Zuhurtziaz jokatu behar dela adierazteko.
Gizapedia
Ez Dol Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui, ezker aldetik hirugarrena, eta Paco Ibáñez zortzigarrena, abeslariekin batera.
Ez Dok Amairu 1965 urtean sortu eta 1972 urtera arte jardunean aritu zen artista talde berritzailea izan zen, bereziki euskal abeslari eta musikariek osatutakoa. Urte batzuk lehenago sortutako Euskal Kantagintza Berriaren mugimenduaren bideari jarraiki, euskal musika berpiztu, tradizioa berreskuratu eta tradizio horri molde berriak jartzea izan zuen helburu, kanpotik zetorren musika arrotzari eta frankismoak euskal kulturaren aurka garatzen zuen politikari aurre egiteko eta herriaren alde egiteko. Bai Euskal kantagintzak Berria bai Ez Dok Amairu taldeak Katalunian garatzen ari zen Nova Cançó Catalana mugimenduaren eta horren inguruan sortutako Setze Jutges taldearen ereduari jarraitzen zioten. Taldea 1965 urtean sortu zen artista hauek elkartuz: Joxan Artze, Jexux Artze, Luis Mari Bandres, Nestor Basterretxea, Nemesio Etxaniz, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskarbi taldea, Jorge Oteiza eta Urrikatz bikotea. Izena San Martinen estutasuna izenburuko herri ipuin batetik dator, non Martin izeneko errementariak "ez dok amairu" ("ez dago hamahiru") erantzuten dion deabruari, bere asmo gaiztoak galaraziz horrela; Jorge Oteizak proposatu omen zuen izena, euskal kulturak pairatzen zuen "malefizioa" hautsi asmoz. Bere lehen jaialdiek oihartzun handia izan zuten eta hortik aurrera Euskal Herri osoan zehar emanaldi ugari izan ziren. Hala ere, disko bakarra plazaratu zuten Ez Dok Amairu izenarekin, Euskal kantari berri hautatuak bilduma izenekoa (Herri Gogoa, 1970). Baga, biga, higa ikuskizuna (1970) taldearen beste mugarri garrantzitsua izan zen. Kantagintza sozialarekin konprometitutako atzerriko kantautoreekin lankidetzan aritu ziren maiz, eta beraiek ere atzerrira joan ziren. Eztabaidatsua izan zen profesionalizazioaren alde egin zuten aldarria, gizarte sektore batzuetan ongi hartu ez zena. Bitartean, taldeko artistak bakoitza bere aldetik ere ibili ziren, kontzertuak eskainiz eta diskoak plazaratuz. 1971 urtean, eskandalua sortu zen Larraitzen 3.000 lagunen egin zen kontzertua dela eta, akelarretzat hartu izan zena. Ordurako, desadostasun artistikoak, batzuetan politikarekin zerikusia zutenak, sortuak ziren taldekideen artean eta kanpoko eragile politikoak muturra sartzen ere hasiak ziren. Horren guztiaren ondorioz, taldea 1972 urtean desegin zen. Beste bi talde sortu ziren Ez Dok Amairu taldekideekin: bata, Artze anaien eta Mikel Laboaren inguruan, zeina Ikimilikiliklik ikuskizuna sortu zuten, eta bestea Lertxundi, Lete, Iriondo eta Iparraldeko zenbait abeslari bildu zituena, Zazpiribai ikuskizuna plazaratuz. Talde horiek ez zuten lortu, ordea, Ez Dok Amairu taldeak euskal musikan eta orokorrean kulturan izan zuen eragina, hurrengo hamarkadetako joera ezarriz.

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.