Landa-lana (ikerketa)


KategoriakSoziologia

Bronisław Malinowski, antropologian landa-lana eginez nabarmendu zen antropologoa, berak ikertutako Trobiand uharteetako indigenekin batera.

Ikerketa arloan, landa-lana, landa-azterlana edo landa-ikerketa gizakiei edo beste izaki bizidunei buruz euren habitat, giro edo jarduera-eremuetan bertan informazioa jasotzen duen ikerketa-lana da. Gizarte zientziei dagokienean, soziologian, psikologia sozialean, etnologian eta antropologian erabiltzen da berezik. Landa-lanaren abantaila nagusia datuen kalitatea da, ikertzaileek bertatik bertara jasotzen dituztelako, mundu errealean; gainera, sakontasun handiko datuak izaten dira. Oztopoen artean, ikertzaileak egoera erreal horiek interpretatzean izan dezakeen subjektibotasuna (landa-lana metodo interpretatzailea da askotan) eta ikerketaren gehiegizko kostua, behar den denbora luzeegia eta kanpo aldagaiak kontrolatzeko ezintasuna aipa daitezke. Landa-lanean jasotzen diren behaketak, datuak eta bestelako informazioak landa-oharretan jasotzen dira, landa koadernoa osatzen dutenak.

Landa-lana metodo kualitatibo hauen bitartez garatu daiteke:

  • zuzeneko behaketa, ikertzaileak giroan edo egoera sozialean parte hartu gabe, ikusten duena besterik jasotzen ez duenean (adibidez, manifestazio batean ikusten dena jasotzen duen ikertzailea);
  • behaketa partehartzailea, ikertzaileak egoeran partehartze aktiboa duenean, baina aldi berean partehartze aktibo horretatik atera behar denean, ikertzaile rola hartuz (adibidez, bere ikasgelako ikasleei buruzko ikerketa burutu behar duen irakaslea edota tribu indigena baten baitan integratzen den ikertzaile bat);
  • elkarrizketa kualitatiboak, pertsona eta taldeei zuzenean galdetzen zaienean.

Landako ikerketa zuzena eta egokia izan dadin, garrantzitsua ikertzaile-taldea ondo antolatzea, informazio-bilketa homogeneoa izan dadin, eta informazio kontestuala jasotzea, fenomenoa gertatzen den testuinguruari buruzkoa jasotzea, jasotzen diren datuak hobeto interpretatzeko.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, fieldwork; gaztelaniaz, trabajo de campo.

Ikus, gainera

Erreferentziak

335 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.