Zorizko zenbakiak


KategoriakEstatistika

Zorizko zenbakiak edo ausazko zenbakiak algoritmo bat erabiliz edo gailu fisiko batez (adibidez, dado bat) sortutako zenbakiak dira, zenbaki guztiek suertatzeko probabilitate berdina dutelarik, hau da, banaketa uniforme bati jarraituz. Horrela, epe luzera sortutako zenbakien maiztasuna berdintsua izan beharko litzateke. Zorizko zenbakien beste baldintza bat independentzia da, hau da, zorizko zenbaki bat 2 suertatzeak ez du esan nahi hurrengo zenbakia 2 suertatzeko probabilitatea handiagoa edo txikiagoa denik.

Zorizko zenbakiak algoritmoen bitartez, softwarea erabiliz, sor daitezke. Softwarearen bitartez sortutako zenbakiak, ustez zorizkoak direnak, zenbaki sasizorizkoak (ingelesez, pseudorandom numbers) direla esaten da; izan ere, hertsiki ez dira zorizko zenbakiak, algoritmo edo formula baten bitartez sortu direlako. Gailu fisiko baten bitartez, dadoaren edo erruletaren bitartez adibidez, sortutako zenbakiak berriz, zinez dira zorizkoak, dadoa edo erruleta benetan ongi eraikia badago.

Zorizko zenbakien aplikazioak anitz dira: zorizko laginak jaso (populazio batetik zein elementu aukeratu behar den erabakitzeko zorizko zenbaki bat aukeratzen da), kriptografian, esperimentuen diseinuan (aleatorizazioan) eta simulakuntzan.

Hiztegia: ingelesez, random numbers; gaztelaniaz, números aleatorios.

253 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.