Bainu-hiria baliabide nagusitzat bainuetxeak eta hondartzak dituen hiria da, gehienbat turismoari begira. Euskal Herrian, bainu-hiriak dira Biarritz, Hendaia eta Zarautz besteak beste. Nazioartean, bainu-hiriak dira Benidorm, Katalan Herrialdeetan,…
Jainkoaren hiria Agustin Hiponakoak (354-430) idatziriko obraren izena da, De civitate dei contra paganos jatorriko izenburuarekin, non historiari buruz bere ikuspegi filosofikoa eta teologikoa lantzen duen. Obra horretan, kristautasunetik betiere, berekoikeriaz eta idolatriaz Jainkoarengandik urrun jokatzen dutenek osatzen duten lurreko hiria edo hiri paganoa, estatuarekin edo Erromatar Inperioarekin identifikatzen dena, alde batetik; eta bestetik zeruko hiria edo Jainkoaren maitasunaren alde daudenak osatzen dutena, eliza alegia, bereizten ditu filosofoak, biak etengabeko gatazkan eta talkan, eta aldi berean nahasturik ere jarduten dutenak, munduko elizan onak eta txarrak ere baitaude. Hiri horiek adiera metaforikoan ulertu behar dira noski, ez egiazko hiri gisa, egoera espiritual gisa baizik. Horrela, Agustin Hiponakoarentzat, bi hiriak, zeruko hiria eta lurreko hiria, etengabeko borrokan dauden bizitza eta gobernu ikuspegiak dira, nahasturik dauden arren, eta azkenean historia Jainkoaren hiriaren garaipenarekin amaituko da, denboren amaieran. Kontzeptu horren bitartez, Agustin Hiponakoak historiaren bilakaera lineala baieztatzen du, Jainkoaren hiriaren garaipenarekin amaituko dena, Ekialdeko eta beste filosofietako historia ziklikoetan ez bezala, historia eta politika dialektika edo borroka moduan planteatuz Jainkoarenganako maitasunaren eta lurreko ondasun materialekiko maitasunaren artean. Esan liteke beraz, Jainkoaren hiria kosmobisio edo mundu-ikuskera erabatekoa dela, mundua eta historia nola bilakatzen diren adierazten duena.
Historiaren amaieran, Agustin Hiponakoaren arabera, Jainkoaren hiria zeruko hiriaren garaipenez, denboren amaierarekin batera, nagusituko den hiria da, metaforikoki betiere, aingeru eta berpiztuena, eta betiereko bizitza emango diena ona egin dutenei. Jainkoaren hiria jatorrizko bekatua izan baino lehen, Edengo lorategian, zegoen egoera ere bazen haren arabera.
Ikus, gainera
Erreferentziak
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.