Ikasliburua: Batez besteko heltze-aroa


Gaiaren azalpen sakonagoa nahi baduzu, ikus: Ikasliburua: Batezbesteko heltze-aroa. Honako hau kontzeptuaren sarrera orokorra da:

Batezbesteko heltze-aroa enpresa baten jarduera-zikloaren iraupena da, enpresa industrial baten kasuan lehengaiak edo salgaiak erosi edo ordaintzen dituen unetik, bezeroek ordaintzen dioten arte, aktibo korrontean inbertitutako dirua berreskuratzeko igarotzen den batezbesteko denbora alegia. Lehengaiak erosten direnetik salmentak kobratu arteko prozesu horretako jarduera guztiak (lehengaien erosketa, produktuak ekoizteko denbora eta bezeroei ordaintzeko ematen zaien epea) finantzatu behar dira; horrela, heltze-aroa enpresak bere jarduera- zikloan finantzatu beharreko denbora da. Batezbesteko heltze-aroa laburra izatea komeni da, horrela enpresaren finantzazio-beharrak, lehengaiak erosi direnetik bezeroei kobratu arte, txikiagoak baitira.  Heltze-aroa betetzen den bakoitzean, errotazio bat gertatu dela esaten da, lehengaiak erosi eta azkenean bezeroei kobratu ondoren, enpresaren jarduera-zikloa abiarazteko moduan delako enpresa beste behin ere.  Urtean zenbat eta errotazio gehiago gertatu,  hainbat hobe, enpresak inbertitutako dirua azkar berreskuratuz eta mozkinak jasoz, negozioa maizago burutzen duelako. Bestalde, batez besteko heltze-aroa enpresaren berezko epe laburra eta epe luzea bereizteko erabil daiteke: epe laburra batezbesteko heltze-aroa adierazten duen denbora baino laburragoa, eta epe luzea hura baino luzeagoa.

Bi heltze-aro bereizi ohi dira: heltze-aro ekonomikoa eta heltze-aro finantzarioa, azkeneko hori kutxa-zikloa ere deitua. Heltze-aro ekonomikoa enpresaren ustiapen- edo ekoizpen-zikloaren iraupena jasotzen du, lehengaiak edo salgaiak erosten direnetik, enpresaren salmentak kobratu arte. Heltze-aro finantzarioak berriz, finantzatu beharreko ustiapen-denbora osoa jasotzen du, eta heltze-aro ekonomikoari enpresak bere hornitzaileei ordaintzeko behar duen denbora kenduz kalkulatzen da.

Heltze-aroaren kalkulua ezberdina da enpresa komertziala edo industriala den:

  • enpresa komertziala bada, heltze aro ekonomikoak enpresak salgaiak saltzeko behar duen batezbesteko denbora gehi bezeroei kobratzeko behar duen batezbesteko denbora da;
  • enpresa industriala bada, heltze aro ekonomikoa kalkulatzeko lau epe hauen batura kalkulatu behar da: izakinak biltegiratuta dauden denbora, ekoizteko batezbesteko denbora, saltzeko batezbesteko denbora eta bezeroei kobratzeko batezbesteko denbora

Heltze-aro ekonomikoa beti positiboa da. Heltze-aro finantzarioa, ordea, negatiboa izan daiteke, enpresa komertzial batean hornitzaileei enpresako bezeroek ordaindu eta gero ordaintzen zaienean.

Bestalde, batez besteko heltze-aroa maniobra-funtsarekin loturik dago guztiz: maniobra-funtsa enpresak batez besteko heltze-aroan behar duen finantzazioa adierazten du, hala nola lehengaiak erosi, ekoizpena garatu, saldu eta salmentak horiek kobratu arte behar duen finantzazioa alegia.

421 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.