Gizapedia

Giza · Gizarte · Zientziak

Ikasliburua: Psikologiaren oinarriak

Psikologia ulertzeko bide bat: adimena, emozioak, memoria, ikaskuntza, nortasuna, estresa eta garapen psikologikoa.

20 artikulu 20 kapitulu
1. Kapitulua

Psikologia ebolutiboa

162 hitz

Psikologia ebolutiboa pertsonen gogamenaren bilakaera bizitzan zehar ikertzen duen psikologiaren adarra da, hala nola ikaskuntza, heldutasunera heldu eta pertsonaren garapen psikoafektibo eta kognitiboaren prozesuen inguruan. Ildo horretatik, ulertzekoa da psikologiaren ebolutiboa haurtzaroaren eta nerabezaroaren inguruan ardaztea. Psikologia ebolutiboko aitzindariak izan dira Jean Piaget, bereziki haurren garapen koginitiboaren inguruan egindako ikerketengatik (ikus, epistemologia genetikoa) eta Sigmund Freud, pertsonen garapen psikosexualaren inguruan. Beste hizkuntzetan: ingelesez, developmental psychology; gaztelaniaz, psicología evolutiva.

2. Kapitulua

Psikologia humanista

263 hitz

Psikologia humanista (ingelesez, humanistic psychology) 1960ko hamarkadatik garatutuako eskola psikologiko bat da, konduktismotik eta teoria psikodinamikoetatik egindako planteamenduetatik at, teoria horiek ez bezala pertsona bere osotasunetik eta bakartasunetik aztertzen duena, pertsonaren garapen autonomo eta positiboa nabarmenduz. Ikuspuntu horren ordezkari nabarmenak Abraham Maslow (ikus, Maslow piramidea), Carl Rogers eta Rollo May izan ziren. 1960 eta 1970eko hamarkadetako kontrakulturan eragin handiko ikuspuntua izan zen, gizarte modernoaren alienazioa kritikatzen zuenez. Hain zuzen ere, psikologia humanista psikologiaren hirugarren olatu edo paradigma nagusitzat hartzen da, konduktismoaren eta psikoanalisiaren ondoren. Pertsonen arrazionalak direla eta erabakimen askea dutela kontuan hartuz, haien autoerrealizazio-nahia lortzeko baliabideak dituztela baieztatzen da teoria humanistetan. Hala, bereziki hazkuntza eta aldaketa pertsonala izan dira teoria humanisten helburu nagusiak, horretarako giza esperientzia pertsonalean, balio, asmo eta nahietan oinarritu behar dela aldeztuz. Horregatik, kontzeptu horiek onartzen ez dituen psikologia “zientifikotik” kritikak jaso ditu, psikologo humanistak antizientifikoak ez direla adierazi duten arren.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Smith MB. Humanistic psychology. In: Encyclopedia of Psychology. Libk 2. 2. arg. ; 1994:176-180.
3. Kapitulua

Psikologia positiboa

193 hitz

Psikologia positiboa bere azterketa  esperientzia, sentimendu eta bereizgarri psikologiko positiboen inguruan ardazten duen psikologiaren korrontea da,  bereziki buruko nahasmenduak saihesteko eta haien tratamendurako nahiz hazkunde pertsonalerako eta motibaziorako giltzarri direla sinetsirik. Anitz dira psikologia positiboak oinarritzat hartzen dituen alderdi psikologiko positibo horiek, baina ohikoa da alde batetik sentimenduak (zoriontasuna, autorrealizazioa, alaitasuna, plazera) eta bestetik bereizgarri psikologikoak (itxaropena, konfiantza, pertseberantzia, baikortasuna, ….). Batzuk zein besteak, ordea, funtsezkoak dira pertsonaren ongizatea garatzeko, eta horregatik dira bereziki landu beharrekoak psikologoa positiboa lantzen dutenen ikuspuntutik. Psikologia positiboa psikologia humanistako korronteen baitan dago, eta bere garapena Martin Seligman estatubatuar psikologoari (1942- ) zor zaio.

4. Kapitulua

Adimen-kozientea

238 hitz

Adimen-kozientea, batzuetan, termino egokia ez bada ere, adimen-koefiziente ere deitua, gizabanako baten adimen edo intelijentzia orokorra, teknikoki g faktorea ere deitua, zenbatetsi edo estimatu egiten duen neurketa bat da, adimen-test edo proba batean oinarrituta. Koziente hitza hastapenetan eraturiko test edo proben diseinutik dator; hain zuzen ere, historian diseinaturiko lehenengo adimen-testean, haurrentzako Binet-Simon testean hain zuzen, haur baten adin mentala estimatzen da, zeina adin errealarekin zatitzen den, adimen-kozientea kalkulatzeko. Horrela, 1 kozientea duten haurrek adin mental eta erreal berdina izango lukete. Ondoren, lortutako adimen-kozienteei eskala-aldaketa bat aplikatzen zitzaien, haiek banaketa normal batera doitzeko, 100eko batezbestekoarekin eta 15eko desbideratze estandarraz. Banaketa normaleko azken puntuazio hau da adimen-kozientea. Banaketa normalaren propietateen arabera, 100etik beherako kozientea duten gizabanakoek batezbestekotik beherako adimen-maila izango lukete, eta hortik gorakoak batebestekotik gorako adimen-maila, 85-115 artean populazioaren %68ak daudelarik, eta %95ak 70-130 bitartean. Beste hizkuntzetan: ingelesez, intelligence quotient; gaztelaniaz, cociente de inteligencia.

5. Kapitulua

Sentsazioak

169 hitz

Sentsazioa estimuluak zentzumen eta beste errezeptore edo sentsoreen bitartez kontzienteki jasotzen duen prozesu mentala da. Sentsazioan transdukzio izeneko prozesua dago, estimuluak sortutako seinale sentsorialak seinale elektriko bilakatzen duena nerbio-sisteman. Ondorengo prozesua hautematea da, seinale horiek antolatu eta interpretatzea, azkenik ingurumenaren errepresentazioa osatzera heltzeko. Prozesu bereiziak dira, beraz, sentsazioa eta hautematea; argia jasotzea sentsazioa litzateke, eta zein kolorekoa den jabetzea hautematea; soinu bat aditzea, sentsazioa, eta soinuari dagokion musika ezagutzea, berriz, hautematea.

Ikus, gainera

6. Kapitulua

Emozioak

215 hitz

Emozioak kanpoko inguruneko estimulu edo egoera baten aurrean subjektu batengan gertatzen diren gogamenaren erantzunak dira, prozesu inkontzienteak nahiz kontzienteak, kognizioa esaterako, barnehartzen dituztenak, eta helburu nagusitzat egoera horretara moldatzea dutenak; halaber, emozioak gizarte eta kultura elementuek ere eragiten dituzte, hala nola sinesmenak, baloreak, ohiturak. Emozioen zerrenda oso zabala da, maila ezberdinetan gertatzen dira eta batzuetan emozio batek beste emozio batetik ere badu zerbait; ildo horretatik lehen mailako emozioak edo emozio nagusiak eta bigarren mailako emozioak bereizten dira. Adibidez, Robert Plutchik-en ereduaren arabera, emozio nagusiak gorrotoa, atsekabea, txundidura, izua, mirespena, estasia eta jagoletza lirateke, haietako bakoitza maila ezberdinetan azaldu (adibidez, izua apala beldurra litzateke) eta konbinatu egin daitezke (adibidez, gorrotoak eta suminak batera nazka eta mespretxua eragiten dituzte). Ikus, gainera

7. Kapitulua

Oroimena

176 hitz

Oroimena gogamenaren funtzioa da, aurrez prozesatu eta ikasitako informazioa berreskuratzea helburu duena. Orokorrean, oroimen funtzioak fase hauek biltzen dituela irizten da: kodifikazioa (informazioa behar bezala jasotzea), gordetzea eta berreskurapena.

Epe luzeko eta epe laburreko oroimenak bereizten dira, oroitzen dena informazio berria edo aspaldikoa den. Oroimena selektiboa da guztiz, eta epe luzera informazio mota batzuk bakarrik gordeko ditu. Epe luzeko oroimenaren baitan, oroimen esplizitua (oroimena kontzientea denean; adibidez duele urte batzuk izandako festa bat) eta inplizitua (oroimena kontzientea ez denean; atazak egiteko trebetasuna adibidez)

8. Kapitulua

Motibazioa

298 hitz

Agian motibazio juridikoari buruz bilatzen ari zinen.

Motibazioa organismo baten portaeraren zergaitia da; zehatzago portaera horren kitzika, iraupen, energia eta norabidea zehazten dituena, eta beharrak asetzera bideratzen dena. Bereizi ohi dira motibaziorako gogoa (pertsona baten irrikaz edo gogogabetuta dagoen, edo baita ere haserre, urduri, …) eta motibazioaren piztea bera, organismoa egoera aktibo batera eramaten duena. Motibazioa animalietarako zein gizakietarako aztertu da, ikuspuntu ezberdinetatik noski, eta gizakiaren motibazioa aparteko gaitzat ikertu da psikologiaren baitan.

Motibazio jakin bat definitzerakoan, bilatzen diren helburuak aipatzen dira maiz, baina horiek bereiztean motibazioaren ikuspuntu ezberdinak sortzen dira: helburuak objektiboak, hots, ingurunetik jasotzen diren emaitzak izan daitezke (beharrizan bat, egarria adibidez, asetzeko ura) baina baita banakoak bere gogamenean (bereziki gizakien kasuan) eratzen duen helburu bat (lan hobea bilatzeko gogoa). Beste alde batetik, motibazioa aurrekariaren terminoetan ere definitu daiteke (adibidez, hil ala biziko arrisku baten aurrean, animaliak korrika alde egiteko beharra sentitzen duenean), baina kasu horietan helburu inpliziturik badagoela ere esan daiteke (bizirik ateratzea, adibidean). 1

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Ferguson E. Motivation. In: Encyclopedia of Psychology (Raymond J. Corsini). ; 1994:429-433.
9. Kapitulua

Ikaskuntza asoziatiboa eta ez asoziatiboa

202 hitz

Konduktismoaren paradigmatik, ikaskuntza ez asoziatiboan subjektuen erantzun bakoitza, eta azken finean ikaskuntza eta portaera, estimulu bakar baten ondorioz, eta ez beraz estimuluen arteko loturez, gertatzen da; horien artean, ohikuntza eta sentsibilizazioa bereizten dira bereziki. Ikaskuntza ez asoziatiboaren adibidea da ohikuntzaren bitartez zarata etengabera (estimulua dena) azkenean ohitu eta horren aurrean egonezina erakusten ez duen pertsona. Ikaskuntza asoziatiboan berriz, estimuluen arteko lotura nabarmentzen da ikaskuntzaren garapenean: baldintzapen klasikoan, estimulu baldintzagabe eta estimulu baldintzatuen arteko loturaz, eta baldintzapen instrumentalean, errefortzu, omisio eta zigorren bitartez. Ikaskuntza asoziatiboaren adibidea da, aita etxera heltzen denean, pozik jartzen den haurra, dakielako jolasean hasiko dela berarekin (hemen bi estimuluak aita etortzea eta jolasa dira).

10. Kapitulua

Estresa

213 hitz

Estresa fisikatik datorren kontzeptua da, eta objektu bat hautsi arte aplika daitekeen indarra adierazten du jatorrian. Adiera psikologikoan, ordea, estresa (ingelesezko* distress* hitzetik, “nahigabea, sufrimendua, larritasuna”) subjektu batek sentitzen duen presio handiko egoera jarraitua da, negatiboa, eta nahigabea, antsietatea eta frustrazioa eragin ditzakeena. Arazo fisiologikoak eragin ditzake, hala nola bihotzekoak, arazo digestikoak eta asma. Estresari organismoak ematen dion oinarrizko erantzun fisiologikoa alostasia da; efektu hormonala da oinarrian, eta subjektua homeostasia egoeran mantentzea du helburu; epe luzera, ordea, alostasia desegokia eta ez funtzionala izan daiteke eta orduan ehun eta organoen gainkarga eta higadura eragin ditzake.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Sierra JC et al. Ansiedad, angustia y estrés: tres conceptos a diferenciar. Mal-estar E Subjetividade. 2003;3(1):10-59. http://www.redalyc.org/articulo.oa?id=27130102. [Source]
11. Kapitulua

Nortasun psikologikoa

220 hitz

Psikologian, giza nortasuna pertsona baten bereizgarri psikologiko iraunkorren multzoa da, tenperamentu batetik abiatuz eta aiurria osatuz, pertsona horren sentimenduak eta besteekin harremanak izateko modua eragiten duena. Pertsonak euren nortasunaren arabera sailkatzeko, kategoria sinpleak erabiltzen ditugu maiz, profil psikologiko izenekoak.

Beste adiera baten arabera, nortasuna pertsonak besteen aurrean agertzeko modua litzateke; hain zuzen, pertsona hitzaren jatorri etimologikoa antzinako grezieratik dator eta maskara esan nahi du literalki. Psikologian, nortasuna eta identitatea loturik agertu ohi diren terminoak dira, baina ezberdinak dira guztiz: identitatea nork bere burua ikusteko modua da, pertsonalki bere singulartasuna nola bizi duen, nortasuna identitate horrek gauzatu eta zehazten dituen bereizgarri (alaia, serioa, ….), joera eta portaeren multzoa da. Beste hizkuntzetan: ingelesez, personality; gaztelaniaz, personalidad.

Ikus, gainera

12. Kapitulua

Autokontzeptua

266 hitz

Ikus, Autoirudia, autokontzeptua eta autoestimua: diferentziak, hiru kontzeptuen arteko desberdintasunei buruz jakiteko.

Autokontzeptua nork bere burua ikusi eta definitzeko duen modua da, identitate pertsonalak eta sozialak gutako bakoitza nola eratzen duen. Dimentsio anitz biltzen ditu, hala nola norberaren itxura fisikoa, familia, etnia eta nazioa, lagunak, ikasketak, lana eta ondasunak. Ezaugarri egonkorrak dira pertsonak bere buruari buruz ezarri eta beraz autokontzeptua definitzen dutenak; hala ere pertsonaren esperientziak moldatzen du, eta adinaren arabera aldatzen doa; adibidez, haurren artean gurasoak autokontzeptuaren atal garrantzitsua diren bitartean, nerabezaroan lagunak autokontzeptuaren elementu nagusia izatera pasatzen dira, batzuetan aurreko autokontzepturarekin haustura gogorra eraginez. Halaber, elementu guztiz pertsonalak alde batetik, eta inguruneko elementu sozial eta kulturalak bestetik, barnehartzen ditu. Hala ere, pertsona heldu ahala, autokontzeptua modo autonomoan eratzeko joera dago. 12

Erreferentziak

  1. Cazalla Luna N, Molero D. REVISIÓN TEÓRICA SOBRE EL AUTOCONCEPTO Y SU IMPORTANCIA EN LA ADOLESCENCIA . Revista Electrónica de Investigación y Docencia (REID). 2013;(10):43-64.

  2. IDENTIDAD. AUTO-CONCEPTO, AUTO-ESTIMA, AUTO-EFICACIA Y LOCUS DE CONTROL . EHU-Dokumentuak. http://www.ehu.eus/documents/1463215/1504276/Capitulo+VI.pdf. Accessed November 5, 2017. [Source]

14. Kapitulua

Antsietatea

306 hitz

Antsietatea edo herstura tentsio, ezinegon eta asaldurazko emozioa da, subjektu batek arrisku bat mehatxutzat hartzen duenean sortzen dena, mehatxu hori guztiz identifikatzeko gauza izan ez, eta ondorioz horri aurre egiteko gai ez dela sentitzen duenean. Unean unekoa edo jarraitua, eta aldartearen egoera edo nortasunaren ezaugarria izan daiteke. Beldurraren antzeko egoera litzateke, eta horrela adaptazio-mekanismo bat; baina beldurra arrisku zehatz bati erantzun moduan agertzen den bitartean, antsietatea zehaztu gabeko arriskuen erantzun gehiegizkoa litzateke, portaera-inhibizioak eragindakoa eta azkenean fobiak ere ekar ditzakeena. Antsietatea sortzen duten egoerak antsiogenoak direla esaten da. Emoziozko erantzun gisa, kontzentrazio-falta, erabakiak hartzeko ezintasuna, beldurra, ezintasun eta ezgaitasun-sentimenduak eragiten ditu, eta fisikoki taupada biziak, izerdia, arnasketa azkarra, dardarak, tentsioa eta zorabioak.

Psikoanalisitik, antsietatea buldaka onartezin baten eta niak aplikaturiko kontraindarraren arteko gatazkaren emaitza da. Hortik, Freud-ek hiru antsietate mota bereizi zituen: antsietate erreala, kanpoko munduko arriskuek eragindakoa; antsietate neurotikoa, pertsonak erreprimitutako bulkadetan jatorria duena; eta antsietate morala edo lotsa, superniak niak bulkaden kontrolaren galeraz ohartarazten duenean. Konduktismotik, berriz, antsietatean inguruneak duen eragina nabarmentzen da. Ikuspuntu kognitibotik, subjektuak arriskuari emandako erantzun izaera aztertzen da, modu indibidual batean.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Sierra JC et al. Ansiedad, angustia y estrés: tres conceptos a diferenciar. Mal-estar E Subjetividade. 2003;3(1):10-59. http://www.redalyc.org/articulo.oa?id=27130102. [Source]
15. Kapitulua

Terapia kognitibo-konduktualak

207 hitz

Terapia kognitibo-konduktualak arazo psikologikoak ikaskuntzaren eta norberaren ezagutzaren bitartez eta modu kontzientean gainditzen laguntzen duen ikuspuntu terapeutikoa da. Ikuspuntu kognitibo-konduktuala emozioak eta jokabideak kognizio edo ezagutzaren bitartez kontrolatu daitezkeela baieztatzen du, norberaren egoera emozionala asaldatzen duten egitura kognitibo desegokiak (distortsio kognitiboak) baztertuz eta estimuluak modu egokian interpretatuz eta moldatuz. Hain zuzen ere, terapia kognitibo-konduktualen hipotesi nagusiaren arabera, gertaerak ez baizik eta haien interpretazioa da gure egoera emozionala eragiten duena.  Horri jarraiki, terapia kognitibo-konduktualek subjektuak bere pentsamendua kontrolatzea bilatzen dute, modu progresiboan, terapeutaren jarraipen, laguntza eta errefortzu positiboarekin. Bereziki, antsietate, depresio, fobia eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboetan da eragingarria. Beste hizkuntzetan: ingelesez, cognitive behavioral therapy; gaztelaniaz, terapias cognitivo-conductuales.

Ikus, gainera

16. Kapitulua

Fobiak

339 hitz

Fobia izu irrazionala dakarren herstura-nahasmendua da. Orokorrean, fobiak objektu, animalia edo egoera mota batekin loturik agertzen dira, hala nola araknofobia (armiarmen fobia) eta agorafobia (toki zabal eta irekien fobia), baina bateraturik ere ager daitezke. Fobia beldur arrazionaletik bereizteko bi irizpide erabiltzen dira: alde batetik, fobia obsesiboa da, fobia jasaten duen pertsona izua eragiten dion elementu hori buruan izaten baitu etengabe; eta bestetik, izua eragiten duen elementua agertzen denean, herstura eragiten dio, pertsona hori larritu egiten da alegia, benetako arriskua izanez gero, eta horri aurre egiteko baliabide egokirik gabe utzi. Batzuetan, hersturaren eta fobiaren arteko muga lausoa da. Hain zuzen, fobia kanpoko faktoreek eragindako herstura egoera jarraitua (herstura exogeno jarraitua, alegia) litzateke, une bateko izu-kolpetik haratago; beste alde batetik, fobia hainbat elementu desberdinek eragiten dutenean, pertsona etengabeki larrituta bizi da, arrazoi zehatzik gabeko herstura egoera batean alegia, eta horrelakoetan zaila izaten da fobia zehatzak identifikatzea.

Fobia jatorria gertakari traumatiko bat izan daiteke, baina bestelako eragileak ere izan daitezke. Teoria psikoanalitikoaren arabera, fobiak errepremitutako sexu fantasien ondorio dira, haiei eusteko sentipenekin gatazkan. Objektu fobikoa sentipen horien eta fantasien arteko konpromisoa lizateke; adibidez Freud-ek azaldutako Hans txikiaren kasuan (1910), Hans agorafobia eta animalia handien fobia pairatzen zuen haurra zen, izuaren izuz etxetik atera nahi ez zuena; txikitan, zaldi batek izandako istripua ikusi zuen (gertakari traumatikoa zena); eta kastrazio-beldurra  bazuen aitaren aldetik; horri aurre egiteko* lekualdatzea* gertatu zen bere inkontzientean: aitaren lekuan zaldia jarri zuen, gertakari traumatikoa erreprimituz, eta proiekzioz zaldiak mina egin nahi ziola irudikatuz.1

Erreferentziak

  1. Corsini RJ. Phobias. In: Encyclopedoa Pf Psychology (III). ; 1994:73-74.
17. Kapitulua

Edipo konplexua

490 hitz

Edipo konplexua psikoanalisiaren teorian haurrek euren aldi falikoan, 3-6 urte bitartean, aurkako sexuko gurasoarengana sentitzen duten desioa da, kastrazio-konplexuaren bitartez burutzean, latentzia-aldia zabaldu egiten duena. Latentzia-aldia igarota, Edipo konplexua burutzeko moduak haurraren nortasun sexuala eragingo du helduaroan.

Haurrak aldi falikoan sartu aurretik, aldi aurre-edipiko batean sartzen dira, non amarenganako atxikimendu eta maitasun handia sentitzen duten. Mutilen kasuan, aldi falikoan sartzen direnean, haien zakila bihurtzen da plazer-iturri eta amarenganako maitasuna desio sexuala bilakatzen da. Aldi berean, jabetzen dira emakumeek ez dutela zakilik. Ama desiratzeagatik, aitak zakila kendu, kastratu egiten dituela beldur dira mutilak, kastrazio-konplexua sortzen zaie. Gatazka aitaren agintea onartuz eta amarenganako desioa baztertuz ebatzen da, gerora latentzia-aldian sartzeko. Latentzia-aldiaren amaieran, 12 urterekin edo, desio sexuala itzuli egingo da, eta Edipo konplexua arestian aipatu bezala ebatzi bazen, mutil gazteak beste emakumeenganako desioa sentituko du. Edipo konplexua bere momentuan ebatzi ez bazen, mutilak beste mota bateko nortasun sexuala garatu eta amarekiko finkapena izan dezake. Aurreko Edipo konplexuan haurrak parte hartze aktiboa du, aita aurkaritzat hartzen duenez. Badago, baina, Edipo konplexuaren bertsio negatiboa, non mutikoak rol pasiboa hartzen duen aitaren aurrean, haren maitasuna bilatuz, emakumearena egiten; bertsio negatibo hori aita haurrari debekuak ezartzen ez dizkiolako, pasiboa delako edota besterik gabe ez dagoelako ere gerta daiteke. Bertsio negatibo horretan garapen psikosexuala beste gizonak desiratuz burutuko da, homosexualtasunean alegia.

Nesken kasuan, berriz, teoria psikoanalitikoak baieztatzen du emakumeak beti daudela kastratuta. Aldi falikoan, neska konturatu egiten da bere klitorisa ez dela haziko, eta ez duela inoiz zakilik izango, eta ama bezalakoa izango dela; hots, zakilaren inbidia garatzen dute, mutikoen kastrazio-konplexuaren parekoa. Beste arrazoi batzuk aipatu badira ere, neskatoak amari leporatzen diolako gabezia horren errua, bere interesa aitarengana aldatzen da, haur bat eman diezaion, baina hori ezinezkoa denez, etsi eta latentzia-aldian sartuko da, nerabezarora heldu arte. Aldi falikoan, klitorisa kitzikatuz masturbatzeari utzi egin dio, horrek zakilik ez duela gogora ekartzen diolako, eta aitarengan haurra bilatuz, bere interesa baginara aldatuko da. Kontuan hartu behar da, baina, teoria psikoanalitikoan  aldi aurre-edipiko gehiago luzatzen da nesken artean, 4-5 urtera arte, eta batzuetan bukatu ere ez da egiten, bereziki aita absente badago; kasu horretan, neskatoa amarengan finkatuko da helduaroan ere, eta gizonengana ez du libidorik sentituko. Neskatoen Edipo konplexuaren bertsio negatiboan, neskatoek jokabide maskulino batez konpentsatzen dute zakilaren falta; ama maitatzen jarraituko dute, baina horrela, ordea, Ediporen konplexua ez da burutuko eta helduaroan beste emakumenmganako desio sexuala sentituko dute.

Ikus, gainera

  • Elektra, greziar mitologiako pertsonaia eta horretan oinarrituta aztertutako konplexua.
18. Kapitulua

Arketipoak (Carl Gustav Jung)

140 hitz

Arketipoak inkontziente kolektiboan dauden irudikapenak dira, gogamena eratu egiten dutenak. Gizaki eta kultura guztietako kontzeptuei buruzkoak dira, hala nola heriotzari, bizitzari, maitasunari, irrikari eta femeninoari buruzkoak, arketipo bereizietan irudikatzen direnak (agurea, Jainkoa, ama, …); hala ere, gizakiaren eta kulturaren arabera kontzeptu bakar bati buruzko arketipoak desberdinak izan daitezke.

19. Kapitulua

Disonantzia kognitiboa

246 hitz

Disonantzia kognitiboa pertsona baten jokabidea bere jarrera, iritzi, rol edo sinesmenen aurka, orokorrean beraz kognizioen aurka, daudenean gertatzen den egoera da, adibidez pertsona batek azterketa bat gainditzeko ikasi behar duela dakienean, baina hala ere parrandan ateratzea erabakitzen duenean. Disonantzia kognitiboaren teoriak kognizioak norberaren jokabidearekin kontsonanteak edo koherenteak izatea bilatzen duela baieztatzen du, horien artean sor daitekeen disonantzia edo kontraesana minimotuz, disonantziak deserosotasuna sorrarazten baitu pertsonarengan (adibidez, rolen arteko gatazkan rol-tentsioa izenekoa sorrarazten du). Adibidez, pertsona batek azukrea baztertzen duen dieta zorrotz bat jarraitu eta egun batean pastela  jaten duenean, “behin jateagatik ez zait ezer gertatuko” eta gisako justifikazioak bilatzen saiatuko da. Hain zuzen, autojustifikazioa eta autoengainua, aitzakiak alegia, izaten dira disonantzia gutxitzeko ohiko baliabideak. Disonantzia kognitiboaren teoriak Leon Festinger psikologoak plazaratu zuen 1957an, A theory of cognitive dissonance lanean.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, “Disonantzia kognitiboa”; Gizapedian, 7 abendua, 2017, https://gizapedia.hirusta.io/disonantzia-kognitiboa/. Ikus, gainera

-Asimilazioa eta akomodazioa (Jean Piaget)

20. Kapitulua

Genero-identitatea (genero-nortasuna)

198 hitz

Genero-identitatea edo genero-nortasuna norberak bere**generoari** buruz duen ikuskera edo autodefinizioa da, maskulinoa, femeninoa edo dikotomia biologikoa gaindituz, horien artekoa den. Generoari buruzko sentimendu, rol, proiektu eta pentsamenduak biltzen ditu eta ez du zertan ezaugarri morfologiko sexualarekin bat etorririk.

Orokorrean, genero-identitatea pertsonaren baitan garatzen da, baina gizartean maskulinoari eta femeninoari buruz ezartzen diren rol, estereotipo eta portaeren eraginpean. Ildo horretatik bi motako ikuspegiak landu dira genero-identitatea ikertzeko: alde batetik, genero-identitatea batez ere subjektuaren baitan garatzen diren prozesu psikologikoen emaitza litzateke; eta bestetik, faktore sozialak nabarmentzen dituztenak identitate horren eraketan. Ikus, gainera

Irakurleari

Artikulu bat eskatu

Erabili galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun.