Gizapedia

Giza · Gizarte · Zientziak

Ikasliburua: Politikaren oinarriak

Politika ulertzeko bide bat: zer den estatua, nolakoak diren botereak, demokrazia, gobernu sistema nagusiak eta ideologia politikoak.

32 artikulu 32 kapitulu
1. Kapitulua

Estatua (politika)

310 hitz

*Agian estatuaren definizioa artean bilatzen ari zinen. *

Definizioa: Estatua erakunde politiko zentralizatu eta hierarkikoen bitartez lurralde jakin batean, herrialde batean alegia, eta bertako komunitateari buruz subiranotza, ahalmen politiko goren eta independentea alegia, eta agintea dituen entitate politikoa da, legeak ezarri eta betearazi, segurtasuna bermatu, zergak bildu eta bertako herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzeko, gobernatzeko hitz batean  Indibiduoak gizartean harmonikoki bizi daitezen koertzioan oinarritutako sistema politikoa dela ere esan daiteke.

Ikus, gainera, estatuburu.

Estatuarekin harreman estua duten kontzeptuak daude, batzuetan harekin nahasten direnak, hala nola herria eta herrialdea, nazioa, gizartea eta gobernua (ikus,nazio-estatua). Seguru asko gehiegi laburtuz, herria, entitate juridiko-politiko moduan, estatu baten mendean dauden pertsonek osatuko lukete, herritarrek alegia, eta herrialdea herritar horiek bizi diren lurraldea, non estatuak agintea duen; nazioa identitate kultural eta historiko berdina duten herritarrek osatuko lukete (eta horrela, badira nazio anitzeko eta nazio bakarreko estatuak); gizartea lurralde batean bizi diren pertsonak lirateke, haien arteko harreman sozialek definitzen dutena, eta beraz, entitate politikotzat hartzen den estatutik bereizia; eta gobernua, estatua zuzentzen duten pertsonak eta horien jarduera.

Ikus, gainera

3. Kapitulua

Botere-banaketa

360 hitz

Montesquieu baroia (1689-1755), botere legegilea, betearazle eta judiziala banatu behar behar zirelako ideia landu zuen lehen filosofo politikoa.

Botere-banaketa edo botereen banaketa izeneko ideia eta printzipio politikoaren arabera, estatuko erakunde nagusiek banaturik eta modu independentean jardun behar dute, legalitate-printzipioari jarraiki betiere.

Banaturik, bakoitza bere aldetik besteari eragin gabe, jardun behar duten erakunde edo botere publiko horiek honako hauek dira, batera hiru botereak deitzen direnak:  botere legegilea (legebiltzarra, bereziki), botere exekutiboa edo betearazlea (gobernua) eta botere judiziala (epaile eta magistratuak). Horrek ez du kentzen estatua batasun moduan eratu eta jokatu behar duenik.

Sistema politiko bateko printzipio moduan, botere-banaketa Montesquieu filosofo politikoak planteatu zuen lehen aldiz 1748an bere De l’esprit des lois lanean eta geroztik munduko herrialde demokratiko askotako konstituzioetan agertzen da, Zuzenbide Estatuaren ezinbesteko baldintza moduan. Horren helburua erakunde horien tirania, prepotentzia edo nagusikeriari aurre egitea, botere horiei beste bi botereak kontrajarriz beti.

Montesquieuren hitzak aipa ditzagun botereen banaketaren inguruan:

*“Botere legegilea eta beterazlea pertsona berean bildurik daudenean, edo epaileekin batera, libertaterik ezin da izan … libertaterik ez da epaileen boterea botere legegile eta betearazletik banaturik ez badago; beldurra sor daitkeelako, monakra edo senatu berak lege tiranikoak plazratuko dituen, tiraniaz beterazteko. *

Ez dago libertaterik botere judiziala botere legegile eta berearazletik banatzen ez bada. Botere legegilearekin bildurik, subjektuaren bizitza eta askatasuna kontrol arbitrariopean leudeke, epailea legegilea litzatekeelako. Botere betearazlearekin bildurik, epailea indarkeriaz eta zabalkuntzaz joka lezake.

Dena galduko litzateke, gizon edo erakunde berak, izan noblea izan herrikidea, hiru botere horiek eskuratuko balitu, hain zuzen legeak ateratzekoa, aginpide publikoak betearaztekoa, eta indibiduoen auziak epaitzekoa.”

Ikus, gainera

4. Kapitulua

Botere legegilea

219 hitz

Estatu modernoen botere-banaketan, botere legegilea hiru botereetako bat da, botere exekutiboarekin eta botere judizialarekin batera. Bere zeregina hiritarren subiranotasuna eta borondatea ordezkatu eta estatuaren ordenamendu juridikoa osatzen duten legeak eta bestelako arau nagusiak sortu, onartu, aldatu eta derogatzea da. Botere legegilea legebiltzar, gorte edo ganbera izeneko organo edo erakundeen esku dago sistema parlamentarioetan, demokrazietan hiritarrak zuzenean hautaturiko ordezkariek osatua, baino beste batzuetan, botere-banaketa erabatekoa ez den kasuetan, hala nola diktaduretan, partzialki nahiz osorik estatuko beste erakunde batzuek izendaturikoa. Beste alde batetik, botere exekutiboa ganbera bakar batek edo, sistema bikameralean, bi ganberak osatu dezakete, orokorrean kongresua, hiritarrek zuzenean hautaturiko ordezkariek osatua, eta senatua, herrialdea osatzen duten probintzia, eskualde edo estatuetatik izendaturiko ordezkariek osaturikoa. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, poder legislativo.

Ikus, gainera

5. Kapitulua

Botere exekutibo edo betearazlea

164 hitz

Botere exekutiboa edo botere betearazlea botere banaketak ezartzen dituen hiru botereetako bat da, botere legegilearekin eta judizialarekin batera. Botere exekutiboaren zereginak botere legegiletik ezarritakoa bete eta aplikatzea da, eta zehazkiago politika publikoak eta administrazioa zuzentzea, lege-proiektuak eta aurrekontuak botere legegileari proposatzea eta araudiak osatzea. Botere legegilarekiko mendekotasuna ezinbestekoa da botere exekutiboaren jarduera kontrolatzeko. Organikoki, botere exekutiboa gobernuaren esku dago, presidentea eta ministroak buru.** Beste hizkuntzetan: **ingelesez, executive power; gaztelaniaz, poder ejecutivo.

6. Kapitulua

Botere judiziala

170 hitz

Estatuaren egituraketan, botere judiziala auziak eta ustezko lege urraketak justiziaz, legeek ezartzen dutenaren arabera, ebazten dituen botere edo estatu-erakundeen multzoa, epaile eta magistratuek osatzen dutena, epaitegi eta auzitegietan bilduta. Estatu modernoen botere banaketan, botere judiziala erabateko independentziaz jokatu behar du botere legegilearekiko eta botere exekutiboarekiko, legeak denontzat berdinak direla ziurtatu eta justizia azkenean herritik datorrela bermatzeko, hiritarrak baitira azkenean legearen sorburu, hauteskundeetan aukeraturiko ordezkari politikoen bitartez. Beste hizkuntzetan: ingelesez, judiciary; gaztelaniaz, poder judicial.

7. Kapitulua

Konstituzionalismoa

144 hitz

Konstituzionalismoa estatu baten eraketan estatuaren botereak mugatzea eta herritarren askatasunak bermatzea aldeztu eta lehenesten dituen doktrina politikoa da, Konstituzio izeneko arau goren baten bitartez. Ildo horren zabal baitan, konstituzionalismoaren zenbait aldaera bereizten dira, hala nola konstituzionalismo liberala, herritarren askatasunak nabarmenduz, eta konstituzionalismo soziala, berdintasuna eta gizarte ongizatea, eskubide sozialak alegia, lehenetsiz.

8. Kapitulua

Subiranotasuna

318 hitz

Politikan, subiranotasuna, subiranotza edo botere subiranoa. burujabetza ere deitua, estatu batek agindu eta gobernatzeko duen ahalmen politikoa da. Batzuetan burujabetza edo burujabetasun terminoak ere erabiltzen dira sinonimo gisa, baina horrelakoetan nazio edo herri batek beste nazio edo herri batzuetatik duen independentzia politikoaren adieran erabiltzen da bereziki. Etimologikoki, subiranotasun terminoa latinezko *super amus *esamoldetik dator, “jaun nagusia”, subirano denak duen botere gorenari erreferentzia eginez. Historian, antzinako Grezian eta Erroman botere politikoa indar eta ahalemn tazitoa izan zen, eta eskasak izan ziren subiranotasuna buruzko erreferentziak. Esan daiteke subiranotasun kontzeptua Erdi Aroaren bukaera aldera landuy zela, monarkak erresumako botere politiko, ekonomiko eta erlijioso osoa bereganatu nahi izan zuenean, Elizari eta jauntxoei aurre eginez. Garai hartako monarkak subirano bilakatu ziren beraz, botere osoa eskuratu zuten heinean. Nikolas Makiavelo (1469-1527) izan zen subiranotasunari buruzko hausnarketa sakona egin zuen lehena, botere absolutua monarkan zentralizatzen zuen estatu baten aldekoa, Printzipea lanean baieztatu zuen bezala. XVII. mendean sortu ziren monarkaren aurka eta herri subiranotasunaren aldeko teoriak, besteak beste John Lockeren eskutik (1632-1704), subiranotasuna herritarrek estatuarekin adostutako hitzarmen edo kontratu sozial batean oinarritzen zela aldeztuz. Ideia horretan oinarritzen da egun ere subiranotasun kontzeptu arruntena, non herritarrek demokraziaren bitartez haiek aukeraturiko ordezkari politikoei ematen dieten subiranotza garatzeko ahalmena, finean haien esku badago ere (ikus, ordezkaritza bidezko demokrazia).

Ikus, gainera

9. Kapitulua

Demokrazia

389 hitz

Demokraziasubiranotza, erabaki politikoak hartzeko ahalmena alegia, herritar guztiek berdintasunez duteneko ordena politikoa eta gobernu-mota da. Sistema politiko estatu gisa demkraziaz eratzen denean, estatu demokratikoa** dela esaten da. Zuzeneko demokrazia herritarrek erabakiak zuzenean hartzen dituzten sistema da; demokrazia ordezkagarrian, berriz, herritarrek erabakiak haien ordez hartuko dituzten ordezkariak aukeratzen dituzte, orokorrean politikariak deitzen direnak, gehienetan sistema multipartidista batean alderdi politikoetan integratuta. Demokrazia hitza antzinako grezierazko demokratia hitzetik dator (demos, “herria”, eta* kratos*, “gobernua” hitzetatik osatua), eta jatorrian K.a. V. mendean Antzinako Greziako zenbait hiri-estatuetan, Atenasen esaterako, garatu ziren sistema politikoak izendatzeko erabili zen.

Herriaren subiranotza baino haratago, demokrazia herritarren berdintasunean, demokrazia herriak ezarritako legearen aplikazioan, herritarren eskubide eta askatasunean, parte hartze askea bermatzen duen hauteskunde-sistema eta herritar guztientzako hezkuntza-sistema batean ere oinarritzen da. Aurkako erregimen politikoa diktadura da. Tradizio marxistan, ordea, estatu oro, nahiz demokratikoa, nahiz ez demokratikoa, zapaltzaileak dira, eta soilik klaserik gabeko gizarte komunista batean egongo lizateke benetako demokrazia.

Aipuak

  • “Niretzat demokrazia estatistikaren gehiegikeria da. Eta gainera ez dut uste inongo baliorik duenik. Uste duzu matematikako edo estetikako problema bat ebazteko jende gehiena kontsultatu behar dela? Nik esango nuke ezetz; orduan zergatik pentsatu behar da jende gehienak politikaz badakiela? Egia esan, ez dakite, eta lotsagabeen sekta batek engainaturik daude, nazioko politikariek alegia. Jaun eta andre horiek horien erretratuak zabaltzen doaz hortik, promesak egiten, batzuetan mehatxuak, jendea erosiz alegia. Nire ustez, politikariarena gizakiaren lanbide tristeenetakoa da. Hori ez dut esaten inongo politikari zehatzen aurka. Orokorrean diot, guztion aurrean jator agertu nahi duen pertsona bat lotsagabea dela guztiz. Ez diot inongo errespeturik politikariari, politikari gisa.” - Jorge Luis Borges.

Ikus, gainera

-Ordezkaritza bidezko demokrazia

10. Kapitulua

Demokrazia liberala

262 hitz

Demokrazia liberala liberalismo politiko eta ekonomikoa sustatzeko eratzen diren sistema politikoa da. Liberalismo politikoaren aldetik gizabanako bakoitzak, gizaki eta hiritar gisa, dituen eskubideak bermatzen ditu, giza eskubideak eta parte-hartze politikorako eskubide zibilak, berdinak guztientzat; liberalismo ekonomikoaren aldetik, jabetza pribatua eta ekimen ekonomikoa alegia, sustatzen ditu. Horretarako, estatu liberala izeneko botere egitura eta aparatu juridiko-politikoa eratu dira, hiritarrari ekimen ekonomikoa utzi baina aldi berean bere eskubidake eta parte-hartze politikoa estatuaren esku jartzen dituena, demokrazia ordezkatzailearen bitartez, hiritarra subjektu politiko pasibotzat hartuz. Demokrazia liberalak kapitalismoaren garapenerako espreski diseinaturiko sistema politikoak izan dira, XIX. mendetik aurrera osatzen joan direnak eta egun demokrazia gehienetan indarrean dagoen sistema da. Hala eta guztiz ere, badira sistema demokratiko alternatiboak: demokrazia popularrak herriaren eta herrikideen arteko berdintasunaren ideiak nabarmentzen ditu, liberalismo politikoa eta ekonomikoa bigarren maila batean jarriz; errepublikanismoak berriz, hiritar bakoitzaren parte-hartze politiko zuzena sakonkiago sustatzen du, eta ordezkari politikoak daudenean, haien kontrola estuagoa da demokrazia liberalean baino; gizartean komunitate desberdin eta bereiziak izan daitezkeela ere aitortzen du, eta berdintasunaren ideia bigarren maila batean utzi.

11. Kapitulua

Demokrazia parte-hartzailea

288 hitz

Demokrazia parte-hartzailea erregimen demokratiko batean demokrazia sendotzeko herritarren parte-hartzea sustatu eta bultzatu egiten duten ekimenen multzoa da. Kontzeptu politiko lausoa da, interpretazio aski desberdinak biltzen dituena bere baitan. Alde batetik, demokrazia ordezkatzailearen osagarri gisa erabili da, herritarrek politikan parte hartzeko duten eskubidea zuzenean garatu eta politikariak eta horien jarduna kontrolatzeko. Beste alde batetik, zuzeneko demokraziarekin ere lotu eta horren ia sinonimotzat ere hartu izan da, demokrazia ordezkatzailearen alternatiba gisa, politikarien bitartekotza baztertze aldera. Ildo batetik zein bestetik, demokrazia parte-hartzailearen tresna behinena erreferenduma dela esan daiteke, non herritarrek euren iritzia ematen duten gai jakin bati buruz, baino haratago ere joan beharko litzateke, politikak eta horien kontrola gardentasunez bermatuz, politikari eta kudeatzaileen arteko harremanak iraunkor bilakatuz eta abar. Nabarmendu behar da gainera, demokrazia parte-hartzailea ez dela soilik herritarrek indibidualki garatu behar duten eskubide bat; izan ere, eskubide kolektiboa ere bada, eta gizarte zibila osatzen duten erakunde eta elkarteen bitartez ere bideratu behar dela. Hala eta guztiz ere, demokrazia parte-hartzaileak baditu arriskuak ere, maiz herritarren zuzeneko parte-hartzea erregimen diktatorial eta autokratikoak justifikatu eta sendotzeko ere erabili izan delako, pluralismo politikoaren aurka. Beste hizkuntzetan: ingelesez, participatory democracy; gaztelaniaz, democracia participativa.

Ikus, gainera

12. Kapitulua

Hauteskunde-sistema

146 hitz

Hauteskunde-sistema bat herrialde jakin batean bozketa-prozedurak ezartzen dituen arau-multzoa da, herritarren erabakiak  etaordezkaritza zehazteko, hauteskundeetan hautatutako kargudunen bitartez. Helburu komuna herritarren borondatea ezagutzea bada ere, hainbat hauteskunde-sistema daude borondate hori agerian jartzeko, hala nola hautagaien zerrenda irekiak edo itxiak, barruti bakarrak edo anitzak, itzuli bateko edo biko hauteskundeak, etab. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, *sistema electoral. *

13. Kapitulua

Alderdi politikoak

270 hitz

Alderdi politikoa, partido politikoa edo partidu politikoa haien ideologia eta printzipio politikoen inguruan biltzen den pertsona talde instituzionalizatu eta formala da, hauteskundeen bitartez legebiltzar, udal eta beste erakunde politikoetara heldu eta haietan euren programa politiko eta soziala indarrean jarri eta gauzatu nahi duena. Beste ikuspegi baten arabera, alderdi politikoak hiritarren edo hiritar klase edo talde baten interesak denfendatuz, instituzio politikoetan parte hartuz haiekiko bitartekaritza lanak egiten dituzten erakundeak dira.

Alderdi politikoetako kideei militante edo afiliatu deitu ohi zaie, eta doktrina politikoen inguruan biltzen dira askotan, hala nola kontserbadurismoaren, abertzaletasunaren, ekologismoaren edo sozialismoaren inguruan, ideologia irekiko alderdiak ere badiren arren, helburutzat herritarren ongizatea eta gobernu eraginkorra besterik bilatzen ez dutenak; azkenik, lider baten inguruan biltzen diren alderdiak ere badaude. Alderdi politikoen barne jarduera estatutu batzuen bitartez arautzen da, non alderdiaren barne organoak eta funtzionamendua,  eta hauteskundeetarako hautagaiak nola aukeratu zehazten diren, besteak beste. Ohikoa da beste alde batetik alderdi politikoek kongresu edo biltzar orokorrak ospatzea, non alderdiaren ideologia eta programa politikoa zehazten den, militante guztien eskuhartzearekin.

Ikus, gainera

14. Kapitulua

Gobernua (definizioa)

151 hitz

Gobernua (latinezko gubernare hitzetik, “ontzi bat gidatu”) estatua eta horren administrazio pubikoa zuzendu eta kudeatu egiten dituen agintaritza da. Zabalean botere legegilea, judiziala eta exekutiboa biltzen ditu, baina orokorrean eta zentzu hertsiagoan botere exekutiboaren agintaritza politikoa da, demokrazia batean hiritarrek aldi baterako aukeratua bere ordezkarien bitartez. Beste hizkuntzetan: ingelesez, government; gaztelaniaz, gobierno.

Ikus, gainera

15. Kapitulua

Ongizatearen estatua eta ongizatearen gizartea

306 hitz

Ongizatearen estatua, ongizate-estatua edo probidentzia-estatua  herrialde bateko babes soziala, bizi-kalitatea eta segurtasun ekonomikoa bermatu eta sustatzeko estatutik eraturiko instituzio publikoen multzoa da, osasun, hezkuntza eta pentsio-sistemak ardatz nagusi dituena. Ongizatearen gizartea instituzio horien politikei esker osasun, hezkuntza eta orokorrean ongizate maila altuak dituen gizartea da. Bereziki XX. mendean zehar herrialde kapitalista aurreratuetan garatua, ongizate-estatuaren funtzioa merkatuak sorrarazitako errenta-desberdintasunak apaltzea da, baliabide publikoak bideratuz herritar guztiengana, herrialde horietako konstituzioetan ezarritako aukera-berdintasuna eta eskubide sozialak betearatzeko, klaseen arteko gatazkak apaldu eta nolabaiteko bake soziala lortze aldera. Historikoki, ongizatearen estatuaren aurrekariak XIX. mendearen bukaeran sortu ziren, gizarte aseguruekin, eta hezkuntza eta osasun-sistema publikoekin batera. XX. mendearen lehen hamarkadetan, estatu liberalaren ideia baztertuz joan zen eta estatu sozialarena indartzen, eta horren isla izan zen Estatu batuetan 1930eko hamarkadan ezarritako New Deal laguntza eta sustapen-programa zabala. XX. mendean zehar, ongizate-estatua zabaltzen joan zen herrialde aurreratuetan, osasun- eta hezkuntza-sistema publiko eta unibertsalak bultzatuz, sindikatuen rola onartuz, langabetuentzako babes-programak zabalduz eta bereziki pentsio-sistemak garatuz (ikus, segurantza soziala). 1970eko krisialdi ekonomikotik aurrera, ongizate-estatua krisian sartu zen, zerga-bilketaren gutxitzearen eta prestazio sozialen gehikuntzaren ondorioz. Horren aurrean, erantzun politikoak bi sailetan kokatzen dira: ezker politikotik ongizate-estatua nola edo hala atxiki eta indartu nahi dutenak, eta eskuin politikotik ongizate-estatua errealitate ekonomiko neoliberalera moldatu eta murriztu nahi dutenak.

Ikus, gainera

16. Kapitulua

Estatu liberala (erregimen liberala)

199 hitz

Estatu liberala edo erregimen liberala Antzinako Erregimena deuseztuz, hasiera batean Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran garatu ziren estatu eta erregimen politikoak izan ziren, maiz Iraultza Liberal batetik eratuak (bereziki Frantzian, 1789ko Frantses Iraultzarekin), giza eskubideak, demokrazia, hiritarren askatasunak, maila politikoan nahiz ekonomikoan, botere banaketa, legalitate printzipioa eta konstituzionalismoa ardatz gisa hartzen zituztenak. Egungo estatu moderno gehienek erregimen liberal horien jarraipen edo ondorio zuzena dira. Estatu liberalen eraketak garai horretan Industria Iraultzaren inguruan zabaltzen ari zen kapitalismoaren garapen beharrei erantzuten zien zuzenean, bereziki merkatu askeari ate guztiak irekiz eta estatuaren interbentzionismoa arlo ekonomiko eta sozialean minimotuz burgesiaren mesedetan.

17. Kapitulua

Monarkia konstituzionala

169 hitz

Monarkia konstituzionala, monarkia duala ere deitua, monarkak botere legegile eta exekutiboko eskumenak ditueneko erregimen politikoa da, konstituzio batek ezartzen dituen mugen barruan, subiranotasun partekatuko sistema baten bitartez. Monarkia absolutistaren, non monarkak botere absolutua duen, eta monarkia parlamentarioaren bitarteko erregimena dela esan daiteke. Monarkia konstituzionala duten herrialdeak dira, gaur egun, monarkaren atribuzio eta ahalmen gutxirekin bada ere, Erresuma Batua, Herbehereak, Danimarka eta Belgika, besteak beste. Ikus, gainera

18. Kapitulua

Errepublika

269 hitz

Errepublika (latinezko res publica esamoldetik, “estatua, interes orokorra”) herritar guztien partehartze politikoa sustatu egiten duen erregimen politikoa da, monarkia, tirania eta beste sistema pertsonalisten aurkakoa, eta herritar guztien berdintasunean eta haien eskubideak eta eginbeharrak eta gobernuaren mugak zehazten dituen konstituzio batean oinarritua. Demokraziarekin parekatu ohi den erregimena da, baina demokrazian gehiengoaren erabaki-ahalmena nabarmentzen den bitartean, errepublikan konstituzioak ezartzen dituen mugak lehenesten dira demokraziaren gainetik; beraz, demokrazioa errepublikaren ezaugarria litzateke, baina ñabardurekin.

Errepublika Antzinako Erroman sortu zen, monarkia irauli zuen erregimen politikoa izendatzeko. Ohartarazi behar da ordea, Antzinako Erroman herriak adiera murritzagoa zuela egun baino, eta plebea edo behe klasea baztertu egin zuela gehienetan, eta SPQR  edo Senatus Populusque Romanus leloan populus hitza, “herria”, patrizioen klaseari egiten ziola erreferentzia.1

Aro Modernoan, ordea, errepublika terminoak adiera zabalagoa hartzen joan zen eta konstituzio batean oinarrituako estatu demokratikoa izendatzeko erabili zen, monarkian ez bezala presidentea estatuburua duena. Errepublikako konstituzioetan askatasun politikoa, eskubide zibilak, berdintasuna, partehartze politikoa eta legearen nagusitasuna nabarmentzen dira.2

Erreferentziak

  1. The Idea of the American Republic. Richard B. Wells . http://www.mrc.uidaho.edu/~rwells/techdocs/The%20Idea%20of%20the%20American%20Republic%20-%20A%20Political%20Science%20Essay/Chapter%2001%20Fundamental%20Ideas%20of%20the%20Republic.pdf. Accessed 2010.

  2. Republicanism. Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/entries/republicanism/.

19. Kapitulua

Federazioak, federalismoa eta estatu federala

312 hitz

Federalismoa printzipioz subiranoak edo berez autonomoak diren entitate politikoen multzo batek eskumen batzuk partekatuz eratzen duen antolakuntza politikoa da, estatu federala edo federazio izeneko estatu zentral bat osatuz.  Estatu federal edo zentralak gai komun batzuk baino ez ditu kudeatzen, hala nola kanpo harremanak, defentsa eta banku zentrala, eta entitate federatuek berezko botere politiko gehiena atxikitzen dute, legegintzan, gobernuan eta justizian. Estatu federala eta konfederazioak antzeko sistemak diren arren, konfederazioan entitate politikoen arteko bereizketa nabarmenagoa da, federalismoan integrazioa edo batasuna, betiere norberaren autonomias errespetatuz, funtsezkoa den bitartean. Bereizi behar dira, halaber, estatu federala eta estatu deszentralizatua; azken honetan, estatu zentrala baita eskumen batzuk beste entitateen esku uzten dituena, federalismoan eskumen horiek entitate federatuek berez atxikitzen dituztelarik. Estatu federalen beste ezaugarri bat bikameralismoa da; hau da, parlamentua bi ganberek osatzen dute: lurralde mailako ganbera, Senatua, non entitate federatuek duten ordezkaritza; eta estatu federaleko hiritar guztiek ordezkatzen dituena, Asanblea Nazionala edo Kongresua, deitua gehienetan.

Estatu federalak dira, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Alemania eta Australia. Hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetako e pluribus, unum leloak (“askotatik, bat”)  ondo asko adierazten du federalismoaren mamia, jatorrian nazio subiranoak diren entitate politikoen batasuna alegia.

Estatu eremutik kanpo, federazioa erakunde autonomo batzuk bateratu egiten dituen elkartea ere bada, gai eta helburu komunak lantzeko. Horrela, adibidez, kirol federazioak herri mailako herri elkarteen batasunaz eratzen dira. Ikus, gainera

20. Kapitulua

Autonomia estatutua

158 hitz

Autonomia-estatutua herrialde baten baitan komunitate edo eskualde bat estatuak subjektu politiko gisa aitortu eta hark bere burua gobernatzeko ezartzen den arau gorena da, komunitateari dagozkion eskumen edo konpetentzia politikoak zehaztuz, arlo legegilean, exekutiboan nahiz judizialean, herrialdeko konstituzioak jarritako mugen baitan. Espainian, komunitate autonomo edo autonomia erkidego bakoitzean bertako autonomiaren markoa definitzen duen arauaren izen ofiziala da. Beste hizkuntztena: gaztelaniaz, estatuto de autonomía.

21. Kapitulua

Nazioa

141 hitz

Nazioa historia, kultura edo hizkuntza komuna partekatzen duten pertsonen komunitatea da, eta identitate partekatu eta batasun-sentimendu kolektibo horretatik subjektu politiko subirano gisa eratzen dira, erakunde politiko autonomoak osatuz, normalean estatu independente propioa, edo, gutxienez, hori lortu nahi dute. Horrela, nazioa estatu-nozioaren aurreko identitate-espazio gisa eratzen da. Ikus, gainera

22. Kapitulua

Nazio-estatuak

213 hitz

Nazio-estatuak estatu gisa eraturiko entitate politikoak dira, aldi berean berezko nazio, historia, kultura eta hizkuntza dituztenak. Estatu gisa, nazio-estatuek berezko ezaugarri horiek dituen lurralde jakin batean euren aginte politikoa eta gobernua eratzen dute, horretarako sistema politiko eta ordenamendu juridiko finkoetan oinarritutako instituzio politikoak garatuz. Nazio-estatuak XVIII-XIX mendeetan garatu ziren, Antzinako Erregimenaren erorketarekin batera, Europan nahiz Amerikan, aurreko absolutismoa ordeztuz, subiranotasuna monarkaren eskutik estatura eta hortik herrira aldatuz. Zehatzago, Westfaliako Bakea izeneko ituna hartzen da nazio-estatuaren abiapuntutzat, 1648 urtean. Europako monarkiek estatu-nazio bakoitzaren lurraldetasuna eta subiranotasuna aitortu zituztenean, kanpoko injerentziak baztertuz. Nazio-estatuen lurraldetasun horretatik hiritartasunaren eta demokraziaren ideiak eratorri ziren. Egun, munduko herrialde eta nazio gehienak eraturik dauden forma politiko kolektiboa da.** Beste hizkuntzetan: **ingelesez, nation states; gaztelaniaz, estados nación.

23. Kapitulua

Nazionalismoa

278 hitz

Nazionalismoa nazioaren kontzeptu historiko eta identitarioaren inguruko batasun eta ordena soziala aldarrikatzen duen ideologia eta mugimendu sozial eta politikoa da, irudikatutako nazioaren interes kolektiboak, izan ekonomikoak, geopolitikoak edo kulturalak, babestu eta sustatu egiten dituena, eta azken helburu gisa estatua bereganatuz nazioa eraiki, sendotu eta aurreratzea duena. Maiz, nazionalismoak kanpoko etsaien aurka jotzen du, izan errealak edo asmatuak, baina aldi berean etsai horietan oinarritzen da herritarren kontzientzia nazionala indartu, bere ideologia zabaldu eta botere politikoa eskuratzeko. Ildo horretatik, bereizi egin behar dira nazionalismoa eta abertzaletasuna edo patriotismoa, azken hau aberria, norberaren nazioa, defendatzeko jarrera pertsonal eta kolektiboa dela, baina horren inguruan ideologia politikorik eratu eta estatuaren  bereganatzeko asmorik gabe. Hala ere, nazionalismoak eta abertzaletasunak osagaiak partekatzen dituzte, bereziki jatorriari dagokionean: biek ala biek komunitatea nazionalaren sentimendua dute jatorri, baina nazionalismoa haratago doa maiz eta handinahia bilatzen du, maiz beste nazioak menderatuz eta zapalduz, nazioaren interesak neurrigabe garatuz. Esan liteke, hartara, abertzaletasuna elkartasunean eta askatasunean oinarritutako nazionalismoa dela (ikus, internazionalismoa), botere politikoa baino balore etikoak, eskubideak eta printzipio politiko demokratikoak sustatzen dituena. Ikus, gainera

24. Kapitulua

Internazionalismoa

172 hitz

Bulgariako Brigada Internaziola, Espainiako Gerra Zibilean.

Internazionalismoa nazio eta herrialde guztietako klase langileen arteko elkartasuna eta batasuna aldarrikatzen duen mugimendu politikoa da, bereziki sozialismotik eta anarkismotik bultzatua, kapitalismoa suntsitze aldera. Historian modu desberidnetara gauzatu den mugimendua da: batasun politikoak eratuz (Langileen Internazionalak), iraultzan edo borroka sozialetan murgilduta zeuden beste herrialdeetan militantzia eskainiz, Espainiako Gerra Zibilean brigada internazionalistetan parte hartuz faxismoaren aurka, eta egun perspektiba zabalagoarekin, pobreziaren aurka eta garapen ekonomiko eta sozialaren alde lan eginez Gobernuz Kanpoko Erakundeetan. Ikus, gainera

25. Kapitulua

Liberalismoa

247 hitz

Liberalismoa doktrina politiko eta ekonomikoa da, bere definizioari buruz lausoa, baina orokorrean indibidualismoa lehenetsi (bereziki, askatasun indibiduala eta jabetza eta ekimen ekonomiko pribatua, merkatu aske baten baitan) eta interes publikoa eta beraz estatuaren eskuhartzea mugatu nahi duena, herritarren askatasuna eta erabakimen askean oinarritua. Liberalismoan, gizartea interes ezberdinak dituzten banakoek osatzen dutela irizten da; interes horiek, ordea, osagarriak dira gehienetan, eta gizarte aurrerabidean jartzen dute; interesen arteko gatazka dagoenean, negoziazioa hartzen da konponbiderako tresna nagusitzat. Hala ere, ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen da Europatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik; Estatu Batuetan sozialdemokrazia arin baten antzeko ideologia politikoa litzatekeen bitartean, Europan merkatuen erregulazio-eza eta askatasun ekonomikoa aldezten dituen doktrina ekonomikoa da. 1 2

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Moravcsik A. Liberalism and International relations . princeton.edu. https://www.princeton.edu/~amoravcs/library/liberalism_working.pdf. Accessed 2017.

  2. Barry B. Liberalism and Muitculturalism. Ethical Perspectives. 1997;4:3-14. http://www.ethical-perspectives.be/viewpic.php?LAN=E&TABLE=EP&ID=418. [Source]

26. Kapitulua

Sozialismo marxista

279 hitz

Loturiko hitzak: sozialismo, marxismo

Marxismoak definitzen duen eredu ekonomiko eta soziala da sozialismo marxista. Hasiera batean, ekoizpen-bideak langileen esku dauden gizarte bat deskribatzen du, kapitalismoarekin aurka, non ekoizpen-bideen jabetza pribatua, kapitalisten esku dagoena, gizartea antolatzeko funtsezko printzipioa den; haratago joanda, sozialismoak jabetza sozialista ezeztatua izan den gizarte bat ere deskribatuko luke. Karl Marxek eta Friedrich Engelsek komunismo terminoa erabili zuten hasiera batean eredu hori izendatzeko, baina proletarioen inposaketarekin eta diktadurarekin lotutako termino horrek hartu zuen konnotazio negatiboa kontuan hartuta, azkenean sozialismoa terminoa izan zen teoria marxistan nagusitu zena.

Bestalde, sozialismo marxista terminoak sozialismo zientifikoa ere aipatzen du, arrazionalki justifikatutako sozialismoa, kasu honetan materialismo historiko eta dialektikoan oinarrituta errealitatea aztertzeko metodo gisa, XIX. mendeko lehen hamarkadetako sozialista utopikoen ideia eta proposamenen aurrean, boluntarismo hutsean oinarrituta.

Geroago, marxismoak hasieran izan zuen halako utopismoa gaindituz, sozialismoa komunismoaren azken estatu ideal bateranzko trantsizio-etapa gisa definitu zen. Sozialisten garaian, Estatuak bere gain hartuko zituen ekoizpen-bideak, proletarioen agintepeko diktadura-erregimenean kapitalistak derrigor eta indarrez desjabetu ondoren. Beharrezko baldintza sozialak ezarri ondoren,komunismoaren azken egoerara iritsiko litzateke gizartea, non pertsonak askatasunean, berdintasunean eta harmonian biziko liratekeen estaturik gabeko gizarte batean.

27. Kapitulua

Komunismoa

373 hitz

Komunismoa ekoizpen-bitartekoen jabetza kolektiboa dela, gizarte osoarena alegia, defendatzen duen teoria eta ideologia politikoa eta teoria hori praktikara eramaten duen sistema sozioekonomikoa da. Gizarte komunistak, non ondasun guztiak guztionak diren eta partekatu egiten diren eta denok aberastasun materialez berdinak garen (ikus, berdinzaletasuna), antzinatik amestu, pentsatu eta teorizatu badira ere, komunismoaren egungo esanahia teoria marxistatik eratortzen da, ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatuan oinarritzen den kapitalismoaren guztiz aurka dagoen ideologia gisa. Zehaztu behar da, ordea, marxismoan bereizi egiten direla sozialismoa, proletarioek botere politikoa bereganatu eta ekoizpen-bideak sozializatu egiten direnean gertatzen den egoera, eta komunismoa, dena guztiona eta guztiontzat den gizartea, sozialismoaren azken helburua izan behar dena eta klase-borrokaren eta iraultzaren bitartez gauzatuko dena, betiere marxisten ustez. Anarkismoaren korronte batzuetatik ere, haien artean anarkokomunismotik, proposatzen da komunismoa sistema gisa. Errealitate historiko gisa, komunismo primitiboa deitzen zaio antzinako herri eta herri indigena batzuetan zegoen elkartasun egoerari;  berdintasunean dena partekatzen diren komunitateak ere izan dira historian zehar, hala nola monastegiak; marxismoaren ikuspuntutik, ordea, komunismoa, edo zehatzago bloke komunista edo herrialde komunistak 1917ko Errusiako Iraultzatik eta Sobietar Batasunaren sorrerarekin XX. mendean garatu den sistema politiko eta ekonomikoa izan da, marxismoaren printzipioetan oinarritu dena eta ekoizpen-bide nagusiak kolektibizatu edo sozializatu egin dituena, ekimen ekonomiko pribatua baztertuz eta planifikazio ekonomiko zentralizatua garatuz; sistema komunista horretan bildu ziren Sobietar Batasuna, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Europa Ekialde herrialde batzuk (ikus, gainera, Altzairuzko Teloia), Txina eta Kuba, deskolonizatutako beste herrialde batzuekin batera, gehienetan sistema diktatorialak eratuz. Europa Ekialdeko herrialde komunistetan izandako 1989ko Iraultzek eta Sobietar Batasunaren kolapsoak 1991 urtean sistema komunistaren erabateko gainbehera ekarri zuten eta egun herrialde komunistaren izaera aldarrikatzen duten herrialde bakarrak Txina, Kuba, Laos, Ipar Korea eta Vietnam dira. Ikus, gainera

28. Kapitulua

Anarkismoa

244 hitz

Anarkismoa askatasun indibiduala aldarrikatuz eta gizartearen eraketa adostasunez eta autogestioz egin daitekeela baieztatuz, agintea eta boterea, bereziki hierarkikoa eta estatuarena, arbuiatzen dituen teoria filosofiko eta politikoa da. Gehienetan ezker politikoan kokatzen da. Willian Godwin filosofoak 1793an gobernuaren eta estatuaren aurka idatzitako lan bat izan zen anarkismo filosofikoaren abiapuntua. Anarkismoa praxis politiko iraultzailea ere bada, XIX. mendeko langile mugimenduaren baitan garatua, Proudhon, Owen eta Bakunin-en eskutik besteak beste, kapitalismoaren, jabetza pribatuaren eta orokorrean agintean oinarritzen diren sistema politiko guztien aurka, maiz ekintza zuzena justifikatuz. Ideologia utopikotzat ere hartu da, gizakien arteko berezko harmonia aldarrikatuz, eta printzipio anarkisten arabera eratutako komunitateak eratu izan direnez, harmonia hori garatze aldera. Politikaz haraindi, anarkismoa joera filosofiko, artistiko edo literarioa ere bada, ezagutzaren eta artearen oinarriak ukatuz, jarrera eszeptiko baten bitartez eta sormenean erabateko askatasunaren aldekoa. 1

Ikus, gainera

-Komunismoa

Erreferentziak

  1. Anarchism. Stanford Encyclopedia of Philosophy. https://plato.stanford.edu/entries/anarchism/. Eskuratua urriak 22, 2017.
29. Kapitulua

Faxismoa

245 hitz

Faxismoa estatua balio moral eta politiko guztien gainetik ideia absolutu gisa hartzen duen ideologia politiko totalitarioa da, nazioaren, aberriaren eta arrazaren gorespenaren inguruan ardazten dena. Demokraziarenliberalismoaren, askatasun indibidualen eta arrazionalismo politikoaren aurkakoa, aniztasun politiko, sozial eta kulturala estatuaren ideia absolutuarekin talka egiten baitu,  autokrazia, ultranazionalismoa, militarismoa, belizismoa, liderraren nortasunaren gurtza, antikomunismoa eta antisozialismoa (klase sozialen kontzeptuaren guztiz aurkakoa baita, ideia horrek herria zatitu egiten baitu) eta disidentziaren aurkako errepresioa eta indarkeria dira faxismoaren beste ezaugarri batzuk. Espektro politikoan, eskuin muturrean kokatzen da, eskuin kontserbadorearen beraren aurkakoa. Bere adiera konkretuan, faxismoa XX. mendean garatu eta  gauzatu zen ideologia eta erregimen politikoa izan zen, Italian 1922-1943 bitartean, Benito Mussoliniren gidaritzapean, baina beste erregimen eta ideologia politika batzuk, hala nola nazismoa, frankismoa eta beste diktadura eta autokrazia batzuek ideologia horretan oinarritu dira. Beste hizkuintzetan: ingelesez, fascism; gaztelaniaz, fascismo.

Ikus, gainera

30. Kapitulua

Autoritarismoa

147 hitz

Autoritarismoa aginte politikoa elite baten eskutan ezartzen duen sistema politikoetako egoera da, instituzio politiko eta herritarren gehiengoari erabakiak hartzeko ahalmena murriztu edo ezabatu egiten direnean, egoera hori iraunarazteko kontrol politikorako tresnak eratuz. Autoritarismoak erregimen autokratikoen eta diktaduren ezaugarri nagusia da, eta intolerantzia, intrantsigentzia, errepresioa eta azkenean totalitarismoa inplikatzen ditu maiz. Ikus, gainera

31. Kapitulua

Legitimitatea (zilegitasuna)

159 hitz

Zuzenbidean eta politikan, legitimitatea edo zilegitasuna esfera publikoan erabaki eta burutzen diren ekintzak ordenamendu juridikoarekin bat etorri (legalitate formala edo legalitate-printzipioa) eta aldi berean, botere publikoetatik hartzen diren erabakiei dagokienean, horiek kontsentsua sortzeko duten ahalmena da, erabaki horiek bidezkoak izan daitezen hertsapenik gabe errespetatu eta onartuz. Zehazki, erabaki eta ekintza legitimoek baliozkoak (legezkoak alegia), bidezkoak (ikus, justizia) eta eraginkorrak izan behar dira. Ikus, gainera

32. Kapitulua

Diplomazia

191 hitz

Diplomazia estatu batean beste estatuekiko harreman politiko, ekonomiko eta administratiboez arduratzen diren pertsona eta erakundeen multzoa, hala nola enbaxadoreak eta kontsulak, nahiz haiek garatzen duten jarduera da, modu baketsuan eta lankidetzan, betiere herrialdearen eta herritarren interesak defendatuz. Diplomazio testuinguru bilateral edo alde bikoetan nahiz multilateral edo alde anitzekoetan gara daiteke: diplomazia bilaterala da bi herrialdeen artean garatzen denean, hirugarren estatuen parte hartze zuzenik gabe; diplomazia multilaterala herrialde batzuen artean batera gertatzen da, eta gehienetan nazioarteko erakundeen bitartez garatzen da, hala nola Nazio Batuen Erakundearen edo Europar Batasunaren baitan.** Beste hizkuntzetan: **ingelesez, diplomacy; gaztelaniaz, diplomacia.

Ikus, gainera

Irakurleari

Artikulu bat eskatu

Erabili galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun.