J. L. Austin ingeles filosofoak (1911-1960) 1955 urtean Harvardeko Unibertsitatean emandako ikastaroko oharretan oinarrituta, How to Do Things with Words lana argitaratu zen 1962 urtean. Ikastaro horretako bederatzigarren eskolan lokuzio, ilokuzio eta perlokuzio mailak edo geruzak definitu zituen, hizkuntza ekintza deritzon kontzeptu orokorraren baitan.
Askotan hitz egitean sortzen duguna ez da orokorrean soilik esaten ditugun hitzen multzoa eta horien esanahia, hitz egiteak esanahi literalaz haratagoko asmoak, helburuak eta efektuak ditu, hau da, adierazpen performatiboak dira. Adibide garbiena iraina da, esanahi literalaz haraindi (pertsona bati putakume deitzen diogunean, adibidez) irainak baduelako eragiteko ahalmena da, zehazki gorrotoa sortzekoa. Adierazpen performatiboen baitan edo horien ondorioz biltzen diren ekintza, esanahi, helburu eta efektuen multzoa da hizkuntza ekintza, adierazpena bere osotasunean hartzen badugu. Hizkuntza ekintzetan hiru maila bereizten dira:
- Austinen arabera, lokuzioak, ekintza lokutiboak eta ekintza lokuzionarioak ere deituak, adierazpen performatibo bat esatean besterik gabe esaten dugun hori da, hitzez hitz, esatearen ekintza soila. Adibidez, "euria ari du" esatean, hitz horiek osatzea da ekintza lokutiboa, soinuak igorriz, egitura gramatikal bati jarraiki eta esanahi edo zentzu batekin.
- Ilokuzioa (ekintza ilokutiboa edo ilokuzonarioa) adierazpenaren asmoa da, adierazpen horren bitartez lortu nahi dena. Adibidez, "euria ari du" hizkuntza ekintzan, ekintza ilokutiboa solaskideak aterkia hartzea nahi izatea da.
- Azkenik, perlokuzioa (ekintza perlokutiboa edo perlokuzionarioa) adierazpen horren efektua da, adierazpen horrek sorrarazten duen ekintza. Adibidez, "euria ari du" hizkuntza ekintzan, ekintza perlokutiboa solaskideak aterkia hartzea (edo ez hartzea, bestea gezurtia dela edo modu desegokian esan duela pentsatzen badu).
Loturiko artikuluak
Hizkuntza estandarraHizkuntza estandarra hizkuntza bateko dialektoen artean nagusitzen den hizkuntza aldaera eta hizkuntza bereizgarri edo trazuen multzoa da, dialekto desberdinetako hiztunek elkar komunikatzeko erabiltzen dutena, eta orokorrean hizkuntza idatzian,…
Gaitasun pragmatikoaHizkuntzalaritzan, gaitasun pragmatikoa edo konpetentzia pragmatikoa subjektu batek komunikazio ekintza, izan hizketa izan idazketa, bere testuinguruan kokatu, elkarrizketarako ohiko moduak identifikatu eta kortesiaz burutu (gaitasun soziolinguistikoa) eta adierazi…
InterpelazioaInterpelazioa, adiera arruntean, eragin edo efektu bat sorraraztea helburu duen adierazpena da. Adibidez, interpelazioak dira argudioak, argudioa jasotzen duenarengan iritzi edo sinesmen bat, zerbait egia edo faltsua den,…