Germaniar-sobietar Ituna (Ribbentrop-Molotv ituna)


KategoriakHistoria

Germaniar-sobietar Ez Erasotzeko ituna, orobat Ribbentrop-Molotov Ituna edo Hitler-Stalin Ituna ere deitua, 1939ko abuztuan Hirugarren Reicheko erregimenaren eta Sobietar Batasunaren artean, Joachim von Ribbentrop eta Viacheslav Molotov kanpo arazoetako beren ministroek ordezkaturik, sinatutako itun edo hitzarmena izan zen. Horren bidez, bi erregimenek elkarri militarki ez erasotzeko konpromisoa hartu eta batak edo besteak etsaitzat jotzen zituzten aliantza politiko edo militarretan parte ez hartzea hitzartu zuten. Hitzarmenak, gainera, isilpeko klausula bat ere bazuen, zeinaren arabera bi erregimenek Europako eragin-esparruak banatzen zituzten. Zehazkiago, itunaren ondorioz, Poloniaren inbasio naziaren ondoren, bi erregimenek lurraldea banatu zuten; Sobietar Batasunak Finlandia inbaditu zuen eta, azkenean, bere lurraldearen zati bat bereganatu zuen, eta Letonia, Estonia eta Lituania, baita Errumaniako eskualde zenbait, inbaditu eta anexionatu zituen. Erabaki geopolitiko eta militar estrategikoek bideratu zuten a priori aurkakoak edo etsaiak zirenen arteko ituna, erregimen nazia bere antitesiarekin, Sobietar Batasuneko erregimen komunistarekin alegia, ados jartzen baitzuen. Alemania naziarentzat abantaila nagusia botere militarra Mendebaldeko Europan zentratu ahal izatea izan zen, eta horri esker Frantzia bereganatu ahal izan baitzuen 1940ko maiatza eta ekaina bitartean izandako tximista gerra batean. Sobietar Batasunarentzat, itunak Poloniaren eta beste lurralde batzuen zati bat anexionatzea zekarren, aldiz mendebaldeko potentzia aliatuekin inoiz adostu ezingo zuena. Era berean, bi erregimenek adostu zuten herrialde batean politikoki jazartuta izateagatik beste herrialdean babestutako errefuxiatuak elkarri entregatzea.

Ituna, azkenean, hautsita geratu zen Hitlerrek Barbarrosa Operazioaren bidez Sobietar Batasuna inbaditzea erabaki zuenean, bere lurraldea konkistatzeko aspaldiko planak betez, alegia lurralde horiek populazio ariarrez populatzekoa; horrela, Ekialdeko Frontea ireki zuen, azkenean indar alemaniarrentzat suntsitzailea izango zena.
Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, Pacto Germano-soviético de No Agresión.
353 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.