Iraultza zientifikoak


KategoriakFilosofia

Iraultza zientifikoa gertatzen da zientzia arlo jakin bateko iraganeko oinarri guztiak apurtu eta oinarri guztiz berriak jartzen dituzten printzipio multzo eta teoria zientifikoa, paradigma zientifiko deitzen dena, garatu eta errealitateko fenomenoak aurreko paradigma baino hobeto azaltzen dituela frogatu eta bereganatzen denean. Horrela, aurreko paradigma baztertuta eta berria onartuz, zientzia arloaren garapen guztiz berria ahalbidetzen da. Iraultza zientifikoaren ideia, zientzia aurrera egiteko modu gisa, Thomas Samuel Kuhn zientziaren filosofoak (1922-1996) planteatu zuen, bereziki bere Iraultza Zientifikoen Egitura lan famatuan (1962), eta geroztik zientziak aurrera egiteko duen modua islatzen duen teoria onartuenetakoa da. Horren arabera, zientziak ez luke aurrera egingo modu etengabe edo jarraitu batean, baizik eta gorabehera eta jauzien bitartez, iraultza zientifikoen bitartez, aurreko paradigmak baztertuz eta berriak garatuz. Paradigma zientifiekoen ordezte prozesua honelakoa da orokorrean: zientzia batean ohikoa da esplikatu ezin daitezkeen behaketak jasotzea, baina beti aurkitzen da behaketa azalgaitz horiek esplikatzeko arrazoiren bat; azkenean ordea, behaketa horiek pisua hartzen joaten dira, eta teoria zientifiko osoa jartzen dute kolokan, behaketa haiek azaltzen dituen paradigma zientifiko berri bat, iraultza zientifikoa ekarriko duena, planteatu eta bereganatu egiten den arte. Historian zehar, iraultza zientifikoak izan ziren iraultza kopernikarra, Kopernikoren teoria heliozentrikoak ekarri zuena, Isaac Newton-en mekanika klasikoa, Lavoisier-en teoria kimikoa, teoria atomikoa, Darwin-en eboluzioaren teoria, Mendel-en eoria genetikoa eta erlatibitatearen teoria.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, scientific revolution; gaztelaniaz, revolución científica.

311 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.