Modelatze karstikoa
Modelatze karstikoak sortutako lenar izeneko forma geologikoa. Kredituak: Corso- Wikimedia Commons.
Modelatze karstikoa, modelatu karstikoa edo erliebe karstikoa kareharrizko eremuetan sortzen den paisaia berezia da, kareharriak urarekin erreakzioa egin eta disolbaturik sortzen dena. Azkenean, kareharria higatu egiten da, hainbat modutara, eta forma geologiko anitz sortzen ditu, hala nola lenarrak, kobazuloak, dolinak, poljeak, arroilak, … Karbono-dioxidoa daraman urak kareharriarekin eragiten duen erreakzioa karbonatazioa da, kareharria kaltzio-bikarbonato bihurtu egiten duena. Kaltzio-bikarbonatoa disolbatu egiten da uretan, eta horrela harriaren meteorizazio kimikoa gertatzen da, harria deseginez. Harria desegitean sortzen diren forma geologikoak izan daitezke endokarstikoak edo lurrazpikoak (leizeak edo kobazulo bertikalak, galeriak edo kobazulo horizontalak, estalaktitak, estalagmitak, aretoak) eta exokarstikoak edo lurrazalekoak (dolinak, poljeak, lenarrak eta arroilak).