Kartesianismoa
Kartesianismoa René Descartes (1596-1650) frantses filosofoaren teoria filosofikoa da eta hortik eratorritako pentsamendu-eskola. Oinarrian, filosofia arrazionalista da, errealitateari buruz dugun ezagutza zentzumenetatik ez baizik eta gure arrazoimenak gidatzen duela baieztatzen duena (zalantza metodikotik eta cogito ergo sum printzipiotik), eta beraz enpirismoaren aurkakoa. Oinarri horretatik, Descartesek egiazko ezagutza eratzeko metodo filosofiko oso bat eratu zuen, metodo kartesiarra izeneko. Beste teoria batzuk ere landu zituen, hala nola substantzien teoria, dualismo antropologikoa (materia eta arima), mekanizismo materialista; teoria zientifikoak ere eman zituen, fisikan zein fisiologian (guruin pineala, gorputzaren eta arimaren lotunetzat hartzen zuena). Jainkoaren existentzia baieztatu zuen. Pentsamendu hori guztia Europako hainbat filosofok jaso eta landu zuten, XVII. eta XVIII. mendean zehar, bereziki Frantzian eta Herbehereetan. XVIII. mendearen bukaeratik, kartesianismoa iraganeko eskola filosofikoa zen guztiz, Newton-en fisika erabat onartua izan zelarik.
Egun, kartesianismoa zientziaren kontzepzio mekanizista, erredukzionista eta zurruna aipatzeko erabiltzen da, termino gutxiesgarri moduan. Gizarte zientzietan ere, kartesianismoaren arrazoi komun eta unibertsalak singularitateak gutxietsi eta baztertu egiten dituela salatu da, beste batzuen arabera kartesianismoak singularitate horietako funtsa azaldu baino egiten ez duen arren, kartesiar metodoak (intuizioa, dedukzioa, analisia, sintesia) bere azken pausoan agertzen duen bezala.