Antisemitismoa (euskaraz)


KategoriakHistoria

Antisemitismoa juduen aurkako diskriminazio, gorroto, etsaitasun eta erasokortasuna da, komunitate, herri, erlijio edo ustezko arraza gisa. Antzinatik garatutako jarrera da, hasiera batean antzinako erromatarrek juduak bizi ziren lurraldea okupatu eta juduen aurkako guda, errepresio eta jazarpenaren bitartez, haien mendekotasuna bilatzeaz gainera, judaismoaren aurka ere joaz, erlijio monoteista gisa, erromatarren artean ohikoa zen paganismoaren aurkakoa zelako. Juduen aurkako eraso horiek juduen diaspora ekarri zuten, erromatar inperioan zehar barreiaturik, batzuetan erbesteraturik  eta beste batzuetan esklabo gisa. Esan behar da, juduek K.a. VIII. mendean ere bizi izan zutela erbestea, asiriarrek juduak mendean hartu eta Mesopotamiara bidali zituztenean.

Juduen aurkako jarrera areagotu egin zen kristautasunarekin, bereziki juduak Kristo hiltzearen erruduntzat hartu zirelako, eta jarrera hori Aro Modernoraino zabaldu zen, beste erlijio bat aitortuz aparte bizi zen juduen komunitateek sortzen zuten mesfidantza areagotuta. Hain zuzen ere, Erdi Aroan eta Aro Modernoan ohikoak ziren juduen aurkako pogrom edo eraso kolektiboak. Gainera, 1492an juduak kanporatuak izan ziren Gaztela eta Aragoiko Errege Katolikoek eman zuten edikto batez. Gertakari hori juduen aurkako jazarpenaren mugarri historiko garrantzitsutzat hartzen da.

XIX. mendean areagotu egin zen juduen aurkako diskurtsoa. Antisemita eta antisemitismo hitzak, juduen aurkako jarrera gisa, Alemanian sortu ziren XIX. mendearen bukaera aldera, juduen aurka antzinatik zetorren gorrotoari kutsu politikoa emateko, alde batetik juduek burgesia moduan gizartean hartzen ari ziren boterearen aurka, eta haien ustezko odol garbitasun ezari ere erreferentzia eginez, diskurtso arrazialista baten inguruan. Diskurtso horiek zabaltzen joan ziren Europan zehar, eta pogrom-ak ugaritu egin ziren. Nazismoak, ideologia totalitario gisa, antisemitismoa printzipio nagusi gisa bereganatu eta hala historian izandako triskantza handienetakoa gauzatu zuten naziek juduen aurka, Holokausto izenekoa, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan (1939-1945), milioika judu kontzentrazio eta esterminio-eremuetan sistematikoki erailez. Holokaustoak, horren krudelkeriak eta gizatasun ezak, mundu osoko pertsona eta erakundeen kontzientziak ukitu zituen sakonetik, eta antisemitismoa gizalegez kanpoko ideologiatzat hartzen da egun. Bestalde, herrialde moderno askotan legez kanpo dago juduen aurkako mezuak zabaltzea eta antisemitismoaren bestelako adierazpenak, sektore politiko minoritario eta gobernu atzerakoi batzuetatik diskurtso antisemitak oraindik ugari diren arren. Labur esateko, antisemitismoaren desarrazoia honela definitu daiteke, ingelesez ohikoa den esaldi baten bitartez: the dislike of the unlike edo desberdina denaren disgustua, finean desberdinaren aurkako gorrotoa, desberdinak direnen aurkako indarkeria justifikatzen duena.

448 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.