Birjinitatea, birjinidadea edo birjintasuna sexu harremanak beteak, koito edo sarpenarekin alegia, izan ez dituen pertsonaren egoera da. Historian zehar, eta egun ere kultura askotan, hala nola kristau kontserbadoreetan, musulmanen eta ijitoen artean, birjinitatea mito patriarkala izan da, emakumeari ezkondu bitartean sexu harremanak izatea eragozten ziona, eta hala izan ezean, senar berriaren arbuioa, desohorea, lotsa edo errua ekarri eta finean emakumea gizonaren objektu sexualtzat hartzen duena. Emakumearen birjinitatearen frogatzat kultura patriarkal horietan baginaren sarrerako himena zulatu gabe izatea hartzen da.
Kultura modernoetan, mito patriarkalaren izaera galdu badu ere, birjinitatea eta horren galera, lehen aldia alegia, gazte nerabeen artean antsietatea eta beldurra ekartzen dituen egoera da, alde batetik lehen aldiz sexu harremanak izatean nola jokatu behar duten eta zer sentituko duten ez dakitelako; eta bestetik gizarte moderno hipersexualizatuetan birjinitatea galtzeko presioa dagoelako. Gazteak ez luke inongo presiorik sentitu behar birjinitatea galtzeko eta garbi eduki beharko luke bere erabakia dela norekin eta noiz galdu birjinitatea. Bereziki emakumeen kasuan mingarria izan daitekeela eta, gomendatzen da intimitatea partekatzen den pertsona batekin egitea, toki eroso batean, lasai, poliki, denborarekin, eta aldez aurretik gorputzak eta sentsazioak esploratuz, zirriak eginez, laztanduz, genitalekin jostatuz. Horrela eginez gero, sarpenerako unea berez helduko da, irrika goxo batez.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, virginity; gaztelaniaz, virginidad.
Loturiko artikuluak
BaginismoaBaginismoa koitoa egiterakoan baginako giharretan gertatzen kontrakzio edo uzkurdura da, koitoa ezinezko egiten duena. Koitoa egiterik dagoenean, baino minez, dispareunia edo koitalgia da. Baginismoaren arrazoiak fisikoak nahiz psikologikoak…
KoitoaKoitoa bi pertsonen arteko batze sexuala da, zakilaren sarpen edo penetrazioaren bitartez burutzen dena. Koito praktika arruntena zakila emakumearen baginako zulotik sartuz gertatzen da (koito baginala), baina zakila…
Partzialismoa (sexologia)Sexologian, partzialismoa genitalak ez diren gorputzaren atal jakinetarako erakarmen eta desio sexual esklusiboa da, hala nola oin, bular, hanka edo belarriei buruz. Parafilia mota bat da, eta desiratzen…