Gizarte ongizatea herritarren bizitza kalitatea eratzeko prozesua da, estatuen eta beste erakundeen eskutik, bereziki gabezia, eskasia eta kalteberatasun egoeran dauden kolektiboei zuzendua. Prozesu soziala eta globala da, politikoa eta ekonomikoa, eta beraz estatuek eta gizarte erakundeek bereganatu beharrekoa; hartara, gizarte ongizateak bizitza kalitatea helburu duten politikak, programak eta erabakiak biltzen ditu.
Kritikatu izan den kontzeptua da. Alde batetik, estatuetatik, eta beraz boteretik, zehazten da zer den ongizatea, herritarrei euren ongizatearen kontzientzia kenduz. Bestetik, ongi ez izatearen kontzientzia, kaltetuta izatearen kontzientzia, klase kontzientzia da finean (ikus, gizarte estratifikazioa), eta beraz ezberdintasunak desegin eta gizarte klaseak gainditzea gizarte ongizatearen helburu beharko luke izan. Ezberdintasunak murriztu beharraren diskurtsoa bereganatzen den arren, gizarte ongizatea kolektibo baztertu eta txiroen oinarrizko beharrak asetzera mugatzen da sarri. Gizarte ongizatea era mugatu horretan ulertzen denean, asistentzialismoa dela esaten da.
Maiz bizitza kalitatearekin nahastu den kontzeptua da, baina bereizi beharreko kontzeptuak dira: gizarte ongizatearen helburua bizitza kalitatea izan arren, bizitza kalitateak kontzeptu konkretuagoak, eta maiz subjektiboak, barnehartzen ditu, gizarte ongizateak helburu objektibo, baina aldi berean orokorragoak biltzen dituen, hala nola etxebizitza, hezkuntza, osasuna, elikadura, aisialdia eta kultura. Hain zuzen ere, bizitza kalitatearen kontzeptua eta horren operazionalizazioa gizarte ongizaterako politikak neurtzeko erabiltzen da.
Historian, gizarte ongizatearen kontzeptua bereziki Bigarren Mundu Gerraz geroztik joan zen osatzen, Nazio Batuen Erakundeak 1948 urtean aldarrikatu zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren haritik, eta gero herrialde aurreratuek euren politika sozialetarako beraganatu zutena, ongizate estatu bilakatuz.
Hiztegia: ingelesez, social welfare; gaztelaniaz, bienestar social.
Erreferentziak
Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Gizarte ongizatea"; 
Gizapedian, 14 abendua, 2018, 
/gizarte-ongizatea/.
 
Loturiko artikuluak
- 
Gizarte dinamika- Gizarte dinamika gizarte erakuntza-, garapen- eta aldaketa-prozesuak biltzen dituen ikuspegi soziologikoa da, gizarte subjektu eta eragileen arteko gizarte-harremanak aintzat hartzen dituena, bai eta ingurunearekikoak ere, prozesu horien eragile… 
 
- 
Gizarte haustura- Gizarte haustura edo haustura soziala gizatalde edo klase sozial batetik beste batetik bereizten duen distantzia sozioekonomiko eta kulturala da, horrenbesterainokoa non klase sozial edo gizatalde bat bazterturik, gutxietsirik… 
 
- 
Gizarte antolakuntza- Gizarte antolakuntza edo gizarte antolaketa gizarteak gizabanakoei rolak esleitzen dizkien mekanismo eta harremanen multzoa da, rol horiek garatzeko eratzen diren gizarte instituzioekin batera. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, organización social.