Baionako Hitzarmena


KategoriakHistoria

Baionako Hitzarmena 1945eko martxoaren 31an Hego Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu errepublizaleek, herbestean zeuden agintari politikoek ordezkaturik, Errepublikaren legitimitate demokratikoa adierazi eta aldarrikatu, Francoren aurkako borrokarako konpromisoa indartu eta Euzkadiko Gobernuarekiko leialtasuna berresteko adierazpen eta hitzarmena izan zen. Hitzarmena indar politiko horien arteko zatiketa giro bat gainditu nahian etorri zen, Gerra Zibila galdu ondoren, eta Bigarren Mundu Gerran zehar Francok izan zuen jarrera anbiguoak eragindako geldialdi eta zalantza politikoarekin bukatzeko. Horren helburuak  alderdi eta sektore politiko demokratikoen arteko desberdintasun ideologiko eta estrategikoak alde batera utzi, eta erregimen demokratiko baten alde batera lan egitea izan ziren, Espania mailan Errepublikaren erregimena nahiz Euzko Jaurlaritza instituzio legitimotzat hartuz. Izan ere, gerran zehar eta gerra galdu ondoren, asko izan ziren Jose Antonio Agirreren buruzagitzapean zegoen Euzko Jaurlaritzaren legitimitatea kolokan jarri zutenak, bereziki PSOEren aldetik (EAJren joera nazionalistaren aurka), EAJ alderdiak behin eta berriz instituzio horren legitimitatea aldarrikatu arren ("obediencia vasca" deitu izan den hori exijituz sozialistei). Azkenean, EAJ alderdiak bere diskurtso nazionala bigundu eta Espainiako Errepublika onartu zuen, eta PSOE alderdiak Euzko Jaurlaritzaren legimitatea aitortu, eta horrela finkatu ziren hitzarmenerako oinarriak. 1944ko urrian, Euskal Bloke Nazionala delakoa sortu zen antzeko helburuekin, baina desberdintasun politikoek, eta bereziki Alderdi Komunistak bereganatu nahi izan zuen protagonismoak beste alderdietan sortutako mesfidantzak ekimen horren porrota ekarri zuen. Baionako Hitzarmenak ezarritako oinarriak Frankoren diktadura osoan eutsi ziren alderdi horien aldetik, desadostasunak izan arren, eta haiei esker Franco hil ondoren trantsizio demokratikoa garatzeko akordioak errazago bideratu ziren, erregimen demokratiko baten garapena euskal autonomia defentsarekin batera lehenetsiz kontsiderazio guztien gainetik.

Kanpo loturak

351 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.