Katarsia (antzinako grezierazko κάθαρσις, katharsis, hitzetik; euskaraz, literalki, "garbitzea") subjektu batek bere gogamenetik emozio negatiboak kanporatu eta ezabatzeko prozesua da, halako kontzientzia hartze bat, bereziki artearen bitartez (eta horien artean bereziki genero dramatikoaren bitartez). Katarsia eragiten duena katartikoa dela esaten da.
Jatorrian, Antzinako Greziako tragedian du jatorri, eta errukia eta izua ezabatzeko prozesua litzateke, Aristotelesek Poetika bere lanean definitu zuen moduan. Platonek filosofia katarsia dela baieztatzen du, purifikazio modu bat: mundu sentikorrean Ideien benetako ezagutzari heltzerik ez dagoenez, filosofiaren helburua lotura sentikorretik askatu eta heriotzarako prestatzea da, katarsi moduan, heriotzean Ideien mundura itzultzeko.
Geroztik, artearen, literaturaren eta musikaren bitartez gertatzen diren emozio askapenak izendatzeko erabiltzen den terminoa da, emozio horiek kontzientziara ekarriz eta azalaraziz. Aldaketa sozialerako prozesu kolektibo gisa ere definitu da, subjektuak era kolektiboan alienazioaz eta zapalkuntzaz jabe egin eta arlo politiko eta sozialean batera ekitean. Medikintzan antzinatik baliatutako kontzeptua izan da; hain zuzen, Hipokratesek diarrea, oka egitea eta hilerokoa sendabidetzat hartzen zituen. Egungo psikologiak bereganatutako kontzeptua izan da, psikoanalisian eta beste teoria psikodinamikoetan bereziki, patologia mentalak erreprimitutako emozioen ondorioak direla baieztatzean (ikus, metodo katartikoa). Psikoterapiaren helburua katartikoa litzateke, beraz, emozio horiek kanporatzea, hipnosiaren, asoziazio askearen edo psikodramaren bitartez. 1
Erreferentziak
Loturiko artikuluak
Genero-berdintasunaGenero-berdintasuna gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna da gizartean, diskriminaziorik gabe, aukera berdinekin eta arrakalarik gabe. Genero-berdintasunera heltzeko genero-parekidetasunerako (gizon eta emakumeentzako tratu berdina) eta genero-ekitaterako (emakumeen aldeko…
Genero dramatikoaGenero dramatikoa bereziki antzerki eta zinemara zuzendutako literatura generoa da, bizitzaren gorabeherak, bereziki gatazkak, krisiak eta erronkak garatzen dituena. Genero dramatikoaren lanak sortzen dituen idazlea eta antzezpena zuzentzen…
Metodo katartikoaMetodo katartikoa edo prozedura katartikoa psikoanalisian erabilitako metodo terapeutikoa da. Sigmund Freud eta Josef Breuer psikoanalisiaren aitzindariek proposatu zuten metodoa histeria sendatzeko, psikoanalisiaren hastapenetan. Metodoa garatzeko, subjektua hipnosi…