Interjekzioak
Interjekzioak emozio bizia adierazi edo entzulearengan emozioa edo erreakzio azkarra sortzea helburu duten hitz edo esamoldeak dira, eta beraz funtzio adierazkor, apelatibo edo konatiboa betetzen dutenak. Orokorrean, berezko esanahia dutenez, esaldi osoak osatzen dituzte (ez dira bestelako hitzekin konbinatu behar) eta ez dute onartzen flexio edo eraldaketarik (errepikapena ezik). Normalean harridura-markarekin idazten dira, batzuetan galdera-markarekin ere agertzen diren arren. Interjekzioak onomatopeiak dira sarri, emozioari adierazkortasuna gehitzeko (adibidez, pum!).
Sailkapenari dagokionez, ohikoena interjekzio propioak (interjekzio gisa soilik erabiltzen diren hitzak, ai! esaterako) eta inpropioak (berez beste kategoria bateko hitzak direnak, eutsi goiari! adibidez). Dena den, lexikografiaren aldetik, interjekzioak, propioak zein inpropioak, arazoak planteatzen dituzte euren definizioa zehazteko, euren funtzio konatiboa dela eta; hori dela eta, hiztegietan esanahiaz baino erabileraz edo funtzioaz definitzea izaten da ohikoena.