Aitaren etxea, Karmele Jaio: laburpena


KategoriakLiburuak

Aitaren etxea Karmele Jaio gasteiztar idazleak (1970- ) 2019an plazaraturiko eleberria da, 2020an Euskadi Saria jaso zuena. Ismael eleberri bat osatu ezinik dabilen idazlea da, emakume baten ahotsa aurkitu ezinik, Jasone emaztearekin duen harremana gainbehera doan bitartean. Egoera larritzen da Ismaelen ama erori eta ospitalean ingresatzen dutenean, aita etxean bakarrik utziz. Bikotean islatzen dira gizartean gizon eta emakumeen artean dauden mendekotasun harremanak, areago Ismaelen gurasoen egoera berrian. Eleberri osatu ezinik eta bikote krisian, Ismaelek emazteak idatzitako eleberri bat aurkitzen du etxean, eta ezer esan gabe hartzen du berea osatzeko. Emazteak eleberria argitaratzea erabakitzen duenean, editorearen interpretazio oker batek eragingo du Jasonek Ismaeli eskaintzea eleberria. Ismaelek azkenean atzera egingo du, eta emazteari itzuliko dio eleberria, berea alde batera uztearekin batera. Bitartean, Ismaelen gaztetako oroitzapen latzak, bete aita gogorrarekin zerikusia dutenak, Aitor lehengusuarekin izandako gertakari latz bat, errudun sentiaraziko duena, eta Libe bere arreba, Berlinetik itzuliko dena etxeko arazoak eta haien bizitzak ere bideratzeko. Jasoneren eta Ismaelen eleberriak eleberriaren elementu nagusiak izateaz gainera, eleberria bera Ismaelek idatziko duen eleberri berria dela iradokitzen da azkenik. Beraz, hiru eleberri eleberri baten barruan, hiruetako bat izanik eleberria bera. Bera ere gizontasun ereduen biktima izanik, eleberriak Ismaelen erredentzioa ekarriko du azkenik, gizon, seme eta bikotekide gisa, erru sentimenduak onartuz eta uxatuz.

Laburpena

ISMAEL

I: hor goitik, tontorretik

Tiro hotsak mendian, Ismaelen buruan. Ismael Gasteizen bizi den idazle heldua da. Jasone bere emaztea da. Bi alaba dituzte. Mendian bortxatuta eta hilda agertu den neska gazte baten berriak asaldaturik, etxetik korrika atera eta Gasteiz inguruko mendi batera igotzen da. Han ezin du neskaren berriak eragin dion asaldura burutik kendu. Eta segituan, txikitatik buruan iltzatutako tiro hotsak aditzen ditu buruan, aita ehiztariak mendira eramaten zuenekoak. Neska bortxartuaren berria dela eta, alabengatik lehen zuen urduritasun etengabe hori, sanferminetara joateagatik eta, areagotu egiten zaio.

Mendi tontorretik bere bizitzaren errepasoa egiten du. Gurasoen etxea bilatzen du han goitik, familia guztia Eibartik etorrita, berak 15 urte zituela, hartu zuten etxea, eta ama han egongo dela irudikatzen du, urtetan bezala lanbasa pasatzen, burutik ja ondo ez dagoen aitarekin. Gero Jasonerekin eta alabekin bizi izan ziren lehenengo etxea bilatzen saiatzen da, nekez bistaratzen du begiekin, alabak egun nekez ikusten dituen moduan, joanetorri etengabean ibiltzen baitira. Bere egungo etxea da hobekien ikusten dena, duela pare bat hartutkoa, eta bere estudioa irudikatzen du, idazteko paper eta tresnekin.

Idazten ari den eleberriaz pentsatzen du, Euskal Herriko gatazkan girotutako eleberri bat, osatu ezinik dabil eleberri hori, agian gatazka beti kanpotik bizi duelako, arreba Libek ez bezala. Gauzak beti kanpotik bizitu dituela uste du, eta horregatik dago blokeatuta eleberriarekin. Ezin du burutik kendu Vidarte kritikoaren iritzi gaiztoa bere azken eleberriari buruz: pertsonaiak estralurtarrak zirela, sinesgarritasunik gabeak. Esango luke orain ere ezin dela benetako mundura hurbildu.

II: tempo zahar batean harrapatuta

Etxean sukaldeko kafetera elektriko zaharrari begira dago, sukalde modernoarekin bat ez datorrena. Kafeteraren mekanismo geldoak laguntzen dio kanpoko giro nahasi eta azkarrari ihes egiten. Telebistan kate atzerritarrak aditzen ditu, hemengo berri latzak ez aditzearren: alaba Eider sanferminetara joan zenean bezalaxe, non aditu zuten neska bat bortxatu zutela, eta deika aritu zitzaizkiola alabari, erantzunik gabe, alabak bateriarik gabe geratu zela abisatu arte. Beldurra du alabari gerta dakiokeenaz eta errua ere bai. Emazte Jasone gizonekikoa gerra dela esaten hasi baita. Eta txikitako beldur izua nagusitzen zaio, txikitan mendian galdu zen lehengusuaren bila aritu ziren. Azken aldian guztiz blokeatuta du burua, ez daki zer den: pentsatzen du barruan pilota itxurako tumore bat duela. Probak egin dizkiote eta ezetz. Beldurra dio heriotzari, txikitan iluntasunari eta horrelakoetan arreba Liberen gelara joaten zen, hura bai ausarta, politikan sartua eta egun ere Berlinen errefuxiatuak laguntzen. Ez du inspiraziorik, hitzik gabe geratu da. Eta badira bi urte liburua osatu nahian dabilela, eta zirriborro bat besterik ez du.

III: amesgaiztoak bueltan

Emazte Jasone dator kaletik, erosketak eginda. Harengana doa korrika, bere bila baino, berak dakartzan nobedadeen bila. Jasonek galdetzen dio ea gaur ere ama etorri zaion bazkaria ekartzera. Lotsatuta aitortzen du baietz, Jasonek aurpegiratu egiten dio, eta aitarekin hitz egin beharko lukeela esaten dio, ama gehiago etor  ez dadin. Aita ordea ez dabil burutik ondo, dio Ismaelek. Neurologoak zita luzerako eman diola esaten dio Ismaelek, erruki bila. Jasonek ez dio kasu handirik egiten, baina berak badaki zerbait larria duela.

Amesgaiztoarena ez dio kontatu, nola neska bat bortxatzen ari diren mendian eta berak ez duen ezer egiten, Aitor lehengusuarekin egin zuen bezalaxe. Jasonek feminista porrokatua bilakatu da, gizonekikoa gerra dela dio behin eta berriz. Jasonek dio gainera liburuaren publikazioarekin gaitz guztiak joango zaizkiola. Gogoratzen du eleberriaren erdarazko bertsioa argitaratu behar duten Madrilgo editoreekin kontratua sinatzean, emazteak bere betiko euskal editoreari, Jauregiri, deitu beharko ziola esan ziola. Emazteak harreman estua du Jauregirekin, unibertsitatean literatura aldizkaria publikatzen zuten, Jauregik zuzendutakoa, eta hain zuzen Jasonek Jauregiri esan ziolako publikatu zioten lehenengo ipuina. Bera kazetaritzakoa zen, emaztearen girotik aparte samarrekoa. Jauregik Madrilgo kontratuarena dakienetik desberdin tratatzen du, txantxa tonuan edo. Baina bere iritzia behar izaten du aurrera egiteko idazketan. Berarentzat ere egiten du lana. Falta sentitzen du gaztetako garai hura, aske idazten zuelako. Orain, Vidarte kritikoaren eta Jauregi bere editorearen presiopean dago beti. Bere porrota aitortu beharko luke? Ordenagailua itzaltzen du.

IV: horrela lasai idatzi ahalko duzu

Duela bi urte idatzi zuen azken nobela Ismaelek. Orduan, Gasteizko alde zaharrean bizi ziren. Jasone orduan denbora asko pasatzen zuen etxean, baina orain gero eta denbora gutxiago ematen du etxean, beti zerbait du egiteko kanpoan. Berandu etortzen da etxera. Liburuzaina da, eta irakurketa talde baten antolatzailea da. Beste gauza batzuk ere egiten ditu, beti aitzakiaren bat. Horrela lasai idatzi ahalko duzu, esaten dio Jasonek. Aldi berean, gaztetu dela dirudi, begiradan nabaritzen dio, ez noski gorputzean. Miatzen du bere poltsan, arakatzen du bere mugikorra. Azkenean, egun batean literatura testu bat folio batzuetan aurkitzen du bere poltsan, dutxan dagoen bitartean, baina lehen pasartea irakurtzeko denbora ematen dio bakarrik, Jasone dutxan dagoen bitartean. Hitz misteriotsuak: furgoneta baten ateak egiten duen soinuak emakume batengan eragiten duen izua. Arraroa da: beti hitz egin dute literaturaz, eta ez dio ezer aipatu. Jasonek berak idatzirikoa  ote da ala irakurketa taldeko batena?

JASONE

V: ate irristatzaile baten soinua

Jasonek bere bortxaketa irudikatu eta deskribatzen du. Kaletik doa, eta furgoneta baten ate irristatzaile bat zabaldu eta barrura sarrarazten dute. Aurka egiten die, hankak ixten ditu, baina azkenean amore ematen du eta egiten uzten die, aurka eginez okerrago izango delakoan. Xehetasun guztiz irudikatzen du, eta baita idatzi ere. Konturatzen da bortxaketa beti egon dela bere barruan, bere oroimenean, emakumez emakume transmititua. Gogoratzen du Liberekin parrandan ateratzen zenean, nola beldurrez ibiltzen ziren etxerako bidean, estrategia planifikatua zutela edozein arriskuren aurrean. Bortxaketa beti egon da bere barruan eta bere bizitzan. Eta orain idaztearen beharra berreskuratu du, Ismael ohean dagoela egongelan egoten da ordenagailuan idazten. Ez dio inori esan behar idazten ari dela, agian senarra delako etxeko idazle ofiziala.

VI: hemen nago, nitaz ahaztuta zeunden?

Bortxaketarekin eleberri bat osatzen ari da, baina sekretupean, ez daki justu zergatik, baina sekretupean. Seguru Ismaelek galdetuko liokeela nola idatzi dezakeen bortxaketa bati buruz, inoiz bortxatu ez badute. Ahalmen hori benetako idazleen esku dago soilik, esango luke Ismaelek. Ismaelek bere testuetako hizkuntza zuzenketak egiteko bakarrik eskatzen dio laguntza. Esaten dio euskaldun berriak, Jasone bezalakoak, hobeak direla hizkuntza zuzentzen. Gainera, Jauregik, bere editoreak, bere antzeko gustuak ditu, eta beraz bere onespenak Jauregirena ere ekarriko duela. Euskaldun berria. Zamoratik etorritako familia baten alaba da Jasone, txikitan Asunción. Izena ezkutatu zuen gaztetan. Libe, Ismaelen arreba, ezagutu zuenean unibertsitatean, konturatu zen jatorria desberdina zuela, eta jatorriak markatzen duela. Libe eta Ismael bertakoak ziren, Eibarkoak, herri berekoak, baina betidanik.

Ismael bere eleberria noiz bukatuko zain dago baita ere Jasone. Eta Jauregi ere bai. Jauregirentzat Ismaelen emaztea besterik ez da orain, garai batean bion artean tentsio fisikoa eta intelektuala zegoen arren. Idazten hasi denean, garai bateko lotura hori berreskuratu nahi du: hemen nago, nitaz ahaztuta zeunden?

Idaztean zorroztu egiten zaio oroimena: gaztetan bortxaketa batekin zituen sexu fantasiak, piszina batean tipo batek eskua sartzen ziola bikinitik, plazerez lehertu arte. Gizonen abusua onartu beharreko zerbait dela inkontziente kolektiboaren ondorioa. Pentsatzen du arriskutsua dela idaztea, nahi ez dituzun gauzak agertzen direlako, mareabeheran bezala, minak alegia. Eta min horien frogak bilatzen dituelako hasi da idazten.

ISMAEL

vii: hau gerra bat da

Etxean ez dute ja telebista pizten, garai batean bezala, alabekin batera telebista aurrean, familia giroan. Orain Jasone egongelan egoten da, ordenagailuarekin, baina gaur ohean dago irakurtzen eta galdetzen dio Ismaeli ea zer iruditu zaion alaba Maialenen mutila, iruditzen zaiola ez duela gustuko. Ismaelek ez du horrelakorik esan inondik inora. Jasonek esaten dio Eider ere Turkiara doala lagun batekin. Ismael da azkena konturatzen, eta baimenik ez diotela ezertarako eskatzen kexatzen da.

Seguru Jasone emakumeren baten liburua irakurtzen ari dela, berak seguru ezagutzen ez duena. Jasonek aurpegiratuko lioke ez dagoela interesatuta emakumeen literaturarekin eta eztabaidan hasiko lirateke, feminismoari buruz, Libek buruan sartzen dizkion kontu horiek burua berotzen diote. Baina orain Jasonek mendian bortxatu duten neska horri buruz galdetzen dio. Jasonek ezin du burutik kendu, eta Ismaelek berdina dio. Ez dakiela zer gertatzen den azkenaldian. Azkenaldian? dio Jasonek. Eta eztabaidan hasten dira. Gizonen eraso horiek beti izan direla. Hau gerra bat da, dio Jasonek.

Eztabaida berotzen doa. Jasone "zuek" esaten zuzentzen zaio Ismaeli, eta Ismaelek erantzuten dio, bera "bera" dela, eta ez sartzeko gizonen taldean, denak bortxatzaile balira bezala. Ismaelek dio bera ere amesgaiztoak dituela neska horri gertatuarekin. Jasonek esaten dio ez dela kapaza hori egiteko, inoiz ez delako emakume baten azalean jarri, eta sentitu dezakeen mina gehienez ere alabari egingo lioketenaren parekoa litzatekeela, inoiz ez berari gertatuko balitzaio bezala. Ismaelek esaten dio bere nobelako protagonista emakumea dela, eta Jasonek aurpegiratzen dio hori ez dela nahikoa emakume baten azalean sartzeko, emakume fikziozko baten hitzak besterik ez direla. Beti "zuek" horrekin, Jasone. Argudiatuz Ismael, beste guztiak bezala, beti ari dela bere gizontasuna, marikoia ez dela alegia, frogatzen. Aitarekin hitz egitean darabilen ahots sendo hori, adibidez. Hobe uztea, dio Ismaelek. Argia itzaltzen du Jasonek. Ismael sabaira begira geratzen da, lo hartu ezinik, aitarekin pentsatzen.

viii: eremuko dunen atzetik

Ismael bere etxetik gertu dagoen tontorrean dago berriz, eta haurtzaroko oroitzapenak datozkio gogora. Nola euskal musika, Itoiz (eremuko dunen atzetik ...) eta entzuten zuten kaseteetan. Aitak piano txiki bat oparitu zien, musika gustuko zutela ikusita, baino euskal kanta zaharrak abesteko esaten zien. Ismalek onartu zuen, Libek ez, eta rock musikara jo zuen, eta hortik giro abertzalera. Libek mundu horretara bakarrik joan nahi izan zuen, Ismael bazterrean utzita. Arreba Libe atxilotu zuten egun batean, eta bost egunetara aske utzi. Inoiz ez dio kontatu zer gertatu zen, eta berak galdetu ere ez dio egin.

Nobelan euskal gatazka sartu nahi izan du, baino nola? Behin Aitor lehengusuak pakete bat eman zion Gasteizera eramateko, jakin gabe zer zen, eta beldurrez autobusean bertan utzi zuen. Nola idatziko du bada gatazkari buruz, gatazkan sarturik egon ez bada? Mendian bortxatu duten neska datorkio gogora, horrek bai azkartzen diola bihotza, horri buruz bai idatziko lukeela, bain non dago istorioa? Jasonek aurkakoa esaten badio ere, neska horren azalean sartzeko gauza dela sentitzen du.

ix: aita zure etxera eraman

Ismael ordenagailuaren aurrean dago, blokeaturik eleberriaren idazketan. Eleberriko emakumearen lekuna, haren buruan, izatea nahiko luke, baina ezin du. Jasonek beti esaten dio gizonei derrigorrez zaiela zaila emakumearen lekuan jartzea, emakumea beren lehentasunetatik kanpo dagoelako beti. Dei bat hartzen du eta bere buruko gaitzarengatik izango dela bururatzen zaio, baino ez. Amagatik da. Ingresaturik dago, kalean konortea galdu, erori eta aldaka hautsi duelako. Ospitalera iritsi eta ama ikusten du, ahul eta indarge, ezingo luke gorpuitz horri nola heldu, nola eman maitasuna. Harriturik dago, beti etxean lan eta lan aritu den ama horrela ikustea. Amak esaten dio beragatik ez kezkatzeko eta aitarengana joateko. Kasu egin eta ateratzen da, eta Jasonerekin egiten du topo. Ahizpa Liberen telefonoa eskatzen dio, Jasone beti konpondu baita oso ondo harekin eta elkarri deitzen diote maiz. Berlinen dago Libe, neskalagunarekin, errefuxiatuak laguntzeko ONG batean. Libek esaten dio ama medikutan zebilela aspalditik, buruko kontuekin eta. Ismaelek ordea ez zekien ezer eta irudipena du dena ezkutatzen zaiola. Ez amak ez Libek, ez Jasonek ez diote horri buruz ezer esan. Gizonei dena ezkutatzen diete, aitari ere ezkutatu diote Libe lesbiana dela eta neskalaguna dela. Libek agindu bat ematen dio: aitarengana joateko. Ismaelek ezin duela dio, eleberriaren epeekin larri dabilela. Aita etxera eraman eta han zaintzeko esaten dio. Ismaelek ezin duela, berriz. Libe isilik dago telefonoaren bestaldean, Ismaelen baitan amorrua hatzen doan bitartean, aita zaintzea berari ez dagokiola sentitzen baitu.

x: gezurrak zenbat eta laburragoak, hobe

Ismaelek gogratzen du bere gaztaroa ehizan. Nola egoten ziren zeruari begira, usoak noiz pasako. Aita Txo txakurrarekin eta zuk Mendirekin, aitak akabatu nahi zuen txakurra, ona ez zelako. Nola aitak errieta egiten zion goizegi tiro egin eta usoak uxatzeagatik. Nola Aitorrek pieza onak ehizatzen zituen eta bera esku hutsik itzultzen zen askotan. Eta Aitor mendian galdu zenekoa ere gogoratzen du, nola haren bila atera ziren, Libe etxean utzita nahiz eta berak ere joan nahi zuen, besterik gabe emakumea zelako. Aitorrek paketeak Gasteizera eramateko eskatzen zion, auskalo zer barruan, etakideentzako gauzak ote? Gogoratzen du, Aitor bilatzen ari zirela, kobazulo batetik gertu aitak esan zion kobazulo aldetik ondo miatu zuen, eta berak baietz esan zuen gezurretan. Beldur zegoelako ez zen jaitsi kobazuloraino. Aitak guztiz sinetsi ez eta begiratu gaiztoa bota zion. Beldurragatik bakarrik ez zen jaitsi?

JASONE

xi: zure eskua nabari da

Jauregik esandako lau hitz horiek (zure eskua nabari da) aski izan ziren Jasonerentzat idazketara bultzatzeko. Jauregi Jasonek lan egiten duen liburutegira agertu zen, liburu baten aurkezpena egitera, eta idazlearen aurrean lausenguak esaten dizkio Jasoneri. Beti izan da horrelakoa, txantxetan beti, ingurukoak seduzitu eta bereganatzeko. Jasone berarengana erakarrita sentitu da beti, berari begiratzeko zuen moduagatik. Eta aurkezpenaren ondoren, Jauregik proposamen bat egiten dio: bere argitxaletxearentzat testuak zuzentxea, ze bere eskua nabari da. Gogoratzen du Jasonek unibertsitatean lehen ipuina entregatu zionean aldizkarirako, nola eman eta korrika atera zen, Beti sentitu du zirrara bere ondoan,  eta orain proposamen horretan beste zerbait ere ikusi du, harenganako erakarmena eragin duena berriz ere. Pentsatzen du emakumeak maitasunean murgildu egiten direla guztiz, gizonek kutxatxo batean sartzen duen bitartean, zauriturik ez ikasteko. Libek, Ismaelen ahizpa ere, jakin du gizonak bezala jokatzen. Jauregik esandako lau hitz horiek azken urteetako anestesiatik esnarazi dute, Ismael literaturan murgiltzen hasi zena, bera aldi berean bere ondoan egoteko literaturatik aldentzen zen bitartean.  Gero haurrak, gurasoen gaixotasuna eta zaintza, gero Ismaelek bere obra handia idatzi behar zuela. Konturatzen zen zerbait gaizki zihoala eta sexu bidez konpontzen joan zen, baina Ismael bere planeta batean dirudi, ez zen konturatzen Jasone amiltzen ari zela. Zure eskua nabari da. Eta hitz horiek lurrikara eragiten dute Jasonerengan. Ismaeli proposamenaz ezer ez esateko eskatzen dio Jauregiri. Jauregiren begiak piztu egiten dira hori entzunda. Arratsaldean ezin du Jasonek gaia bere burutik kendu eta Jauregirengana sentitzen duen tentsio sexuala areagotzen doa. Idazten hasten da gau horretan bertan, nobela baten itxura hartzen ari den lan bat. Badaki Jauregi horren zain dagoela.

LIBE

xii: gerra zahar hori

Libe hegazkinaren barruan dago, Berlinetik Loiura, Euskal Herrira, etortzeko. Gurasoak zaintzera dator. Euskal Herriko familiak ez daki joatekoa dela. Jasonek idatzitako nobela darama alboan, haurra balitz bezala. Bera ez da ama, baina ama bezala jokatzeko beharra inposatu diote beti. Amarekin harreman estua du telefonoz, aurrez aurre baino. Gehiago hitz egiten du. Aurrez aurre maitasuna emakumeek agnidu omen zaien bezala erakusten du amak, besteen zaintzan. Eta orain berak ere betiko legeari jarraiki, emakumearen paper hori jokatzera abiatzen da Euskal Herrira. Jasonek esan dio berak idatzitasko istorio txikia dela, ez Ismael idazten ari den istorio handia bezalakoa. Baina Jasonek behintzat aurrera pausoa eman du, berak azken aldian atzera egin duen bitartean: errefuxiatuen kanpamenduetako istorio handietatik burokraziako istorio txikietara aldatzen joan da. Azafatak gerrikoa jartzeko eskatzen dio, eta berak gerrikoa beti jarrita duela pentsatzen du, emakumeei altxatzen eragozten dien gerriko hori. Gogoratzen hasten da: etxean beti kontra ibili da, politikan sartuta aurrena, bere homosexualitatearekin gero. Gogoratzen da Jasonerekin batera argitaletxe bat sortzeko proiektua, gero ONGeetan egin duen ibilbidea, beti mundua aldatzen saiatzen. Jasonek berriz isilean egin du bere iraultza. Beldurra ematen dio bueltatzeak baino Jasoneren nobelari helduta, haren eskuari heltzen diola iruditzen zaio, eta horrek indarra ematen dio.

ISMAEL

xiii: ni ez naiz izan

Ismael gurasoen etxera doa aita zaintzera. Bere gaztetako egongelan lan egiten du, idazketan. Garaiko oroitzapenak datozkio gogora, nola aitak aurpegiratzen zion lagunik ez izatea Gasteizera etorri berritan, nola aitarekin joaten zen garbitzera auto zaharra, nola bre gauzak auto hartan ekarri zituzten Eibartik Gazteizera, orain beste batenak diruditen gauzak. Pisu handiegia sentitzen du, eta aita bere etxera eramatea erabaki du bi astetara. Aitari hori esatera doala, oroitzapen gehiago, nola aitaren fabrikako greban aitak lanean jarraitu zuen, eta nola bere aita eskirola zela esan zioten, nola amak negarrez egiten zuen egoeragatik. Ama ospitalean egoteak Ismaelen familia-ikuspegia aldatu du guztiz, ama ja ez da emakume indartsu eta nekaezin hura. Eta haserre dago, ama erortzeak bere bizitza aldatu duelako, eta errudun ere sentitzen da, amaren egoerak agerian utzi duelako bere oraindik ume bat dela, ama betirako izango zela uste zuena. Hemendik aurrera ez da inor izango egunkarietan bere liburuei buruzko aipamenak errekortatu eta gorde egingo dituena.

Amak aita bakarrik ez uzteko esaten dio ospitalean, eta etxean eta aitarekin egin behar duen guztia esaten dio. Eta gurasoen etxera doa gero, aitari bere etxera joan behar duela esatera. Aitak ea lanik ez duen egiten esaten dio, goiz agertu delako. Aitarentzat idatzea emakumeen lana izan da beti, eta bere lehen liburua erakutsi zionean, euskeraz idatzita zegoelako gutxietsi egin zuen.  Nancyrekin hitz egiten du, eta amari egin beharrekoekin egindako bideoa erakusten dio. Aitak amaren ahotsa entzun, gerturatu, amaren aurpegi ubeldua ikusi eta bera ez dela izan esaten du serio. Eta berriz dio. Esaldiak irudi bat pizten du bere gogoan, aita ama kolpatzen, eta obsesio bilakatzen da minutu gutxitan, erreala ez den arren. Azkenean Ismaelek aita bere etxera eraman, eta "ni ez naiz izan" esaten jarraitzen du. Bere etxean ez da geldirik egoten, batera eta bestera, eta kajoi guztiak irekitzen. Bere atzetik ibili behar du, komuna txizarekin zikindu eta garbitu behar du. Bonbatik tiratzean bere nobela ere hortik doala sentitzen du.

xiv: txanponak

Ismaelek gogoratzen ditu aita txikiteotik mozkor etortzen zen egunak, nola txanponak ateratzen zituen praketako poltsikoetatik eta han eta hemen utzi. Libe eta Ismael gelara sartzen ziren orduan. Baino aita sukaldera sartzean, atera egiten ziren txanpon batzuk lapurtzeko. Sukaldean aitak arrautza frijituak eskatzen zizkion amari, eta beraiek orduan sartzen ziren sukaldera, gabon esatera.

xv: metakrilatozko ate bat

Ismaelek asteak daramatza idatzen, baina sentsazioa du bere eleberriko emakumearen ahotsa, bere amesgaiztoko emakume bortxatu horrena,  ez duela jaso. Emazteak gainera hori esaten dio behin eta berriz, ezin dela emakumearen buruan sartu, haren larruan. Jasone idazten ari den testu horrek lagunduko diola pentsatzen du eta emaztearen gelako kajoietan miatzen du, hura aurkitu arte. Ate irristatzailea, bortxaketa. Testua irakurtzean mina sentitzen du, bere amesgaiztoko emakumearekin sentitzen ez duena. Mina sentitzen du, baina emakume horri egiten dioenaren errudun ere sentitzen da. Konexio falta bat, fikziozko emakume horren eta bere artean metakrilatozko ate balitz bezala. Urteak dira emazteak idatzen ez duela, eta testu hori irakurtzean, idazkera ezaguna bai, baino zerbait ezezaguna ere nabaritzen du. Ahots ezezagun hori arrotz egiten zaio, eta zaila ikusten du bere egitea idazketarako. Zaunka aditzen du, baina ez da zaunka, aitaren oihua baizik, berari deika.

xvi: ez du ehizarako balio

Ismaelek gaztetako paadizoa gogoratzen du. Mendi txakurra beraiekin dago ehizan. Aita konbentzituta dago Mendik ez duela ehizatarako balio eta sakrifikatu egin beharko dela dio. Ismaelek ez akabatzeko erregutzen dio. Alperrik. Bere lehengusu Aitorri esaten dio. Eta hark, hoztasunez, burura egiten dio tiro. Gero isiltasuna haien artean, etxera heldu bitartean. Aitor gizon bezala tratatuko zuen geroztik. Orain, gogoratzen du Aitopr mendian galdu zenekoa. Nola denak ibili ziren bere bila, eta aitak nola galdetu zion ea kobazulo aldetik ongi miatu zuen, eta nola berak gezurra esan zuen. Auskalo zergatik joan zen Aitor bakarrik mendira. Beti izan zen ausarta, herrian ETAren aldeko pintadak egiten lehena. Gero Gasteizera itzuli zineten, eta aitari telefonoz eman zioten Aitor aurkitu zutelako berria, bizirik baina oso larri. Eta esan ziote baita ere non aukritu zuten, berak miatu zuen kobazuloaren ondoan. Aitak telefonoa eseki zuenean, sekulako begirada bota zion Ismaeli. Txakurra sakrifikatu zuteneko begirada bera, gogorra. Geroztik, aitak isiltasuna aukeratu zuen, begirada izoztuarekin.

xvii: emakume ezezagun bat

Jasonek esaten dio bere editore Jauregirekin egon dela. Ismaelek uste du hasieran liburutegiko aurkezpenen batean ikusiko zuela. Baino ez, Jasonek esaten dio bere bulegora joan dela, testu batzuen zuzenketan laguntzeko eskaintza egin diolako. Ismael harri eta zur geratzen da, ez zuen espero horrelakorik, eta emakume ezezagun bat iruditzen zaio. Jasonek esan dio Jauregiri senarraren testuak direla lehentasuna, baina haiekin bukatzean baietz, berarekin arituko dela. Ismaelek hori dena adituta, emaztea urruntzen ari dela sentitzen du. Jasonek ohean azken boladan aktiboagoa izan dela gogoratzen du, baina bera buruan eleberria duenez, ez dio kasu handirik egin alde horretatik. Jauregirekin ari ote da orain? Jeloskor dago. Ismaelek aurpegiratzen dio emazteari zergatik ez dion ezer galdetu berari ezer erabaki aurretik. Jasonek flipatu egiten du, ea zergatik hartu behar duen kontuan bere iritzia. Haserre, komunean itxi da. Ismaelek emaztea eta orokorrean emakumean ulertzen ez dituelako sentsazioa du.

JASONE

xviii: lurralde seguru bat

Ismaelekin haserretu da Jasone. Gauzak eraldatzeko balio ote du horrek. Haserrea orain, baina bizitzan gehien sentitu duena beldurra izan da, beldurra urtetan alabekin. Ezbeharren baten beldur. Maialen alaba beldurtia da, zuhurra, baina Eider oso ausarta. Emakume lagun batek bereak mutilak izatearekin suertea izan duela esan izan dio. Denbora pasa, eta beldurren artean, bakarrik geratu dela sentitzen du, alabak kanpoan, senarra estudioan.

Gaztetan atsegin zuen Ismael. Ismaelen arreba Libe bere laguna zen, eta harrituta zegoen nolatan atsegin zuen bere anaia. Roilo politikoan sarturik, Libek Berlinera ihes egin behar izan zuenean, bera oso bakarrik geratu zen eta Ismaelengan bilatu zuen babes. Politikan sarturik ez zegoen Ismaelengan. Baina harengan bilatu zituen babesa eta segurtasuna garesti ordaindu ditu. Orain ikusi du garbi, Jauregirekin lanean hasi behar dela esan dionean. Eta horregatik indarra hartu eta erabaki bat hartu du: berak idatzitako testua, nobela, Jauregiri erakutsiko diola. Baina zalantzak izan ditu, Jauregiri nobela erakusteak ere beste gizon baten mendean jartzen duelako. Halere, bere baitan konfiantza bildu eta Jauregiren bulegora heldu, urduri, eta bere idazkia mahai gainean utzi dio, ea zer iruditzen zaion, Jauregiren sorpresa aurpegierarekin. Berehala alde egiten du, eta egunetan zehar asaldaturik eta damutan biziko da, Jauregiri bere idaztea emanez bere burua biluztu duelako haren uarrena, Jauregik noiz deituko dion zain, baina Jauregik ez dio deitzen.

LIBE

xix: zer ari zara hemen

Heldu berria da Libe Bilbora. Anaiari deiturik, hitzik gabe geratu da. Ama ikustera joan, eta 10 urte zaharragoa dirudi. Zer ari zara hemen? Hori besterik ez dio esan. Amak beti izan da hitz gutxikia, beti ezkutatu ditu sentimenduak. Ama bazkaltzen ari da. Hutsalkeriak galdetzen dizkio Libek. Amak azkenean bidaiaz galdetzen dio, baina ez bere neskalagun Kristini buruz. Telefonoz lortu izan du gertutasuna amarekin hitz egitean, baina orain, buruz buruz, ez daki zer esan batak besteari. Familian isiltasuna zemeztuzko pareta bat izan da beti, familiako kideak bereizi egin dituena. Amak aita ikustera joateko eskatzen dio, larritasunez. Gurasoen etxea gogoratzen du, altzari eta objektu zaharkitu eta higatuak, modaz pasatakoak. Bere gelako pegatina politikoak eta kontzertuetako sarrerak paretan jarrita gogoratzen ditu. Eta amak esaten ziona, kontuz aitarekin, aita haserre ez jartzeko izu hori. Amak erregutu zion Berlinera alde ez egitea. Errudun sentitzen da, baina ezin zuen besterik egin eta ama bakarrik utzi zuen, aitaren nagusikeriaren mendean.

ISMAEL

xx: aitaren beldur

Ismael gurasoen etxera doa. LIbek zabaltzen dio atea. Adeitsu biak, baina halako hoztasun bat dago bien artean. Hala ere, konfiantza lortzen du Ismaelek eleberria gaizki doala esateko. Eta barrena arintzen zaio. Libe harira doa: amarekin zer egin behar duten, ezin dutela aitarekin bakarrik utzi, aitak beldurra ematen diola, eta buruko arazoekin are eta gehiago. Amari tratu txarrak ematea dela iradokitzen du. Ismaelek pentsatzen du arrebak ez duela inongo eskubiderik aita gaizkile moduan irudikatzeko. Baina Libek gogorarazten dio amak desiratzen zuen berokiaren pasadizoa: amak txanpon batzuk hartzen zituen hilero aitaren soldatatik, desiratzen zuen larruzko beroki bat erosteko. Baina egun batean, aitak diru guzti hori hartu eta eskopeta berria erosteko erabili zuen. Gogorarazten dio aitak ez ziola utzi jostura tailer batera apuntatzen Gasteizera aldatu eta bere burua bakarrik ikusi zuenean. Eta Ismaeli irudi batzuk datozkio gogora: ama negarrez diruz hustutako kutxatxoa eskuartean, ama beti lanbasa pasatzen sukaldean gero aitak lokaztutako botak gainera botatzeko, eta aita aurpegiratzen amari sukaldatzen ez zekiela. Uxatzen ditu irudi horiek. Baina aitarena etortzen zaio, hari begiratu beharra sentitzen du, nola gaur bertan dutxan laguntzen dion garbitzen, gizon mehea da orain, hezurra eta azala, gaztea zenean ehiztari mendian gora eta behera ibiltzen zen gizon nekaezina, nola behatzetako azazkalak mozteko esan dion, eta berak ez zekien nola egin, bere hanka bere hanketan jarrita asmatu duen arte. Hori da sekretua: bestearen lekuan jartzea. Eleberrirako ere hala egin behar lukeela pentsatzen du, emakumearen lekuan jarri haren ahotsa jasotzeko, baina agian ez zaio gustatuko ikusi behar duena.

xxi: Espainia madarikatua

Ismaelek gogoratzen du aita Espainiako selekzioaren partidu bat ikusten telebistan. Libe sartzen da, eta galdetzen dio ea Espainiak irabaztea nahi duen, aitak erantzuten du baietz, baina bakarrik euskal jokalariak daudelako hor. Libek alde egiten du, puta España esanez.

xxii: ez da ezpaina okertu zaion bakarra

Eta Aitorrekin ere gogoratzen da. Nola kobazuloko istripuaren ondorioz, ospitalean hilabetea eman zuen eta handik atera zen, baina sekuela batekin: ezpaina okertuta. Berak ez zuen ikusi, Gasteizen zegoelako, eta ikusi nahi ezta ere. Horregatik saihestu zuen Eibarrera joatea behin baino gehiagotan, lagunekin afaltzera joan zen batean hantxe ikusi zuen arte, gora ETA oihukatuz, zeharo mozkorturik, inork kasurik egiten ez ziola. Agian kobazuloan hil izan balitz, hobe izango zela pentsatu zuen.

xxiii: zatoz, potrorik baduzu

Ismael pantaila aurrean dago. Kurtsorea kliskatzen ari da, bere letren zai, zatoz, potrorik baduzu esango balu bezala. Jasoneren testua du aurrean, aurrera egiten lagunduko dion gauza bakarra dela sinetsirik dago. Testu horretan mina sumatzen du, bere gurasoen etxeko mina, isiltasuna eta hotza ere badena, kobazulo bat. Aitorren heriotza ere jasotzen duena. Eta aitaren mespretxua. Baita ere Libek kontatu dion guztia. Bere erru eta beldur guztiak. Zatoz, potrorik baduzu, dio kurtsoreak. Tiro hotsak mendian, idazten du. Eleberri honetako lehen hiru hitzak.

JASONE

xxiv: zuk bakarrik lagundu ahal diozu

Jasone Liberekin geratu da, haren gurasoen etxean. Gogoratzen du gaztetan nola egoten zen bere zain hantxe, ze arropa eramaten zuen berak. Lehen ilea motza eramaten zuen, errebelde, eta orain, ustekabean, luzea darama. Nolakoak izango ziren gauzak Libek ihes egin behar izan ez balu. Besarkada bat bion artean. Kristin Jasoneren neskalagunari buruz galdetzen dio Jasonek. Libek Ismaelekin kezkartuta dagoela esaten dio, eleberria bukatu ezinik eta. Anaiari laguntzeko eskatzen dio Jasoneri, eskua sartzeko bere eleberrian. Jasonek erantzuten du haren testua zuzendu bakarrik egin dezakeela. Baina halako batean mugikorrean Jauregiren deia hartzen du Jasonek. Eta pasa dion eleberriak liluratuta utzi duela aitortzen dio, Ismaelek ordurarte idatzitako gauza onena dela. Jasonek ezin du sinetsi aditzen duena: Jauregik uste du bere nobela Ismaelek idatzitakoa dela. Eraiki duen ametsa, fizkioa, mundua, suntsitu egiten zaizkio. Jauregi bestelakoa zela uste zuen, eta orain ikusten du ezetz, ez duela sinetsi berarengan, besterik gabe emakumea delako agian. Baina azkar pentsatu du egin behar duena. Jauregiri eskatzen dio Ismaeli ez deitzeko. Telefonoa eseki, eta komunetik itzuli berria den Liberi esaten dio badakiela nola lagunduko dion Ismaeli bere lana osatzen.

xxv: ate irristatzailea, berriz ere

Jasonek bere eleberriko pasartea gogoratzen du, emakumeak furgonetaren ate irristatzailearen hotsa aditu eta bortiziki barrura sartzen dutenekoa. Hainbat emakumek sentitu duten une hori, zaplazteko bat, umiliazio bat, ukitze zikin bat. Eta halaxe sentitzen da bera orain, Jauregik umiliatu egin duelako, bere liburua idazteko gai ez dela sinetsita. Eta erabaki irmoa hartzen du: Ismaeli pasako dio testua, bere libururako primeran etorriko zaio. Hala ere, hutsik sentitzen da. Liberi kontatzen dio, eta hark ezetz, hori ezin duela egin, guztiz larria litzatekeela hori, atzerapauso bat bere bizitzan eta baita beste emakume guztien bizitzan ere. Ez dio kasurik egiten: Ismaeli apunte batzuk dituela eta eleberrirako lagungarri izan daitezkeelakoan, utzi egiten dizkio. Ismaelek naturaltasunez eta kasurik egin gabe hartzen ditu, ezer galdetu gabe, eskertu gabe. Damu da egindakoaz, baina beranduegi da. Hurrengo egunetan, Ismaelek ez dio inongo komentariorik egiten, minduta sentitzen da, agian senarraren errekonozimendua bilatzen zuen eta hori ere ez dio eman.

ISMAEL

xxvi: erretako paper pusketak bezala

Telebista aurrean dagoen aitari begira, Ismaelen oroitzapenak. Aitor lehengusua istripuia eta gero, mozkortzen zenean Gora ETA militarra oihukatuz kaleetan, herrian esanez etakidea zela eta armak zituela mendian gordeta. Eta azkenik bere heriotza, etxean manipulatzen zuen bonbaren leherketaz. Egia zen beraz etakidea zela. Gogoratzen du nola hark emandako pakete bat eraman zuela Gasteizera. Bonbat bat agian. Sentitzen du bera izan zela azken finean egoera horretara eraman zuena, bonbaz hiltzera, kobazuloan begiratzera joan ez zelako, beldurrez. Aitaren begirada isilak, koldarra dela diotenak. Eta Aitorren ondoren, aitaren lantegiko greba, non ez zuen parte hartu eta eskirol pintada etxeko atarian, amaren izua horren ondoren. Eta geroztik, aitaren erabateko isiltasuna, erabateko suntsipena. Gertakari hutsalen bizitza oso bat, bere aitarena. Sentimendurik gabea, berari maitasuna adioerazteko modua, zaplada bat bizkarrean, zenbat eta fuerteagoa, orduan eta maitasun handiagokoa. Mina du Ismaelek, aitak berari egin dion eta egin ez dion guztiagatik.

Kafea eta gailetak prestatzen dizkio, batera doan txori saldo bati begira. Bere lehengusuak agian hori bilatzen zuen: saldoan onartua izatea. Eta aitari erretilua (bandeja) eramaten diola, aita lo dagoela besaulkian, ezin du burutik kendu aitak agian nahiago izan zuela bera bere lehengusua bezala izan balitz, eta gorroto egiten du. Aita hilda egotea nahiko luke. Eta burutazio horietan, erretilua erori egiten zaio, eta aita esnatu egiten da, erne.

xxvii: perlak

Txikiak zirenean, aita eta ama larunbat arratsaldeetan ateratzen ziren senar emazte bikote batekin. Ama perlazko lepokoa jantzita beti. Libe eta Ismael etxean geratzen ziren, sofan, eta patata frijituak eta edariak ateratzen zituzten. Greba eta gero, ama ez zen gehiago atera aitarekin, eta perlazko lepokoa kajoian geratu zen, eta aitaren Ducados tabako kiratsa etxe guztian.

xxviii: misterio handiena

Ismaelek Jauregiren deia hartzen du. Bat batean, abisurik gabe, ez da ohikoa. Pantailan bi testu ditu. Jasonerena, eta bestea, berak idatzitakoa, hiru hitz besterik ez: Tiro hotsak mendian. Beste testua, hasierakoa, neska bat nola aurkitzen duten bortxatuta mendian, eta berak ez duen ezer egiten, ezin duen ezer egin, ez dauka irekita: collage faltsu bat dela iruditzen zaio. Agian, Jasoneren testua hartu beharko luke zuzenean, baino nolakoa litzateke bion arteko harremana hortik aurrera?

Jauregi telefonoan: badakiela bukatu duela, emakumeen buruan zer dagoen jakinda gainera! Txiki txiki sentitzen da Ismael, Mendi txakurra bezala aitak esaten zuenean ez zuela ehizarako balio.  Idazle gisa porrota onartu behar du. Ez du aukerarik, Jasonek emandakoa pasako dio Jauregiri (nahiz eta Jauregik badaukan, esaten ez badio ere). Elkarrizketa bukatu eta bidali egiten dio segituan. Eta bere testu horrekin hasten da berriz, tiro hotsak mendian, txakur zaunkak, ..., eta mendian galduta dagoen mutil bat, Aitor, aita esaten kobazulotik aldetik begiratu duen, eta berak baietz, gezurretan, egia hau baita: badakiela Aitor hor egiteko aukerak handiak daudela, bereak diren giltzen katearen distira ikusi dituelako adar batean. Gezurra. Bizitza osoan bere barrua astitzen duen gezurra. Ni ez naiz izan, idazten du ordenagailuan.

xxix: gurutzegramak

Aita etxean gurutzegramak egiten. Asmatu ezinik dabilen definizio bat, eta ozenki irakurtzen du sukaldean: seriedad, formalidad. Fundamento dio amak. Zuzena, kabitzen da lerroan, eta aita pozik, berari okurritu zaiola sinetsita.

xxx: ahots hori jada ez da zurea

Ismale Jauregiren bulegora doa. Jauregik erabat pozik egiten dio harrera, zoriondu egiten du, zeinen sakonki jaso duen eleberriko emakumearen ahotsa. Eta aldi berean, zoriondu egiten du Jasone, haren eskua nabaritzen dela, eta talde ona egiten dutela elkarrekin. Lasai satu den Ismael urduritzen doa. Pentsatzen hasten da. Eleberriko emakumearen ahotsa Jasoneren ahotsa dela. Jauregik laguntzen dio bulegotik kanpora. Liburuaren aurkezpenaren azken xehetasunak, azala, ... aipatzen dizkio. Kanpoan jada, Ismael gaztaroa gogoratzen du: Jasone berari bere ipuinak ematen, bere iritzi eske, idatzi baino nahi ez zuen neska bat. Eta ezkondu eta gero, idazteari utzi ziona. Eta orain, berak beretzat hatu duen Jasoneren testua. Lapurreta dela iruditzen zaio. Pentsatzen jarraitzen du, ... Jauregiren bulegoko atea jotzen du berriz.

LIBE

xxxi: atzera egin eta berriz hasi

Libe Ismaelen etxera doa. Elkarren esperoan balira bezala agurtzen dute. Kafe bat prestatzen dio Ismaelek kafeteran. Libek eleberriari buruz galdetu eta Ismaelek oraingoz utzi egin behar duela esaten dio. Libek berehala ulertu du erabakia. Zimurtuta eta indarge dirudien nebaren aurrean, txikita ko oroitzapenak etortzen zaizkio, zeinen ongi modlatzen ziren, beti jolasean, beti txantxetan, beti irriparrez. Ismaelek aitortzen dio arrebari atzerapauso batzuk egin behar dituela, nobela hori berea sentitzeko. Eta Libek hausnartzen du berak ere atzerapauso batzuk egin behar dituela: agian ez zuen ama bakarrik utzi behar, Berlinera joan zenean; agian Kristinen desira bete beharko luke Euskal Herrira etortzeko, eta ez beti ezetz esatea. Boterea nonnahi dago, baita maitasunean ere. Eta erabakitzen du, eta hala esaten dio nebari, Kristin ekarriko duela, eta ama beraiekin biziko dela, eta aita berarekin geratuko dela. Bi gurasoentzat hori dela onena. Eta gogoratzen du txikitako pasarteak berriz ere, elkarrekin aditzen zuten musika: Itoiz, ... Gela diferenteetan banatu zituzten arte, orduan harresi bat altxatu zen bien artean. Ismaelek esaten dio kafetera beretzat hartzeko, berak modernoagoa dela erosiko duela. Libek esaten dio pijo bat dela. Baino maite du.

JASONE

xxxii: ez zitzaidan Jauregi gustatzen, nik Jauregi izan nahi nuen

Jasonek aspalditik ikusten du Ismael itsututa. Itsututa beraien arteko harremanean: beraien artekoa, maitale izatea, eta besteekikoa, zaintzaile,  lege ezkutu bati men egitea ote da?

Jauregi bere onetik aterata heltzen da Jasoneren liburutegira. Ismael konbentzitzeko eskatzen dio, nobela argitaratu behar dutela, beranduegi dela. Egia den nobela berak idatzi duela, eta Jasonek bai lehor eta garbi batez erantzuten du. Eta Ismaelekin ibilbide berri bat hasteko aukera ikusten du.

Orain Ismaelen harrotasuna eta duintasuna alde batera utzi behar direla, dio Jauregik. Baino hitzik ez Jasoneren beraren harrotasun eta duintasunari buruz. Aski da Jasonerentzat. Jauregiren erreguak alperrikakoak dira. Orain Jauregi biluzik ikusten du, ustez zuen boterea, berarengan eta Ismaelengan, galdurik. Konturatzen da gaztetan ipuinak hari ematean beti bilatzen zuela bere onespena, baina orain daki ez zela Jauregi gustuko zuelako, bera bezala izan nahi zuelako baizik. Eta horregatik betiko ametsa posible dela ikusten du orain: argitaletxea sortzea Liberekin eta Kristinekin, eta nobela argitaratzea.

ISMAEL

xxxiii: esku joko berri bat

Ismael bere etxeko sukaldean dago. Betiko kafeterari begira. Hausnartzen zergatik ez duen eleberria lehenago utzi alde batera. Agian, kafetera bezalaxe, beti hor egon delako. Arrazoi bitxia, baina gauza asko esplikatzen dituena.

Jasone etxera noiz helduko zain dago. Bere testuko folioak mahai gainean pausatu ditu. Sartzen denean, eskutan emango dizkio, ezer esan gabe. Idazlea da, baina horretarako ez du hitzik. Atearen danbada. Urduri dago. Jasone sartzen da. Elkarri begira daude. Hitzik gabe, Ismaelek folioak ematen dizkio. Baino Jasonek folioak ez baizik eta bere eskua hartzen du. Eta orduan gogoratzen da Ismael, duela urte asko ere, maitasuna elkarri adierazi zioten lehen aldi horretan, eskuak korapilatu zituztela. Une majiko batean, orain bezala. Errudun sentitzen da. Baina bere azazkalak, karratu formakoak eta gogorrak, aitarengandik jasoak, Jasoneren esku leunekin nahasturik, biguntzen eta borobiltzen joan direla. Karratuak eta borobilak dituela sentituz, errudun eta biktima sentitzeraino.

Jasonek eskuak utzi eta gelara joan da. Hitzik ez diote elkarri esan. Hitzik gabe geratu dira. Idazleak dira biak, eta idatziz adierazten dituzte sentimenduak.

xxxiv: txori saldoak atzetik jarraituko dizu

Jasoneren folioak hartu ditu, haren eskuak balira bezala, eta haren poltsa ondoan jarri ditu, bereak direla argi uzteko. Buruko bola arindu zaio. Eta leihotik beste batzuetan ikusi duen txori saldoa ikusi du, txori guztiak norabide berean, hara eta hona baina denak beti elkarrekin. Nola egiten ote dute? Nork erakusten die bidea? Estudiora doa, idatzi behar du. Tiro hotsak mendian. Istorio zahar bati ekin behar dio: ehiza, txakurrak, ... Aitarekiko harremana azaleratuko du, baina benetakoa. Eta horrela, amesgaiztoko emakumearen ahotsa berreskuratuko du. Bide berri bat ireki. Nobela berri bat idatzi. Eta hura irakurtzean, agian irakurleek ere jarraitu egingo diote, txori saldoa bezalaxe, haiek ere bide hori berrituz eta zabalduz.

Pertsonaiak

  • Ismael, eleberri batean murgildurik baina aurrera egin ezinik dagoen idazle heldua
  • Jasone, Ismaelen emaztea, liburutegi batean egiten du lana. Ismaelen testuak zuzendu ere egiten ditu.
  • Libe, Ismaelen arreba eta Jasoneren laguna gaztetatik. Lesbiana da eta Berlinen bizi da, Kristin neska lagunarekin.
  • Ismaelen ama, ospitalean dago.
  • Ismaelen aita, etxean bizi dena, baina zaintza behar duena.
  • Aitor, Ismaelen lehengusua, aitaren faboritoa eta Ismaelek gorrotatzen duena. Aitorrek istripua izan zuen mendian, eta bilaketa lanetan Ismaelek egindako huts edo gezur batengandik errudun sentitzen da.
  • Jauregi, Ismaelen editorea. Faltsua da, erdi txantxetan beti baino bere interesen alde, Ismaelen eleberria jasotzeko presarekin, dabilena. Jasonerekin ere harreman zuzena du, hark testuak zuzentzen dizkiolako.
  • Maialen eta Eider, Ismael eta Jasoneren alabak. Etxetik kanpo bizi dira. Eleberrian aipatu bakarrik egiten dira, ez dira pertsonaia moduan agertzen.
5927 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.