Metal astunak
Metal astunak testuinguruaren arabera masa-dentsitate, pisu atomiko edo zenbaki atomiko handia duten metalak eta metaloideak dira, hala nola kobrea, beruna, arsenikoa, kadmioa eta merkurioa, beste askoren artean. Haietako batzuk beharrezkoak dira gizakiaren osasunerako kopuru txikietan, eta gehienetan elikagaietatik jasotzen dira. Baina, Industria Iraultzaz geroztik metal astunen erabilera, presentzia eta isurketa izugarri gehitu da ingurumenean, arazo eta arrisku larriak sorraraziz. Arriskua haien degradazio zailagatik eta beraz ingurumenean eta organismoetan metatzeko duten joeragatik sortzen da, gizaki eta animaliengan osasun arazo larriak sortzeraino. Erraustegiak dira metal astunen partikulen emisioen iturburu nagusietako bat.