Camilo Lizardi Bernardo Atxaga idazleak sorturiko Obaba herri mitikoko erretore eta apaiza da, hain zuzen ere Obabakoak bildumako lehen bi ipuinetako pertsonaia: Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena, non…
Bi anai Bernardo Atxaga asteasuar idazleak 1985ean plazaturiko eleberri laburra da.
Lehen kapitulua
Txori batek basotik alde egin eta Obabako Pauloren etxera joateko aginduari obeditzen dio, barruko ''Mintzoak'' esanda. Txoriak narratzailea da hemendik aurrera: Pauloren etxean negarrak aditzen ditu, eta heriotza baten seinaletzat hartzen ditu. Herrian heriotzaren seinale gehiago hartzen ditu. Azkenean, Paulo hiltzen ari den bere aitaren ondoan dagoela ikusten da txoriaren begietatik. Aurretik ama ere hil egin dela eta, Daniel (anaia zaharra) zaintzeko erregutzen dio aitak eta Paulok baiezkoa ematen dio.
Bigarren kapitulua
Paulo mahai baten azpian ezkutaturik dagoen Danielen bila doa. Daniel atzeratua da eta ez da jabetzen aita hiltzen ari zaiola, baina aitarekin zerbait arraro gertatzen ari dela sumatu du eta horregatik ezkutatu da. Danielek pixa egin du gainean eta Paulok errieta pixka bat egiten dio, baina hala ere, Paulo berarekin jolasten hasten da goxo-goxo, biak elkarrekin lo geratu arte.
Hirugarren kapitulua
Txoria narratzaile betiere, bi anaiak lo daudelarik, aita hil egiten da. Herriko apaiza dago anaien etxean eta leihotik aran arboladia ikusita, txikitako oroitzapen malenkoniatsua datorkio gogora, nola San Juan egunean hara joaten ziren aranak lapurtzera eta orduko apaizak horrelakorik ez egiteko esan zien samurki. Bi anaiak lo bistan dituela, beste gertaera bat oroitzen du, nola Pauloren aita Danielekin kezkaturik zegoen, atzeratua delako eta ume txiki bat bezalakoa izan arren gogo sexuala erakusten zuela (hazia isurtzen zuela eta abar), nola Paulo eta Daniel trena ikustera joaten ziren, eskolan Danieli burla egiten ziotela. Horretan pentsatzen ari dela apaizak lo hartzen du.
Laugarren kapitulua
Katagorri batzuek Mintzoaren deia jasotzen dute Danielengana joateko, ''kanta ttikia'' duen gaztea dela adieraziz. Katagorriak Danielen lagunak izango dira kontakizunean zehar. Azkenean kantaren doinuari jarraiki aurkitu egiten dute eta Paulok eta Danielek ikusi egiten dituzte. Udan zehar, Daniel beraiekin jolastuko da eta urrak, intxaurrak eta ura emango dizkie. Egun batean, ordea, Danielen kanta ahulago entzun eta bere bila abiatzen dira; azkenean neska talde baten esperoan aurkitzen dute. Neska horietako batek, Teresa izenekoa, pastela erregalatzen dio eta hurrengo egunetan ere hala egingo du, harik eta egun batean Danielek besoak luzatuz bularrak ukitzen dizkion arte, ''dardarizo'' batek bultzaturik. Horrela zirri egiteagatik, Paulo eta Danielen lehengusina den Carmen izena duen beste neska batek Daniel jo eta negarrez uzten du. Teresak bakean uzteko eskatzen dio, bere adimen urritasuna dela eta. Carmenek jarrera hori Paulorekin gustatuta dagoelako duela aurpegiratzen dio. Carmenek alde egin eta Teresa Daniel kontsolatu ezinean dagoela, bere bularrak ukitzea eskaintzen dio isiltzearen truke. Danielek kattagoriak zaintzeari uzten dio, Teresarekin duen sexu gogoa dela eta.
Bostgarren kapitulua
Aita lurperatu ondoren, Paulo bere ohiko bizimodura itzultzen da, bere aitarena zen zerrategian lan eginez. Gauez, ordea, lo hartu ezinik egoten da, kexati eta amarekin eta aitarekin gogoratuz. Amaren hitzak gogoratzen ditu une horietan, nola esaten zion Danielekin kontuz ibiltzeko eta bereziki bere osabarekin, etxea eta zerrategia bereganatu nahi dituelako. Aitaren hitzak ere gogoratzen ditu, ordea, nola Daniel zaintzeko erregutzen dion. Txori laguntzaileak naturako ipuin eta irudi metaforikoez osatzen du narrazioa. Paulori lo hartzen ere laguntzen dio, bere inguruan jostari ibiliz eta horrela entretenituz. Arratsalde batean, Daniel kattagorriekin jolastu ordez, beste norabait joan dela nabaritzen du Paulo anaiak. Itzultzen denean, Danielek ez dio non egon den esan nahi eta Paulo berarekin joaterik ere ez du nahi. Gau batean, intziriak entzunda, Danielen ohera gerturatzen da eta, masturbatu ondoren, isuri egin duela nabaritzen du. Orduan, amak esaten ziona gogoratzen du, nola Daniel sexu-gogo bizia izaten duen. Pentsamendu horietan murgildurik gelako armairuan apoiatzen da; orduan Daniel joka hasten zaio eta lurrera botatzen du. Ondoren, armairutik tarta bat ateratzen du, berea dela oihu eginez.
Seigarren kapitulua
Txoriak Paulo Danielen zelatan aurkitzen du bide bazterrean, zelai batean ume talde batekin batera dagoen Daniel herriko neskak euren tartekin noiz etorriko zain. Paulok Carmen bere lehengusina topatzen du eta Danieli tartak erregalatzen dizkiona bera den galdetzen dio. Carmenek ezetz esaten dio eta berarekin hika-mikan hasten da, Carmenek Paulori harrokeria aurpegiratuz, beti bakarrik ibili eta lagunik nahi ez izateagatik. Paulok aitaren hitzak gogoratzen ditu, nola Carmenen aitak euren etxera sartu nahi zuen, dirua eta etxea bera bereganatzeko. Txoria Carmenen pentsamenduetan sartzen da eta Danieli tartak oparitzen dizkiona Teresa dela ikusten du, Paulorekin maiteminduta dagoen neska hain zuzen. Paulo burutik kendu ezinik, bera joaten den leku guztietara joaten da Teresa ere ahal duen guztietan, baina Paulo ez da ohartzen bere presentziaz eta maitasunaz. Txoriak pentsamendu horiek jasotzen dituela, Teresa herriko plazara heltzen dira, non Carmenekin topo egiten duen.
Zazpigarren kapitulua
Paulorekin izandako sesioan Danieli tartak berak erregalatzen dizkiola esan al dion galdetzen dio. Carmenek ezetz erantzuten dio, baina Teresa Danielek Paulori dena kontatuko dion beldurrez geratzen da bere baitan, azkenean bere buruari Paulorekin beti egonezinean egoteari utzi eta Paulorekin gauzak modua izango dela aitortzen badio ere. Beste alde batetik, herriko neskak jostundegian ari diren bitartean Daniel denbora guztian haiei begira dagoela eta, Daniel jostundegira sartzea erabakitzen dute bi neskek Paulorekin harremanetan hasteko modurik egokiena delakoan. Aurretik, ordea, Carmenek Teresa konfiantza eskuratzen du zurikeriaz, Teresak bere sentimenduak adieraz diezazkion. Geroxeago, ordea, erretoreak zurikeria leporatu zion pasartea datorkio gogora Carmeni, berarengan kontzientzia txarra sorraraziz.
Zortzigarren kapitulua
Mintzoak ibaian adi egoteko agindua ematen dio txoriari. Horrela, Carmenen burutazioak etortzen zaizkio: nola jaiotzatik duen aurpegiko mantxa zabala dela eta, aspaldian ez den pozik bizi; nola Paulorekin bizitzera joateko itxaropenak zapuztu ziren, Pauloren amak garbi utzi baitzuen hil baino lehen ez zirela etxe horretara sartu behar. Bere itxaropenak zapuztearen mendeku gisa, Paulori nola edo hala sufrimendua eragingo diola bere buruari aginduz. Mendekua burutzeko, Daniel eta Teresa baliatuko ditu.
Bederatzigarren kapitulua
Kattagorriak hilik azaltzen dira ganbaran, Danielen eta besteen utzikeriaz. Daniel egun osoa pasatzen du etxetik kanpo Teresaren peskizan eta Paulo gauez lo hartu ezinik jarraitzen du. Egun batean, Obabako erretoreak bisita egiten dio Paulori, Danielen jokabideaz kezkaturik. Herrian esames ugari sorrarazten ari den Teresarekiko obsesioa azaldu eta Pauloren gogo horien kontu izateko eskatzen dio. Teresaren amak Daniel etxean lotuta eduki beharko litzatekeela esan duela ere kontatzen dio. Paulok onartu egiten du erretorearen eskaria. Biharamunean, herriko jostundegira abiatzen da eta neskak herriko jaietako jolas batean erabiliko diren koloretako zintak prestatzen ikusten ditu bertako leihotik. Zinta bakoitzari eraztun bat jarri eta eraztunak kanpoan utziz kaxa batean sartuta, herriko mutilek bizikletaz eta eskuan eztena harturik, eraztunetik tiraka eginez zinta hartu behar dute zoriz; neska bakoitzari zinta bat dagokio eta horrela, bere zinta hartu duen mutilari neskak eskaintza edo gonbitea egin behar dio, neska eta mutilen arteko harremanak bideratzeko jolas moduan. Daniel nahiz Teresa eta Carmen jostundegian daude. Paulok etxera joateko esaten dio Danieli behin eta berriz baina Danielek uko egiten dio bortizki. Azkenean, Teresak lagunduta joatea onartzen du. Txoria iturri batetik ura edaten hasten da baina distira batek itsutu egiten du. Mintzoaren esana gogoratzen du: distira baten mendean geratzen denean, galdu egingo duela bere burua.
Hamargarren kapitulua
Uda bukatzen ari da. Txoriak Obabako plazako iturritik jostundegitik talde bat ateratzen ikusten du, Paulo eta Danielen etxerako bidean: Daniel eta Teresa (eskuei anitz eragiten dien neska, txoriaren hitzetan) alde batetik, eta Carmen (neska zatarra, txoriaren esanetan) eta Paulo (begizuloduna, txoriaren esanetan betiere). Carmen eta Paulo Danieli buruz ari dira hizketan: Daniel denbora guztian Teresaren atzetik dabilela eta arazoa konpondu ezinik, Carmenek Danielek zinta-jokoan parte har dezala proposatzen dio, Teresaren zinta bereganatu eta horrela asebete geratzeko. Horretarako, bizikletaz irakatsi behar dio. Danielena konpontzeko edozertarako prest dagoen Paulok onartu egiten du. Carmenek bera eta bere familiari egindako mesprezuak gogorarazteko aprobetxatzen du unea. Danielen etxetik bueltan, Carmenek bere plana proposatzen dio Teresari eta honek onartu egiten du, Carmenek horrela Daniel gainetik kendu eta maite duen Paulorenagako bidea zabalduko duela adierazi eta gero. Teresaren baiezkoa lortzeko, Paulok neska ederra dela esan diola aipatzen du, gezurra izan arren. Gero, eraztunari kolore eman beharra ere aipatzen dute, Paulok, eta Danielek gero, jakin dezaten jokoan zein den hartu beharreko zinta. Azkenean, Teresak Carmeni jokoan bere zinta jarri behar al duen galdetzen dio. Carmenek ezezkoa ematen dio, bere aurpegiko mantxarekin uzkurtuta, mutiletan ibili nahi ez duela aitzakiatzat.
Hamaikagarren kapitulua
Festa bezperan, zinta jokoaren arduradunari eman aurretik Paulori erakutsi nahi diola aitzaikiatzat harturik, Carmenek zinta eraman eta hasieran zeukanaren ordez eraztun askoz ere txikiagoa jartzen dio, Danielek zinta eskuratzea zailagoa izan dezan. Azpikeria honen ondoren, Paulorenagan doa eta Danielek tira egin beharreko eraztuna beltza dela aipatzen dio. Paulok plana berresten du eta Carmeni zinta jarri behar al duen galdetzen dio. Carmenek bere zinta inork ez lukeela nahi eta benetan maite duen mutila beragana (Paulo, hain zuzen, aipatzen ez badu ere) inoiz ez dela etorri esanez erantzuten dio. Carmenen azpikeriaren arrazoiak agerian geratzen dira: Paulorekiko [eloskortasuna, Teresa dela eta. Biharamunean, zinta-jokoa ospatzen da: mutilak txandaka joaten dira eraztunak hartzen baina Danielen txanda denean, Daniel baldarki inguratu eta eraztuna hartzeko ahaleginetan erori egiten da bizikletatik, jendearen parre artean. Behin eta berriz saiatu arren, guztietan huts egiten du. Azkenean, beste mutil batek hartzen du eraztun beltza eta dagokion zinta. Danielek, bere onetik aterata, mutila jipoitu eta odoletan uzten du, jendeak mendean hartzea lortu arte.
Hamabigarren kapitulua
Antzara nagusi batek sugea akabatzeko Mintzoaren agindua jasotzen du beste antzarekin batera Obabatik pasatzean. Agindua bete eta bide batez, Paulo eta Daniel desagertu direla jakingo du herriko jendearen hizketak entzunda. Zinta-jokoaren ondoren, erretoreak Daniel etxean lotuta edukitzera behartu zuela aipatzen da horren arrazoi gisa. Herrian talde bat antolatzen da bi anaiak mendi eta basoetan bilatzeko. Teresa, ordea, ziur dago trenbidera joan direla eta hala adierazten dio Carmeni. Carmen susmo horren berri ematera joaten da besteengana. Antzarak hori entzunda, trenbiderantz abiatzen da eta bi anaiak ikusten ditu tunel baten parean zutik eta elkarri eskua emanda. Trenak harrapatu eta hil egiten ditu. Hilda, bi anaiak antzara bihurtzen dira eta antzara nagusiari jarraitzen diote zeruan.
Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.
Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.