Hamaseigarrenean, aidanez; Anjel Lertxundi; laburpena


KategoriakLiburuak

Hamaseigarrenean, aidanez Anjel Lertxundi idazleak 1983an plazaraturiko eleberria da. Hogeitamar urte lehenago herri txiki batera iritsitako emakume baten bizipen latzak kontatzen ditu: ezkontza zoritxarreko bat herriko batekin, azkenean apustu zoro baten ondorioz haren heriotza tragikoarekin bukatuko dena. Narrazio osoa pertsonaia desberdinen ahotsak jasoz dago kontatua, erreportaia moduan, iragana gogoratuz.

Laburpena

LEHEN PARTEA

Lehen kapitulua: apirileko goiz euritsuan (tragediaren eguneko goiza)

Martzelinaren ahotsa

Igande goiza da. Martzelina esnatu egiten da ateko danbatekoa entzun ondoren. Ohe ondoko aulkia senarraren arroparik gabe ikusita, badaki aurrerago senarra hil dela esatera etorriko direla. Hala ere, asaldurarik gabe, ohea egiten du egunero bezala. Oraindik ederra den gorputza ispiluan begiratu eta herrira etorri zeneko oroitzapenak datozkio gogora. Esamesak sortu ziren herrian: Iñaxik, herriko emakume bat, ondo astindutako gorputza zuela esaten zuen Martzelinari buruz. Gizonek ere irrika sexualez begiratzen zioten. Horiek guztiak bere lagun Mariak esanda dakizki. Aurrerago, senarrak esamesei buruz galdetu zionean, berak ukatu, eta senarrak ez zion berriz ere galdetuko. Martzelinak ordea, noizbait kontatu nahi izan zion gurasoak nola hil ziren, baserrian izandako sute baten ondorioz. Baina isilpean geratu zen bere sekretu ikaragarria. Hala ere, senarrak bai galdetzen ziola bere lehen harreman sexualari buruz. Martzelinak lehen aldia berarekin izan zela esanda ere, gizonak ez du sinesten, berarekin lehen aldia errazegia izan zelako, uste baitu besteekin ere berdin jokatu zuela.

Mariaren ahotsa

Mariak Martzelinaren senarrak ikusten du etxetik ateratzen igande goiz hartan, eta apusturen bat izango duela pentsatzen du. Bere senar Joseri galdetzen dio, eta igandero bezala, baietz, izango dela apusturen bat. Pentsatzen du Martzelinari abisatzea, baina alperrik, Martzelinak aspalditik ezin baitu ezer egin berak senarrarekin. Josek Martzelina ikusten du etxetik ateratzen, mezatarako bidean eta mezan topatuko direla dakienez, Martzelina ez mareatzeko esaten dio, haren burua ez berotzeko, eta emaztea haserretu egiten da, ea ze intsinuazio diren horiek. Liskarra berehala bukatzen da, ordea, senarrak ez baitu Mariarekin istilurik nahi. Jose hamaiketako mezatara joango da, eta horregatik daki Mariak apustua izango dela gero. Mezan Mariak ohi ez bezala, makurtuago edo, ikusten du Martzelina. Ez dio ezer esaten, noski orduan ez daki ordu gutxitan haren senarrari gertatuko zaiona, jakinda ere zer esango zion, Martzelinak ezin baitzuen ezer egin senarrarekin, elkarrekin sesioa izan besterik ez.

Mezan dagoela, Mariak gogoratzen Martzelina herrira etorri zenekoa, nola Iñaxik berari eta besteei esaten zien izterrak ongi astinduak izango zituela etorri berriak. Berak barre egiten zuen orduan, emakume guztiek bezala, kanpoko emakumeek herriko gizonak bereganatzeko arriskua ikusten zutelako, areago kontuan harturik Jose bere senarra izango zenak, bere etxeko ganbara eskaini ziola Martzelinari lo egiteko, auskalo zein asmorekin, jakin arren gaur egun Martzelina ez zela gorputza lehenengoari eskaintzen dion horietakoa. Hala ere, herriko emakumeek gorrotoz hartu zuten.

Mariak pentsatzen du zer ikusi ote zion Martzelinak bere senarra izango zenari, harekin ezkontzeko, argi baitzegoen lotsagabe hutsa zela. Jose soldaduskan zegoela, herriko festetan, saiatu zen bera etxera laguntzen, baina Mariak ez zion inolaz ere utzi, asmoak garbi ikusten zizkiolako. Martzelinarekin gogoratzeko esan zion Mariak tipoari, eta tipoak popatik hartzera bidaliz erantzun zion.

Meza bukatuta, Martzelinarekin hitz egin, eta elkarrekin gosaltzeko gonbitea egiten dio, Martzelina ezetz, apustuarena esaten dio Mariak, eta Martzelinak baietz, badakiela: gainera gaurkoa berezia izango da.

Martzelinaren ahotsa

Meza ondoren, Martzelina Kornelioren atzetik doa eta tabernara sartzen da berarekin. Bere senarrari buruz galdetzen dio, Korneliok ezer ez dakiela dio. Apustuari dion beldurraz galdetzen dio, baina gizonak dio ez dela ezer gertatuko, inoiz ez dela ezer gertatu. Etxera joan eta gosaltzeko indarrik ere ez du. Mariaren gonbitea onartu behar zuela pentsatzen du.

Kornelioren ahotsa

Korneliok Martzelina tabernara bere bila nola sartu zen kontatzen du. Umore txarrez jarri zen bisitarekin. Aspertuta dago apustu kontu horiekin. Martzelinaren senarrarengana doa, txabolan aurkitzen du, harriarekin entrenatzen. Emaztea bere bila dabilela esaten dio, eta bide batez kontuz ibiltzeko.

Bigarren kapitulua: ganbaratik sukaldera (Martzelina herrira etorri zeneko istorioa)

Martzelinaren ahotsa

Martzelinak gogoratzen du herrira iritsi zenekoa. Nola atez ate ibili zen lan eta aterpe bila, eta gutxik eskaini ziotela laguntza, nola Iñaxik bularrak herrian paseatzen ari zela zioen (Mariak esanda daki hori). Herriko emakumeen egonezina eta gizonen irrika sentitu zituen. Hala ere, senarra izango zuenarekin bakarrik oheratu zen, Joakinek eta Josek eta beste batzuek eskaini bazioten ere. Zergatik harekin? Agian erruki sentimenduagatik. Harekin oheratu zenez geroztik, egunero zetorren ganbarara berarekin txortan egiteko. Egin, berehala alde egiteko, hitz handirik gabe. Ezkontzeko proposamena egiten dio Mariak baino gizonak zertarako esaten du. Haurdun geratu zen arte, hasi eta hiru hilabetera. Senarra izango zuenak ganbaratik atera eta ohean gaixo zegoen ama zaharraren aurrean eraman zuen, amak Maria ikus zezan. Onespena eman eta ezkontzeko agindua ematen dio amak semeari.

Iñaxiren ahotsa

Segituan atera zituen ondorioak herriratu zenean Martzelina. Ganbarak maite zituen, hiriko ohiturak ekarri zituen eta seguru dirurik bazuela, ez baitzen inoren aurrean makurtu. Josek, Joakinek eta beste askok ireki zioten etxeko ganbara, egun Mariak Jose nola ibili zen ez badaki ere. Eta azkenean, herriko tipo gizarajoena aukeratu ezkontzeko. Eta gero semearena etorri zen, baina inork ez daki zer gertatu zen horrekin. Martzelinaren senarrari eman zizkion doluminak, baina hark ez omen zuen tristura handirik erakutsi. Eta gero jokoari eman zion, beste batzuk ardoari ematen dioten bezala. Mariari horiek guztiak esan, eta bera ere gizon baten baten atzetik ibiliko zela aurpegiratu zion, lotsagabe, jakin gabe bere senarra Jose nola ibili den. Orain, Mariarentzat Martzelina emakume zintzoena da, baina berak galdetzen du ea zer gertatu zen izan behar zuen haurrarekin, zergatik ezkutatzen duen Martzelinak horri buruzko guztia.

Kornelioren ahotsa

Korneliok kontatzen du Martzelina herrira etorri eta gutxira, gaztea zelarik, etxerako bidean zegoela, presaka aitak gauez berandu heltzeagatik errieta egingo ziolako beldurrez, ikusi egin zuela bere senarra izango zenaren ganbarara sartzen, eta leihatila batetik begira jarri zela eta emakumea biluzik ikusi zuela, belar lehorraren gainean, besterik gabe, eta halako zirrara sentitu zuela non isuri ere egin zuen, eta sekulako plazera sentitu.

Joseren ahotsa

Josek kontatzen du emazte Mariak askotan botatzen diola aurpegira Martzelinaren atzetik ibili zela gaztetan, harekin oheratu eta guzti igual egingo zuela. Josek ukatu egiten du guztia, baina aitortzen dio narratzaileari ganbara eskaini zion batean, lo zegoela harengana joan, ondoan etzan eta gerria hartu ziola. Martzelina oihuka hasi zen orduan. Gurasoak esnatu eta Martzelina etxetik bidaltzeko agindu zioten. Joakinek esan zion biharamunean ea zer moduz Martzelinarekin, berak "tira ..." esan eta ondorioa: herrian zabaldu da harekin oheratu zela. Eta emazteak gaur egun ere hori aurpegiratu, nahiz eta Martzelinaren lagunmina izan.

Martzelinaren ahotsa

Haurdun zegoela esan eta hiru egunetara ezkondu zela kontatzen du. Berehala senarraren etxera joan, ohean gaixo datzan amaginarrebarengana joan eta hark bere maleta eta gauza guztiak erretzeko esaten dio semeari. Ezkontzarekin bukatu ziren herrik gizonen grinak eta emakumeen esamesak. Ezkondu eta berehala, amaginarrebaren zaintzen jarri zuen senarrak, maindireak egunero bizpahiru aldiz garbitzen eta haren azpiak garbitzen. Ondo eramaten ditu lan horiek, ordea. Bi hilabetera ordea, bapatean, amaginarreba hil egiten da. Senarra ez dago etxean.

Apaizaren ahotsa

Kontatzen du amaginarreba hil eta berehala zabaldu zela herrian Martzelinak hil zuela. Baina esaten dio narratzaileari ez duela pena merezi aspaldiko kontu horiek berritzen ibiltzeak.

Kornelioren ahotsa 

Kontatzen du Martzelina korrika etorri zela etxera amaginarreba hil zela esatera eta aitak agindu ziola bere senarraren bila joateko. Tabernan aurkitu zuen, bere amaren berria eman eta Martzelinaren senarra sutan jarri zela, emaztea akabatuko zuela esanez. Hala ere, ez zen tabernatik atera eta ilunabarrean bakarrik ikusi zuen etxeratzen, guztiz mozkor, balantzaka, emazteari mehatxuak botatzen.

Martzelinaren ahotsa

Emazteak ikusten du senarra etxera sartzen. Aurretik, auzokoen laguntzarekin, bere amaren gorpua gelaz aldatu eta garbitu egin  du. Ikusi bezain laster, senarrak "zer egin dion" behin eta berriz galdetzen dio, bere onetik aterata, eta kolpeka hasi, Kornelioren aitak gainetik kendu arte.

Mariaren ahotsa

Halako jipoia eman dio senarrak, non amaginarrebaren hiletara ere ezin izan zen joan. Hala kontatzen du Mariak. Gorpuaren beilara ere, Martzelina bere gelan egon zen, jaisteko gauza ez. Sabela minberatuta, astebetera, oinaze latzen artean, abortua izan zuen. Martzelinak berak jaso zuen hilaurra. Bakarrik egin zituen egin beharreko guztiak. Senarra sukaldean aurkitu zuen eta ez zion begiratu ere egin. Orduan jakin zuen senarrak ez ziola inoiz barkatuko bere amari gertatutakoa. Hori guztia Mariak bost urtera jakin zuen, Martzelinak kontatuta,  barruko sentimenduak askatu behar zituela esan eta gero.

Hirugarren kapitulua: trikitrixa bati esker

Narratzailearen ahotsa

Narratzaileak kontatzen du idazten ari den istorioaren zertzelada batzuk bazekizkiela, etxean kontatuta. Baino beste xehetasun batzuk Kornelioren ahotik jakin zituen, hura ezagutu zegoen ezkontza batean. Mahaian elkarren ondoan suertatu eta familia kontuetaz hizketan, Korneliok esaten dio Domingoren urrutiko senidea izan behar dela. Domingo da hain zuzen Martzelinaren senarra, eta lehen aldiz agertzen da liburuan bere izena. Korneliok istorioa kontatzen dio, eta berehala narratzailea ezkontzan dagoen bere aitarengana doa, ea gauza horiek zergatik ez dizkion kontatu. Narratzaileak istorio interesgarria aurkitu duela ikusten du argi eta garbi, eta idazteko asmoa agertzen du.

Narratzailearen ahotsa

Narratzailea istorioaren herrira doa, gertakariak izan eta 30 urtera, informazioa jasotzeko asmoarekin. Ostatura sartu eta gela bat eskatzen du. Ostatuko neskari galderak egiten dizkio herriko auzoei buruz, gela erakutsi eta gero. Gelan bakarrik geratzen da baina berehala neska dator berriro, gizon bat bere zai dagoela esanez. Kornelio da, ongi etorria ematen dio. Narratzaileak Martzelinataz galdetzen dio, Korneliok ikusten du zein den narratzailearen asmoa, informazioa jasotzea alegia, eta hori ez du batere gustuko.

Biharamunean, Martzelinaren etxera doa. Bere asmoen berri ematen dio, istorioa idaztekoa, eta emakumeak onartu egiten du, baina izenik ez argitaratzearen baldintzarekin. Martzelinak kontatu egingo diola esaten dio, baina hurrengo egunean, berak emandako informazioa baliozkoa izango zaion zalantzak dituen arren. Martzelinarekin egon eta gero, herriko inguruko soro berdeetara doa, inguruaz gozatzera.

Ondoren, arratsaldea aprobetxatzeko Domingo hil zeneko tabernara doa, baserri giroko tabernara. Tabernan musean ari den talde batera hurbiltzen da, eta azkenean beraiekin jolastera gonbidatzen dute. Haiekin apustuetaz hitz egiten hasten da, ea Domingoren gaia ateratzen den, eta hala da, Domingori buruz hasten zaizkio kontu kontari narratzaileari.

Biharamunean berriz ere Martzelinaren etxera joan eta hark istorioa kontatzen dio xehetasun guztiekin. Bi egun ematen dituzten solasean. Neutrala izaten saiatu da idazketan, baina narratzaileak aitortzen du Martzelinaren bertsioa izan dela nagusi kontakizunean.

Martzelinari esker, Mariarekin hitz egiteko aukera izango du. Eta Korneliorekin, Iñaxirekin eta Joakinekin, azken hau fidatu ez eta ezer kontatu ez bazion ere.

BIGARREN PARTEA

Lehen kapitulua: Jokua ez da errenta

Domingo ama hil eta gutxira hasi zen apustuekin zaletzen eta bizio hartzen. Denetariko apustuak egiten ditu, harri jasotzeari buruz nahiz zeinek jan gehiago. Amak utzitako ondasunak nola galtzen ari den ikusten du etsirik Martzelinak, baino ez du ezer esaten.

50 kiloko porlan-zakua hilerrira 30 minututan baietz igo egin zion apustu Domingok apustuzale porrokatua zen Kornelio gazteari. 5000 duro, 25000 pezeta, garaiko auto deportibo bat erosteko adina. Herriko gizon guztiek hartu zuten parte apustu hartan, baina diru txikiekin, Domingok baietz lortuko apustu handiak egin nahi izan zituzten arren. Apustu egunean, Maria etsirik geratzen da etxean, apustuen zorigaitza bizitzako aldapa gogorrena izaten ari zaiola.

Jendetza dago plazan apustua ikusteko. Bero izugarri egiten du. Zakua pisatzen dute: 50 kilo. Erlojuak puntuan jarri. Ja. Domingok zakua bizkarrean hartu, ibiltzen hasi, eta atzetik du jende guztia. 16 minutura, Domingo zurbildu, eta zakua erortzen zaio. 300 metro falta zitzaizkion. Ondoez ikaragarria du Domingok. Korneliok bere garaipena ospatzen du.

Apirileko goiz euritsuan, Martzelinak prolan-zakuko eguneko premonizio txar berdina du.

Azkenean, ondasun guztiak galdu zituen Domingok. Baserria ere bai. Eta herriko ospe ona. Martzelinak berriz, herritarren errukia eta begi ona irabazi, azkenean.

Kaleko etxe batera aldatzen dira. Martzelina jostun, garbiketa eta gaixoak zaintzeko lanetan hasten da. Senarrak ez du lotsarik eta emaztea madarikatzen jarraitzen du. Martzelinak isilik jarraitzen du.

Mariak senarra uzteko esaten dio Martzelinari. Martzelinak ezetz. Mariak, urte batzuk georago, semeak hazi eta azkenean etxetik alde egitean sortzen den saminaz hitz egiten dionean, Martzelinak seme bat galtzea zer den ez dakiela pentsatzen du. Eta halaxe esaten dio Mariari. Mariak berak horretaz zer ote dakien esaten dio. Martzelinak negarrari eman eta galdutako haurrarena kontatzen dio.

Bigarren kapitulua: Santiyotan

Domingo apustu lanetan hasten da, besteen kontura. Martzelina lasaitu egiten da, besteen kontura egindako apustu haietan ezin baitzuen berak dirurik jokatu. Egiten zituen ordea apustu propioak ere, lanetik aparte, bereziki apustu xelebreak, jatearekin eta edatearekin loturik. Korneliorekin elkartzen da Domingo, apustuak elkarrekin egiten dituzte, eta dirua irabazten hasten dira (Martzelinak ez du inoiz diru horretatik ezer jasoko). Herritarrek ordea tongo edo tranpetan ibiltzen direla uste dute, apustuekin iruzurra egiten. Inguruko herrietan ere ibiltzen dira, apustuetarako ahari, oilar eta harriak Landrover batean eramanez. Baino inguruko herrietan ere ezagutzen dituzte. Behin, baserritar batek haiekin apustua jokatzeari uko egin, eta mendekua hartzen dute inguruko pinudi batean sute handi bat piztuz.

Apustuak ondo joaten zaizkionean, egunetan etxeratu gabe ibiltzen da Domingo. Martzelina infidelitateengatik baino ibiliera horien onodrioz etor litezkeen ezustekoen dago kezkaturik. Behin, ordea, Domingok Elizondora pare bat egun pasatzeko gonbitea egiten dio Martzelinari. Hotelera iritsi, Martzelina gelara bidali, eta hango etxekoandre nagusiak Martzelina bere maitalea dela uste du, eta normalean hotelera ekartzen duen maitalea bere benetako emaztea.

Korneliok aitak utzitako aroztegia zuen, apustuetan irabazitako diruarekin handitu zuena. Domingo ez bezala, lana eta apustua ongi bereizten zekien Korneliok, eta aroztegia beti uzten zuen apustutik aparte. Domingok bisita egiten dio aroztegira, eta apustu zoro bat proposatzen dio, bere sabelaren gainean salto eginda baietz eutsi. Kornelio erotuta dagoela erantzuten dio.

Domingok ideiarekin aurrera jarraitzea erabakitzen du hala ere. Josefinaren tabernan probak egiten hasten da, giharrak tenk jarriz bertakoak tripa gainera salto egin aurretik. Santiyo auzoko festa-egunerako kartelak eskatzen ditu. Santiyo egunean emazte Martzelinarekin auzo horretara doa, poz-pozik dago. Emazteari mantila more bat erosi dio egun horretarako. Mezatik irten eta kanpoko giro alaian Korneliorekin topatzen dira. Korneliok kartelak ikusi ditu jarrita, eta asmoarekin aurrera jarraitzen duela ikusi duela esaten dio Domingori. Eta orduantxe du Martzelinak apustu madarikatuaren lehen berria. Bazkari garaian, Martzelinak apustuarena aurpegiratzen dio senarrari, baina Domingok ez dio kasurik egiten. Martzelina bakarrik etxeratzen da, haserre.

Hirugarren kapitulua: Premonizioa beti zai

Narratzailea Korneliorekin hitz egiten ari da. Korneliok apustu hura astakeria hutsa zela kontatzen dio. Domingok bere laguntza eskatu zion, apustuan saltari izatea nahi zuen.  Korneliok ezetza eman zion baina azkenean apustulariak bilatzen lagundu zion. Narratzaileak uste du zerbait ezkutatzen ari zaiola Kornelio, eta jende gehiagorekin hitz egitea erabakitzen du. Josefinaren semearekin hitz egitera doa. Hark egin omen zituen kartelak. Narratzaileak kartel haietakoaren bat gordetzen duen galdetzen dio. Josefinaren semea, mesfidati, kartela ateratzen dio azkenik. Kartelean ikuskizuna iragartzen da, Josefinaren tabernan bertan, 80 kilotik beherako gizonak bilatzen direla dio kartelean, baina ez apustua, garai hartan debekatuta zeuden eta. Josefinaren semeak saltari izan zela aitortzen du, baina lehendabizikoan bakarrik. Ondorengoek mila pezeta ordaindu behar zuten horretarako. Horrelako beste apustu batzuk ere egiten zirela aitortzen du, baino amari galdetzeko, berak jakingo duela. Josefinarengana joan baina ez du hitz egin nahi. Josefinak gogoan du Gardua Zibilal taberna itxi zezakeela apustuak han egiten zirela jakin ezkero. Narratzaileak mehatxu egiten dio: badaki Elizondora Domingorekin joaten zen andrea bera zela. Inork ez dio esan, baino argi eta garbi ikusi zuen narratzaileak hori hasieratik, hariak lotuz eta baita ere Elizondoko hoteleko nagusiak haren deskripzioa egin zuelako. Azkenean, andreak aitortzen dio asko izan zirela zerrenda eman zutenak saltari moduan, 60 bat. Apustua 20 saltari jasan baietz zen. Ez du saltari izenik esan nahi, Guardia Zibila ere ibili zen salatariaren izena jakin nahian. Korneliok salto egin al zuen galtzen dio narratzaileak, Josefinak ez du erantzuten, baina narratzaileak badaki zein den erantzuna. Josefina negarrez geratzen da, eta narratzailea atera egiten da tabernatik, nazka sentsazioarekin, taberna hura  ez du berriz ere zapalduko.

HIRUGARREN PARTEA

Lehen kapitulua: Azken hariari tiraka

Narratzaileak Kornelioren telefono-deia jasotzen du. Tabernan geratzen dira hitz egiteko. Korneliok eskatzen dio Domingoren istorioari buruz ezer ez idazteko. Eta bestela ... argazki bat erakusten dio, Domingo Josefinarekin Elizondoko hotelaren parean agertzen duena. Eta bestela argazkia Martzelinari bidaliko diola. Narratzaileak esaten dio bost axola berari argazkia bidaltzen badio. Korneliok etsi, eta azkenean istorioan ezkutatuta dauden guztiak kontatzen dizkio.

Bigarren kapitulua: Ustekabean gertatu inda.

Martzelinari igande hartako arratsaldean ekarri zioten senarraren gorpua Korneliok eta Julianek karretilla batean. Ohean jarri zuten. Ustekabean gertatu zela esan zioten. Laguntza osoa eskaini zioten andreari. Martzelina gorpuaren aurrean belaunikatu eta negarrez hasi zen. Julianek kontatzen dio narratzaileari bera geratu zela Martzelinarekin gau osoan, zer egin behar zuen bestela, laguntza eskaini, Korneliok etxe hartan ezin egon eta alde egin ondoren.

Korneliok kontatzen du beste gizon batek (Julian) salto egin nahi izan ez zuelako salto egin zuela. Domingok eskatu zion haren ordez salto egitea. Geroztik une haiek ezin ditu eraman, bereziki Martzelinak berari zuzentzen zion begirada, dena zekiela esanez bezala edo. Ezin du eraman geroztik gertatu zen guztia. Eta orduan erabat ikaraturik zegoen, gorputza nola eraman zuten Martzelinaren etxera, prakak odolez zikinduta zituela, eta nola ohean Domingoren hanka zuriak ikusi zituela eta Martzelinaren gorputz zuria etorri zitzaiola burura. Alde egin behar izan zuen etxetik, Julian bakarrik utziz.

Hirugarren kapitulua: Diafragma lehertu baten gorabeherak

Beste herritarrek ez bezala, Martzelinak bazekien igande horretan zerbait gertatu behar zela, logelako aulkia senarraren arroparik gabe ikusi zuenean. Domingok txabola batena pasa zuen goiza, entrenatzen. Josefinaren tabernara ere joan zen hamaiketakoa egitera. Bazkaltzera ere hara joan zen eta Josefinak eskatu egin zion apustua bertan behera uztea. Apustu bitarteko orduak lasai pasa zituen, lo kuluxka ere bota zuen. Apustu ordua heltzen da. Korneliori apustuak nola doazen galdetzen dio, Korneliok ongi dozela. Julian da lehenengo saltaria, zalantzak ditu baino Domingok animatu egiten du salto egitera, bale esaten duenean salto egiteko. Ez da ausartzen Julian. Jendea dirua itzultzeko eskatzen hasi da. Kornelio haren lekuna jartzea eskaintzen du Domingok eta hamar saltotarako apustua egin ordez, hamasei egingo dituela, Kornelio Julian baino arinagoa delako. Hogei saltotara egitea onartzen du azkenean Domingok, ordu erdiko epean.

Hamaseigarren saltoa egitera zihoan Kornelio. 20 minutu pasa dira. Domingo baso bat ur eskatu eta etzan egiten da. Bale dio Domingok. Salto egin bezain laster, alkandora zuria gorritzen hasi zitzaion. Kendu zioten alkandora eta odola borborrean ateratzen hasi zen. Josefina oihuka hasi zen. Ahotik ere karkaxa ubelduak atera. Medikuari deitu zioten. Medikua iritsi eta jendea kanporatzeko agindua ematen du. Kornelio eta Julian bakarrik geratzen dira. Medikua hilda dagoela dio. Epailea dator eta gorpua hildakoaren etxera eramateko agindua ematen du. Korneliok eta Julianek eramaten dute karretillan, hesteak bistan.

AMAIERA

Pertsonaiak

  • Domingo, apustuzale porrokatua. Eleberriko protagonistak apustu egiten du bera etzanda bere tripa gainera egindako 20 gizonen saltoak baietz aguantatu; hamaseigarrenean hilda suertatuko da.
  • Martzelina, Domingoren emaztea.
  • Maria, Martzelinaren laguna.
  • Kornelio, arotza, Domingoren apustu laguna. Bera izan zen Domingoren sabel gainera salto egin zuena, Julianek ezezko eman ondoren.
  • Josefina, apustua ospatu zen tabernako nagusia eta Domingoren maitalea.
  • Julian, Domingoren sabel gainera salto eign behar zuen gizona, 100 kilokoa baina azkenean ausartu ez zena.
3030 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.