Gizapedia

Giza · Gizarte · Zientziak

Ikasliburua: Historia garaikidea — XX. mendea

XX. mendeko gertaera nagusiak ulertzeko bide bat: Bigarren Mundu Gerra, Gerra Hotza, kolapso sozialista eta globalizazioa.

20 artikulu 20 kapitulu
1. Kapitulua

Industria Iraultza

252 hitz

Industria Iraultza, Lehen Industria Iraultza edo Lehenengo Industria Iraultza ere deitzen dena,  hasiera batean bereziki Europan eta Ipar Amerikan XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendeetan eta gero mundu osora zabaldu den aldaketa historikoa da, ekoizpenean makinen erabilera intentsiboa, lantegi handien garapena eta kapital industrial eta finantzarioaren garapena bildu zituena, produktibitatea eta efizientzia izugarri gehituz. Oinarrian aldaketa ekonomikoa den horrek aldaketa sozial handiak ere eragin zituen, bereziki hirien garapena eta landaren hustea, populazioaren zati handi bat nekazaritza eta lehen sektoreko beste jardueretatik produktu industrialen ekoizpenera bideratuz. Produktu industrialak (hasiera batean bereziki ehungintzarekin lotuak) asko merketu ziren produktibitate gehikuntza horren ondorioz, eta haientzako merkatu zabala eratu zen, garai batean artisau lana ziren produktuen merkatu txikien aldean. Ikus, gainera

2. Kapitulua

Bigarren Industria Iraultza

196 hitz

Bigarren Industria Iraultza 1870tik XX. mendearen erdialdera arte Mendebaldean izan zen garapen industrial handiko aldi historikoa izan zen. Lehen Industria Iraultzan bezalaxe, aurrerapen teknologikoak eta energia-iturri berriak izan ziren industria-garapenaren aldi hau bultzatu zutenak, hala nola altzairuaren ekoizpen masibo eta merkea, Bessemer bihurgailuen bitartez, petrolioaren ustiapena, elektrizitatea eta errekuntzako motorra. Berrikuntza horien ondorioz, industria-sektore berriak garatu ziren hala nola automozioa eta industria kimikoa. Garraiobideetan, aipagarria da aldi horretan zehar trenbideak munduzabalean izan zuen garapen itzela. Garapen industriala bultzatu zuten beste faktore edo eragile garrantzitsuak taylorismo edo lanaren antolakuntza zientifikoa eta fordismoa edo kateko produkzioa. Ikus, gainera

3. Kapitulua

Hirugarren industria iraultza

311 hitz

Robotika izan da hirugarren industria-iraultzaren eragile nagusi bat. Irudian, robotak lanean auto-lantegi batean.

Hirugarren industria-iraultza 1970eko hamarkadatik eta XX. mendea bukatu arte garatu ziren aldaketa teknologiko eta produktiboen multzoari eman zaion izena da. Aipatu behar da 1970eko hamarkadan mundua krisialdi ekonomiko larri batean murgildurik zebilela, 1973 petrolio-krisiaren ondorioz, eta XX. mendean zehar garatu zen eredu produktibo fordista ere gainbeheran zegoela. 1970-80 arte industria astuna izan zen gainera ekonomiaren eragile nagusia.

Aldi berean ordea, mikroelektronikak eta informazio eta komunikazio teknologia berriek aukera berri bat zabaldu zuten industria-prozesuak berritu eta produktu eta zerbitzu berriak merkaturatzeko.  Sistema kapitalistak ez zuen aukera galdu eta produktibitatea eta gainbalioa gehitzeko aipaturiko sektoreak jarri zituen abiada bizian, beste sektoreen  gainbeherari buelta emateko, bereziki 1980ko hamarkadatik: ordenagailuak, gailu elektronikoak, sektore aeroespaziala eta robotika. Bioteknologia ere aldi horretan nabarmen garatu den sektorea izanda. Beraz, esan daiteke industria astunetik (siderurgia, zementoa, petrokimika) industria arinerako jauzi bat ekarri zuela hirugarren industria-iraultzak.  Elektronikan oinarritutako teknologia berri horien eskaria nabarmen handitu zen enpresa zein familien artean, eta horien erabilera ekoizpen-prozesuetan automatizazioa areagotu zuen, produktibitatea gehituz. Antolakuntza industrialaren arloan, berriz, sektore askotan kateko ekoizpena ordeztu zuen ekoizpen malgua, serie txikietan alegia, da aipagarri. Petrolio-krisia gainditzeko berriz, energia nuklearra izan zen urte horietan euskarri handiena mendebaldeko herrialdeetan, eta energia berriztagarriak ondoren. Ikus, gainera

4. Kapitulua

Frantziako Iraultza (Frantses Iraultza)

182 hitz

Frantziako Iraultza edo Frantses Iraultza Frantzian 1789 urtean abiarazitako nahasmendu eta astinaldi politiko bizien garaia izan zen, non monarkia absolutistarekin eta Antzinako Erregimenarekin bukatu eta monarkia konstituzionaleko erregimen politiko labur batean ondoren, Frantziako Errepublika aldarrikatu zen. Erregimen politikoaren aldaketa horiekin batera, Frantziako Iraultzak hiritarren eskubide indibidualak, bereziki berdintasuna eta askatasuna, eta horien defentsa, estatuaren oinarri gisa ezarri zituen, estatu moderno eta demokratikoen aroa zabalduz Europa eta mundu osora. Ikus, gainera

5. Kapitulua

XIX. mendeko iraultza liberalak

463 hitz

Eugéne Delacroix: Askatasuna, herriaren gidari. 1830ko Frantziako Iraultza irudikatzen du.

XIX. mendeko iraultza liberalak bereziki 1820an, 1830ean eta 1848an Europako zenbait herrialdetan monarkia absolutisten aurka eta demokrazia parlamentario eta liberalen alde gertatu ziren herri mugimenduak izan ziren.1820ko iraultzak

1820ko Iraultza Espainian abiarazi zen, Riegoren pronuntziamenduarekin, Fernando VII.aren Seiurteko Absolutistaren amaiera eta Hirurteko Liberalari bide emanez. Italia, Grezia eta Portugalera ere zabaldu zen. Iraultza horien aurka, mugimendu kontrairaultzaileak izan ziren: Espainiara, San Luisen Ehun Mila Semeak izeneko kontingente militarra sartu zen, Hirurteko Liberalari amaiera emateko, Zorizgaiztoko Hamarkada abiaraziz; horrekin batera, Portugalen 1820an hasitako aldi liberala ere bukatu zen, Vila-Francada izeneko konspirazioaren eta altxamenduaren ondorioz;Italian Austriako tropak izan ziren esku hartu zutenak absolutismoa berrezartzeko. Grezian iraultzak kutsu nazionalista hartu zuen 1821etik hasita, turkiarren aurkako independentzia gerra gisa, azkenean 1830ean independentzia lortuko zuena. Errusia izan zen iraultza hauen zikloa itxi zuena, 1825eko Abenduko Altxamenduarekin, baina horrek ere porrot egin zuen errepresio gogor batekin batera.1830ko iraultzak

1830eko iraultzaren abiapuntua Paris izan zen, non 1930eko uztailean Parisko herritarrak Bigarren Berrezarkuntza izeneko erregimen monarkikoaren aurka altxatu ziren, Karlos X.a errege zelarik. Erregimena 1820tik egon zen absolutisten esku, eta azken denboretan krisi ekonomiko larria pairatzen ari zen. Parisko herritarrek altxaturiko barrikadez josita eta erregearen aldeko tropek matxinada kontrolatu ezinik, borboitar erregeak abdikatu eta Luis Orleansekoa bihurtu zen errege, liberal monarkikoek sustatuta, 1848 urtera arte iraungo zuen eta Bigarren Berrezarkuntza baino kutsu liberalagoa izan zuen Uztaileko Monarkiaren erregimena abiaraziz. Iraultza Belgikara zabaldu zen eta Herbehereetatik independentzia lortu zuen. Italiako eta Alemaniako estatuetan nahiz Polonian ere altxamendu liberal eta nazionalistak izan ziren, baina zapalduak izan ziren.1848ko iraultzak

1815eko Vienako Biltzarretik indarrean egon zen Europa absolutista desegin zuen iraultza izan zen, demokrazia liberalak Europa osoan finkatu zituena. Bi Sizilietako Erresuman izan zen lehenengo altxamendua, baina sortutako estatu liberalak gutxi iraun zuen; hala eta guztiz ere, 12 urte geroago izango zen Italiaren bateratzearen abiapuntua izan zen. Frantziako iraultza klaseen arteko gatazka izan zen eta lehena izan zen langileak protagonista izan zituena; Bigarren Errepublika aurrerakoia zabaldu zuen, baina erreakzio kontserbadore baten ondorioz, Bigarren Inperioaren garaia ekarri zuen ondoren, 1870 urtera arte. Alemanian kutsu nazionalista hartu zuen iraultzak, estatu alemaniar bateratu demokratiko eta liberal baten alde; porrot egin zuen azkenik eta Alemaniaren bateratzea ez zen ordea lortuko 1871 urtera arte.

6. Kapitulua

Nazioen Elkartea (Nazioen Liga)

216 hitz

Nazioen Elkartea edo Nazioen Liga Lehen Mundu Gerraren bukaeran, 1919 urtean, sortutako nazioarteko erakundea izan zen, Mundu gerraren osteko nazioarteko harremanak bideratu eta bakea sustatzeko sortua. Nazio Batuen Erakundearen aitzindaria izan zela esan daiteke. Alemania eta Turkia baztertuak izan ziren hasiera batean, eta Sobietar Batasuna ez zen 1937 arte integratu, 1939an kanporatua izan bazen ere. Bere asmo sendo eta zintzoak gorabehera, Nazioen Elkarteak istilu eta gatazka ugari kudeatu izan zituen, maiz arrakastarik gabe, bereziki Italia, Alemania eta Japoniako militarismoa eta proiektu espantsionistak. 1930eko hamarkdaren bukaerarako, Bigarren Mundu Gerraren atarian, Nazioen Elkartea errelebantziarik gabeko erakundea zen, baina indarrean jarraitu zuen 1946 urtean desegin zen arte, Nazio Batuen Erakundea sortu eta gutxira. Beste hizkuntzetan: ingelesez, League of Nations; gaztelaniaz, Sociedad de Naciones.

7. Kapitulua

Versaillesko Ituna (1919)

395 hitz

*Agian 1783ko Versaillesko ituna bilatzen ari zinen. *

Versallesko Ituna edo Versaillesko Ituna Lehen Mundu Gerraren ondoren, Aliatuek (Frantzia, Britainiar Inperioa, Estatu Batuak, Italia eta Japonia) Alemaniarekin sinaturiko bake-ituna izan zen, non gerra galduta, Alemaniak onartu egiten zituen Aliatuek ezarritako baldintza gogorrak. Lehen Mundu Gerra 1918ko azaroaren 11an bukatu bazen ere, bake-ituna hilabete batzuk beranduago sinatu zen, 1919ko ekainaren 28an, Parisko Bake Konferentzian izandako negoziazio luzeen ondoren, Versaillesko jauregian zehatzago, eta munduko beste hainbat herrialdeen atxikimendua lortu zuen. Itunaren adierazpen nagusi bezala, Alemaniak onartu egiten zuen gerraren eta horren ondorio latzen ardura osoa, eta horien kalte ordaina eta konpentsazioa hartzen zuen bere gain. Ituna osatzen duten baldintzen artean Alemaniako armadaren desarmatzea, Alemaniakoak ziren lurralde batzuk beste herrialdeen esku uztea eta kalteen ordainketa zegoen. Beste klausula asko ere ezarri ziren; esaterako, Versallesko Itunak langileen eskubideei buruzko hanbai arau ezarri zituen, hala nola lanaldiaren murrizketa, haurren lanaren abolizioa eta gizon eta emakumeen lanaren berdintasuna onartuz, gerran parte hartu zuten herrialdeek gerra aurretik bizi izan zituzten lan gatazka gogorrak saiheste aldera; hain zuzen ere, arau horiei jarraiki eta Versallesko Itunaren babespean sortu zen Nazioarteko Lanaren Erakundea, egun ere Nazio Batuen baitan mundu mailako lan-erakundea dena.

Versallesko Ituna bake-tratatutzat hartzen bada ere, azkenean gerra garaileek Alemaniari inposaturiko baldintzak ziren neurri handi batean. Inposaketa edo Alemanian esaten zen bezala Diktat horren ondorioak laster ikusi ziren. Alemanian ondorio ekonomikoak larriak izan ziren. Aleman askok eta askok umiliaziotzat hartzen zen horretatik etorri zen 1920ko hamarkadan zehar nazien alderdiaren sorrera eta gorakada nabarmena. 1930eko hamarkadaren hasieran bereganatu zuen boterea nazien alderdiak, eta Versalleseko Itunaren klausula guztiak indargabetu zituzten. Nazien ideologia ultranazionalistak ekarriko zuen 1939 urtean Bigarren Mundu Gerra. Beraz, hasiera batean bake-tratatua izan behar zena, munduko bigarren gerra baterako hazia izan zen.

Ikus, gainera

8. Kapitulua

Weimarko Errepublika

221 hitz

Weimarko Errepublika 1918tik, Alemaniak galdu zuen Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik, 1933 urtera bitartean, nazien eskutik Hirugarren Reich delakoa indarrean sartu zenean, Alemanian egon zen erregimen politiko demokratikoa izan zen. Ezegonkortasun eta nahasmendu politiko, sozial eta ekonomiko  handiko aroa izan zen: herrialdeak gerra galtzeagatik Versallesko tratatuaren ondorioka pairatu zituen, ezker eta eskuinzaleen etengabeko arteko liskar giroan, herri altxamenduak eta estatu kolpe bat izan ziren (ikus, gainera, Municheko Putsch-a) eta herrialde osoa hiperinflazio baten mendean izan zen aurrena, eta gero Depresio Handia pairatu zuen (ikus, gainera, Rhur-en okupazioa eta Dawes Plana). Azkenean, Adolf Hitlerrek bereganatu zuen boterea, nahasmendu politiko handiko giroan Reichstag edo legebiltzarrak nahita piztutako sutean erre eta gero, Hitlerrek bere diktadura propio garatutako lege baten bitartez indarrean jarri zuenean. Ikus, gainera

9. Kapitulua

1929ko kraka

351 hitz

1929ko kraka: jende oldea New Yorkeko Wall Street-en, burtsako erakinaren aurrean.

**1929ko kraka (*1929ko crakca, *1929ko kraxa) **1929ko urrian Ameriketako Estatu Batuetako burtsetako bat-bateko beherakada izan zen, ondorioz Depresio Handia izeneko atzeraldi ekonomikoa ekarri zuena hurrengo hamar urteetan. Horren aurrekaria 1920 hamarkadako erdialdetik aurrera burtsako akzioen prezioen gorakada handia izan zen, burbuila finantzario izugarria eragin zuena. Horren ondorioz, akzioak espekulaziorako erabili ziren, irabazi azkar eta oparoen esperoan. Jende arrunta ere burtsan inbertitzen hasi zen, horretarako maileguak eskatuz eta beren etxeak ere hipotekatuz. Burbuila espekulatiboa 1929ko urrian lehertu zen, Herbert Hoover presidente zelarik. Lehenagotik horren zantzuak sumatu zitezkeen, ordea: interes-tasak igo ziren urte horretan, kreditua murriztuz; itzuli gabeko maileguak ugaltzen hasi ziren eta sektore produktiboetan atzeraldi ekonomikoa hasita zegoen. 1929ko urriaren 24an, Ostegun Beltza deitu zen horretan, izua zabaldu zen jendartean eta dirua galtzeko beldurrez jendea akzioak saltzera joan zen arrapaladan eta tropelka. Egun horretan, hala ere, bankuek ahalegin handiak egin zituzten saltzen ari ziren akzioak erosteko, eta azkenean, akzioen prezioa %6 baino ez zen jaitsi, Dow Jones indizearen arabera. Astelehenean ordea, Astelehen Beltzean alegia, akzioen prezioak beherantz jarraitu zuen eta azkenean %12.8 jaitsi ziren. Astearte Beltzean beste %12 jaitsi zen akzioen balioa. Azkenean ondorioak askoz ere latzagoak izan ziren, akzioen beharakadatik haratago Depresio Handia izeneko atzeraldi ekonomikoa etorri baitzen, milioika langile langabezian utziz, nekazariak porrotera eramanez eta pobrezia zabalduz, belaunaldi oso bat markatuz. Horri aurre egiteko New Deal izeneko programa ekonomikoa zabaldu zuen Franklin Roosevelt presidente berria 1933an, neurri batean ondorio latzak arindu zituena.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, crack bursátil de 1929.

Ikus, gainera

  • krak, Gizapediako hiztegian.
10. Kapitulua

Faxismoa

245 hitz

Faxismoa estatua balio moral eta politiko guztien gainetik ideia absolutu gisa hartzen duen ideologia politiko totalitarioa da, nazioaren, aberriaren eta arrazaren gorespenaren inguruan ardazten dena. Demokraziarenliberalismoaren, askatasun indibidualen eta arrazionalismo politikoaren aurkakoa, aniztasun politiko, sozial eta kulturala estatuaren ideia absolutuarekin talka egiten baitu,  autokrazia, ultranazionalismoa, militarismoa, belizismoa, liderraren nortasunaren gurtza, antikomunismoa eta antisozialismoa (klase sozialen kontzeptuaren guztiz aurkakoa baita, ideia horrek herria zatitu egiten baitu) eta disidentziaren aurkako errepresioa eta indarkeria dira faxismoaren beste ezaugarri batzuk. Espektro politikoan, eskuin muturrean kokatzen da, eskuin kontserbadorearen beraren aurkakoa. Bere adiera konkretuan, faxismoa XX. mendean garatu eta  gauzatu zen ideologia eta erregimen politikoa izan zen, Italian 1922-1943 bitartean, Benito Mussoliniren gidaritzapean, baina beste erregimen eta ideologia politika batzuk, hala nola nazismoa, frankismoa eta beste diktadura eta autokrazia batzuek ideologia horretan oinarritu dira. Beste hizkuintzetan: ingelesez, fascism; gaztelaniaz, fascismo.

Ikus, gainera

11. Kapitulua

Ordena Berria (nazismoa)

156 hitz

Alemania nazian, Ordena Berria edo Europako Ordena Berria (alemanieraz, Neuordnung edo Neuordnung Europas) erregimen naziak Europa osoan bere asmo espantsionistak gauzatu ondoren (ikus, gainera, Lebensraum), bereganatutako lurraldeetan ezarri nahi zuen ordena, erregimen edo gizarte antolamendu berria izan zen, konkistatutako lurraldeen zati handi bat ariar arrazakoentzat utziz, beste populazioak bere interes territorialen arabera banatuz, eslaviarrak esklabo bihurtuz eta juduak sarraskituz.

12. Kapitulua

Hirugarren Reich-a (Alemania nazia)

224 hitz

Hirugarren Reich-a, Alemania nazia ere deitua, nazien agindupeko erregimen politikoa izan zen, 1933-1945 bitartean, Adolf Hilter**Führer** edo buruzagi izan zelarik. Erregimen politiko guztiz totalitarioa izan zen, juduen eta barruko disidentzia ororen aurkako errepresio odoltsu eta izugarria egin zuena, milioika hildakoekin, eta Bigarren Mundu Gerra abiarazi. Gerra horren amaieran, aliatuek erregimen nazia erorarazi zuten,  Alemania indabidu eta Berlin hiriburua bereganatu eta gero. Egun batzuk lehenago, Adolf Hitler-ek bere buruaz beste egin zuen.

Hirugarren ReichMunich-eko putscha (1923)  –  Erasorako Sekzioak   –   Harzburg-eko Frontea (1931) -**Reichstag-eko sutea (1933)     –   ** Erroma-Berlin Ardatza (1936)    -    Kristal Hautsien Gaua (1938)  -

Anschluss (Austriaren anexioa, 1938)

Munich-eko Ituna (1938) **  –Wehrmacht  –  Lebensraum  -   NSDAP (Alderdi Nazia)  -FührerMein KampfHolokaustoa  (kontzentrazio-esparruak     -   sarraskitze-esparruak)    -   ** Nuremberg-eko epaiketa

13. Kapitulua

Erroma-Berlin Ardatza (Ardatzeko potentziak, Ardatzeko indarrak)

183 hitz

Erroma-Berlin Ardatza (baita Berlin-Erroma Ardatza), gerora Erroma-Berlin-Tokyo Ardatza, Ardatzeko potentziak edo Ardatzeko indarrak izenekin ere ezaguna, hasiera batean**Alemania naziak**, Adolf Hitler buru, eta Italia faxistak, Benito Mussolini buru, 1936an abiarazitako aliantza politiko eta militarra izan zen, itun batzuen bitartez garatua (ikus, Altzairuzko Ituna), 1939 urtean lehertu zen Bigarren Mundu Gerran Aliatuen aurka gudukatu zena. Gerora Japonia eta beste herrialde batzuk bildu ziren aliantza horretara, haietako batzuk Alemania, Italia eta Japoniaren estatu txotxongiloak baino ez ziren, militarki potentzia haiek menderatuta zeudenez. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, Eje Roma-Berlín, potencias del Eje.

Ikus, gainera

14. Kapitulua

Holokaustoa

181 hitz

Holokaustoa, hebraieraz Shoa izenez ere ezaguna, naziek Europako juduen aurka Bigarren Mudu Gerran egin zuten hilketa masibo eta sistematikoa izan zen. Guztira, Holokaustoan 6.000.000 judu hil zituztela zenbatetsi da.

Hirugarren Reich

Munich-eko putscha (1923)   –  Erasorako Sekzioak   –   Harzburg-eko Frontea (1931) -**Reichstag-eko sutea (1933)     –   ** Erroma-Berlin Ardatza (1936)    -    Kristal Hautsien Gaua (1938)  -

** Munich-eko Ituna (1938)****   –Wehrmacht Holokaustoa  (Wannseeko Konferentzia**   -**Azken Konponbidea  -  kontzentrazio-esparruak     -   sarraskitze-esparruak)    -   Nuremberg-eko epaiketa Ikus, gainera

15. Kapitulua

Gerra Hotza

620 hitz

Gerra Hotza Ameriketako Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak, euren aliatuekin batera, Bigarren Mundu Gerraren amaieraz geroztik eta Sobietar Batasuna desegin arte garatu zuten gatazka eta liskar etengabea izan zen, gerra erabatekoa izatera heldu ez zena, baina mundua, bi superpotentzia horiek zuzenduriko bi bloketan banatuta (herrialde kapitalistak eta bloke komunista) tentsio bizian eduki zuena. Gerra Hotza Bigarren Mundu Gerraren bukaeran naziek okupatu eta gero gerraren amaieran haiei irabazitako herrialdeen mugak eta esfera politikoak ezartzerakoan abiatu zen, finean herrialde kapitalistetan ala bloke komunistara bilduko ziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Gerra Hotza piztu zuen gertakari nabarmenena Berlin hiria kontrol eremu desberdinetan banatzea izan zen, Mendebaldeko Berlin Estatu Batuen eta haien aliatuen kontrolpean utziz eta Ekialdeko Berlin sobietarren kontrolpean. Berlingo hiria zatikatu arren, milioika izan ziren Ekialdeko Alemaniatik Mendebaldeko Berlinera igaro ziren hiritarrak, sobietarrek ezarritako blokeoa gaindituz, harik eta 1961 urtean Berlingo harresi handia eraiki zuten arte. Europa osoan ere herrialde komunistak eta kapitalistak bereizi zituen Altzairuzko Teloia izeneko hesi eta defentsa lerroa eraiki zen.

Berlingo harresia izan zen Gerra Hotzeko sinbolo deigarriena, baina bestelako tentsio-guneak ere izan ziren, hala nola Koreako Gerra, 1950-1953 artean, Sobietar Batasunak sustatzen zuen Ipar Korearen eta Estatuen batuen babespean zegoen Hego Korearen artean, azkenean muga itxi bat ezarriz bukatu zena, gaur egun ere indarrean dagoena. 1950eko hamarkadan arma lasterketa handia garatu zen bi superpotentzien artean, arma nuklearrak ugalduz, mundu osoan gerra nuklear baten izua zabaldu zuena. Urte haietako une larriena Kubako misilen krisia izan zen, 1962 urtean, Estatu Batuek Kuba komunista inbaditzeko planak agerian geratu zirenean piztu zena eta mundua gerra nuklear baten atarian jarri zuena. Hain zuzen ere, 1960 urtetik aurrera aldatu egin zen Gerra Hotzaren erdigunea, Europatik Afrikan eta Asian deskolonizazio prozesuak garatzen ari ziren herrialdeetara eta horren tentsio gune handiena Vietnamgo Gerra izan zen, 1970eko hamarkadako erdialdera arte zabaldu zena. Latinamerikako herrialde batzuetara ere zabaldu zen Gerra Hotza, hala nola Txilera, Salvador Allende ezkertiarrak boterea bereganatu eta haren aurkako estatu kolpea izan zenea, Estatu Batuek sustaturik besteak beste; eta Nikaraguara 1979ko iraultzaren ondorioz, sandinistek, bloke komunistak lagundurik, boterea bereganatu, baina Estatu Batuek gerrilla kontrairaultzailea antolatu zutenean. 1980ko hamarkadan, Afganistan ere Gerra Hotzaren agertokia izan zen, komunisten erregimenaren aurka Estatu Batuek insurjentzia islamista lagundu zutenean; Sobietar Batasunak tropak bidali zituen baina azkenean erretiratu behar izan zituen insurjentziaren indarrari aurre egin ezinik. Ordurako, Sobietar Batasuna krisi larrian zegoen, ekonomikoki nahiz politikoki oso ahulduta, perestroika izeneko erreformak burutu arren. 1989ko azaroan Berlingo harresia erori zen, iraultza herrikoi eta baketsu baten ondorioz. 1991an, Sobietar Batasuna desegin zen, eta bertako errepublika guztiek jabetza pribatua, merkatu-ekonomia, demokrazia liberalak eta orokorrean kapitalismoa sistema sozioekonomiko gisa onartuta, amaiera eman zitzaion Gerra Hotzari.

Arestian azaldu bezala, Gerra Hotza gerra geopolitikoa izan zen, baina aldi berean ekonomikoa, teknologikoa eta kulturala ere bai. 1945etik 1990era, bi superpotentziak jo eta su aritu ziren lorpenak egiten arlo guztietan. Espazioko karrera, non Sobietar Batasunak bidali zuen lehenengo satelitea, Sputnik izenekoa, espaziora baina Estatu Batuak izan ziren lehen gizakia eraman zutena Ilargira, Gerra Hotzaren kapitulua izan zela esan daiteke. Olinpiadak eta kirolak orokorrean, eta bereziki aipa dezagun xakean, bi superpotentzien lehia eremu izan ziren, nork lortuko garaipen eta domina gehien. Ikus, gainera

16. Kapitulua

Sobietar Batasuna (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, Sobiet Batasuna)

257 hitz

Sobietar Batasuna edo Sobiet Batasuna, izen osoz Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, 1922 urtean sortutako estatu eta erregimen politiko komunista izan zen, 1917ko Errusiako Iraultzaren haritik sortutakoa eta 1991 urtera arte indarrean izan zena. Eurasiako ipar-ekialdeko zati handiena hartzen zuen, mendebaldetik ekialdera 9.000 km inguruko lurraldea hartuz, XX. mendearen erdialdetik munduko herrialde handiena bilakatuz horrela. 1917ko iraultzaren aurreko Errusiar Inperioaren lurralde gehienak bereganatu zituen, Finlandia eta Polonia ezik, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europako eta Ekialde Urruneko beste zenbait lurralde bereganatu zituen. Sobietar Batasuna hainbat errepublika federatuek osatu zuten, de jure subiranoak baina de facto Sobietar Batasunaren mendean zirenak.

Sobietar Batasuna bloke komunistako edo Ekialdeko Blokearen estatu nagusia izan zen, blokeko beste herrialdeak, Ekialdeko Europan guztiak menderatuz. Bloke hori Mendebaldeko Bloke kapitalistarekin talka egin zuen, bereziki Bigarren Mundu gerraren ondoren, Gerra Hotza delakoa sorraraziz 1980ko hamarkadatik aurrera, Sobietar Batasuneko krisialdi ekonomiko iraunkorrak krisialdi politiko handia eragin zuen, azkenean 1991 urtean Sobietar Batasuna desegitea eta bere errepublika federatuak banakatzea ekarri zuena. Ikus, gainera

17. Kapitulua

Nazio Batuen Erakundea (Nazio Batuak)

202 hitz

Nazio Batuen Erakundea, labur NBE, edo Nazio Batuak 1945ean, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gutxira, sortutako nazioarteko erakundea da, munduko herrialde guztietako herrialdeak biltzen dituen, eta bakea, segurtasuna, giza eskubideak, berdintasuna, elkartasuna eta giza laguntzas sustatzea helburu dituena. Munduan dauden gatazketan eskuhartze aktiboa du, bake-elkarrizketak eta bakea ziurtatzeko tropak sustatuz. Herrialde guztiek ordekaritza duten arren, Asanblada Orokorra deitzen den organoaren bitartez, bada Segurtasun Kontseiluko izeneko Batzordea, gatazken konponbiderako, non bost herrialdek, Bigarren Mundu Gerran garaile suertatu zirenak hain zuzen (Estatu Batuak, Errusia, Erresuma Batua, Frantzia eta Txina), beto eskubidea dutenak. UNESCO kultur erakundea eta FAO elikadurarako erakundea dira Nazio Batuetako beste sail batzuk, besteak beste. New York hirian du egoitza nagusia.

18. Kapitulua

Europako Ekonomia Erkidegoa

182 hitz

Europako Ekonomia Erkidegoa 1957an Erromako Itunaren emaitza gisa sortu zen aduna-batasuna eta merkatu bakarra izan zen, sorrerako une hartan Belgika, Herbehereak, Luxenburgo, Mendebaldeko Alemania, Frantzia eta Italia bildu zituena. 1965 urtean, erkidego horrek bat egin zuen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoarekin eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoarekin, batasun ekonomikoa indartuz. 1993 urtean, erkidegoan guztira Europako 12 herrialde bilduz (Hamabien Europa), Europako Ekonomia Erkidegoa Europako Erkidegoa izatera igaro zen, Maastrichteko Itunaren ondorioz, batasun politikorako lehen pausoak eginez, azkenean Europar Batasuna sortuz burutuko zena.

Bélgica, Países Bajos, Luxemburgo, Alemania Occidental, Francia e Italia).[2]

19. Kapitulua

Bando nazionala eta bando errepublikarra (Espainiako Gerra Zibila)

245 hitz

Bando erreboltaria, bando matxinatua, armada erreboltaria edo armada matxinatua, bando horretako jarraitzaileen beraien ahotan bando nazionala,  Franco jeneralak eta bere jarraitzaileak Espainiako Bigarren Errepublikaren aurka matxinatu eta gero, Espainiako Gerra Zibilean bando errepublikar edo errepublikazalearen aurka gudukatu zen bando edo alderdia izan zen. Matxinatutako armadarekin lerrokatu ziren,  indar kontserbadore gehienak, monarkikoak eta karlistak (hauek milizia arma propioak eratuz hasieran), Eliza Katolikoaren sostengu orokorrarekin, ezkerreko Fronte Popularrak irabazi zituen 1936ko hauteskundeak eta gero haien pribilegioak eta interesak kolokan ikusi zituztelarik. Bando errepublikarra, bando nazionalaren ahotan bando gorria, osatu zuten Espainiako ezkerreko sektoreek, hala nola sozialistak, komunistak eta anarkistak, eta Kataluniako eta Hego Euskal Herriko nazionalistak.

Bi aldeek kanpoko laguntza aktiboa jaso zuten. Horrela, matxinatutako bandoa Benito Mussoliniren Italia faxistak eta Adolf Hitlerren Hirugarren Reich-ak babestu zuten. Bango errepublikarrean, Brigada Internazionalistak borrokatu ziren, atzerriko boluntario antifaxista eta kausa errepublikarraren aldekoek osatuak. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, bando nacional o bando sublevado y bando republicano.

20. Kapitulua

Bigarren Mundua

133 hitz

Bigarren Mundua Gerra Hotzean zehar bloke komunistako herrialdeen taldea izendatzeko erabili zen terminoa izan zen, Lehen Munduari edo bloke kapitalistako herri garatuen taldeari kontrajarria. Terminoak adierazgarritasuna galdu zuen bloke komunista desegitearekin batera, 1991 urtean. Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, segundo mundo.

Irakurleari

Artikulu bat eskatu

Erabili galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun.