Konfigurazionismoa


KategoriakAntropologia

Konfigurazionismoa bereziki Ruth Benedict estatubatuar antropologoak (1887-1948) proposatutako paradigma edo ikuskera antropologikoa da, bereziki bere Patterns of Culture lanean (1934) azaltzen dena. Ikuskera horren arabera, kulturak elementu anitzen sistema konplexuak dira, gizakia eta bere psikologia neurri handi batean moldatzen dutenak, kultura aski desberdinetako gizabanakoen arteko desberdintasunak ikustean konprobatu ahal izan zuenez. Konfigurazionismoaren lehen printzipioa litzateke kulturek, bere konplexutasunaren, elementuen aniztasunaren eta singulartasunaren baitan, osotasun integratu edo konfigurazio konkretuak, patterns (patroiak, ereduak) direlakoak alegia, eratzen dituztela, psikologian eta gizabanakoaren mailan tenperamentu, nortasun eta izaera prototipikoak (sentimentala, haserrekorra, ...) dauden bezalatsu. Bigarren printzipio bat litzateke konfigurazio horiek gizabanakoak moldatu egiten dituztela, ez bakarrik beraien arteko harremanetan, baizik eta baita maila psikologiko indidibualean ere. Horrela adibidez, Lautada Handietako indioak dionisiako edo grinatsutzat hartzen zituen, Pueblo indioak apolineoak edo lasaiak ziren bitartean. Benedicten arabera, kultura bakoitzaren konfigurazioa badu barne logika bat, baino logika hori ez kausa-efektu gisakoa, funtzionalismoan gertatzen den bezala, baizik eta holistikoa, elementu guztien integrazioan oinarritzen dena, ingurune jakin batera moldatzeko. Dena den, konfigurazionismoak funtzionalismoarekin printzipio komun sendoak zituen ikuskera izan zen, hala nola kulturak osoki, modu integratuan aztertu behar direla baieztatzean, eta batzuen arabera printzipio berdintsuak dituzten paradigmak lirateke biak ala biak, ñabardurak ñabardura.

279 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.