Jara live, Jasone Osoro: laburpena


KategoriakLiburuak

Jara live Jasone Osoro idazleak idatziriko eleberri laburra da, 2010 urtean plazaratua eta bereziki gazteei zuzendua. Jara saileko laugarren eta azken liburua da, Jara (2001), Jara, bikiak eta bikoteak (2005) eta Jara Bartzelonan (2007) eleberrien ondoren.

I. kapitulua: Teloneroak

Uda da eta Jara klase partikularretan dabil iraileko azterketak prestatzen. Ihesalditxo bat egin eta Oriol mutil lagunak lan egiten duen liburudendara doa bisitatxoa egitera. Halako batea, Ihintza bere lagunak deitzen dio Euskal Herritik. Eta plan baten berri emateko: Austrolopithecus taldea, haien lagunek osatutako taldea, telonero gisa arituko dira Lekeition egin beharreko jaialdi batean, beste talde famatu batzuekin batera. Ihintzak esaten dio joan behar duela, baina Jarak esaten dio gurasoek ez diotela utziko, are eta gutxago berarekin joateko esaten badie. Agurtu eta Orioli kontatzen dio plana, eta bera ere apuntatzen dela esaten du. Jarak ez du nahi Oriol joatea ordea, harekin ibili arren, mutil berriak ere ezagutu nahi dituelako eta bere kasa ibili. Jarak bi arazo ditu orain: hara joateko baimena lortzea eta Oriol ez mintzea.

II. kapitulua: Bai eta ez

Etxera bidean plan hau bururatzen zaio Jarari Oriol ez mintzeko. Ihintzari esango dio Orioli deitzeko eta hari esateko Lekeitiokoa txikitako lagunak elkartzeko izango dela, Oriol lekuz kanpo sentitu eta etor ez dadin. Etxean, afaltzeko orduan amak badaki Jarak zerbait kontatu behar diola eta azkenean esaten dio. Amak dio Ihintzak berari ere deitu diola eta kontzertuarena kontatu diola, eta baimena emango diola esaten dio. Jara haserretu egiten da, berri pozgarria izan arren, bera izan balitz baimena eskatu duena ezezkoa emango ziolako.

Segituan, Ferranek, haur txiki baten aitak, deitzen dio, eta gau horretan bera afaltzera doan bitartean Carla txikia zaintzeko prest dagoen galdetzen dio. Jarak baietz. Ferranen etxera joan eta gutxira Oriol agertzen da, Jara muturtu egiten da, ez baitzaio gustatzen Oriol Ferranen etxera agertzea, Ferranek horretarako oztoporik jartzen ez badu ere. Aurretik ere umore txarrez dago amarena dela eta. Oriolek zer gertatzen zaion galdetu eta amarena kontatzen dio, haserre dagoela berarekin Ihintzari kasu egiten diolako eta berari ez. Oriolek esaten dio agian bera ere burugogorra dela, azkenean lortu nahi zuena lortu badu, non dago arazoa? Jarak bere gurasoak direla eta berari eman behar diotela baimena, ez Ihintzari. Azkenean, Jara lasaitu egiten da, eta berea umekeria dela ulertzen du. Orioli esaten dio Lekeitiokoa txikitako lagunena dela, eta ea zer iruditzen zaion. Oriolek ez du oztoporik jartzen. Ze jatorra den Oriol! Musuka hasten dira eta Carla agertzen da ur bila. Hau da hau!

III. kapitulua: Hegazkina!

Jarak hegazkina hartzen du. Aireportura gurasoek lagunduta doa, aita txantxetan eta ama nola jokatu behar duen esanez beti bezala. Baino bere buruari aitortzen dio guraso bien jarrerari esker dagoela bera orekan. Hegazkinez bakarrik joatean helduago sentitzen da. Sartu, eseri, baino berehala gizon batek leihoko eserlekua eskatzen dio serio serio, berari dagokiolako eta gainera hegazkinez bidaiatzeari beldur diolako. Ihintzak deitzen dio. Berehala helduko da Jara eta Ihintza bere zain egongo da aireportuan, aitarekin, biak Lekeitiora eramateko. Bitartean mutil guztiz guapoa sartzen da hegazkinera Berri Txarrakeko kamisetarekin. Kontatu egiten dio Ihintzari eta Ihintzak Lekeitiora doan galdetzeko esaten dio, Jarak ezetz, berak baduela mutil laguna, Oriol alegia. Deia moztu egin behar du, aireratu behar dute eta. Jarak kilimak sentitzen ditu gorputz osoan.

IV. kapitulua: Kanpadenda muntatzen

Jararen aitak Lekeition utzi eta zoramenez besarkatzen dira bi neskak. Pozik daude, eta libre! Lehen gauza kanpadenda muntatu. Ihintza urduri dago guztiz, eta ez daki non jarri denda, orain han gero hemen. Mutil guapo batzuen ondoan jarri nahi du azkenik. Jarak amari deitzen dio segituan, dena ongi doala esateko, eta bi mutil hurbiltzen zaizkie, Gorka eta Xarles izenekoak. Jarak deia mozten duenean, Ihintzak esaten dio mutil horien denda ondoan muntatuko dutela denda, horrela lasaiago egongo direla. Jarak ezetz. Eta azkenean, bi neskak haserretu eta mutilek alde egiten dute. Neskak eztabaidan hasten dira, Ihintzak ligatu nahi du, Jarak Ihintzarekin egon nahi du eta gainera Oriol da bere mutila. Azkenean Ihintzak amore eman eta barkamena eskatzen dio Jarari, gainera mutilak soberan daude bazterretan. Denda aldameneko neska batzuen laguntzarekin, Irma eta Ainhoa, muntatzen dute, neska bereziak. Haietako batek esaten dio Jarari bere flekilloa gustatzen zaiola.

V. kapitulua: Kebab-rolloa

Gauzak errazegi joan direla uste du Jarak eta beraz, laster okertuko direla. Ihintzak afaria prestatu behar du: dilistak! Jara flipatzen dago. Kontzertu-tokira joatea proposatzen dio Jarak, baina Ihintzak ezetz, nahiago duela dendan geratu, baina brometan dago. Badoaz azkenean, jende pila alde guztietatik. Jarak bera espabilatu dela dio eta Ihintza txintotu, baina brometan. Irma eta Ainhoa ikusten dituzte kebab postu batean, eta haiengana doaz. Dilistak aipatzen dituzte bormetan, eta bazkaltzera gonbidatu biharamunean. Kebabak eskatzen dituzte. Jarak azaltzen die Bartzelonan bizi dela, aita han dagoelako lanean, eta gonbidaturik daudela bere etxera. Neskak txoratu egiten dira planarekin. Jarak esaten die ohe berean egin beharko luketela lo, neskek alde horretatik ez, lesbianak direla aitortzen dute. Jarak esaten die lehen aldia lesbianak ezagutzen dituela, baina hitz horiekin hanka sartzen ari dela uste du. Tira, barkatzen diote. Mutil katxarro (guapo) pila inguruan. Irmak eta Ainhoak musu ematen dute. Jara liluratuta dago hori dena ikusita.

VI. kapitulua: Liskarra

Jara eta Ihintza eztabaidan hasten dira. Ihintzak aurpegiratzen dio Jarari Irma eta Ainhoa lesbianak direla ez esatea, eta Jarak Ihintzari musu ematen ikusi duenean gehiegizko erreakzioa izatea (garagardoa erori zaio). Bakeak egin eta kontzertura doaz. Ihintza tematzen da aurrealdera joaten hobeto ikusteko abeslariak, baina Jarak nahiago du atzean. Ihintza bere kabuz doa aurrera, bakarrik. Jara pentsatzen geratzen da zeinen desberdinak diren biak: Ihintza tematia, berritsu, parrandazalea eta ligona; Jara berriz, bere buruarekin seguru ez dagoena. Baina lagun bikote perfektoa osatzen dute biek! Halako batean, Jarak aditzen du pertsona batek aurrealdera bultzaka joan nahi izan duela, eta liskarra sortu dela. Handik atzera jende olatu bat sortzen da, eta segituan Gurutze Gorrikoak ikusten ditu Ihintza ohatila batean ekartzen. Ez da ezer, zorabioa besterik. Kanpadendara eraman eta han kontatzen dio Ihintzak jipoitu egin dutela, aurre aldera indarrez sartu nahi izateagatik. Jarak merezia duela dio, eta haserretu egiten da. Kontzertura bakarrik joatea erabakitzen du, Ihintza hantxe utzita. Lagun onena da Ihintza, baina batzuetan ezin du berarekin.

VII. kapitulua: Zenbat urte?

Bartzelonan bizi denetik, Jarak bakarrik ibiltzeko ohitura hartu du. Lehen, bere herrian, ezin zuen. Horregatik hartu du arazorik gabe kontzertura bakarrik joateko erabakia, Ihintza dendan utzita. Fito y los Fitipaldis taldea ari da jotzen eta dantzan dagoen ibtartean mutil batekin tupust egin eta ia ia erori egiten da. Mutilak Jarari barkamena eskatu eta aurkezten da, Gari du izena. Jara ondo fijatu eta hegazkinean ikusi zuen mutil guapoa dela ikusten du. Mutilak ere ezagutzen du Jara. Jarari argiztapen lanetan dabilela esaten dio. Jarak flipatu egiten du, ze horrela seguru artistak ezagutzen dituela bertatik bertara. Mutilak baietz dio eta esaten du Fito oso majoa dela eta nahi du kontzertuaren bukaeran kamerinora eraman eta autografoa eskatu ahal izango duela. Jarak Ihintza ere joan daitekeen esaten dio, eta baietz noski, liskarra eragin duen neska jakinda, txantxetan ezetz dioen arren. Garik alde egin eta Ihintzari deitzen dio, berria emateko. Baino ez du hartzen. Kanpadendara joan eta han ere ez du aurkitzen. Kontzertura berriz ere joan, Garik esandako tokira, eta han mutilak Fito eta bere taldea zain dituela esaten dio. Hau emozioa Jararena!

VIII. kapitulua: Bero potoloa

Hurrengo goizean Jara esnatu eta Ihintza heltzen da. Jarak errieta egiten dio, ea non ibili den. Ihintzak bere ama balitz bezala ez tratazeko esaten dio. Haserre berriz ere biak, baina orain ere Ihintzak barkamena eskatzen dio azkenean. Jarak esplikazioak eskatzen dizkio, telefonoa zergatik ez zuen hartzen eta. Baino azkenean bakeak egin eta Jarak ea gauez nor ezagutu duen asmatzen duen galdetzen dio. Ihintzak hitza moztu eta Irmarekin eta Ainhoarekin egon dela esaten dio. Hondartzara doaz biak, elkarri gauekoa kontatzeko. 3 kmra dago eta bero egiten duenez, autoestopa egiten dute. Bitartean, Jarak Garirekin eta Fitorekin izandako guztia kontatzen dio, Fitorekin egindako argazkia erakusten dio. Ihintza flipatzen dago. Auto bat gelditu egiten da. Irma eta Ainhoa dira, haiek ere hondartzara doaz, haiek eta Ihintzak ere gauean gertatutakoa kontatzeko dutela oraindik.

IX. kapitulua: Olatu arteko konfidentziak

Jara eta Ihintza Karraspio hondartzatik San Nikolas uhartera doaz oinez marea baxuan. Ihintzak esaten dio Jarari zeinen ederra dagoen Irma bikinian. Gauean ez dira enroilatu, baina zerbair berezia sentitzen ari da Irmarekin, nahiz eta horrek ez du esan nahi neskak gustatzen zaizkionik. Jarak esaten dio kontuz ibiltzeko, Irma eta Ainhoa bikote direlako, eta Ainhoa mindu dezakeelako. Ihintzak dio Irmak ematen badu lehen pausoa, berak aurrera egingo duela, gauza berriak probatu nahi ditu eta. Jarak errieta egiten dio, betikoa dela esanez, eta orduan Ihintzak Garirena aurpegiratzen dio. Baina tira, roilo ona dago azkenean bien artean, eta biluzik bainatzen dira.

X. kapitulua: Eko-polizia

Arratsalde osoa pasatzen dute elkarrekin, Irmarekin eta Ainhoarekin. Oso jatorrak dira. Erre egiten dira eguzkipean. Kanpinean, kontzerturako prestatzen ari direla, Ihintzak mezu bat bidaltzen dio Irmari: lehoiak lehoiari, orro bat. Biak abuztukoak (Leo) direlako. Siesta bota, eta Jazzekin, Austrolopitekus taldekoa eta herriko laguna hitz egiten du Jara. Urduri dago, kontzertua prestatzen. Dendatik atera eta dena zikinez beteta ikusten dute. Jara ekologista da eta antolakuntzako norbait bilatzera doa, bazterrak garbi eduki behar direla esateko. Azkenean antolatzaile bat aurkitzen duenean, Gari dago berarekin. Eta dena ahazten zaio, baita kontzientzia ekologista ere: Jazz bere lagunak jo behar duela esaten dio hari, eta kontzertuaren amaierarako geratzen dira biak.

XI. kapitulua: Austrolopitekus urakana

Kontzerturako tiketak hartzera doala aitzakiarekin, Ihintzak Irma ikustera joan nahi du, kontzerturako atseden hartu ordez. Jarak esaten dio Irmarekin duen obsesioa kapritxo hutsa dela. Oriolek deitzen dio Jarari, eta gaueko kontzertuarena eta Fitorena kontatzen dizkio, baita Ihintzarekin nola dabilen, gora eta behera. Agurtu eta Jarak erabakitzen du ondo pasatzea, Ihintzak egin dezala nahi duena. Lehen ilaran jartzen da bere lagunen kontzertua ikusteko, eta oso ondo pasatzen du, eszenatokira eta guzti igotzeko gonbitea egiten dio Jazzek, abestia hari eskaini eta gero. Jazzekin batera abesten du, han jendearen aurrean. Irma, Ainhoa eta Ihintza ikusten ditu handik. Denak oso pozik daude, ze martxa! Baina halako batean, galerna dator eta eszenatokiko sabaia kolokan dagoela ikusita, kontzertua bertan behera uzten dute.

XII. kapitulua: Sugarrak

Jara, Ihintza, irma eta Ainhoa Jazzekin elkartzen dira ondoren. Jazz kontsolatzen saiatzen dira, kontzertua bertan behera geratzeagatik. Jo dutena oso ondo jo dute eta jendeak taldea ezagutzeko aukera izan du gutxienez. Jarak bezperakoa kontazen dio, Fitorena eta Garirena. Jarak laguna baino ez dela esan arren, besteak Oriolekin ere badabilela eta zirikatzen hasi eta Jara haserretu egiten da. Kanpinera alde egiten du, suminduta, eta han gazte batzuk ikusten ditu zakarrontziak erretzen eta botatzen, kontzertuaren dirua nahi dutela eta protesta eginez. Baina azkenean, antolakuntzatik Doctor Deseok jo behar duela esaten dutenean, dena da alaitasuna berriz ere esparruan. Jara gauza gehiegi bizitzen ari da, sentimendu gehiegi eta negarrez hasten da. Garirekin topatu eta honek besarkatu egiten du ezitiki. Jara haren besoetan abandonatzen da, dena ahazturik.

XIII kapitulua: Dei galdua

Gauean Jara berriz ere Ihintzarekin topo egiten du kontzertuaren inguruan. Garirekin geratua dela esaten dio. Ihintza flipatzen ari da eta hala esaten dio, nola da posible Oriolekin egon eta orain Garirekin enroilatzea. Jarak esaten dio nahi duena egingo duela, nazkatuta dagoela Jara txintxoaren papera jokatzeaz, Ihintzak nahi duena egiten duen bitartean. Gainera ez da Garirekin enroilatzen ari. Ihintzak esaten dio egin behar duena Jararen izaeraren aurkakoa dela, eta Jara beti izan den bezalakoa maite duela, bera guztiz aurkakoa izan arren. Jazz iristen da eta utzi egiten diote eztabaidari, nesken kontuak direla esanez. Jararen buruan kaosa dago ordea, Oriol eta Gari. Burua eta bihotza. Arrazoia eta pasioa. Garirekin elkartu eta hondartzara doaz gauez.

XIV kapitulua: Ez

Bitartean Ihintza Irmarekin dago eta galdetzen dio orroaren mezua gustatu zaion. Isilik geratzen da. Baita ere nola jakin zuen lesbiana zela, eta esaten dio sentitzen duenari kasu eginez jakin zuela, hasiera batean onartzea zaila zitzaion arren. Eta esaten dio Ainhoarekin oso gustura dagoela eta leiala izan nahi duela. Ihintzak esaten dio gutxienez aitortu behar duela begiratu lizunak bota dizkiola berari, eta jolasean ibili direla. Irma ezetz, bere edertasuna miretsi egin duela bakarrik. Biek barre egiten dute, Irmak esaten dio Ihintzari neska ausarta dela eta hori ona dela. Kontrolatzen ikasi behar duela besterik gabe, eta hori denborarekin ikasiko duela. Besarkatu egiten dira, adiskide moduan, baina distantzia batera Ainhoa dago, eszena guztia ikusten. Jeloskor dago.

XV kapitulua: Ihintza traidorea

Hondartzan paseatzen ari dira Jara eta Gari. Jarak esaten dio mutila duela, Oriol alegia. Urko bere lehen maitasuna izan zela ere esaten dio. Eta ez dela oso seguru sentitzen bere sentimenduekin. Bartzelonara joatean eten zen Urkorekikoa, eta gazteegiak ziren orduan. Jendea ezagutu nahi zuten. Pena du Urkorekikoa aurrera atera ez zelako. Garik aitortzen dio antzeko zerbait geratu zitzaiola Alai bere lehen amodioarekin. Jara gutura dago, zeinen modu irekian hitz egiten duen Garirekin. Garik esaten dio beretzat bera (Jara) arreba txiki bat bezalakoa dela. Jara harritua egiten da, baina azkenean piska bat liberatuta ere bai. Halako batean, Ihintzaren deia jasotzen du. negarrez dago. Jaialdiaren eremuan dago eta Ihintza traidorea pintada ikusi du pareta batean. Ainhoa izan da egilea. Jarak kontsolatu egiten du, pìxka bat merezita daukala jakin arren, ibili den bezala ibilzeagatik.

XVI kapitulua: Sandwicharen erdian

Ihintza lasaitu egiten da azkenik, eta onena neskak lagun bezala edukitzea dela garbi ikusten du azkenean. Mutilak gustuko dituela garbi dauka orain. Festara doaz, Garirekin batera. Ainhoarekin topatzen daJara eta hasieran serio egon arren, azkenean Ainhoak aitortzen du ez duela ondo egin pintadarekin, pasatu egin dela, Ihintza neska jatorra dela eta gainera badakiela ez dela ezer gertatu Irmarekin. Azkenean, agurtzeko Ainhoak musu ematen dio Jarari, Irmaren begiradapean! Jara Ihintzarekin elkartu eta zorabiatuta dago pixka bat, ezpainak garbitzen ditu Ainhoaren musua eta gero. Ez dio azalpenik ematen Ihintzari. Disfrutatu behar dute gaua eta hobe gauzak horrela uztea. Azkenean, Ihintzak musu ematen dio Jarari ezpainetan, baino adiskidetasun musua da. Gari dator eta Jara pixka bat nahastuta ikusten du. Erlaxatu eta libre izateko esaten dio. Baino bere bihotzean Urko eta Oriol izenak korapilatzen ari zaizkio. Ihintzari telefonoa eskatzen dio, ..., Urkori mezu bat idazteko.

XVII kapitulua: Urko, Jara naiz

"Kaixo zmz, zutaz akordatu naiz" idazten dio Urkori. Ihintza galdezka hasten da. Jarak esaten dio Urkorekin akordatu besterik ez dela egin, Oriolekin egon arren. Ihintzak ulertu egiten du guztiz. Hortik gutxira, mezu bat hartzen du, baina ez da Urkorena, Oriolena baizik, maite duela esateko. Jara errudun sentitzen da, Oriolek maite duela jakin duelako orain garbi. Urkok ez dio erantzun. Kontzerturik alde egin nahi du, zorabiatzen ari delako. Lo egin nahi du, burua eta bihotza ordenatu. Biharamunean, Jarak esaten dio alde egin aurretik herritik pasako dela Urkori bisita egiteko, gauzak argitzeko. Irma eta Ainoha datoz agurtzera, eta Ainhoak berriz ere barkamena eskatzen dio Ihintzari. Elkarri deitzeko eta Bartzelonan elkartzeko geratu dira. Gari ere badator eta besarkada estua ematen dio Jarari, Ihintza txantxetan bezperako gauean zertan ibili ziren galdezka dagoen bitartean.

XVIII kapitulua: Damua

Herrira itzultzean, zalantzak sortzen zaizkio Jarari. Beldurra du lehen bezala orain ere garai bateko neska herabe eta insegurua izatera itzuliko den, hori dena gaindituta duela uste arren. Zalantza horiek azaltzen dizkio Ihintzari, baino lagunak lasaitzeko esaten dio.

Motxila Ihintzaren etxean utzi eta Anabasa tabernara doaz. Komunera sartzen da berehala Jara, ideiak ordenatzeko. Kanpora atera eta lagunen aurretik pasatzen da, baina haiek ez diote "aupa" lehor bat baino esaten. Txiki txiki sentitzen da. Eta desagertu nahiko luke. Urkorengana iristen direnean, bi musu ematen dizkiote elkarri. Urkok esaten dio mezua leitu duela baino hasieran utzi eta gero ahaztu zaiola esaten dio. Hitz egiten dute, baina modu ez natural batean, zermoduzka eta. Ihintzak animatzeko Bartzelonara joatea proposatzen du, baino Urkok ezin duela dio. Urkok joan behar du, bere neska, Amaia, etorri da eta. Jarak ikusten du nola ematen dion musu ahoan. Jara gaizki sentitzen da eta atera nahi du egoera behartu eta artifizial horretatik. Ateratzean, Ihintza animatzen saiatzen da. Baino Jara damututa sentitzen da, herrira bueltatu izanaz, Urkori mezua bidali izanaz, herriko lagunak Bartzelonara joan denetik abandonatuta utzi izanaz. Itzuli nahi du Bartzelonara.

XIX kapitulua: Home, sweet home

Aireratzean libre sentitzen da Jara. Urkok deitu egiten dio azken unean, baino ez du hartzen. Jarak ez daki ordea Urko aireportuta joan dela taxiz, bere neskalagun Amaiari aitzakia jarrita, eta maite duela esan nahi diola, beti maite izan duela, eta harrokeriagatik ez diola esan. Jakin izan balu, baino ez daki. Hegaldian, askatasun sentimendu batek bultzatuta, Jarak Orioli harremana etetea proposatuko diola erabakitzen du, baina aireportura iristean eta Oriol bere zain dagoela ikustean, eta haren hitz goxoak entzutean, dena aldatzen da. Oriolek Lekeitioko jaialdira joatekotan egon dela aitortzen dio. Eskerrak ez den joan! Urkok deitzen dio, Oriolekin dagoen bitartean, baina deia moztu egiten da. Orioli besarkada estua ematen dio. Aita eta ama agertzen dira. Ze ondo etxean berriz sentitzea. Hamaika abentura eta sentimendu bizi izan ditu egun hauetan, baina orain etxean dago, gurasoekin eta Oriolekin, eta haien ondoan bizi nahi du. Etorriko dira bizipen berriak, pasioak, Urkorekin egoteko aukerak, ... Baino hiru egun horietan bizitakoa bukatu da.

AMAIERA

Pertsonaiak

  • Jara, protagonista, Bartzelonan bizi den neska euskaldun gaztea, aitak han lan egiten duelako.
  • Oriol, Jararen mutila, Bartzelonakoa.
  • Ihintza, Jararen txikitako laguna, jaialdira joateko proposamena egiten diona. Ero samarra da.
  • Irma eta Ainhoa, jaialdian ezagutzen duten lesbiana-bikote gaztea. Haiekin harreman gorabeheratsua izango dute, baino azkenean lagun izango dira.
  • Gari, Jarak ezagutzen duen mutil erakargarria, kontzertuko teknikaria. Hari esker, Fito artista pertsonalki ezagutuko du. Harreman erdierromantiko baten ondoren, lagun moduan geratuko da Jara berarekin.
  • Urko, Jarak gazteagoa zenean herrian izan zuen mutil laguna.
2879 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.