eta ekosistemen oreka eta biodibertsitatea zaindu eta gizaki nahiz aberrentzat elikagai osasungarriak dituen nekazaritza-sistema da, kutsadura saihestuz, material…
Nekazaritza erreforma, nekazal erreformaNekazaritza erreforma edo nekazal erreforma estatu batek nezakaritza arloan aurrera daraman politika aurrerakoien multzoa da, bereziki nekazaritza lurren banaketa, lurraren jabego figurak, lurraren erabilerareta nekazarien bizimodua helburutzat dituena.…