Psikometrian, test edo galdetegi baten baliozkotasuna edo baliotasuna kontzeptu konplexua da, historian zehar hainbat ikuspegitatik jorratu dena. Hala ere, esan daiteke laburki baliotasuna test baten interpretazioak benetan neurtu nahi dena jasotzen duen maila dela. Definizio horretatik, azpimarratu behar da testak ez direla berez baliozkoak ala ez, baizik eta neurtu nahi den zerbaitekin loturik direla baliozkoak.
Definizio orokor horretatik, baliozkotasun mota edo ikuspegi desberdinak har daitezke kontuan:
- test edo galdetegia ondorengo jokabide edo jarduera bat aurreikusteko erabiltzen denean, baliotasun prediktibo edo kriterio-baliotasunaz ari gara;
- testa lehendik finkatutako edo garatutako ezaugarri edo propietate bat neurtzeko erabiltzen denean, edukiaren baliotasunaz ari gara;
- konstrukto-baliotasunaren bitartez konstrukto psikologiko bat osatzen duten faktoreak behar bezala islatzen dituen aztertzen da
Arestian aipatutako baliozkotasun motaren arabera, tresna desberdinak erabili beharko dira baliozkotasun hori aztertzeko.
Esan liteke, beraz, baliotasunaren bitartez testaren interpretazioa eskura dagoen ebidentzia enpirikoarekin eta horri buruzko teoriarekin bat datorren aztertzen dela. Definizio horretatik, baliozkoa izateko test batek barnehartu behar dituen bost alderdi hauek ezarri dira:
- baliozko edukia, hots, neurtu nahi dena jaso behar du era adierazgarrian, bestelako alderdi guztiak baztertuz;
- baliozko erantzun-prozesu bat, hots, testaren itemak subjektuek behar bezala erantzuteko diseinatuta egon behar dira (adibidez, itemak ondo idatzita egon behar dira eta subjektuentzat ez dira nahasgarriak izan behar);
- barne-egitura balioduna, hots, itemek bat etorri behar dute orokorrean interpretazioa ematerakoan;
- beste aldagai edo adierazle batzuekiko baliozko erlazioa, hots, testaren emaitzek bat etorri behar dute beste tresna edo aldagai batzuek emandako emaitzekin;
- baliozko ondorioak, host, testaren interpretazioa gerora eskuratzen diren emaitzekin baliozkotu behar da.
Beste hizkuntzetan: ingelesez, validity; gaztelaniaz, validez.
Loturiko artikuluak
Agentibitatea edo agentzia (psikologia)Agian agentibitatea agente gramatikalaren nolakotasunaren adieran bilatzen ari zinen. Agentibitatea, agentzia ere deitua, pertsona batek bere bizitzan eragiteko duen ahalmena da, bereziki borondatea, proaktibitatea eta autorregulazioa barnehartzen dituena,…
Depribazioa edo pribazioa (psikologia)Agian pribazioa adiera ekonomikoan bilatzen ari zinen. Psikologian, pribazioa edo depribazioa subjektu baten motibazio eta baharrizanak oztopatu eta eragotzi egiten direneko egoera da (ikus, Maslowen piramidea). Horrela, depribazio…
Erreaktibitatea (psikologia)Agian erreaktibitatea psikometrian bilatzen ari zinen. Psikologian, subjektu bat erreaktiboa dela esaten da inguruneak eraginda, bultzatua edo derrigortua sentitzen denean baino erreakzionatu edo jokatzen ez duenean. Orokorrean, subjektu…