Jatorrian, epika, genero epikoa ere deitua (antzinako grezierazko ἔπος, épos , hitzetik, literalki « hitza »), heroiak eta haren ekintzak goresten dituzten narrazioak dira. Bestelako gaiak, hala nola mitoak, kondairak eta gai erlijiosoak ere barneratzen ditu. Mesopotamiako Gilgamexen Epopeia zaharragoa bada ere, generoaren jatorria Antzinako Grezian kokatzen da, eta Iliada eta Odisea olerki heroiko luzeak edo epopeiak hartzen dira generoaren abiapuntu adierazgarrientzat, literatura unibertsalean izan duten eraginagatik, Gilgamexen Epopeiaren ereduari jarraiki osatu baziren ere. Jatorrian, baita Iliada eta Odisea epopeien kasuan ere, ahotsez abesten ziren poema luzeak izan ziren; geroago, ordea, genero epikoa idatzizkoa izatera igaro zen, latinezko literaturatik abiaturik bereziki, hartan lan adierazgarriena Virgilioren Eneida izanik. Erdi Aroan ez zen galdu genero epikoa; adibidez, gaztelania zaharrean idatziriko Poema de Mio Cid, frantsesezko Chanson de Roland eta beste gesta kantak genero epiko klasikoaren egitura jarraitu zuten. Berpizkundearekin literatura klasikoaren ereduak berreskuratu, baita epika ere, eta horrela XVI. eta XVII. mendeetan Ludovico Ariostoren Orlando innamorato (1492), Luís de Camõesen Os Lusiadas (1572) eta John Milton ingelesaren The lost paradise (1667) aurkitzen ditugu. Ordurako, ordea, eleberria modernoa jaioa zen, hala nola Cervantesen On Kixoterekin, eta eleberria izango da hortik aurrera epika, heroien balentriak, kontatzeko euskarri nagusia. Gaiak ere aldatzen joango dira: XIX. mendeko errealismotik heroia guztiz gizatiarra izango da, eta gizakiek bizitzan eta nazioek hiztorian bizi ohi dituzten gorabeherak kontatzen hasten dira, mitoak eta kondairak alde batera utziz. Hori dela eta, adiera zabalago batean genero epikoa genero narratiboaren sinonimotzat erabili izan da, literatura sailkatzeko erabili diren genero lirikoarekin eta dramatikoaren ondoan. XX. mendean fantasia epikoaren generoa sortu da, antzinako epikaren mitoak eta kondairak berreskuratuzm, baina mundu mitologiko eta heroiko berriekin. Horren adibide garbiena Tolkienen Eraztunen Jauna (1954) izanik.
Genero epikoaren ezaugarriak kontuan harturik, hedaduraz, gorabehera askoko bidaia edo ekintza epikoa dela, edo epopeia, esaten da.
Loturiko artikuluak
Genero ekitateaEmakumeak eta gizonak berdin tratatzen dituen genero parekidetasunetik haratago, genero-ekitatea benetako berdintasunera heltzeko diskriminazioa pairatzen duenaren egoera eta zirkunstantziak aintzat hartu eta gainditzeko erabakiak hartu eta ekintzak garatzeko…
Genero dramatikoaGenero dramatikoa bereziki antzerki eta zinemara zuzendutako literatura generoa da, bizitzaren gorabeherak, bereziki gatazkak, krisiak eta erronkak garatzen dituena. Genero dramatikoaren lanak sortzen dituen idazlea eta antzezpena zuzentzen…
Genero epidiktikoaGenero epidiktikoa edo genero erakuslea (latinez, genus demostrativum) erretorika klasikoaren hiru generoetako bat da, Anaximenes Lampsakokoak egindako sailkapenaren arabera, genero judizialarekin eta politikoarekin batera. Iraganeko gertakari eta pertsonaiei buruzkoa da,…