Babilonia, Joan Mari Irigoien (laburpena)


KategoriakLiburuak

Babilonia Joan Mari Irigoien idazleak 1989an plazaraturiko eleberri tragikoa da. Babilonia baserriko Trinido eta Feliziano anaien arteko gorabehera eta liskarrak kontatzen ditu, XIX. mendearen erdialdean, azkenean familiaren hondamena ekarri duena. Eleberria familia-saga bat da, baserrian girotua (hain zuzen ere, Babilonia baserrian bizi dira eleberriko protagonistak), eta errealismo magikoaren zertzeladak dituena. Garaiko xehetasun historiko ugari ere ematen ditu, bereziki Karlistaldien inguruan.

Laburpena

Bedaniako Babilonia baserrian Zipriano Garayalde bizi da, bere familiarekin. Baserri zaharra da, banderizoen garaian, Erdi Aroan, dorretxea zena eta Garayalde leinuaren armarria duena. Bere ama Gabrielak harreman estua izan zuen oraindik bizirik dagoen Moabe baserriko Roxalirekin. Roxali ezaguna da herrian bere ahalmenengatik, naturako zantzuen esanahiaz gainera, hildakoekin mintzatu, emagin moduan jardun eta gaitzak sendatzen ere badakielako. Bi baserriak noizbait loturik izango direla ere badaki, bi etxeetan aditu den oilar baten kukurrukua adituta. Babiloniakoak dira, baita ere, osaba Bernardo eta osaba Demetrio, Ziprianoren anaiak, biak lehen karlistaldira joandakoak. Bernardo gizon makala da Ziprianorentzat baina sentikorra oso. Demetrio, berriz, kementsua, Zipriano bezalaxe, eta odol berokoa. Haien aita Zirilo begian eskopeta lehertuta hil zen, usoak ehizatzen zebilela, beste baserritar batek biraoa botata. Karlistaldian zehar eta handik gutxira jaio dira Ziprianoren eta bere emazte Baxiliren lau semeak, lehen biak, bikiak, Trinido eta Feliziano, hirugarrena Kaxiano, ahul eta kaxkarra, eta laugarrena Klemente, gormutua. Bitartean, Moaben amona Roxalik bere biloba Margariren kontu hartzen du, haren ama hil denez. Amonak Eguzki Gorri deitzen dio bere adats gorriagatik, eta bere ahalmenak irakasten dizkio txikitatik.

Babilonian Kaxiano eta Klemente elkarrekin ibili ohi dira baserri lanetan. Trinidok eta Felizianok ez diete kasu handirik egiten, elkarrekin beti lehian ibiltzen direnez, hala nola korrikan, harria jasotzen eta aizkoran, aita Ziprianok baina bereziki gerratik itzulitako osaba Demetriok zirikatuta. Feliziano habailan soilik da Trinido baino gehiago. Egun batean, zuhaitzean gora zein altuago igoko, eta Trinidok irabazten du, baina Feliziano ilargira igotzeko gauza ez dela izango aurpegiratzen dio, suminduta. Horrela, gaiztotzen hasten da anaien arteko lehia. Garayaldetarren indarra eta ospea goraipatuz ere, Trinidoren eta Felizianoren harrokeria puzten du Demetriok, hala nola baserriko armarriaren istorioa kontatuz, non otsoaren buru soila eta koroa agertzen diren, aitona Zirilok otsoa akabatu omen zuelako behin. Kaxianok, ordea, ez dio atarramendu onik ikusten baserriko armarriaren istorio horri, eta itzal ilunak ikusten ditu horri begira, otsoaren ordez gizon bat irudikatuz. Azkenean, osaba Bernardok istorio guztia gezurra dela aitortuko dio. Izan ere, Demetriok beti pentsatu ospea armek ematen dutela, nahiz eta Ziprianok bezala, amari hitz eman behar izan dion armarik ez duela hartuko. Baserrian itota, ordea, Nafarroara joan zen, baso lanetara lehenbiiz, eta karlisten alde borroka egitera gero. Etxera teniente itzuli zen. Bernardo, ordea, elbarri itzuli zen lehenago, besamotz. Gerrari buruz iritzi guztiz desberdinak dituzte biak: Demetrio gerraren aldeko da, eta Bernardo bakezalea. Demetriok gerrako zaurien orbanak erakusten ditu, harro-harro. Babiloniara ere heldu izan dira gerraren ondorioak, karlistak (zuriak) zein liberalak (beltzak) handik pasa izan direlako, eta bi alderdiek eraman izan dute beti zerbait, behia ez denean, ardi edo oilo batzuk. Kaxiano Bernado bezalakoa da, bakezalea, berak ere gerra zer den ere badaki-eta, txikitan herrian soldadu batzuk beste soldadu bat fusilatzen ikusi zuelako. Trinido eta Feliziano, ordea, osaba Demetriok harro kontatzen dituen gerra-kontuekin liluraturik jarraitzen dute. Ama Baxilik eta osaba Bernardok begi txarrez ikusten dute Demetrioren jarrera, baina ezer gutxi egin dezakete horren aurka, protesta egin ezik. Kaxiano, berriz, osaba Bernardoren antzekoa da, oso sentikorra, gauez izarrak kontatzen ditu, eta harri politak bildu; Trinidok eta Felizianok barre egiten dute horren kontura, haientzat txorakeriak eta nesken kontuak besterik ez direlako. Bitartean, Margari amona Roxalirekin jarraitzen du, haien irakaspenak jasotzen, hala nola inguruetan dagoen Lurruspeko kobazuloari buruzkoak, non Mari bizi den.

Osaba Demetriok moxal bana erosten die anaia bikiei, hamasei urte betetzean, agindu bezala eta haren zaldi gorriaren gainean ibiltzen ikasi ondoren. Zaldi gainean ere lehia egiten dute, elkarri irrintzika, hori ere osaba Demetriok ikasi bezala. Egun batean, osaba Demetrioren proposamenez lasterketa egin eta Trinidok irabazten du. Felizianok aspaldiko arra sumatzen du barruan, amorrua eta bekaitza. Herriko gazte batek gutxietsi egiten du Feliziano, anaia Trinidoren aldean. Felizianok kolpatu egiten du gaztea. Herriko apaiz don Tirsok errieta egin eta Felizianok gogor erantzuten dio. Azkenean, don Tirsok Babiloniara doa eta gertatutakoa kontatzen die. Maiorazgoa berari ez baizik eta Trinidoren esku uztea planteatzen du. Demetriok ez du horretan eragozpenik ikusten, Feliziano militar karlista gisa goian ikusten baitu. Felizianok bere egiten du osabaren asmo hori eta gerrarako irrikia pizten zaio. Demetriok arbaso zaharren istorioak ere kontatzen dizkie, nola kristauak ziren eta moruen aurka ibili ziren gudan, nola Erdi Aroan dueluak egiten ziren. Anaia bikiak borroka eta duelu-jolasean egiten dute istorio horiek liluraturik, Trinido kristauarena eta Feliziano Abderraman moruarena egiten, aurpegia beltzez margotuta. Zaldi gaineko borroka egiten dute egun batean, desafio moduan. Oraingo honetan ere, Feliziano da galtzaile, zaldi gainetik erorita. Moabeko Margari izango da, ordea, aurrerantzean, anaia Trinidoarenganako amorrua piztuko duena: biek desio dute, baina Trinido izango da neskarengana hurbilduko dena. Amona Roxalik igarri egiten du, kukurrukuak adituta, Margari Babiloniara ezkonduko dela, hango maiorazgoarekin. Felizianori dagokio jaiotzez maiorazgoa, baina aitari galdetuta, maiorazgoa alper-harria lehenengo altxatzen duena izango dela erantzuten du, don Tirsoren aholkuari jarraituz Trinidoren alde eginez. Handik gutxira, Trinidok altxatzen du harria, maiorazgoa bereganatu eta Felizianoren harenganako amorrua gorroto bilakatuko da ondorioz. Gutxira, Trinidok Margariri maitasun-aitortza egiten dio Lurruspeko erromerian; Margarik baiezkoa eman baina Felizianoren itzal beldurgarria ikusi zuen haren begietan; gutxira, Felizianorekin topo egin eta kontu eske hasten zaio hura, baina Margarik ziur erantzuten dio, Trinido maite duela.

Demetriok militarra izateko jaio dela esanez arintzen du Felizianoren amorrua, eta berarekin tiroak egiteko mendira joateko proposatzen dio. Felizianok ospea irabazteko balentria bururatzen zaio orduan: mendian ardiak akabatzen dabilen otsoa hiltzea. Ardilarruz mozorrotuta, mendira joan eta otsoa akabatzen du osabaren fusilarekin, eta harro heltzen da baserrira otsoa bizkarrean. Felizianok maiorazgoa eskatzen dio berriz aitari, baserriko armarrian otsoa eta koroa daudenez, baina aitak koroa Trinidorentzat eta otsoa Felizianorentzat direla berresten du. Anaia bikien arteko lehia eta desadostasuna handitzen doa: beti elkarrekin lo egin arren, azkenean Feliziano ganbarara lo egitera joan behar du aitaren aginduz, ohea bientzat txikiegia geratu denean. Etsirik, Demetriok kontsolatu egiten du, jenerala izatera helduko dela ziurtatuz beste behin. Haien gerrarako joerak 1848 urteko altxamendu karlistan aurkitzen du bidea: Demetriok eta Felizianok baserritik egiten dute alde, Trinidok ere nahi luke, baina osabak baserriaren ardura hartu behar duela esanez geldiarazi egiten du. Aita Ziprianok nahi badute joateko baina orduan baserrira ez itzultzeko ohartarazten die biei. Burumakur itzultzen da Feliziano, altxamenduak porrot egin eta tirorik egin gabe, zalditik erorita osaba Demetrio hil delako berriarekin. Barkamena eskatzen dio aitari, eta Trinidoren iseka pairatu behar du.

Klemente eta Kaxiano beti elkarrekin aritzen dira. Egun batean, baserriko errotan jolasten hasi eta irinez zikintzen dira. Halako batean, Feliziano sartu, errieta efi eta masailekoa emanten dio Kaxianori. Orduan, Klementek igitaia hartu eta Felizianoren parean jarri eta mehatxu eginda, Felizianok alde egiten du. Egun batean, Trinido eta Feliziano herriko beste gazte batzuekin batera, Moabera doaz artoa zuritzera, eta bide batez, festa txiki bat egitera, ohiturari jarraiki. Txantxetan hasten zaio Felizianori gazte bat, otsoa akabatu arren, Trinido ehiztari hobea dela esanez, Margari bereganatu duenez. Margariri eta Trinidori buruz bertsoak bota eta bukatzeko, antzezlana egiten dute Trinidok eta Margarik, eta ikuskizuna jasan ezinik, azkenean suminduta alde egiten du Felizianok. Margarik Felizianorekin amesgaiztoa du gau horretan, herensuge beldurgarri batekin lotzen duela.

Kaxiano guztiz sentikor agertzen da txantxangorriekiko, Jesusen odolez bustituta duelako paparrean gorria, amak kontatu dionez. Elizako Dolorosaren koadroekin ere liluraturik agertzen da. Osaba apaiz bati txantxangorriarena kontatu, eta apaizaren etxean urtebete pasatzen du, apaiz ikasketak hasteko, baina Klementerekin gogoratzen da etengabe eta bueltatu egiten da. Danbolinero etxeko astoak eta Buruokertxok, herrian ibiltzen den eskale herren eta buruokerrak, tristura sorrarazten diote Kaxianori:  baserrian maiz  jotzen dute astoa, azkenean penaz hiltzen denera arte, eta Buruokertxori iseka egiten diote herrian. Osaba apaizaren etxean don Hipolito ezagutzen du, Demetrio ezaguzten zuena eta beraren etxean bi urte pasatakoa. Armak eta heraldika nola atsegin zituen gogoratzen du don Hipolitok, Kaxianok ez bezala. Felizianok anaiaren gainetik jartzeko temarekin jarraizten du. Egun batean, don Hilario Argarate Azaola baserriko jabeak hango maizterrari gogor egiten ikusten du. Erakusten duen nagusikeriak liluratu egiten du Feliziano. Don Hilariok kapeladenda dauka gainera Itzurunen. Ikusita baserria eta andregaia galdu egin dituela,  Felizianok lan eske doakio eta hark dendari lana eskaintzen dio. Baserrian, Felizianok bere asmoen berri ematen dio aitari eta honek zaplastekoa ematen dio. Erresuminduta, heriotzan ere ez diola barkatuko ihardesten dio Felizianok. Margarik Eguzkia altxatzen ikustera doa egun batean, harekin dantza egitera; Moabera itzulirik, amonak Trinidorekin dantza egiteko ordua iritsi dela esaten dio, Feliziano ez bezala lurrari eta baserriari atxikia den Trinidorekin.

Don Hilariok ganbara bat eskaintzen dio Felizianori eta jantzi berriak erosi ere bai. Felizianok dotore ikusten du bere burua eta pozik dago. Elkarrekin konfiantza hartzen joaten dira, elkarrekin afaltzen dute, eta don Hilariok bere iritziak ematen dizkio bizitzari buruz, diruak bihotzik ez duela esaten dio esaterako, baserritarrei estutu behar zaiela, diruari hegoak eman behar zaizkiola, inbertitu eta ez gorde alegia eta soilik diruagatik ezkondu behar dela, besteak beste. Azkenean, don Hilariorekin bi urtez lanean pasata, indiano bat ezagutu eta hark Ameriketara joateko gomendatzen dio, aberastu nahi badu. Kasu egiten dio, don Hilariok geratzen bada doblea pagatuko diola esan arren. Bitartean, Margarik lehen aldiz joan da Babiloniara, ezkontzako arreoa (altzariak, oihalak, ...) hara eramateko errituan. Ameriketara joan baino lehen, Zipriano, Felizianoren eta Trinidoren aita, gaixotu egiten da larriki. Trinido Felizianoren bila doa Itzurunera, aitak ikusi nahi duela esateko, baino Felizianok ukatu egiten du, heriotzaren orduan ere ez zuela barkatuko esan ziola, eta ez duela atzera egingo. Ameriketatik itzuliko dela ere ohartarazten dio. Haserre, Trinido Babiloniara itzultzen da eta aitari Feliziano Ameriketara alde egina dagoela esaten dio gezurretan, eta aitak hilda ikusten du bere burua, semeak biraoa bota zionez. Aita gaixo dagoela etam Margariren eta Trinidoren ezkontza atzeratu behar da. Hilzorian dago, Felizianotaz galdezka hasten da eta Trinidok Felizianorena egiten du, errukituta.

Kaixianok bere haurtzaroa gogoratzen du, nola ahots zurikoa zen, eta horregatik anaiek Maritxu deitzen zioten. Trinido eta Feliziano ez bezala, ahula da gainera. Behinola, mendira lanera joan eta Klementek basurde batenb erasotik salbatzen du, basurdeari labankada emanez. Aitagatik urte erdiko dolua gordeta, Trinido eta Margari ezkondu egiten dira. Ezkondu ondoren esper oduten haurra ez da heltzen, eta Margari amona Roxalirengana doa; hark hiru kamelia gorri eta kamelia zuri bat usozko izango dituela esaten dio. Handik gutxira, Margarik abortua du, odolezko lehen kamelia gorria alegia. Berria jakinda, amona Roxali hil egiten da, beste mundutik bere ondoan egongo dela Margariri esan ondoren. Bitartean, herrian bizi den Pascal lapurtarraren Ameriketatik etorri berria den anaiak esanda, Kaxianok Feliziano Uruguain aberastu dela daki, hango emakume zahar batekin ezkonduta, hura hil eta gero. Feliziano hamar urtera itzultzen da herrira, aberastuta esan bezala. Katalejo batekin dator, etorri den ontziko kapitainari erositakoa, eta don Hilariorentzat loritoa ekarri du, "biba Hilario" esaten duena. Don Hilario liberalen aldeko egin dela esaten dio, eta Felizianok ere haien alde egiten du, negozio eta aurrerapenen alde daudenez, karlistak ez bezala. Don Hilariorekin tratua egiten du Azaola baserria Felizianoren esku uzteko, Feliziano bizi bitartean. Anaia Trindo azpiratzeko asmoarekin itzuli da. Azaolako maizterrak bisitzatera maiz joaten da Feliziano, eta handik Babilonia, eta bereziki Margari, ikusten ditu katalejoarekin. Batzuetan, bidean topo egiten dute Trinidok eta Felizianok, etahaien arteko ezinikusia agertu, batak besteari ukabila altxatuz eta. Felizianok Garayaldetarren armarria jartzen du Azaolan, eta errota ere bai, Babiloniakoa bezalakoa; azkenean baserriari Azaola izena kendu eta Babilonia-Berri jartzen dio. Margarik traza txarra hartzen die horrelakoei, eta elizan argizaiola bat ez baizik eta bi jartzen ditu. Hnadik gutxira, sekulako uholdea gertatzen da Babilonian, kalte larriak eragiten dituena.  Kaxianori Afrikako gerrara gudari joateko zozketan tokatzen zaio; hara beste euskaldun batzuekin doa, batzuk gerrazaleak, beste batzuk gerraren beldurrez. Guda batean, zauriturik suertatzen da Kaxiano, moru baten aurka baionetaz oldartu ondoren. Herren itzuli da etxera, moruen zein kristauen artean otsoak zein ardiak daudela eta gerrak gizonak galtzeko direla sinetsita.

Felizianok kezka bat dauka: Azaola eta Babilonia erreka batek bereizten ditu, eta Azaolako aldean Babiloniak badu lur-zati bat, bereganatu nahi duena. Behin ehizatu duen  oilagorra lur-zati horretara erori, eta Trinidok mehatxatu egiten du Feliziano, Babiloniako lurretan dagoenez. Bedaniatik trena pasarazi nahi dute, eta lur-zati horretatik pasa behar da. Margarik apaizaren ahotik jasotzen du berria, elizan, eta guztiz ikaratzen da, lurra suntsituko duen herensugetzat hartzen duenez. Egun batean, trenbideko langileak datoz Babiloniara trenbidea horik pasarazi nahi dutela eta, baina Trinidok bidali egiten ditu. Margarik hildako amona Roxalirekin hitz egitera doa, trenbidearen zergaitiaz. Felizianok apustu desafioa egiten dio Trinidori, zaldi lasterketan: Felizianok irabazten badu, Azaola aldean Babiloniak duen lur-zatia jasoko du; bestela Azaola osoa izango da Trinidorentzat. Margarik apustua ez onartzeko erregutzen dio Trinidori, galdu egingo duela amestu duenez, Kaxianok ere ez du nahi; baina Trinidok desafioa onartzen du. Apustua berebiziko jakinmina pizten du herrian, eta bertsolariek ere koplak kantatzen dituzte horren haritik. Trinidok galdu egiten du apustua, azkenik. Hnadik gutxira, langileak sartu ziren Babiloniako lurretan, trenbidea egiteko lanak hasteko. Etsirik, apaizarengana doa, zerbait egiteko eskatuz. Apaizak laster gerra izango dela kontatzen dio, eta beraiek, karlisten ondoan, trenbidea desegingo dutela. Gerraren zai geratzen da Trinido. Bitartean, trena dator lehen aldiz Bedaniara, sekulako zarata eginez; horren ondorioz, Margari erabat asaldatu eta bigarren abortua du.Trinidok tiro egiten dio trenari, alperrik noski. Margarik hirugarren abortua du. Bitartean, Kaxiano Margarirekin harremana estutzen joaten da, biek elkarrekin errezatzen eta hildakoekin hitz egiten hasten dira.  Trinidok don Tirsori gerrari buruz galdezka hasten da, gerra aipatu zuenetik lau urte pasa direnez, baina hark momentua ez dela erantzuten dio. Bitartean, Trinidori alkate izatea proposatzen dio, karlisten ondoan; Feliziano ere alkategaia da, liberalekin eta don Hilario lagun. Margariri Trinidok hauteskundeetan galdu egingo duela iragarri du, zazpi haizeekin hitz egin eta gero. Orduan ere, Margarik asmatzen du. Feliziano alkate, don Hilariorekin ospatzera doa eta honek gauza bakarra falta zaiola esaten dio: andre bat. Hori esanda, Felizianok helburu berria jartzen dio bere buruari; Margari, Hura katalejoz zelatatzen hasten da, guztiz kitzikatzeraino. Margarik sumatzen du nola edo hala Felizianoren presentzia eta beldurtu egiten da. Bitartean, Felizianok Trinido zirikatzen hasten da, alkatetza lortu duenez. Azkenean, karlisten eta liberalen arteko gerra piztu eta Trinido eta besteak mendira doaz, fusilak hartuta. Babilonia ondoko trenbidea lehertarazi egiten dute egun batean.  Horrekin, Margarik bere sabela onera datorrela sumatzen du, eta Trinido irrikatzen du bere sabela bete dezan, baian Feliziano izango da sabela beteko diona, leherketarekin guztiz ernegatuta, Margari bortxatzen baitu. Trinidok mezulari bat bidaltzen du Babiloniara berriak jakin nahian eta Margarik dena ongi doala esaten dio, baina alde egin baino lehen Kaxianok zerbait larria gertatu dela esaten dio mezulariari, Trinidok bakarrik jakin behart duena. Trinido agertzen denea, Kaxianok bortxaketaren berri ematen dio eta Feliziano hil egin behar duela esan. Trinidok anaiaren hitzak aintzakotzat hartu eta Felizianoaren aurka duelua egingo duela iragarri, testiguak Kaxiano eta don Hilario izango dira. Feliziano koroa batekin agertzen da, Babiloniako ikur. Borrokan, lantzaz eta ezkutuz, Trinidok botatzen du Feliziano zalditik, eta aitaren egiteko denbora justua ematen dio hil aurretik igitaiarekin, baina Felizianok Margariren sabelean bizirik jarraituko duela botatzen dio. Trinido igitaia altxatzen du, baina ez da kapaza anaia hiltzeko; orduan, Kaxiano da igitaia hartu eta Feliziano hiltzen duena.

Mendira itzultzen da Trinidok, irabazitako koroarekin. Baina arraro sentitzen da, haren falta sentituko balu bezala bizitza osoan anaiari begira bizi izan baita, beti txarrerako izan bada ere. Felizianoren azken hitzak buruan, dueluan galtzaile bera dela dago sinetsita. Amorruz, barruan duen grina gerrara bideratzen du eta sekulako balentriak lortzen ditu bere mutilekin liberalen aurka. Margari ere bisitatzen du noiz edo noiz, eta Felizianoren semerik ezin dutlea eduki esaten dio, baina Margari isildu egiten da. Sutondoan, Felizianoren beste munduko hotsak aditzen ditu, umeak Trinido itoko duela esanez. Margari barruan duen haurra lehertuko luke, baina amona Roxalik, hau ere beste mundutik, ezetz esaten dio.  Kaxianok triste bizi da baserriaren hondamena ikusita, Margari, Klemente eta hirurok bizi baitira han. Jateko gutxi daukate eta daukaten eskasa liberalek eraman dute. Felizianoren semea nolakoa izango den beldur dago, baina Margarik lasai egiteko esaten dio, haurra uso zuria izango dela ziurtatuz.

Trinidok bisitatzen duenean, Margari erotuta atzematen du, baina bera ere guztiz galduta ikusten du bere burua, hutsik, hilotz baten moduan. Baserritik alde egiten du, "Biba Kristo Errege" lelo karlista oihukatuz. Egun batean Margarik Felizianoren katalejoa aurkitzen du artasoroan etahandik begiratuta  orduan ulertzen du zertarako erabiltzen zuen.  Alderantziz jarri eta gauzak urruti ikustean, Kaxianok gaizki ari dela esaten dio, baina berak ezetz, baserria soilik ikusi nadi duelako. Haurra jaio eta berehala hiltzen da. Baserrian bertan lurperatzen dute. Margari hilobian kantari ikusi ohi du Kaxianok, hil-jantzia soinean duela ibiltzen da etxean zehar. Oinazearen zimurrak sortu zaizkion arren, Kaxianok liluraturik jarraitzen du berarekin.  Trinidok, berak bakarrik, eskoadroi liberal bati aurre egin eta hil egiten da, koroa buruan duela.  Gerra karlistek galduta, trena berriz ere iristen denean, Klementek haren aurrean jarri aurre egiteko asmoarekin eta azpian harrapatuta hiltzen da. Don Tirso ere gerra bukatu eta gutxira hiltzen da, gerra nola galdu duten ulertu ezinik. Kaxiano eta Margari bakarrik geratzen dira Babilonian. Margarik suari begira pasatzen du denbora, haren hotsak adituz. San Juan bezperan Margarik urrutiko iturri bedeinkatu batetik ura ekartzeko esaten dio. Baserrira itzultzean, baserria sutan ikusten du eta baserri barruan Margari, suarekin bat hil nahian. Egunkarietan, inguruko baserrikoek Margari airean sutan ikusi zutela agertu zen, eta Kaxiano "Erori da Babilonia" etengabe errepikatzen aritu zela. Kaxianok Babiloniako lurrak oparitzen dizkio herriari, miserikordia etxea egiteko. Bera bertan biziko da, Margari zeruko suzko kamelia bihurtu zela gogoratuz, batzuek erotzat hartzen badute ere.

 

 

2887 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.