Kalitate-prezio erlazioa


KategoriakEkonomia

Kalitate-prezio erlazioa kontsumitzailearen aldetik ondasun edo zerbitzu batek eskaintzen duen gogobetetasun eta utilitate maila da, ondasun eta zerbitzu horren kalitateari eta prezioari erreparatuz. Kontzeptu subjektiboa da guztiz, eta beraz kontsumitzaile batetik bestera aldatu egiten da, kalitatearen hautemate edo pertzepzioa desberdina delako kontsumitzaileen artean eta baita ere prezioaren balorazioa (garestia edo merkea den). Edonola ere, produktu baten kalitate-prezio erlazioa handiagoa beste batena baino, eta bera gogobetegarriagoa, bi kasu hauetan: lehenik, prezio berdintsu baterako, kalitate handiagoa badu; eta bigarrenik, antzeko kalitatea izanda, prezioa merkeagoa bada. Hortik aparte, produktu batek beste batek  baino kalitate-prezio erlazio handiagoa duen problematikoa da guztiz, eta edozein kasutan guztiz subjektiboa, kontsumitzailearen beharren eta errentaren arabera. Adibidez, dirudun batentzat Armani soineko batek kalitate-prezio erlazio ona izango du, soineko arrunt baten aldean, berari berdinak baitzaizkio 10.000 euro eta 10 euro ordaindu behar izatea, eta Armani soinekoak askoz ere kalitate handiagoa duelako berarentzat; pertsona xume bat moldatu egingo da seguru asko soineko arruntarekin, bost axola janztn duen soinekoa Armani edo bestelakoa den, eta arruntak 10 euro balio duenez, berarentzat soineko arruntak kalitate-prezio erlazio handiagoa izango du. Nolanahi ere, kalitate-prezio erlazioa balioaren definizioarekin dago loturik, gai guztiz eztabaidatsua ekonomialarien artean, eta iritzi kontrajarri asko sortzen dituena, bereziki balioa kontzeptu objektiboa eta subjektiboa dela, hurrenik hurren, baieztatzen dutenen artean.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, value for money (VFM); gaztelaniaz, relación calidad-precio.

Ikus, gainera

309 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.