Gizapedia

Giza · Gizarte · Zientziak

Ikasliburua: Soziologiaren oinarriak

Sozialogia ulertzeko bide bat: zer den soziologia, nolakoak diren gizarteak, kultura, boterea, klase sozialak, generoa eta gizarte aldaketak.

22 artikulu 22 kapitulu
1. Kapitulua

Soziologia (definizioa)

241 hitz

Soziologia gizarte-bizitza eta harremanen azterketa zientifikoa da, gizataldeen eta gizarte osoaren ikuspuntutik. Gizarteak eta gizataldeak ez dira herri, eskualde, herrialde edo mundu osoko gizabanakoen multzo hutsak, gizarte eta gizatalde baten baitan bizimodu partekatua, kultura deitzen dena, eta haietan eratzen diren erakunde eta beste egituren multzoa baizik. Kulturak eta gizarteak dira beraz, soziologiaren aztergaia. Soziologia gizabanakoak eta gizataldeak ere aztertzen dituen antropologiatik bereizi behar da, antropologiak jakintzagai zabalagoa baitu (gizabanakoa, alderdi guztietatik); gainera, antropologiak garai historiko eta kultura ezberdinetan gizabanakoak eta gizataldeak nola bilakatu diren alderatzea izaten du helburu berezia, soziologiaren azterketak garai jakin batean zentratzen diren bitartean. Soziologia hitza Auguste Comte-k asmatu zuen XIX. mendean, gizartea era positibo batean aztertzeko asmoz, zientzia naturalek baliatzen dituzten metodo berdinekin. Auguste Comte-rekin batera, Karl Marx, Émile Dukheim eta Max Weber izan ziren soziologiaren aitzindariak, XIX. mendetik XX. mendera bitarteko hamarkadetan, eta egun ere haien lanak funtsezko erreferentzia dira azterketa soziologikoak egiteko.

2. Kapitulua

Gizartea (definizioa, zer da, kontzeptua)

179 hitz

Gizartea harreman egonkorren bitartez loturiko gizatalde zabala da, kultura eta identitate kolektibo neurri batean partekatuak dituena eta esparru geografiko gutxi gorabehera zehatz batean bizi dena, erakunde batzuen bitartez antolatua. Maiz, herrialde edo eskualde zabal batean bizi diren herritar taldearekin identifikatzen da (adibidez, euskal gizartea, frantziar gizartea, …).

Gizarte orotangizarte antolakuntza etakultura bereizten dira:

  • gizarte antolakuntzan erakundeak (familia, erlijioa, hezkuntza, politika, ekonomia, hekzuntza),  gizataldeak, estatusak eta rolak biltzen dira;

  • kulturan, berriz, sinesmenak, balioak, arauak eta sinboloak biltzen dira. Ikus, gainera

  • Gizarte taldeak

3. Kapitulua

Kultura (definizioa eta kontzeptua)

261 hitz

Kultura adiera ezberdinak dituen hitza da, ikuspuntuaren arabera. Latinezko cultura (“zaintza, hazkuntza”) hitzetik dator, eta historian pertsonen espiritu, gogo edo adimenaren hazkuntzaren adiera hartzen joan da. Ikuspuntu humanista edo estetiko batetik kultura lan intelektual eta artistikoen praktika da, praktika horiek pertsonak goratu egiten dituztelarik. Antropologiaren aldetik, berriz, kultura giza-talde baten baten bizimodua eta jokabidea da, gizataldearen baitan edo gizartean bereganatu edo ikasitakoa, hala nola haren ohiturak, balioak eta antolamenduak, gizatalde horren edo gizataldeko kideen izaera eta ikuskera sakona adierazten dutenak, gizaki eta gizatalde horretako kide diren heinean; hala, euskaldunen kultura eta txeroki indigenen kultura aipatzen dira.

Ikuspuntu soziologiko batetik, berriz, kultura gizarte baten garapen intelektual, izpiritual eta estetikoen prozesuen multzoa da, prozesu horiek positiboak direlakoan eta aurrerapena dakartelakoan. Kultura ondarearen kontzeptua azken ikuspuntu honetatik garatutako kontzeptua lizateke. Azkenik, psikoanalisitik ere aztertu da kultura (Freuden “Egoezina Kulturan” lanean oinarrituta): ikuspuntu horretatik kultura naturaren indarrak menderatzeko gizakiak eratutako jakintza eta ahalmenen multzoa, gizakien arteko harremanak finkatzeko erakundeekin batera. Ikus, gainera

4. Kapitulua

Sinesmenak

143 hitz

Sinesmenak ideia, pentsamendu, jarrera eta haiei loturiko praktika multzo bateratu bat dira, subjektuaren gogamena eta kultura, hots, gizakiaren barne bizitza nahiz gizarte harremanak egituratu egiten dituztenak. Sinesmenek osatzen duten multzo bateratuaren bitartez, subjektuaren kosmobisioa eta mundu ikuskera eratzen dira. Magia, mitoak eta erlijioa izaten dira, antzinako kulturetan, sinesmenen atal nagusiak. Beste hizkuntzetan: ingelesez, beliefs; gaztelaniaz, creencias.

5. Kapitulua

Instituzio sozialak (gizarte instituzioak)

179 hitz

Instituzio sozialak edo gizarte instituzioak, gizarte erakundeak ere deituak, gizartea arautu eta erregulatu egiten duten irizpide, printzipio, kode eta rol multzoak dira, gizarte egituretan sustraituak, eta harremanak, jokabideak eta orokorrean ekintza eta harreman sozialak eragiten dituztenak. Batzuen arabera, gizartearen funtzionamendua eragiten duten elementu finko eta iraunkorrenak dira. Beste batzuen arabera, ordea, instituzio sozialak gizartean antolatutako erakundeak lirateke. Eman dugun lehenengo definizioa da, ordea, onartuena. Horren baitan, sinboloak, jokabide-arauak eta ideologia bereizten dira, familia, eskola, ezkontza, polizia eta beste hainbatetan gorpuzten direnak. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, instituciones sociales.

6. Kapitulua

Familiak

168 hitz

Familia ahaidetasunez, ezkontzaz eta adopzioz loturiko gizataldea da, kideei babes emozional eta ekonomikoa ematen diena. Munduko gizarte eta kultura guztietan agertzen den erakunde soziala da, aldaera anitzekin ordea. Mendebaldeko egungo gizartean familia nuklearra da ohikoena, gurasoak eta seme alabak etxe berean biltzen dituena; beste batzuetan aiton-amonak,  osaba-izenak, lehengusuak eta ahaidetasun urrunagorekin loturiko pertsonak bil ditzake, etxe berean edo beste etxeetan. Nolanahi ere, familiek honako funtzio hauek betetzen dituztela esan daiteke: ugalketa-funtzioa, biziraupen-funtzioa, balio-transmisioa eta babes emozionala.

7. Kapitulua

Sistemak

316 hitz

Sistema elkarrekin erlazionatutako objektu-multzo bat da (ikus, gainera, sistema, Gizapediako hiztegian). Kontzeptu generiko bat da, jakintza-arlo anitzetan erabiltzen dena; adibidez, sistema ekonomikoak, sistema planetarioak eta sistema biologikoak (organismoak) ditugu, besteak beste. Fisikoak nahiz abstraktu edo kontzeptualak izan daitezke. Sistema fisiko sinple baten adibidea sabaitik zintzilikaturiko bola bat da, bola, sabaia eta biak lotzen dituen haria hainbat indarren bitartez daude loturik; bola geldirik badago, sistemaren parametroak ez dira aldatzen, eta sistema estatikoa dela esaten da; bola mugituko balitz, alde batera eta bestera, sistema dinamikoa lizateke. Sistemaren ingurunea sistemaren egoera une jakin batean litzateke, sistema berriz eragin dezakeena.1 Sistema abstraktuak edo kontzeptualak objektu fisikoek ez, baizik eta kontzeptuek osatzen dutena da, hala nola ekuazio-sistema bat, non ezezagunen arteko erlazio bat egon behar den, eta sistema filosofikoak (Platonen ideien teoria, esaterako). 2

Epistemologian, sistemak modeloaren ideiarekin lotu izan dira, sistemen azalpena egitean gehienetan sistema errealaren sinplifikazioa egiten dugunez. Ildo horretatik, sistemen teoria izeneko paradigma metodologikoa dago, sistemen ezaugarri orokorrak eta horiek modelizatzeko era egokiena aztertzen dituena; horren baitan, zibernetikak sistemen barneko kontrola eta erregulazioa aztertzen ditu.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. la Cour A. The Concept of Environment in Systems Theory. Cybernetics & Human Knowing. 2006.

  2. Hall AD, Fagen RE. Definition of system. http://www.isss.org/yearbook/1-C%20Hall%20&%20Fagen.pdf. http://isss.org.

8. Kapitulua

Hezkuntzaren soziologia

257 hitz

Hezkuntzaren soziologia soziologiako kontzeptuak, teoriak eta metodoak hezkuntzaren ikerketara, praktikara eta administraziora aplikatzen dituen soziologiaren adarra. Soziologiaren ikuspuntutik hezkuntza fenomeno soziala guztiz, areago esan liteke hezkuntza sozializazio modu nagusiena dela. Sozializazioaz gainera, hezkuntzak duen beste alderdi soziologiko nagusia transmisioarekin dago loturik: hezkuntza gizarteak, belaunaldi helduek, ezagutza, balioak eta arauak transmititzeko modu nagusia da.

Hainbat ikuspegi garatu dira hezkuntzaren soziologiari buruz. Durkheim-en arabera, hezkuntza gizartaren homogeneotasuna ziurtatzen duen instituzioa da, gizabanako bakoitzarengan txertatuz gizarteko bizitzak exijitzen dituen jokabideak. Deweyk hezkuntzaren filosofoak eskola mikrogizarte gisa ikusten zuen, gizartearen islada gisa, baino aldi berean gizartea eraldatzea bilatzen duena. Georg Simmel-ek hezkuntza gizabanakoaren bizitzaren garapenerako tresnatzat hartu zuen, bizipen moduan, ikasleak prozesu horretan eduki behar duen rol aktiboa nabarmenduz, gizartearentzat bere osotasunean duen balioa bigarren maila batena utziz. Beste hizkuntzetan: ingelesez, Educational Sociology, Sociology of Education.

Erreferentziak

  • Revista Educación Vol. 38(1), 33-58, e-ISSN: 22152644, enero-junio, 201433 Número publicado el 25 de abril del 2014: Aportes de la sociología al estudio de la educación (Autores clásicos)
9. Kapitulua

Sozializazioa (gizarteratzea)

466 hitz

Agian sozializazioaren kontzeptu ekonomikoari buruz, kostu eta galeren sozializazioari buruz alegia, bilatzen ari zinen

Sozializazioa edo gizarteratzea ( sozializazio prozesua edo gizarteratze-prozesua ere deitua) pertsonak arauak, balioak, jarrerak, sinesmenak eta rolak bereganatzeko prozesua da, familia, eskola, lagun, hedabide eta gizarteko beste gizarte erakundeen bitartez, gizarte harremanen bitartez, testuinguru sozial eta historiko jakin batean. Definizio orokor horren baitan, ordea, joera desberdinak garatu dira: joera funtzionalista bati jarraiki, sozializazioa gizartearen funtzioa litzateke, gizartearen beraren iraupena eta garapena gauzatze aldera (besteak beste, Talcott Parsons,1902-1979, soziologoaren eskutik); aurrerago, ordea, gizartean azpisistema eta erakunde sozialek helburu ezberdinak izan ditzaketela onartzen da, eta hartara sozializazioa aldaketa sozialerako aukera eta desbideratzeen azalpentzat ere hartzen da. Edonola ere, sozializazioa errealitatearen eraikuntza soziala deritzon prozesu zabalago baten atala da, zeinaren arabera gauzak ez ditugun ikusten diren moduan, baizik eta garen moduan. Errealitatearen eraikuntza sozialak errealitate objektibo bat inplikatzen du, erakunde sozialen eraketaren bitartez (eskola, legeak, …) baina baita ere errealitate subjektibo bat, sozializazioaren bitartez eratuko dena. Errealitate objektiboa  eta subjektiboa elkarren eraginpean daude, errealitate subjektiboaren eraketa edo sozializazioa internalizazioz gertatzen da, baina aldi berean pertsonak gizartearen errealitate objektiboa ere eragiten du, esternalizazio prozesu batez.

Sozializazioa norbanakoaren bizitza osoan zehar gertatzen den prozesua da, baina bi aldi bereizten dira: lehen aldiko sozializazioa, haurtzaroan gertatzen dena, eta haurra gizartearekin kide bilakatzean bukatzen dena (ikus, gaztelaniaz, socialización primaria); eta bigarren aldiko sozializazioa, norbanakoa gizartearen sektore berrietan integratzen duena. Lehen aldiko sozializazioa garrantzitsuena da, ezinbestekoa bigarren aldikoa garatu ahal izateko, eta ezaugarri bereziak ditu: era pertsonalean gauzatzen da, sozializazioaren erakunde guztiak familia izango dutelako tarteko, afektibitatea eta ondorengo identifikazioa elementu garrantzitsuak dira, pertsonaren lehen mundua osatzen du, egonkorra eta finkoa, eta bizitzan zehar arazoak dituenean, babes moduan baliatuko duena. Bigarren aldiko sozializazioa azpimunduak sortuko ditu pertsonarengan; gehienetan nerabezaroan hasten da garatzen, gaztetxoak familiaz haraindi beste erakundeekiko loturak (eskola, lagunak, …) sendotzen dituenean. Bada hirugarren sozializazio prozesu bat, birsozializazioa, pertsona gizarte eta erakunde guztiz berrietan murgiltzen denean (adibidez, migrazio baten ondorioz, talde erlijioso batean sartzean, kartzelaratzean); maiz krisi egoeretan gertatzen da eta pertsonaren identifikazio afektibo berria sortzera darama.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Socialización y escuela. Centro Universitario de Estudios Superiores Sagrada Familia - Úbeda . http://www.vbeda.com/mcontreras/SOFE/12Materialcomplementario1.pdf.
10. Kapitulua

Estatus atxikia (rol atxikia)

138 hitz

Soziologian, estatus atxikia edo rol atxikia pertsona bati jaiotzetik (desgaitasun bat, adibidez) nahiz bestelako arrazoi biologikoengatik (sexua, adina) atxiki edo esleitzen zaion rol edo estatus soziala da, eta orokorrean aldatu ezin daitezkeenak. Beste hizkuntzetan: ingelesez, ascribed rol, ascribed status; gaztelaniaz, rol adscrito.

11. Kapitulua

Gizarte estratifikazioa (estratifikazio soziala)

177 hitz

Gizarte estratifikazioa edo estratifikazio soziala egiturazko gizarte ezberdintasuna da, gizabanakoen artean bainoago, gizataldeen artean gertatzen direnak eta haiek hierarkia batean edo era bertikal batean, estrato edo geruza sozialen arabera alegia (simil geologikoa erabiliz),  ordenatzen dituena, aberastasuna, estatus soziala (zehatzago estatus esleitua) eta boterea. Beraz, diferentziazio sozial mota bat da. Gizarte estratifikazioaren ezberdintasunak, gainera, iraunkorrak eta instituzionalizatuak izaten dira, eta ideologiak sustatzen ditu. Horren ondorio zuzenak klase sozialak dira, eta segregazio eta gizarte bazterketa fenomenoak.

Ikus, gainera

12. Kapitulua

Klase sozialak (gizarte klaseak)

331 hitz

Klase sozialak edo gizarte klaseak gizarte batean bereizten den hierarkia soziala da, herritarrak klase sozial horietan bereizi eta ordenatu dituena, dimentsio ekonomiko, politiko edo kultural baten arabera. Gizarte estratifikazioaren ondorio zuzen eta argiena da. Etimologikoki, klasea latinezko classis hitzetik dator, eta Erromako hiritarren zatiketa adierazten du, horien jabetza eta eskubideen araberakoa, armadaren antolaketan ere eragina zuena. Esanahi hori Erdi Arora ere zabaldu zen, non ezaguna den basailu eta jauntxoen arteko bereizketa, eta Aro Modernora ere bai, non bereizketa nagusia estamentuen artekoa zen, pribilegiodun  nobleziaren eta pribilegiorik gabeko hirugarren estatuaren eta burgesiaren artean.

Kapitalismoarekin batera ordea, Karl Marxek klase sozialen interpretazio berria egiten du, eta kapitalaren eta lanaren arteko bereizketan oinarrituz klase sozialen bereizketa proposatzeko, proletarioen eta burgesia kapitalistaren artekoa alegia, horien arteko talkak klase borroka pizten duelarik. Gerora ordea, Marxen klase sozialen funtsezko bereizketa hori gainditu egin da, eta bereizketa deskribatzailea da gaur egun nagusitzen dena, faktore ekonomikoetan, okupazioan, kontsumoan eta hezkuntza-mailan oinarritutakoa, behe-mailako klasea edo klase baxua (ikus, gainera, pobreak), klase ertaina, goi klase edo klase altua eta, haien artean, goi-erdi mailako klasea eta behe-erdi mailako klasea bereiziz.

Mugikortasun soziala gizabanakoak eta familiak klase sozial batetik bestera igarotzeko fenomenoa da; aurkako fenomenoa da immobilismo bertikala da, klase sozial batetik bestera igarotzeko ezintasun edo oztopoak alegia.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, social class; gaztelaniaz, clase social.

Ikus, gainera

13. Kapitulua

Boterea (definizioa)

151 hitz

Boterea pertsonen jokabidea bideratu eta inposatzeko gizartean eratzen diren harremanen multzoa da, dominazioan eta mendekotasunean oinarritzen direnak. Beste hizkuntzetan: ingelesez, power; gaztelaniaz, poder; frantsesez, pouvoir.

Ikus, gainera

Norbert Lechner “[..]boterea larruazalaren azpitik kokatu eta garatzen da. Eguneroko jokabidearen gainean dihardu (muturrean, gorputzaren gainean). Faktikoaren indar normatiboa horretan datza: kontzientzia interpelatzen ez duen errealitatearen ordenamendu bat".

14. Kapitulua

Botere-sistema

161 hitz

Botere-sistema subjektu, erakunde, diskurtso eta mekanismo sozialen multzo bat da, oro har klase eta erakunde boteretsuen interesarekin, kontrolarekin eta hertsadurarekin lotuta dagoena, sistemaren beraren egonkortasuna lortzeko eratzen dena, betiere boterean dauden eragileen interesak eta helburuak faboratzeko eta bermatzeko. Gaur egun, botere-sistema nagusiak Estatua da, sistema politiko gisa, eta maila globalean, sistema ekonomiko gisa, kapitalismoa bera. Badira ere botere-sistema partzialagoak ere. eragile jakinen interesen boterea bermatzea helburu dutenak, hala nola heteropatriarkatua.

15. Kapitulua

Anomia (definizioa)

307 hitz

Anomia (antzinako grezierako anomos, “legerik gabe”, hitzetik) arau sopzialen eta moralaren eza edo horien nahasmendua da, egoismoa balio nagusitzat uzten duena. Gizarte baten hondamendi etiko eta moralaren egoera izendatzeko ere baliatu da. Émile Durkheim (1858 – 1917) soziologoak izan zen anomia terminoa asmatu zuena eta bi testuinguru ezberdinetan baliatu zuen.  Lehenbizi, De la division du travail social (1893) lanean, lanaren zatiketa anomikoa definitu zuen, gizarte tradizionaletatik gizarte modernoetarako urratsa azkarregi ematen denean, elkartasun mekanikotik elkartasun organiko batera pasatzeko denborarik eman gabe; kasu horretan lanaren zatiketa trebeziaren arabera ez, baizik eta boterearen eta beste irizpide sozioekonomikoen arabera gertatzen da; hala, Karl Marx-en alienazio kontzeptuaren gertuko litzateke. Bigarrenik, Le Suicide (1897) lanean, berriz, anomia, gizabanakoaren bere gizartearekiko deslotze egoera, suizidioaren kausetako bat zela adierazi zuen.

Robert King Merton (1910-2003) soziologoak desbideratze soziala aztertzean garatu duen kontzeptua ere bada, gizarteak ezartzen dituen helburuak (arrakasta ekonomikoa, gizarte modernoetan) bete ezinean gizabanakoak bizi duen egoera adierazteko. Merton-ek anomiara moldatzeko lau estrategia identifikatzen ditu: berrikuntza (helburuak atxiki, baina beste modu batera lortuz; lapurreta esaterako), aldentzea (helburuak ukatuz, droga-kontsumituz esaterako), erritualismoa (helburuak betetzeko onartzen diren bitartekoak bereganatuz, bitartekoa helburutzat hartuz; lana luzaroan lortu ez arren, ikasten jarraitzen denean, esaterako), eta matxinatzea.1

Erreferentziak

  1. Scott J. Anomy. In: A Dictionary of Sociology. ; 2014:23-24.
16. Kapitulua

Diskriminazioa

164 hitz

*Agian, prezio-diskriminazioa bilatzen ari zinen. *

Diskriminazioa, tratu diskriminatzailea, trataera diskriminatzailea pertsona edo gizatalde bati gizartean orokorrean edo arlo jakin batean ematen tratu berezia da, haren  genero, itxura, desgaitasun, hizkuntza edo beste ezaugarri sozial batengandik. Diskriminazioa negatiboa edo bereizkeria izan daiteke, diskriminatzen den pertsona edo taldearen kaltetan gertatzen denean, zein diskriminazio positiboa, pertsona edo gizatalde horrek pairatzen dituen beste diskriminazio negatiboak, esklusioa edo bazterketa, ezabatu edo arindu asmoz. Ikus, gainera

17. Kapitulua

Estereotipoak

334 hitz

Psikologian eta soziologian, ikuspuntu kognitibo batetik, estereotipoak gizatalde bati buruz irudi labur eta sinplea eratzen dituzten kategoria kultural eta kognitiboak dira (iritziak, sinesmenak, …, adibidez, “ijitoak lapurrak dira”), gizarte errepresentazio baten emaitza; ildo horretatik, gizarte harremanak era sinplista batean bideratzeko estrategiak dira, beste pertsonengandik aukeratu beharreko informazioa laburtu eta egoera batean pertsona jakin batzuekin nolako jokabidea izan behar dugun erabakitzeko prozesua arindu egiten dutelako (ikus, estereotipazioa); baina aldi berean, estereotipoak negatiboak edo gaitzesgarriak direnean, gizataldeen arteko elkarbizitza desitxuratu eta diskriminaziorako eta finean kriminalizaziorako bidea zabaltzen dute. Estereotipo kategoria nabarmena da genero estereotipoak biltzen dituena, gizon eta emakumeei buruzko irudiak eratzen dituena, eta horien arabera gero genero-rolak eratzen dituena.

Estereotipoak partekatuak dira beti, hau da, norberaren gizataldeko kideek maiz onartzen dituzten kategoriak dira. Ildo horretatik, aurreiritziarekin nahastu ohi da, baina aurreiritzia pertsona bakar bati buruzkoa eta negatiboa izaten den bitartean eta ez derrigorrez partekatua, estereotipoa gizatalde osoari buruzkoa da eta negatiboa (ijito guztiak lapurrak dira) nahiz positiboa (alemanak oso langileak dira) izan daiteke. Beste alde batetik, estereotipoen artean heteroestereotipoak, kanpoko gizatalde bati buruzkoa, zein autoestereotipoak, gizatalde propioari buruzkoak, bereizten dira.

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. CONOCEMOS LOS ESTEREOTIPOS Y PREJUICIOS. educatolerancia.com. http://www.educatolerancia.com/wp-content/uploads/2016/12/conocemos-los-prejuicios-y-estereotipos-para-evitar-la-discriminacion.pdf.

  2. Suriá R. Estereotipos y prejuicios. Universidad de Alicante. https://rua.ua.es/dspace/bitstream/10045/14289/1/TEMA%205.%20ESTEREOTIPOS%20Y%20PREJUICIOS..pdf.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, “Estereotipoak”; Gizapedian, 21 urtarrila, 2017, https://gizapedia.hirusta.io/estereotipoak/.

18. Kapitulua

Generoa (definizioa soziologian)

162 hitz

Agian genero gramatikala bilatzen ari zara.

Generoa gizarte batean orokorrean pertsonei, biologikoki gizon edo emakume izateagatik, esleitzen zaizkien rol, jokabide, igurikimen, pentsaera eta sentimendu desberdinen multzoa da, gizon eta emakume kategoria biofisiologiko desberdin horietatik haratago.  Esan liteke baita ere generoa kultura eta gizarte batean maskulinitatea eta feminitatea definitzeko modua dela, sexu biologikoan oinarrituta. Ikus, gainera

19. Kapitulua

Gizarte mugimenduak (mugimendu sozialak)

218 hitz

Gizarte mugimenduak edo mugimendu sozialak gizabanako, talde edo erakunde anitzen artean osatzen den sare kolektibo informala (edo instituzionalizazio maila txikikoa) da, interes orokorrekoa eta elkartasunean oinarritua, gatazka edo ekimen politiko, sozial edo kultural batean sinesmen, iritzi, jarrera eta identitate komunak erakusten dituena. Ildo horretatik, bereizi egin behar da instituzionalizazio maila handiagoa duten alderdi politikoetatik, eta interes kolektiboei jarraitzen ez dieten interes-taldeetatik. Alain Touraine frantses soziologoaren arabera esaterako, gizarte mugimenduen ezaugarri eta ildo nagusiak identitatea, oposizioa eta osotasuna (edo kolektibotasuna) lirateke. Gizarte mugimenduen adibideak dira arrazismoaren aurkako mugimendu soziala, torturaren aurkako mugimendua, eta zentzu zabalean baita feminismoa ere.** Beste hizkuntzetan: **ingelesez, social movements; gaztelaniaz, movimientos sociales.

Erreferentziak

  • Revisando el concepto de movimiento social - Mario Diani (University of Trento e ICREA-UPF Barcelona)
20. Kapitulua

Globalizazioa (mundializazioa)

313 hitz

Globalizazioa, batzuetan mundializazioa ere deitua,  XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hasieran herrialdeen arteko mugak gaindituz integrazio ekonomiko, politiko, kultural eta soziala ekarri duen prozesua da, mundu osoko gizakiei komunikazioa eta gizarte zein kultura harremanak eta enpresei negozio eta transakzio ekonomiko eta finantzarioak garatzeko aukerak mundu osora zabaldu dizkiena (ikus, librekanbismo edo truke askea). Bereziki komunikazio-teknologien eta garraiobideen garapenari esker bideratu den prozesua izan da, mentalitate edo kultur aldaketa nabarmen batekin batera. Globalizazioaren ondorioz izandako pertsona, enpresa eta herrialdeen arteko harremanen garapenak interdependentzia ekarri du, maila eta arlo guztietan. Globalizazioaren beste ezaugarri nabarmen bat estatuek, banaka harturik, jasan duten boterea galtzea da, mundu mailan eratutako interes eta bloke ekonomiko eta geopolitikoen mendean. Batzuen arabera, globalizazioa Mendebaldearen eta kapitalismoaren ideiaren zabalkuntza planetarioa besterik ez da; horren haritik Karl Marx-ek aurreikusi egin zuen fenomenoa, mundu mailako merkatua eta kapitalismo unibertsala kapitalaren berezko joera zirela adierazita, kapitalaren biziraupenak haren etengabeko zabalkuntza duenez ezinbesteko baldintza. Horren emaitza dira multinazionalak. Ondorioei erreparatuz gero, batzuei globalizazioak abantailak ekarri dizkien bitartean, beste askori efektu kaltegarriak ekarri dizkie, ondorio larriak sorraraziz haien ekonomian, kulturan eta ingurumenean. Ondorio horiek albo-efektu ugari ekartzen dituzte, hala nola migrazio masiboak eta ongizate-estatuaren gainbehera.

Ikus, gainera

21. Kapitulua

Gizarte likidoa

219 hitz

Gizarte likidoa, batzuetan modernitate likidoa ere deitua, Zigmunt Bauman poloniar soziologoak (1925-2017) garatutako kontzeptua da, XX. mendearen bukaeratik Mendebaldeko gizarteen joera azaltzeko. Haren arabera, egungo gizarteak likidoak dira, printzipio, balio, instituzio eta egoera egonkor eta finkorik gabekoak diren zentzuan, kontsolidatu auretik dena aldatzen baita etengabe, lidikoek erakusten duten jariakortasunaren antzera.  Kontzeptua pertsonen arteko harremanetara ere zabaltzen da, ezkontzaren eta epeluzeko harreman sentimentalen gainbeherarekin, harreman arin eta “likidoekin” ordezteko. Horren ondorioak larriak lirateke, subjektuak erreferentziarik gabeko gizarte bateean bizitzera kondenaturik legokeelako horrela, etengabe egoera berrietara moldatuz eta arriskuei behin eta berriz aurre eginez, errutinek sortzen duten erro sendo eta ziurrak suntsituz. Lan prekarietateak eta kontsumismoak ere gizarte likido hori izango luke kausa oinarritik, eta berrikuntza,  etengabeko hobekuntza, lehiakortasuna eta enpresaritzako egungo beste mito batzuk ere horren erakusgarri lirateke.

22. Kapitulua

Gizarte aldaketa

270 hitz

Gizarte aldaketa edo aldaketa soziala gizarte bateko erakunde eta egituretan, baita komunitate eta talde mailan ere,  aldaketa garrantzitsu eta nabarmena gertatzen den prozesua da, gizarte harreman berriak ezarri eta, azkenik, gizarte-ordena berri bat azaleratzeko. Aldaketa soziala kontzienteki eta nahita gerta daiteke erabaki kolektiboen bidez edo maila politiko eta kulturalean, edota berez gerta daiteke faktore fisikoen (hondamendi natural bat, adibidez), sozialen, politikoen (gerra bat, adibidez), ekonomikoen, kulturalen edo teknologikoen (adibidez, teknologia disruptibo bat sartzea) ondorioz. Nolanahi ere, gizarte-aldaketa, oro har, beharrezkoa, saihestezina eta berezkoa da gizarte-dinamikan, nahiz eta, aldi berean, ezinezkoa, eztabaidagarria eta problematikoa den inplikatutako pertsona eta taldeentzat. Aldaketa sozial jakin bat deskribatu eta aztertzeko, horren norabideari, abiadurari, jatorrizko faktoreei eta kontrolagarritasunari erreparatu behar zaio. Gizarte aldaketari buruzko teorien artean, honako hauek nabarmentzen dira: gizarteen bilakaera hazkunde, garapen eta azkenik gainbehera gisako zikloa ulertzen duten teoriak daude, hala nola Oswald Spenglerrek landu zuen bere Mendebaldearen gainbehera lanean; gatazkan oinarritutako teoria dialektikoak (marxismoa, adibidez) eta teoria eboluzionistak, Augusto Comtek zabaldu zituena, gizartea denboran zehar bilakatzen doan entitate gisa ikutsen dutenak, hala nola darwinismo soziala, oro har bpositiboa den norabidean.

Irakurleari

Artikulu bat eskatu

Erabili galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun.