Presentzia bikoitza emakumeek lantokian lan egin eta aldi berean etxeko eta familiako lanak bereganatzeagatik jasaten duten mendekotasunezko egoera da. Laura Balbo italiar soziologoak 1970eko hamarraldiaren bukaeran proposaturiko kontzeptua…
Gradu bikoitza edo orokorrago titulazio bikoitza bereziki 2000ko hamarkadatik ugaritu den goi mailako hezkuntza ibilbidea da, ikasketen bukaeran bi titulu (gradu, master, ...) eskuratzeko aukera ematen duena. Adibidez, Enpresa eta Zuzenbideko gradu bikoitzeko ibilbideak egiten duen ikasle batek Enpresako eta Zuzenbideko graduatu tituluak eskuratuko lituzke bukaeran. Bereizi egin behar dira gradu bikoitzak, non ikasleak bi graduetako kreditu kopuru ia guztiak burutu eta gainditu behar dituen bi graduak banaka eginda baino ikasurte gutxiagotan bada ere, eta disziplina anitzeko graduak, non gradu edo disziplina desberdinetako edukiak batera jartzen diren, gradu arrunt bateko kreditu kopurua osatuz guztira, azkenean gradu bakar orokorra eskuratzeko.
Esan daiteke gradu bikoitzeko titulazioen ugaritasuna bi arrazoitan oinarritzen dela: alde batetik, gizartean eta beraz ikasleen artean zabaltzen ari den lehiakortasuna, curriculum osatuena izate aldera, eta bestetik titulitis delako fenomenoa, tituluak izateari gehiegizko garrantzia ematea, bereziki lan munduan sartzerakoan. Gradu bikoitzeko titulazioen oztopoak gehiago dira abantailak baino. Prestakuntza egokiagoa eman ordez, gradu bikoitzek ikasketak luzatu egiten dituzte eta espezializazioa eragotzi; beste alde batetik, kantitatea lehenetsi egiten dute eta hori maiz kalitatearen kaltetan, finean bi jakintza-arlotan erdipurdi prestaturik egotea besterik ez baita lortzen kasu askotan. Espainian bereziki, gradu bikoitzak bikaintasuna lortzeko baino, botere publikoetatik bultzaturiko unibertsitateen hedapen itzelaren eta masifikazioaren ondorio besterik ez dira. Gainbehera demografikoko egoeran, gradu bikoitzak ikasleak artifizialki erakartzeko tresna huts eta administrazio publikotik finantzazio handiagoa lortzeko aukera bilakatu dira. Abantaila bakarra ikasleak lortzen duen prestakuntza orokorra eta lanerako malgutasuna. Okerrena da ikaslea azkenean beharturik sentitzen dela lasterketa faltsu horretan sartzera, gradu bikoitzetan matrikulatuz, azkenean ahiturik geratzeko arriskuarekin. Aukera gisa, egokiagoak lirateke bikaintasun-graduak, irakasgaiak sakonki eta espezializazio-maila handiarekin irakatsiz.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, double degree, gaztelaniaz, doble grado.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.