Apolineoa eta dionisiakoa


KategoriakFilosofia

Dioniso eta Apoloren irudikapenak

Apolineoa eta dionisiakoa Friedrich Nietzsche filosofoak (1844-1900) artea, eta baita ere bizitza, eratzen dituzten dituzten bi ardatzak edo ezaugarriak dira, Tragediaren Sorrera lanean adierazi zuen bezala. Apolineoa (Apolo jainkoarengandik) argizko, irudizko, orekazko eta arrazionala duena da; dionisiakoa (Dionisorengandik), berriz, sena, frenesi eta grina da, irrazionala. Tragediak, bereziki, jakinduria dionisiakoa bitarteko apolineoekin islatzen ditu. Nietzscherentzat arte oro apolineoaren eta dionisiakoaren arteko harremanaren ondorioa da; apolineoa eskulturari bereziki dagokion, orekari eta ordenari; dionisiakoa, denborarik ez duen musikari eta olerkiari, haiek entzunda agortu egiten direlako, baina berriz ere ostera entzun ahal izateko; horrela, apolineoan artistak sortutakoak indibidualak dira, artistarengandik errealitate bereiziak eta betierekoak, eskulturak eta eraikinak kasu; dionisiakoan, berriz, artistak eta entzuleak murgildu egiten dira obran, errealitate kolektibo bat sortuz, etengabeko aldaketan.

Nietzschek hausnarketa estetiko hori hausknarketa filosofikora ekarri zuen, apolineoa, arrazoia alegia, eta dionisiakoa, grina eta frenesia, bizitzaren osagai funtsezkotzat hartuz. Nietzscherentzat, Sokrates izan zen antzinako bizimoduan bi ikuspegien arteko haustura ekarri zuena: Sokratesek bizitza arrazioaren mendean jarri zuen, arrazoia bizitzaren mendean jarri ordez. Joera hori indartu egin zen platonismoarekin, eta kristautasunarekin gero. Geroztik, gainbehera izan da Mendebaldean, arrazoiaren balioak gailendu direlako bizitzaren gainetik, apolineoari lehentasuna emanez, eta benetako bizitza kolokan jarriz.  Idoloen ilunabarra lanean, Nietzschek nabarmendu zuen apolineoaren eta dionisiakoaren arteko orekazko harremanaren beharra.1

Bizitzaren denboran ere hauteman daitezke apolineoa eta dionisiakoa: denbora apolineoa den bitartean, gertakariak behin bakarrik bizi baitira; oroimena dionisiakoa dela esan daiteke, behin eta berriz iraganeko une batera eramaten gaituelako. Bizitza bi horiekin osatzen da: aurrera eginez, eta atzera buelta eginez. Marcel Proustek À la recherche du temps perdu lanean literatura ariketa dionisiako itzela egiten du, oroimenak ekarritako uneak berriz ere bizituz, sentsualtasun fin eta oparoaz.2

Erreferentziak

1.
Lo apolíneo, lo dionisíaco y el problema de Sócrates. antcascu. http://antcascu.blogspot.com.es/2015/02/apolineo.html. Published 2015.
2.
Beckham JD. THE DIONYSIAN, APOLLONIAN, AND PROMETHEAN: PARALYSIS AND UNFINALIZABILITY IN THE NOVEL . University of Georgia. https://getd.libs.uga.edu/pdfs/beckham_julie_d_200805_ma.pdf. Published 2003.
456 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.