
Basauri, Ganguren mendiko maldatik. Malmasin mendia, lehen planoan. Kredituak: Loretahur-Commons
Basauri Bizkaiko udalerria da, Bilbo Handia eskualdekoa. Mugakide ditu Bilbo, ipar-mendebaldean, Etxebarri, iparraldean; Galdakao, ekialdean; eta Zaratamo eta Arrigorriaga, hegoaldean. Hirigunea Malmasin mendiaren iparaldean eta Nerbioi ibaiaren meandro zabal baten inguruan zabaltzen da, non Ibaizabal ibaiarekin bat egiten duen. Hedaduraz udalerri txikia da, 7.16 km2 ditu, baina Bizkaiko seigarren herri populatuena da; beraz, biztanle-dentsitate handiko udalerria da. Hirigunearen hegoaldera industria eta pabiloi ugari kokatzen da, hala nola Mercabilbao produktu freskoen merkatua, 1971 urtean sortua, eta Sidenor siderurgia enpresa. Historian zehar, 1510 urtean banandu zen Arrigorriaga herritik eta Elexalde auzoa bilakatu zen herrigune nagusia San Migel parrokiaren inguruan, baina desdostasunak zirela-eta, 1858 urtera arte ez zuen lortu Bizkaiko Batzar Nagusietan udalerri gisa sartzea. XIX. mendera arte landa giroko udalerria izan zen, baina bereziki XX. mendeko bigarren erdialdetik garapen urbanistiko eta demografiko itzela izan zuen Espainiako beste erregioetatik inguruko industriek eskaintzen zuten bizimodua erakarrita etorritako familia immigrantzaileekin. 1980ko hamarkadaren hasieran 50.000etik gora biztanle izatera heldu zen. Egun, 40.000 biztanle pasatxo ditu.
Loturiko artikuluak
Industria metalurgikoaIndustria metalurgikoa edo metalurgia metalen eta horien aleazioen ekoizpenarekin eta eraldaketarekin lotutako jarduera industrialen multzoa da, mineralak eta metal birziklatuak lehengai hartuta. Oinarrizko industria astuna da, tamaina eta…
Udalerria (definizioa)Udalerria lurralde gisa azaltzen duen artikulua hau da: Udal-barrutia. Espainian, udalerria hiritarren komunitate bat biltzen duen tokiko antolakuntza eta entitatea da, udal edo kontzeju gisa eratua, haien interesak…
Nerbioi ibaiaNerbioi ibaia Arabako ipar-mendebaldea eta Bizkaiko mendebaldea zeharkatzen dituen Kantauriko isurialdeko ibai bat da. Bizkaiko Basauri herrian bat egiten du Ibaizabal ibaiarekin, ondoren Bilbo aldetik itsasoratzeko, Bilboko itsasadarra…