Kostu zuzenak edo zuzeneko kostuak produktu bati zuzenean esleitu dakizkiokeen kostuak dira, produktu horri beste inongori ez dagozkionak. Adibidez, liburu egiteko behar den papera liburu horren kostuari dagokio, eta ez beste ezeri, eta horregatik esango dugu papera liburuaren kostu zuzena dela. Zeharkako kostuak, berriz, produktu bati soilik egotzi ezin zaizkion kostuak dira, produktu-multzo bat ekoitzi edo jarduera sail batzuetan burutzeko sortu direlako; adibidez, argitaletxearen promozioa egiteko sortutako gastuak argitaletxe horrek argitaratutako liburuen zeharkako kostuak dira.
Kostu zuzenak aldakorrak izaten dira, baina badira aldakorrak eta zeharkakoak diren kostuak (argindarraren kostua, esaterako) eta finkoak eta zuzenak direnak (produktu jakin bat ekoizten lan egiten duten langileen soldata, adibidez).
Tarteko kostuak badaude, kostu erdi-zuzenak izenekoak, produktu jakin bati ez baina enpresako sail jakin bati egotz dakizkiokeenak.
Produktuaz gainera, kostu zuzenak eta zeharkakoak sailaren arabera ere bereizi daitezke (ikus, gazteleraz, portador de coste): sail jakin bati buruz, badira kostu zuzenak, sail horri argi eta garbi atxikitzen zaizkionak, nahiz zeharkako kostuak, sail bakar bai atxikitzen ez zaizkionak, eta azkenean sail desberdinen artean banatu edo orokorrean kontsideratu behar direnak.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Aukera-kostuakAukera-kostua erabaki bat aukeratu eta besteak baztertzeagatik sortzen den kostua edo etekin-galera da, baztertu diren erabakietan eskura zitekeen irabazi handiena. Adibidez, hondartzara joatea erabakitzean, mendira joateko plana baztertuz, ez da pentsatu…
Kostu finkoak eta kostu aldakorrak (aldagarriak)Kostu finkoak ekoizpena aldatuta ere konstante mantentzen diren kostuak dira. Kostu aldakorrak edo aldagarriak, berriz, ekoizpenaren arabera aldatzen direnak dira, ekoizpenarekin batera handitzen direnak. Adibidez, liburuak egiten dituen…
Kostu inplizituak eta kostu esplizituakKostu esplizituak enpresak ordaindu behar izan dituen kostuak dira, hala nola soldatak eta lehengaien erosketa eta kontsumoa. Kostu inplizituak, berriz, aukera-kostuak dira, enpresak dituen baliabideak jarduera edo proiektu…