Biziraupen-analisia


KategoriakEstatistika

Makina jakin baten biziraupen-kurba, Kaplan-Meier estimazioaz eratua. Hondatu arteko denbora 200 unitate baino handiagoa izateko probabilitatea 0.25 da gutxi gorabehera. Kredituak: Cdang-Commons

Biziraupen-analisia gertaera bat (heriotza, sendatzea, denda batera itzultzea, azterketa bat gainditzea, makinaren hondatzea,...) izan arteko denbora aztertzen duen teknika estatistikoen multzo bat da. Bereziki, subjektu edo elementu bati dena delako gertaera gauzatu arte t denbora edo gehiago izateko probabilitatea estimatzea da bere helburu nagusia. Denbora desberdinetarako probabilitatea zehazten duen funtzioari biziraupen-kurba deitzen zaio, eta logikoki gutxitzen doa t denbora handitu ahala. Kurba hori estimatzeko teknika zenbait daude; ezagunena horien artean Kaplan-Meier estimatzailea da.

Biziraupen-analisiaren berezitasunetako bat zentsuratutako eta moztutako datuen existentzian datza, analisia zaildu egiten dutenak. Adibide gisa, minbizia pairatzen dutenen arteran hil arteko denbora aztertzen bada, egongo dira ikerketa-aldian zehar hil ez diren gaixoak, eta horietarako ezingo da jaso hil arteko denbora (adibidez, ikerketak 10 urte irauten badu eta gaixoa hil ez bada, hil arteko denbora 10 urte baino handiagoa dela, zentsura eginez, besterik ezingo da esan); moztutako datuak, berriz, gaixoak ikerketara minbizia diagnostikatu eta denbora batera bildu direnean gertatzen dira.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, survival analysis; gaztelaniaz, análisis de supervivencia.

290 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.