Diskurtso edo teoria bati buruz, koherentzia dagoela edo diskurtsoa (edo dena delakoa) koherentea dela esaten da, diskurtsoa osatzen duten adierazpenak logikoki loturik eta erlazionaturik daudenean, adierazi nahi denarekin…
Hermeneutika interpretazioaren artea da, bereziki testuei buruz. Batzuen arabera, hermeneutika, interpretazio edo azalpen gisa, giza ezagutzaren funtsezko perspektiba da. Begirada filosofiko zorrotza behar du interpretazio horrek, hizkuntza baita mundura zabaltzeko dugun modua. Antzinatik jorratutako gaia izan da; hain zuzen, Kratilo solasaldian Platonek Sokrates-en hitzak irudikatzen ditu hizkuntza asmatu zuen Hermes jainkoari buruz; Hermes mezularitzat baina aldi berean iruzurgiletzat ere hartzen du, eta horrela hizkuntzaren interperetazio, azalpen edo esanahi zuzenaren garrantziaz ohartarazten digu.1
Berpizkundean agertzen da hermeneutika kontzeptu independente moduan, hasieran testu erlijiosoen interpretazioari buruz (Erreformako giroan Bibliaren eta beste testu sakratuen esanahiaz jabetzea erabakiorra zela esan dezagun bide batez) eta hortik literatura klasikora eta testu juridikoetara zabaldu zen, legeen interpretazioa ere kasuak ebazteko erabakiorra denez. XIX. mendean hermeneutika interpretazioaren teoria orokor moduan hartzen da. Immanuel Kantek ezagutzarako esperientzian oinarritu zen bitartean, hermeneutika esperientzian jatorria duen ulermena jarduera interpretatzailetzat hartu zen Erromantizismoan, Friedrich Schleiermacher, Friedrich von Schlegel eta Wilhelm Dilthey-en eskutik, horren esparrua giza eta gizarte-zientzia guztietara zabalduz.2
Friedrich Schleiermacher (1768-1834) izan zen hermeneutika testu erlijioetatik haraindi sakon garatu zuen lehena. Erromantizismoaren korronteari jarraiki, hizkuntza munduaren oinarrian zegoela iritzita, testuen izpiritua hatzemateko egilearen garaia, kultura, egilearen gainontzeko testuak eta haren bizitza bera beharrezkoak zirela eta horien azterketa ikuspegi unibokoa ez baizik eta alderdi askotako irakurketak, handik eta hemendik, zirkulu hermeneutiko etengabeko batean, eskuratuko zirela baieztatu zuen, testua autonomoa eta aldi berean irekia dela onartuz. Bere ikuspegia literatur testuen azterketara hedatu zen bereziki.
Edmund Husserl-ek (1859-1938) fenomenologia eta hermeneutika uztartu zituen, munduaren existentzia pertsonalaren azterketarako metodo osagarritzat hartuz, fenomenologiaz bizitza-esperientzietan barneratuz eta hermeneutikaz pertsonaren ekoizpen osoa interpretatuz.3 Martin Heidegger-ek hermeneutika munduan izateko modu bat zela adierazi zuen Sein und Zeit bere lanean.
Hans Georg Gadamer-ek (1900-2002) aurreko hermeneutikak interpretaziorako teknika egokiak finkatzeko helburua baztertu, eta ulertzeak dakartzan egitura tranzendentalak, hala nola izatea bera, bilatu zituen. Haren esanetan, hermeneutika metodo bat baini, solasaldia zen. Ildo horretatik, ostertzen fusioaren kontzeptua ere garatu zuen, ostertzak testuaren zein interpretatzailearen ingurune osoak izanik, interpretazio egoki baterako; adibidez, ez dago musika-pieza egiazko edo zuzenik, musikoen eta entzuleen ekintzak bildu egiten dira, horrela batzuen eta besteen egiak azaleratzeko.1
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.