Gustukoa ez den arren, egia onartu behar dela adierazteko. Aldaerak egia da latz eta garratz, eta mergatz
Galdu arte Juan Luis Zabala azkoitiar idazleak (1963- ) 1996 urtean plazaraturiko autofikziozko eleberria izan zen. Idazleak berak eleberrian parte hartuz, narratzaile zein pertsonaia moduan, "ilun, isil, uzkur, izu" den Martin Larrañaga, Xepe ezizenez, gaztea du protagonista, narratzailearen lehengusua. Azkoitiko gaztetxeko giroan, eta okupazioa, gazte borroka eta droga bereizgarri izan zituen garaian Xepe gazte protagonistak izandako ibilerak eta amaiera tragikoa kontatzen ditu.
I kapitulua
Narratzaileak aldizkari bateko kazetariei Xeperi buruz emandako deskribapena (ilun, isil, uzkur eta izu) motz geratzen dela aitortzen du, nekez adieraz dezakeela Xeperen nortasuna. Berehala ekiten dio Xeperen ibilerei buruzko kontakizunari. Narratzailea Niko izeneko gaztea da, Xeperen lehengusua. Kontatzen den lehen oroitzapena bion lehengusu baten ezkontzan kokatzen da, Xepek 19 urte dituela, 1983an; Xepe eta Niko apenas ezagutzen dira, biak Azkoitikoak izan arren, auzo eta eskola desberdinetakoak direlako. Egun horretarako dotore jantziarazi dutelarik, erabat galduta sentitzen da hango festa giroan. Xeperen anai Anjel Marik berataz barrezka hasten da, neskekin ez dela ibiltzen, eta abar. Xepek ez du ezer esaten, ez eta amorrurik erakusten une horretan baina narratzaileak hilabete batzuk geroago egun horretan etxera iritsita egin zuena kontatzen du segidan, nola ezteietako arropak erantzi eta motor txiki bat hartuta, Azpeitia inguruko Santa Engrazia ermitara jo zuen; han biluztu eta Ama Birjinaren irudiari begira kanpaia jotzen edo masturbatzen nola hasi zen eta hazia aldare gainera bota zuen. Ermitako kanpandorreko kanpaiak ordua jo zuzenean, asaldatu, azkar jantzi eta alde egin zuen. Pasadizoa hilabete batzuk geroago kontatu zion harro Xepek Niko narratzaileari, Atrasku tabernako barran, biak adiskide min jada, non Nikok tabernari lanak egiten dituen, familiako taberna denez eta aita elbarritua duenez.
II kapitulua
Xeperen bizitzako une garrantzitsuenetakoa izan zen Azkoitiko gaztetxearen okupazioa, 1984an. Okupazioaren aurretik bilera anitz egin zituzten hainbat gaztek, Xepe, baina baita ere Antijos, Xingular, Urrategi, esther, leon, Pipi eta baita Niko bera ere. Militantismo eta erradikaltasun handiko garaia da, punk mugimenduaren eta anarkismoaren inguruan. Udalarekin negoziatzen hasi baina emaitzarik ez zegoela ikusita, eraikin abandonatu bat okupatzen dute, oihartzun zabaleko ospakizun batean, non telebistako kazetariak ere azaldu ziren. Biharamunean egiten dute lehen asanblea, jada grafitiz josita dagoen gaztetxean. Herriko gazte porreroak dira hurbiltzen diren gehienak. Xepe bere lagun Periskopio eta Mirarirekin agertzen da. Okupazioan, festa giroan, jende asko egon arren, orain, desalojoaren mehatxupean, jende gutxi dagoela kexatzen dira. Gaua bertan pasatzea erabakitzen dute, baina Pipik, gazte isil eta nerabeak ezin duela esaten du, ikasi behar duelako. Horrelako aitzakiak entzuten dira batzuen aldetik, baina azkenean lortzen dute batzuk gaztetxean geratzea. Xepek ere geratzea erabakitzen du; Nikok, berriz, ez. Atraskuko barran lanean dagoela ordea, osaba Pedro, Xeperen aita, inguratzen zaio, semeak baino buru gehiago duela esanez eta laguntzeko Xeperi mobida horretatik aldentzen. Nikorekin eztabaidan hasten da, gaztetxearen okupazioa dela eta, Xeperen aitak bere ohiko "Mekaguen la India" errepikatuz. Horretan jarraituz gero, tabernako bezeroak galduko dituela ohartarazten dio, gazteak ondoegi hazi direla esanez bukatzeko.
Gaztean gaztetxean gaua pasa ondoren, udaltzainak iristen dira hura desalojatzera, Roberto sarjentua buru. Gazteekin eztabaidan hasten dira, etxea udalarena edo herriarena den. Azkenean, Xepek sarjentuari aurre egin arren, arrastaka atera eta gazteen lo-zakuak eta beste gauzak hartu eta kalean uzten dituzte. Gazteek argazkiak atera eta orduiko hauteskunde kanpainako kartelak desitxuratzen dituzte ateratako argazkiekin. Xepek sarjentuarekiko enkontruan hari botatako begiratu gogorra ekartzen dio Nikori Atraskuko barran,orduan indar berezia sentitu zuela adieraziz. Bi egun geroago, inguruko eskoletako gazteek lagunduta gaztetxera abiatzen dira hura berriz ere hartzera; atean Roberto sarjentuak eta bi udaltzainek egon arren, bi gazte atzetik sartu eta atea irekitzen dute gazte guztiei sarrera emateko, udaltzainak harri eta zur utziz.
III kapitulua
Xepe eta Nikoren adiskidetasuna sendotzen doa, gaztetxean topatuta bainoago, Atraskuko barran dituzten elkarrizketengatik. Xepe taberna ixtera doanean joaten da, eta batzuetan goizaldera arte geratzen da han Niko edo, Xepek deitzen dion bezala, "Primo"-rekin. Horietako batean, Xepek asko ligatzen duen galdetzen dio Nikori, tabernaria denez. Nikok ezetz erantzuten dio. Xepek ere ez duela ligatzen esaten dio, eta azkenean Itsasorekin gustatuta dagoela aitortzen dio; gaztetxeko gaupasan elkarren ondoan lo egin zutela, hala ere ez zela ezer gertatu baina zirrara berezia sentitu zuela. Nikok, tabernari izanda, bezeroen aitorpenak entzutera ohituta dagoela kontatzen du.
Xepek aktore izateko grina du, eta halako batean egunkarian iragarritako casting batera aurkezten da Donostian, non errebelde itxurako gazte bat eskatzen duten, itxuraz berarentzat aproposa izan daitekeen papera. Hara iritsi eta gazte mordoa ikusten du casting-era sartzeko zai, errebelde itxuraz jantzita. Xepe beti bezala doa ordea, bere jertse urdinarekin. Egoera horrek haiei lezio bat ematera bultzatzen du. Bere izena, Martin Larrañaga, esan eta epaimahaiaren aurrean agertzen denean, hil egiten ari delako itxura egiten du haien aurrean, lurrera erori arte, epaimahaikideak txundituta eta beldurtuta utziz. Altxatu eta orroka hasten da, ondoren, aretotik atera arte. Inoiz ez bezala gozatu zuela kontatzen dio Nikori, postaleko punki horiei lezioa emanez.
IV kapitulua
Xepek, familia giroa gorroto du. Bi anai ditu: Joxe Ramon, futbolaria, eta Anjel Mari, udal banadako musikaria. Beraz, futbola, udal bandak, Arantzazuko santutegia, non anaiak ikasi zuen eta hondartza gorrotatzen ditu. Baita Andoni ere, amak eredugarritzat hartzen duen bizilaguna. Babesleku "atomiko" moduan bere gela hartzen du.
Periskopio edariak banatzen ibiltzen da kamioi txiki batean, batzuetan Xeperen laguntzarekin. Egun batean Xepek kamioneta hartuta urrutira joateko irrika duela botatzen dio Periskopiori, banaketa lanetan ari direla La Polla taldearen musikarekin. Etxera itzulita, bere gelara sartzen da. Errietaka ateratzen du aitak handik, eta lehengusu baten bidara joan behar duela esaten dio, Xepek ezetz dio, ez duela gogorik, aira are eta biziago sutan jarriz. Gaztetxearen mobida berriarekin okertzera egin du gainera familiarekin zuen harremana. Gaztetxean hauteskundeen aurkako kanpaina egiten dute, eta udalari gaztetxean kontzertuak antolatu eta entseatzeko aretoa jartzeko dirua eskatu, diru guztia udal bandarentzat dela salatuz, hori dena porroak erretzen eta beraien arteko eztabaidekin. Azkenean, udal bandako kontzertura turutaz boikoteatzeko erabakia hartzen dute. Erabaki eta egin, pankartak hartuta, udal banadaren kontzertua boikoteatu egiten dute, herritar batzuen haserrea eraginez, Xeperen anaia Angel Marik Xeperi aurre egiten dion bitartean.
Egindako boikotak herrian sortu duen haserrea ikusita, Xepek etxera ez joatea erabakitzen du, eta aldi berean Periskopioren kamionetarekin urrutira joateko irrika bizi hori betetzeko unea iritsi dela ikusten du. Kamioneta hartuta eta La Pollaren musikarekin, Araba aldera eta azkenean Galiziako Finisterreraino heltzen da. Han, kamioia Gipuzkoakoa dela ikusita, ETAkoa ote den komentatzen dute ondotik pasatzen diren bi lagun.
V kapitulua
Gertaera horren ondotik, herrira itzuli eta etxetik bidalita, gaztetxean bizitzen hasten da Xepe. Lanik gabe ere geratzen da, baina aurrera ateratzeko gogoarekin dago. Gaztetxeko asanblada batean abertzaletasunari buruz jardute dute: batzuk abertzaleak finean agintari politikoak bezalakoak direla adietazten dute, molde berdinak errepikatzen dituztela, eta beste batzuk ordea, ezetz, herriko mobidetan ere parte hartzen dutela; ondoren, gaztetxean telefonoa jartzeari buruzko eztabaida hasten da. Batzuk aurka agertzen badira ere, aitortzen da erabilgarria dela eta azkenean txanponekin dabilen telefonoa jartzea erabakitzen da. Hurrena, punk kontzertu itzela antolatzen dute. Jendetza inguratzen da kontzertura, inguruko herrietatik eta, tartean Ute izeneko neska alemaniarra, Xeperen taldekoekin hitz egiten, eta baita edaten eta drogatzen dena. Goizaldera arte luzatzen da parranda, erabateko desfasean. Joseba gazte abertzalearekin eztabaidan hasten dira, hark taldeek erdaraz abestu izana aurpegiratzen die eta. Ute Xeperen besoetan egiten du lo, eta hura esnatzean, larrua jotzen dute biek; jarduna amaitu eta azkenean jolasten hasten dira txantxetan.
VI kapitulua
Herriko gazteak soldaduskara joateko pisatu egin behar zituzten aurrena, eta hori herriko udaletxean egiten zen. Xepe eta bere lagunak udaletxera sartu, baskula hartu eta eskaileretatik behera bota eta puskatzen dute, Esther laguna argazkiak ateratzen ari dela, eta udaletxekoak harri eta zur utziz. Garai hartan, beste hainbat ekintza ere egin zituzten, gaztetxearen defentsan zinegotzien eta batzokiaren aurka. Hortik aurrera, ordea, gaztetxeak beste joera bat hartuko du, ekintza kulturalak eta antolatzen. Gaztetxean mural handi bat pintatzen dute, gazteak eta agintariak sokatiran norgehiagoka irudikatzen dituena. Itsasok ere pintaketan hartzen du parte; halako batean, muralaren pintaketaren ondoren, Itsaso eta Xepe elkarrekin suertatzen dira, bika bakarrik, eta Xepek zer esan ez dakiela geratzen da, herabe guztiz. Telefonoa gaztetxean jarri ondoren, Xingularrek amak deitu diola esaten dio Xeperi, besterik gabe hitz nahi duela. Xepe sutan jartzen da, familiarekin ez baitu ezer jakin nahi. Mirari amaren alde ateratzen da, asko sufritzen egongo dela eta, eta telefono zenbakiak berak eman diola aitortzen dio. Kontzertu batean, Txus playback harrigarria egiten du, ero moduan, ikusleek txistua botatzen diotela: Xeperen baska edo taldeko kide baten beste erokeria gogoangarri bat bilakatuko dena. Garai hartan GAL erakundeak militate abertzaleen aurkako atentatuak egiten hasten da, eta Frantzia errefuxiatuak estraditatzen. HB ezker abertzaleko talde politikoa gaztetxearen alde agertzen da, baina gaztetxekoak ez datoz guztiz bat haiekin, asanblearioagoak direlako. Garai hartan Komando Autonomoak talde anarkistak ere, gaztetxeko jendearen ideologiatik gertukoak, atentatuak egin zituen eta HBk gaitzetsi egiten zituen batzuetan. Politikatik aparte ere, ezkertiar abertzaleen eta gaztetxeko jendearen arteko desberdintasunak ere nabarmenak ziren: behin herriko Jarrai talde abertzaleko kide bati Txusen playback-a gehiegizkoa iruditu zitzaiola adierazi, eta gaztetxekoak haren aurka atera ziren bizi, gaztetxea gustuko ez bazuen, alde egiteko esanez.
Behin herriko tabernetan garagardo mordoa edan eta porroak erre ondoren, Xepe eta bere lagunak gaztetxera heldu eta erabat deskontrolatuta, gutunontzia puskatu, lurrean pixa egin eta sekulako iskanbilak egiten dituzte. Xepek telefonoa puskatu egiten du, hormaren aurka jaurti eginda. Ondoren, hain gustuko zuen antzezpenari ekingo dio: hiltzen ariko balitz bezala, lurrera bere burua bota.
VII kapitulua
Biharamunean gaztetxean esnatzen denean, sekulako ajeekin, oroitzapen liluragarria dauka gertatutakoari buruz eta dena bere horretan uztea erabakitzen du, denek ikus dezaten zer gertatu zen. Antijos gaztetxera heltzen denean, ordea, sutan jartzen da basakeria ikusita, eta eztabaida bizian hasten da Xeperekin. Arratsaldean beste lagunak heltzen dira, eta hain haserre ez bada ere, bazterrak txukuntzen hasten dira, Xepe horren aurka egon arren. Lagun guztiak asanblada batean bildu, eta gertatutakoari buruz hitz egiten dute, gaztetxea horretarako ezin dela erabili argudiatuz eta telefonoa hondatzeak ekarriko dituenn oztopoak aipatuz batzuk, eta beste batzuk desenkusatuz eta gertatutakori garrantzia kenduz, erabateko askatasunaren eta autokontrolaren arteko eztabaidatuz. Abailduta eta lur jota, gauez gaztetxetik irten eta hilerrira doa Xepe txakurrarekin, hilerrian beste inon aurkitzen ez den bakea aurkitzen du.
VIII kapitulua
Mirari janaria eramaten eta Niko tabernari eta narratzailearen laguntzarekin bada ere, garai latza ari da pasatzen ari da Xepe gaztetxean. Herrian esamesak ugaltzen ari dira Xeperi buruz, eta haurrei ere Xeperengandik aldentzeko esaten diete. Egun batean, lagunekin Dean tabernako kanpoaldean dagoela, ama ikusten du pasatzen eta ezkutatu egiten da, ama konturatu egiten da eta jarraitu egiten du. Xeperen lagunentzat, eta Nikorentzat, pasadizo mingarria izango da. Hurrengo egun batean ordea, ama gaztetxera sartu eta Xeperekin hitz egingo du, etxera itzultzeko eskatuz eta lan eskaintza batekin. Egun horietan, Pasaiako badiako sarraskian, Komando Autonomoetako lau kide hiltzen ditu polizia espainiarrak. Gertaerak eztabaida bizia sortzen du: HBk ez du beste batzuetan bezain gogor gaitzetsiko hilketa, Komando Autonomoak ETAtik aparte dabiltzalako besterik gabe. Jarrera hori onartezina da gaztetxeen mobidaren inguruan dabiltzanentzat eta batzuek gogor kritikatuko dute Hbren jarrera; Xepek, ordea, ez da asko larrituko horregatik, gizarte osoarekiko gorrotoa baita bere jarrera naturala, bost axola berari HB aparte badago. Amak aipatutako lan eskaintza ez da zehatza eta Xepe beldur da tranpa izango ote den bera etxera itzularazteko eta normaltzeko. Kezka horrekin, berak nahi lukeena Itsasorekin egotea dela aitortzen dio Nikori, parrandazalea baina baita ere señorita samarra den Itsasorekin. Hurrengo asteburuan, sekulako kontzertua egiten da gaztetxean, eta bertaratzen direnen artean Itsaso dago. Itsasok zirikatu egiten du zerbitzari lanetan dagoen Xepe, baina hau, beti bezain herabe eta uzkur, hitzik gabe geratzen da. Itsaso beste lagun batzuekin dago, Xepek gustuko ez dituen punki sofistikatuak denak. Gauaren amaieran Itsasok gaztetxean lo egiteko lekua eskatzen dio Xeperi, zeinekin eta lagun haietako batekin oheratzeko. Goizean Xepek, galtzontziloetan eta erabat aztoratuta, topo egiten du erabat biluzik dagoen Itsasorekin, azkenean gaztetxetik alde egiten ere ikusten du, berari eskerrak eman ondoren, eta beste mutil horrekin pasatako gaua gogoan, herritik alde egiteko gogoa sartzen zaio. Lotara doa, eta biharamunean lagunek Pasaiako badiako sarraskia salatzeko enkartelada joateko egindako proposamenari muzin egiten dio, haserre, haien erreboluzioa pikutara bidaliz. Lagunak enkarteladan daudela, Xepek bere gauzak hartu eta gurasoen etxera doa, han amak dutxa bat hartzeko eskatzen dio, aitak eta anaiak harrera epel, ironiko eta zinikoa, umiliagarria, egiten dioten bitartean. Lanerako esperantza ere zapuztu egiten zaio, aktore lanerako lan eskaintza da egin diotena, baina apenas segundu batean agertzekoa bankuko iragarki batean, huskeria bat. Etsirik, mendi aldera doa bere moto maitearekin, eta bihurguneetan nahita arriskatuta, heriotzari desafioa eginez, erori egiten da, baina urratu batzuk besterik ez ditu egiten.
IX kapitulua
Iragarkian aktore gisa aritzeko egunera guztiz gogogabetuta iristen da, eta azkenean ez joatea erabakitzen du. Ama haserretu egiten da eta bere aitak ohetik aterarazi eta Xepe galtzontziloetan dagoela, bultzaka, etxeko atarian uzten du. Ama errukitu egiten da. Anaia kaletik etorrita, Xepe aurkitzen du atarian eta hortik aurrera etxekoekin hobeto konpondu beharko duela esaten dio. Azkenean atera ireki eta zuzenean ohera sartzen da berriz ere. Hurrengo egunetan, epaitegira joateko gutun bat jasotzen du, bere lagunekin batera, udalak egindako salaketa baten ondorioz. Asanblada egiten dute horri buruz eztabaidatzeko, eta hor udalak martxan jarri nahi duen gaztetxe berriaren proiektua ere kritikatzen dute, guztiz kontrolatuta egongo delako. Batzuk, ordea, alde daude, eta gaztetxe berria nola bereganatu pentsatzen ari dira. Epaiketarako mobilizazioak ere egingo dituzte. Egun horretan bertan lagun batzuekin Arrasateko kontzertu batera doa, kostoa eta beste drogak poltsikoan. Haietako baten autoan sartzen dira, eta haietako batek, Txusek hain zuzen, heroina ateratzen du. Besteak zalantzan daude, hartu ez hartu, droga gogorra delako, eta sudurretik ala zainetatik sartu eztabaidatzen hasten dira. Xepek sudurretik sartzea erabakitzen du. Arrasateko kontzertua itzela da; Ute alemaniar neska ikusi eta harekin hasten da maite-maite. Etxera itzultzeko ordua iritsi eta Ute agurtzen du, baina lagunak ez ditu aurkitzen eta koska batean esertzen da. Andre batzuei aditzen die gaizki esaka punkiei buruz, eta pozik jartzen da, seinale ona da eta beretzat. Etxera iritsi eta errieta berriz ere amarekin, ezin al zuen abisatu edo ez zela etorriko lotara. Andoni goiko etxeko mutil zintzoarekin hasten da konparatzen ama, eta azkenean negarrez bukatzen du.
Epaiketarako deklarazioaren eguna iristen denean, Azkoitian bertan, mobilizazio dibertigarria egiten dute. Herensuge erraldoi bat egiten dute oihalez, pankartak (tiro al fatxa dioena) eta horrelakoak. Gaztetxetik atera eta udalera iristen dira, han tiro al fatxa barraka muntatzen dute alkatearen eta zinegotzi biren irudiekin. Gazte batzuk garabi batera igo, eta alkatearen irudiko panpina urkatzen dute. Herrian izugarrizko eskandalua sortzen da ondorioz.
Gauean, Atraskuko barran, junki edo dorgazaleei buruz hizketan hasten dira, begi onez edo txarrez begiratu behar den. Xepek askatasuna defendatzen du eta haien jarreraren alde agertzen da. Xingular kontra dago, heroina poliziak sartu duela eta horri aurre egin behar zaiola, hondatzailea delako. Xepek Jarrai (ezker abertzaleko gazte erakundea) taldeko argudioak direla dio, eta batez ere askatasuna defendatu behar dela. Besteak dio junkiak ez direla erreprimitu behar, lagundu baizik, erakutsi bide ona. Xepek droga hori probatu zuen Arrasateko bidean eta ondo pasa zuela dio. Azkenean, txantxetan bukatzen dute eztabaida. Xepek bere antzezpen arraroetako bat egiten du orduan, lurretik eta mahai gainetatik narrasti baten moduan mugitzen, tabernatik atera arte.
X kapitulua
Izan ere, antzerkirako dohai berezia du Xepek, bereziki hitzik gabekoa, barneko indar batek eragindakoa; horregatik da ilun eta uzkurra, Interviu aldizkarikoei narratzaileak esan zien bezala. Baina lotuagoa borrokarekin, iragarki edo pelikulekin baino. Udalaren aurkako borroka asanblearioak aurrera darrai, beti bezala, gorabeherekin, baina badira espontaneoak ere, garagardo botilak udaletxearen aurka botatzen hasi zirenean bezala. Udaltzainen sarjentua azaldu eta goardia zibilei hots egiteko mehatxua egiten dute. Xepek aurre egiten dio sarjentuari, bera ere txakurra dela esaten eta. Robertok azkenean atzera egiten du Xeperen hitzak entzunda, eta alde egiten du. Hortik gutxira goardia zibilak iristen dira, baina azkenean haiek ere alde egiten dute pare bat buelta emanda. Horrelako borrokak ondo zetozkion Xeperi, barruko korapiloa askatzeko, baina orduan zoritxarrez heroinan jausten hasten da. Berarekin batera, koadrilako beste kide batzuk ere erortzen dira adikzioan; beste batzuk, ordea, kanpo egotea lortzen dute. Herriko junkiek ez dute inongo trabarik droga eskuratzeko, eta horretarako bakarrik bizi dira. Lagunne arteko harremanak izorratzen doaz dorga dela eta, batzuk hortik guztiz parte egon nahi dutelako.
Joseba, herriko gazte abertzalea, drogazaleen aurka hasten da egun batean gaztetxean, poliziaren tresna hutsa eta putakumeak direla esaten. Antijosek abertzale putakumeak ere badaudela erantzuten dio. Eztabaida sortzen da aurrera eraman beharreko borroka euskaldun eta espainolen artekoa den, edo beste mota batekoa.
Junkiek dorga eskuratzeko arazorik ez badute ere, zainetatik sartzeko arazo gehiago dauzkate. Gaztetxera sartzen dira horretarako batzuetan. PNVkoek horren berri izan eta hortik erasoka hasten dira gaztetxearen aurka. HBkoek ere komunikatua ateratzen dute drogaren aurka. Xepe gaztetxeko tabernari lanetan ari den egun batean, Txus, Kantxa eta Leon sartzen dira gaztetxera heroina sartzeko. Xepek aurre egiten die, gaztetxean heroina ezin dela hartu, berak ere heroina kontsumitzailea izan arren, azkenean komunera txutatzera sartu den Leon lurrera botaz. Alde egin dutenean ere, amorruz haiek utzitako garagardoak lurrera botatzen ditu.
XI kapitulua
Udalak gaztetxea behera botako duela jakinarazita, gazteek gose greba bat egitera sartzen dira udaletxera, baina gau horretan bertan udaltzainak sartu eta jipoika ateratzen dituzte, udaltzainek ere berea jaso zuten arren. Biharamunean, Txusek barkamena eskatzen dio Xeperi gaztxetan droga dela eta gertatutakoagatik, baina aldi berean 5000 pezeta eskatzen dizkio, Xepek 1000 bakarrik ematen dio. Itsaso bere lagunekin iristen da, eta udaletxean gertatutakoaz hitz egiten dute, giro onean. Xepe ondo sentitzen da, Itsasorekin lasai hitz egin ahal izan duelako. Beste egun batean, gaztetxetik alkatearen etxera abiatzen dira taldean haren etxe aurrean pintadak egin eta oihu egitera, alkatea ez dago etxean ordea, emaztea eta haurrak. Narratzailea gaizki sentitzen da mobilizazio horrengatik. Xepek ordea primeran pasatzen du. Etxean, ordea, sekulakoak entzun behar ditu aitaren ahotik, hori dela eta. Anaiarekin ere eztabaidan hasten da, hark aurpegiratzen diola hobe lizatekeela HBkoa balitz. Bapatean Itsasok deitzen dio telefonoz, lagun periodita batek erreportaia egin nahi duela Azkoitiko gaztetxteari buruz eta argazkia atera nahi duela gaztetxeko guztiekin. Xepek ez du horrelakoen oso zalea, baina azkenean onartu egiten du. Argazkiaren egunean, Itsaso Xeperen ondoan jartzen da eta ondoren ere giro onean egongo dira biak, luze hitz egiten eta. Nikok esaten dio Itsaso irabazita daukala, baina Xepek esaten dio ezetz, Itsasoren izaera horrelakoa dela. Kontatzen dio Nikori Itsasoren baska edo koadrilan antzeko mobidak daudela drogarekin. Itsasok ere hartu egiten omen du, baina bere hitzetan kontrolatu egiten du.
Egun batean ustekabea, goizean goiz, gaztetxera sartu, traste guztiak atera eta gaztetxeko ateak eta leihoak txapatu egiten dituzte udaleko langileek. Gazteak suminduta, udaletxera doaz protesta egitera. Zinegotziekin hitz egiten dute alperrik. Drogagatik itxi dute gaztetxea. Xepek garib ikusten du soluzioa: gaztetxe berria okupatu behar dute.
XII kapitulua
Gaztetxe berria okupatzen dute egun batean. Barruan sekulako instalakuntzak dituela ikusten dute, baina dekoraziorik gabe anbulatorioa ematen du. Bapatean, goardia zibilak agertzen dira eta desalojatzen dituzte mehatxuka. Gazteak gaztetxe berria onean nola bereganatu eztabaidatzen hasten dira, udalarekin hitz eginez eta. Batzuek ezinezko ikusten dute, goardia zibilak bidaltzeko gauza izan direlako aurretik; beste batzuek komunikatu bat prestatu nahi dute, ...
Gaztetxerik ezean, Itziarko Mandiope diskotekara joaten hasten dira. Hara Itsaso eta bere lagunak joan ohi dira. Itsasok heroina eskaintzen die guztiz modu naturalean. Kontatzen dio Itsasok xeperi roiloa erabat aldatu dela, orain garai bateko lagunak apenas ikusten dituela.
Biharamunean etxe ezezagun batean esnatzen da, baina seguru asko Itsasorena da. Herria ez du ezagutzen. Sekulako ajeekin dago, eta beldurrez ere bai, ez baitaki zer gertatu den Itsasorekin gauean. Azkenean etxetik atera eta letroak ikusita, Eibarren dagoela daki. Atraskura deitu eta Azkoitira eramaten du bueltan Xepe lagun batek. Etxean aitak berri bat ematen dio: lehengusu batek lana eman dio Azkoitiko auzo bateko egur-tailer batean, egurrak lijatzen. Lanari ekiteko gogorik gabe dago Xepe. Atraskuan Nikok diskotekan Itsasorekin nola ibili zen morreatzen kontatzen dio, Xepe ez da gogoratzen. Ondoren, Nikok kontatzen dio udalak bilera zabala deitu duela gaztetxe berria antolatzeko, eta taldekoek joateko asmotan daudela, presidentetza eskuratzeko. Xepe aurka jartzen da. Asanblada bat antolatu dute, horretaz hitz egin eta gaztetxean sortuko den zine-komisioa antolatzeko, gaztetxean pelikulak botatzeko. Xepe aluzinatuta geratzen da, eta alde egiten du etsirik, lanean hasi beharrarekin batera gaztetxearen gainbehera datorrelako.
XIII kapitulua
Ordu pila bat sartuta, nagusi zakar batekin eta toxikoak irensten, ez da bizimodu gozoa Xeperentzat. Guztiz zakartu egiten da Xepe. Mendeku bila, sekretuan nagusiaren oporretako txaletera sartu, eta dena txikitu egiten du. Guztiz hustu eta gustura geratzen da. Atraskuan, lagunek gaztetxe berriaren berri ematen diote: lortu egin dute Xingular presidente izatea, erabakiak asanbladak hartuko dituen arren atzetik. Xepe aurka dago, dena kaka bat dela, borrokatzeko moduak bazeudela bestela ere, gaztetxea bukatuta dagoela. Parte hartzeko esaten diote, eta ideia horiek ere botatzeko, baina Xepe mespretxuz erantzuten du.
Niko eta beste lagun batzuekin Antzuolako festetara doaz. Iraultza totala aldarrikatzen du Xepek oihuka, dena hankaz gora jarri behar dela dio, guztiz berotuta. Herrira iritsi eta udaltzain bati txapela kendu, airera bota eta autoeetara igota alde egiten ud korrika. Egan taldea ari da jotzen, Xepek bereziki gorrotatzen duen berbena-taldea. Pentsakor hasten da, eta Niko beldurtzen da, edozer barrabaskeria egiteko gauza da eta. Azkenean, Xepek garagardo botila botatzen dio kantariari, jotzen ez badu ere. Zein izan den jakin gabe, musika eten eta mesedez txukun portatzeko eskatzen du kantariak; alperrik, Xepek bigarren botila bat bota eta bete-betean jotzen duelako kantariaren gitarra. Gazte morrosko batzuk inguratu, besoetatik heldu eta mehatxuka hasten dira; azkenean, Xepek txaplea kendu zion udaltzaina iritsi eta atxilotuta eramaten dituzte Ertzaintzaren Bergarako komisaldegira. Ez dituzte jipoitzen han, baina tratua ez da oso ona. Xeperen aita doa haiek jasotzera, suminduta.
Txus eta Kantxa, heroinan jausita jada, herrira ekartzen dute Xepe egun batean autoestopean. Elgoibar eta Eibar aldean ibiltzen dira, dorga kontuekin nonbait, eta Xepe haiekin joatea nahi dute. Xepek ezetza eman, baina Nikori aitortzen dio batzuetan bakailaotar horiek inbidia ematen diotela. Itsaso aspaldian ez du ikusi eta horregatik ere triste dago.
Gaztetxe berriaren inaugurazioan antzerki emanaldi bat egin nahi du. Pelikula bat bota ondoren eta kontzertuaren aurretik, Xepe galtzontziloetan agertzen da eta La Pollaren musikarekin, arrastaka ibiltzearen bere ohiko saioa egiten du, bizkarra okertuta, gurditxo bati tiraka, non denetariko trasteak dauden. Telebista zahar bat ere jarri du oholtzan, haren inguruan arrastaka ibiltzeko. Itsaso eta Leon ikusten ditu musuka behean. Azkenean, hiltzearena egiten du, beti bezala, eta fokoak itzaltzen dira. Bitartean Leon eta Ikusleak oso gutxi izan dira, tamalez.
XIV. kapitulua
Gaztetxe berriaren inguruko eztabaida pizten da gazteen artean: gaztetxea ez da helburua eta borrokarako tresna izan behar dela, batzuk; beste batzuk, berriz, kanpokoa borrokatu behar dela eta barrukoa ahaztu egiten dela, jarrera matxistak esaterako. Xeperik buruz galdetzen dute, ez baita azaltzen gaztetxera. Triste ote dago antzezpenaren porrotagatik? Edo agian Itsaso Leonekin ikusita, lur jota dagoelako? Azkenean Atraskura agertzen da eta Pipirekin eztabaidan hasten da, hura gaztetxeko pelikuletaz arduratzen baita. Xepek kultura burgesaren aurka dago, areago subentzionatua badago gaztetxea bezala, eta horren alde egitea aurpegiratzen dio Pipiri. Pipik esaten dio zinea eta literatura kritikarako eta iraultzarako tresnak izan daitezkeela.
Nikorekin duen azken elkarrizketan, Xepek aitortzen du ez dakiela zer nahi duen, ez duela jada ezertan sinesten. Nikok gaztetxean bota behar duten pelikularen erroiloa gaztetxera eramateko eskatzen dio. Bidean, udaltzainen autoa ikusten du gilztak jarrita. Pentsatu ere egin gbae, autora sartu, pelikularen maleta ondoan jarri eta arrankatzen du. Arantzazura heltzen da, autoa abandonatu egiten du eta maleta autoaren gainean jartzen du. Goizean Ertzaintza, DYA eta goardia zibilak lehergailuak indargabatzeko robotarekin heltzen dira eta maleta lehertarazi egiten dute. Xepe han ikusita, Roberto sarjentuak ziurtzat jotzen du Xepe izan dela, "hi izan haiz" esaten dio. Egia lasai aitortu eta atxilotu egiten dute. Gaztetxean ere badu eragina horrek, Xepe mobidakoa delako, eta komunikatu bat ateratzen dute, gertakaria Xeperen ez beste inoren ardura izan dela adierazteko. Barregarria iruditu zitzaien, baina desegokia ere bai. 3 egun atxilotuta eman ondoren, herrira itzuli eta harreman guztiak eteten ditu lagunekin.
Epilogoa
Lagunak utzita, heroinaren besarkadan biltzen da Xepe, Itsasorekin batera, honek Leon utzi eta gero. Etxe abandonatuetan lo eginez eta lapurretak eginez bizi da, eta Arantzazuko gertatutakoagatik egindako epaiketan jarritako isuna noski ez du ordainduko. Urte askotan dirau horrela, heroinaren adikzioan; erreabilitazio-zentro batera inoiz ez da joango, ordea. Atraskura noiz edo noiz joango da, baina Nikorekin hitz egin gabe. HIESa harrapatu, 90eko hamarkadan, eta eritetxe batean bukatzen du Xepek, bere bizitzari bere izaerarekin bat datorren amaiera eman arte: politikoen bisita batean, kazetarien aurrean, bere burua botako du leihotik behera. Narratzaileak aitortzen du ezinezkoa litzatekeela, Interviukoekin hala saiatu den arren, Xeperen nortasunaren berri ematea.
AMAIERA
Bestelako informazioa:
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.