Efektuaren tamaina aldagai estatistiko jakin bati buruz dagoen diferentzia edo erlazioaren magnitude edo indarraren neurri bat da, esparru, multzo edo talde edo beste aldagai baten balio desberdinetarako. Adibidez, efektuaren tamainaren bitartez, gizon eta emakumeen matematika kalifikazioen arteko 2 puntuko diferentziaren indarra neurtzen dugu, edota ikasketa ordu gehigarri bakoitzak matematika kalifikazioa 0.2 puntu gehitzen dituela ezartzen duen erlazio estatistikoaren intentsitatea.
Korrelazioa aztertzen denean, efektuaren tamainaren neurria korrelazio koefizientearen balio absolutua ematen digu; kontingentzia-tauletan, aldagai kualitatiboen arteko asoziazioa aztertzean, berriz, Cràmer-en V neurria, besteak beste; erregresioan, mugatze-koefizientea; eta batezbestekoen arteko diferentziari buruz, Cohen-en d neurria.
Ohartarazi behar da efektuaren tamainak ez duela printzipioz zer ikusirik hipotesi batean oinarriturik zehaztu den emaitza estatistiko baten adierazgarritasunarekin. Emaitza estatistikoa adierazgarritasun handikoa izan daiteke, adibidez lagin tamainak oso handiak direlako, eta efektuaren tamaina txikia, eta alderantziz.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, effect size.
Loturiko artikuluak
Asoziazio estatistikoaAsoziazio estatistikoa bi aldagai estatistikoen artean dagoen erlazio estatistikoa izendatzeko erabili ohi den esamoldea da. Adibidez, sexua gaixotasuna bat pairatzeko probabilitatearekin loturik badago, bi aldagaiak estatistikoki asoziaturik daudela…
Estatistika deskribatzaileaEstatistika deskribatzailea lagin bateko informazioa laburbiltzen duten grafikoak (histograma, sektore-diagramak, ...) eta neurri estatistikoak (batezbestekoa, desbideratze estandarra, ...) aurkeztu egiten dituen estatistikaren adarra da, lagin horretako emaitzak populaziora…
Egozpen estatistikoaEstatistikan, inputazioa, egozketa edo egozpen estatistikoa (ingelesez, imputation) falta diren datuei (desagertutako datuak edo missing values) eta muturreko datuei (outliers) balio jakina esleitzeko metodoak dira, ondoren aplikatu beharreko teknika…