Ikerketa kualitatiboa
Ikerketa kualitatiboa giza eta gizarte errealitatearen ikuspegi holistiko edo osotua bilatzen duen ikerketa metodologia da, zenbakizko datuak jaso eta aztertu egiten dituen ikerketa kuantitatiboak ez bezala, hitz, irudi eta beste datu kualitatiboak jaso, hala nola elkarrizketaz eta zuzeneko behaketaz, eta induktiboki datu horietatik errealitatearen nolakotasuna eta zergaitia, zenbat galderatik haratago, aztertu eta interpretatu egiten dituena. Bereziki metodologia egokia da fenomeno konplexuak ulertzeko, non faktoreak eta aldagaiak asko eta neurgaitzak diren. Ikerketa kualitatiboaren beste ezaugarri bat ikertzaileak duen rol parte hartzailea da; izan ere, ikerketan rol aktiboa du guztiz eta beraz gogoan eduki beharko du une oro ikertzen duen ingurunean datuak biltzerakoan bere jarduerak eragina duela eta datuen interpretazioan bere subjektibotasuna, bere iritziak eta asmoak, alde batera uztea ezinezkoa izango dela. Beste hizkuntzetan: ingelesez, qualitative research; gaztelaniaz, investigación cualitativa.