Dialektoa hizkuntza baten baitan hiztunen komunitate geografiko mugatu batek partekatzen dituen hizkuntzaren bereizgarri edo isoglosen multzoa da, hizkuntza baten aldaera diatopiko edo geografikoen multzoa labur esanda, eta hizkuntza nagusi edo estandar baten baitan garatzen dena, orokorrean hizkuntzaren eta dialektoaren hiztunen arteko ulergarritasuna atxikitzen duena. Adibidez, bizkaiera euskararen dialektoa edo euskalkia da. Batzuen arabera, dialekto kategorian aldaera sozialak ere, klase sozialarekin edo etniarekin lotuak, sartuko lirateke. Hizkuntza bateko dialektoak beraien artean orokorrean elkar ulergarriak direla irizten da. Dialekto baten baitan ere, badira hiztun batzuk bestelako bereizgarriak partekatzen dituztenak, azpidialektoak edo bertako hizkerak osatzen dituztenak.
Dialektoaren definizioak hizkuntza duenez erreferentzia gisa, ezinbestekoa da hizkuntzaren definizioa egitea, dialektoa zer den finkatzeko. Hizkuntza hizkuntza sistema estandar, egonkor eta bereizia dela esan daiteke, hizkuntza horretako hiztunek erreferentzia nagusi gisa onartzen dutena eta tradizio historiko, kultural eta literarioa duena. Dialektoa, beraz, hizkuntzaren zabalkuntza historiko eta soziala ez duen hizkuntza-aldaera litzateke, hiztun gutxi izateagatik, eremu geografiko mugatu batean garatzeagatik edo arrazoi sozialengatik idatzizko tradiziorik eta gizartean zabalkuntzarik eta osperik izan ez duena. Kontua da definizio hori hizkuntzalaritzatik at kokatzen dela neurri handi batean, eta elementu sozial, kultural eta politikoak ere barnehartzen dituela (a language is a dialect with an army and a navy aipatu izan da, hizkuntza nazio baten hizkera estandar edo indartsuarekin lotuz). Ildo horretatik, hizkuntzalari batzuek baieztatu dute dialekto kontzeptua ez dagokiola zentzu hertsian hizkuntzalaritzari, historiari, antropologiari eta soziologiari baizik (horretarako, soziolinguistika izenekoa arloa badela ahaztu behar bada ere). Eztabaida horri gehitu behar zaizkio dialekto eta bertako hizkeren inguruan sortzen den identitate kolektiboa, dialekto hitzak duen zentzu gutxiesgarria eta hizkuntza izateak dakarren prestigioa, gehienetan eskualde batean darabilten hizkuntza-kodea hizkuntza edo dialektoa den eremu politikora eramaten dituztenak.
Ikus, gainera
Loturiko artikuluak
Ukipen-hizkuntzaAgian, hizkuntza-ukipena bilatzen ari zinen. Soziolinguistikan, ukipen-hizkuntza, batzuetan lingua franca ere deitua, partekatu gabeko bi hizkuntza desberdin edo gehiago erabiltzen diren eremu edo testuinguruetan, elkar ulertu eta komunikazioa bideratzeko…
Soziolinguistika (definizioa)Soziolinguistika edo soziohizkuntzalaritza hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremanak aztertzen dituen disziplina arteko jakintza-arloa da, soziologia eta hizkuntzalaritza oinarritzat dituena. Makrolinguistika deritzon hizkuntzalaritzaren atal zabalaren baitan biltzen da, hizkuntzaren…
IsoglosakSoziolinguistikan, isoglosa dialekto baten bereizgarri lexiko, sintaktiko, morfologiko eta fonologiko konkretu batek espazio-eremuan mugatzen duen lerro geografikoa da. Dialektoak muga geografiko berdinak dituzten isoglosa sortek (bundles of isoglosses,…