Gizapedia

Giza · Gizarte · Zientziak

Ikasliburua: Filosofia politikoaren oinarriak

Gizarte eta politika pentsamenduaren ardatz nagusiak: etikatik abiatuta, justizia, demokrazia, estatua eta pentsamendu liberal eta marxistaren arteko eztabaida.

6 artikulu 6 kapitulu
1. Kapitulua

Etika

1126 hitz

Etika edo** filosofia morala **ongia eta gaizkia (zuzena eta okerra) zer diren aztertu, eztabaidatu eta azkenean horri buruz irizpide egokiak jartzen dituen filosofiaren arloa da. Halaber, bertutea, zoriontasuna, askatasuna eta eginbeharra ere aztertzen ditu, finean ongiarekin loturiko kontzeptuak direnez. Maiz moralarekin nahasten da, ongi eta gaizki gizarte jakin batean definituta – ohituraz eta tradizioz, askotan – jokabide okerrak gaitzetsi eta zigortu eta zuzenak sustatzen dituen baloreekin alegia, baina etika haratago doan hausnarketa da, moralak ezartzen dituen ongiaren eta gaizkiaren egokitasunaren bila. Horretarako abiapuntu eta irizpide nagusi gisa, helburua pertsonak gizarte batean elkarrekin bizitzea dela aipatu behar da.

Hiru adar bereizi ohi dira etikan: etika deskribatzailea, metaetika, etika normatiboa eta etika aplikatua. Etika deskribatzaileak gizarteko jokabideak modu enpirikoan jaso eta aztertzen ditu, azalpen psikologiko, antropologiko eta soziologikoak emanez (adibidez, kultura batean esklabotza zergatik garatu zen azalduz). Etika normatiboa zuzena eta okerra bereizten saiatzen da berriz, gizarte eta garai jakin batean zuzena eta okerra nola bereizten diren kontuan hartu gabe. Metaetika, bere aldetik, jokabideak justifikatzeko argudio etikoak aztertu eta azkenik, haietarako irizpide arrazionalak bilatzen ditu. Etika aplikatuak, azkenik, arazo etiko konkretuak aztertzen ditu, hala nola abortua, ingeniaritza genetikoa (bioetika deritzon alorrean) animalien eskubideak eta heriotza-zigorra.

Etikaren historia

Etikaren historia bereziki adierazgarria da; izan ere, etika gizarte-bizitzarekin estu loturik dagoenez, gizartea aldatzen doan heinean, etika ere aldatzen da. Mendebaldeko etikak, filosofia osoa bezalaxe, Antzinako Grezian du jatorri; hain zuzen, etika hitza berak antzinako grezierazko ἦθος ‎ (“ethos”; euskaraz, ohitura) hitzetik dator. Homeroren lanetan jada, jokabidearen zuzentasunari buruzko aipamenak azaltzen dira, *aretē *edo bertuteari, lotsari, errukiari zein thumos edo injustiziaren aurka  borrokatu beharrari buruz. Presokratikoen artean, Demokrito izan zen, jaso diren idazkien arabera, etika landu zuen filosofo bakarra. Sofistak izan ziren bereziki giza munduaren hausnarketaz, eta beraz etikaz, jardun zuten lehenak eta bereziki physis/nomos (natura/ohiturak eta legeak) arazoa aztertu zuten, gizakiaren ohiko jokabideak naturalak edo ohiturazkoak edo legeak ezarritakoak ziren eztabaidatuz. Protagorasek gizakiaren berezko natura gizakia animalia politiko gisa garatzeko nahikoa izan ez, eta nomos delakoa beharrezkoa zela aldarrikatu zuen. Dena den, sofistak euren erlatibismo moralagatik, naturaz edo arrazoiz zuzena dena finkatzeko ezintasunagartik, ezagunak dira filosofiaren historian. Mendebaldeko pentsamenduaren abiarazletzat hartzen den Sokratesek *aretē *edo bertutearen, eta bide batez *eudamonia *edo zorionaren, muina jakintzan zegoela baieztatu zuen: ongia eta gaizkia bereizteko, jakitun izan behar da, eta gaizki jokatzen duenak ez dakielako jokatzen du horrela. Jarrera horri intelektualismo morala deitu izan zaio. Gainera, jakintza gizartean, besteekiko harremanetan, eskuratzen da haren iritziz, bereziki besteekin elkarrizketatuz, dialektikaren bidez; jakitun izateko askea izan behar halaber. Sokratesen etika Platonen lehen solasaldiei esker dakigu. Platonen ekarpen etikoak, berriz, haren ideien teoriatik eratortzen dira bereziki: gizakiok sentsazioen mendean bizi garenez, nekez helduko gara zorionera garamatzaten Ongiaren, Edertasunaren eta Egiaren ideia gorenetara; hain zuzen ere, Platonek era metafisikoan definitzen du zoriona, eta horrela nekeza da haren idazkietatik etika praktiko bat garatzea. Beste alde batetik, balio moralak ordena politiko egokiaren bitartez bermatzen dira, eta horretarako agintari jakintsuak behar dira, haren iritziz. Aristotelek etika sistematizatu egin zuen banakoaren eta gizartearen etika, eta etika teorikoa eta praktikoa bereizi zituen. Zinikoek etika hartu zuten filosofiako gai eta ekinbide nagusitzat: nomos edo konbentzioak ukatu, eta naturalki bizitzearen alde egin zuten, ondasunak eta aberastasunak gutxietsiz. Estoikoek bertutea ondasun bakartzat hartu eta zorionera heltzeko asko zela baieztatu zuten. Haien iritziz, horretarako grina guztiak baztertu behar ziren, norberaren asebetetzea ere onartzen bazuten ere. Epikurotarren etika, berriz, hedonista da,  zorionera heltzeko plazera eskuratu eta mina baztertu behar direnez; plazerak, ordea, naturalak izan behar dira eta gizarteak nolabait ezarritakoak; horrela plazer xumeen alde egin zuten zorionaren bila. Kristautasunak etika platonikoan (Ongiaren eta Egiaren berdintzari buruz, esaterako) eta estoikoan (grinak baztertu beharrari buruz) oinarritu zen, epikureismoaren alderdi naturalistikoak eta eudemonismoa edo zorionaren helburua baztertuz, bizi bitarteko bizitza gutxietsiz eta hil ondorengoa nabarmenduz, batzuetan bizimodu aszetikoa goraipatu arte. Kristau filosofoen artean, Agustin Hiponakoak gizaki guztiak bekatariak direla, eta haien salbamena Jainkoari bakarrik dagokiola aldeztu zuen, haien ekintzak gorabehera. Erdi Aroan, Antzinako Greziako etikaren alderdi batzuk kristau etikaren uztartzen bilatu zen eskolastikan, hala nola etika arrazoiarekin identifikatzea, Jainkoarekin identifikatzen den zorionera heltzeko.

Berpizkundearen ondoren, Aro Modernoan, etika teologia baztertu eta gizakiaren berezko izaera hartuko du ardatz etika aztertzeko. Thomas Hobbes (1588-1679) izan zen etikari buruz lehen ekarpen garrantzitsua egin zuena; haren iritziz, norberaren zaintza eta interesak dira gizakiaren desirak eta aiherkundeak, eta finean ongia eta gaizkia finkatzen dituztenak. Hasiera batean, desira eta aiherkunde horiek gatazka-egoera latz batean jartzen ditu gizakiak, baina norberaren babes-nahiak bakea bilatzera eramaten ditu. Horretarako, gizabanakoak bere banako eskubideetako batzuk eman beharko lituzke, besteek ere berdina egiten dutelarik. Eskubide horien guztien kudeaketa egiten duena Leviathan edo estatua da, banakoen arteko gatazkak bakean konponduko dituena. David Hume-k (1711-1776) emotibismo izeneko teoria metaetikoa eratu zuen, zeinaren arabera baieztapen etikoak balorazio baten adierazpena soilik diren, egiazkoa edo faltsua izan gabe. Hume-k arrazoitik at jarri zituen ekintza etikoak eragiten dituzten grinak eta sentimenduak, eta besterik gabe hor daudela adierazten du; haren iritziz ekintzak etikoak baloratzeko sentitzen duguna baloratu behar da. XVIII. mendean, utilitarismo izeneko teoria etikoa ere sortu zen: etika hedonista bat da, etikaren helburua zorion gehiena dakarten ekintzak lehenestea denez; utilitarismoaren teorikoak izan ziren Jeremy Bentham (1748-1832) eta John Stuart Mill (1806-1876). Immanuel Kant-ek (1724-1804), bere aldetik, etikaren autonomia nabarmendu zuen, etika formala alegia, xede edo objektu jakina duten etika materialen aurka, azken hauek etika beste arlo baten esku uzten dutelakoan.

Metaetika

Etika filosofikoaren zeregin nagusietakoa ekintza edo erabaki bat zergatik den ona edo *txarra, *zer esan nahi duen zerbait ona edo txarra denean, aztertzea da, zergatik den etikoa alegia.  Printzipio etikoen multzo batek bete beharko lituzkeen propietateak ere aztertzen ditu. Gai horiek aztertzen dituen etikaren arloari metaetika deritzo. Ikuspuntu zabalago batetik, etika-sistemen egitura aztertzen duen arloa da, haietan egia/faltsua (zuzena/okerra) irizpideak aztertzen dituena. Batzuen arabera, arrazoia da etikoa finkatzen duena, beste batzuen arabera arrazoi hori erlatiboa den arren. Beste batzuk diotenez, etikoa dena norberaren interesaren araberakoa da beti, eta hala irrazionaltzat hartzen dute, baina norberaren interesa, finean guztien aldeko izatea, etika-sistema baterako argudio sendoa ere izan daiteke.

Ikus, gainera

2. Kapitulua

Justizia

263 hitz

Justizia moralki zuzena denarekin lotzen da, bereziki gizakien arteko gatazkak eta interes desberdinak dauden egoerei aplikatua. Gizakien arteko harremanen testuinguruan, bakoitzari berea, dagokion eskubidea, emateko printzipio eta helburua da. Justiziaz egindakoa zilegizkoa edo bidezkoa dela esaten da. Alde anitzeko kontzeptua da, eta beraz, problematikoa, justiziak barnehartzen dituen alde guzti horiek bateratzea zaila eta batzuetan ezinezkoa denez. Alde batetik, justizia distributiboa bereizi da, aberastasuna gizkien artean nola banatu behar diren ezartzen duena; prozedurazko justiziak, berriz, gizarte egoera batean interes ezberdinak bateratu edo gatazkak konpontzeko prozedura zuzena izan den aztertzen du; bestetik, kaltea sorturik, kaltearen aurreko  egoera berrezartzeko ahalegin gisa uler daiteke justizia; batzuetan, berriz, kaltea ezin denean konpondu, justizia kalte egileari dagokion ordaina exijitzea dela diote beste batzuek.

Aipuak

“Justizia gizarte erakundeen bertute gorena da, egia pentsamendu-sistemen bertutea den bezalaxe. Teoria dotore eta sinplea ukatu egiten da faltsua denean; halaber, legeak eta erakundeak, eraginkorrak eta ongi gobernatuak izanda ere, aldatu egin behar dira bidezkoak ez badira.” John Rawls (1921-2002)

Ikus, gainera

3. Kapitulua

Demokrazia

389 hitz

Demokraziasubiranotza, erabaki politikoak hartzeko ahalmena alegia, herritar guztiek berdintasunez duteneko ordena politikoa eta gobernu-mota da. Sistema politiko estatu gisa demkraziaz eratzen denean, estatu demokratikoa** dela esaten da. Zuzeneko demokrazia herritarrek erabakiak zuzenean hartzen dituzten sistema da; demokrazia ordezkagarrian, berriz, herritarrek erabakiak haien ordez hartuko dituzten ordezkariak aukeratzen dituzte, orokorrean politikariak deitzen direnak, gehienetan sistema multipartidista batean alderdi politikoetan integratuta. Demokrazia hitza antzinako grezierazko demokratia hitzetik dator (demos, “herria”, eta* kratos*, “gobernua” hitzetatik osatua), eta jatorrian K.a. V. mendean Antzinako Greziako zenbait hiri-estatuetan, Atenasen esaterako, garatu ziren sistema politikoak izendatzeko erabili zen.

Herriaren subiranotza baino haratago, demokrazia herritarren berdintasunean, demokrazia herriak ezarritako legearen aplikazioan, herritarren eskubide eta askatasunean, parte hartze askea bermatzen duen hauteskunde-sistema eta herritar guztientzako hezkuntza-sistema batean ere oinarritzen da. Aurkako erregimen politikoa diktadura da. Tradizio marxistan, ordea, estatu oro, nahiz demokratikoa, nahiz ez demokratikoa, zapaltzaileak dira, eta soilik klaserik gabeko gizarte komunista batean egongo lizateke benetako demokrazia.

Aipuak

  • “Niretzat demokrazia estatistikaren gehiegikeria da. Eta gainera ez dut uste inongo baliorik duenik. Uste duzu matematikako edo estetikako problema bat ebazteko jende gehiena kontsultatu behar dela? Nik esango nuke ezetz; orduan zergatik pentsatu behar da jende gehienak politikaz badakiela? Egia esan, ez dakite, eta lotsagabeen sekta batek engainaturik daude, nazioko politikariek alegia. Jaun eta andre horiek horien erretratuak zabaltzen doaz hortik, promesak egiten, batzuetan mehatxuak, jendea erosiz alegia. Nire ustez, politikariarena gizakiaren lanbide tristeenetakoa da. Hori ez dut esaten inongo politikari zehatzen aurka. Orokorrean diot, guztion aurrean jator agertu nahi duen pertsona bat lotsagabea dela guztiz. Ez diot inongo errespeturik politikariari, politikari gisa.” - Jorge Luis Borges.

Ikus, gainera

-Ordezkaritza bidezko demokrazia

4. Kapitulua

Estatua (politika)

310 hitz

*Agian estatuaren definizioa artean bilatzen ari zinen. *

Definizioa: Estatua erakunde politiko zentralizatu eta hierarkikoen bitartez lurralde jakin batean, herrialde batean alegia, eta bertako komunitateari buruz subiranotza, ahalmen politiko goren eta independentea alegia, eta agintea dituen entitate politikoa da, legeak ezarri eta betearazi, segurtasuna bermatu, zergak bildu eta bertako herritarrei zerbitzu publikoak eskaintzeko, gobernatzeko hitz batean  Indibiduoak gizartean harmonikoki bizi daitezen koertzioan oinarritutako sistema politikoa dela ere esan daiteke.

Ikus, gainera, estatuburu.

Estatuarekin harreman estua duten kontzeptuak daude, batzuetan harekin nahasten direnak, hala nola herria eta herrialdea, nazioa, gizartea eta gobernua (ikus,nazio-estatua). Seguru asko gehiegi laburtuz, herria, entitate juridiko-politiko moduan, estatu baten mendean dauden pertsonek osatuko lukete, herritarrek alegia, eta herrialdea herritar horiek bizi diren lurraldea, non estatuak agintea duen; nazioa identitate kultural eta historiko berdina duten herritarrek osatuko lukete (eta horrela, badira nazio anitzeko eta nazio bakarreko estatuak); gizartea lurralde batean bizi diren pertsonak lirateke, haien arteko harreman sozialek definitzen dutena, eta beraz, entitate politikotzat hartzen den estatutik bereizia; eta gobernua, estatua zuzentzen duten pertsonak eta horien jarduera.

Ikus, gainera

5. Kapitulua

Liberalismoa

247 hitz

Liberalismoa doktrina politiko eta ekonomikoa da, bere definizioari buruz lausoa, baina orokorrean indibidualismoa lehenetsi (bereziki, askatasun indibiduala eta jabetza eta ekimen ekonomiko pribatua, merkatu aske baten baitan) eta interes publikoa eta beraz estatuaren eskuhartzea mugatu nahi duena, herritarren askatasuna eta erabakimen askean oinarritua. Liberalismoan, gizartea interes ezberdinak dituzten banakoek osatzen dutela irizten da; interes horiek, ordea, osagarriak dira gehienetan, eta gizarte aurrerabidean jartzen dute; interesen arteko gatazka dagoenean, negoziazioa hartzen da konponbiderako tresna nagusitzat. Hala ere, ikuspuntu ezberdinetatik begiratzen da Europatik eta Ameriketako Estatu Batuetatik; Estatu Batuetan sozialdemokrazia arin baten antzeko ideologia politikoa litzatekeen bitartean, Europan merkatuen erregulazio-eza eta askatasun ekonomikoa aldezten dituen doktrina ekonomikoa da. 1 2

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Moravcsik A. Liberalism and International relations . princeton.edu. https://www.princeton.edu/~amoravcs/library/liberalism_working.pdf. Accessed 2017.

  2. Barry B. Liberalism and Muitculturalism. Ethical Perspectives. 1997;4:3-14. http://www.ethical-perspectives.be/viewpic.php?LAN=E&TABLE=EP&ID=418. [Source]

6. Kapitulua

Marxismoa

172 hitz

Marxismoa Karl Marx filosofoak XIX. mendean plazaratu zuen teoria filosofiko, ekonomiko eta politikoaren puntu nagusietan bat datozen pentsamenduen multzoa da, hala nola gizartea klasetan banaturik dagoela, eta banaketa hori erlazio produktibo eta ekonomikoek eragiten dutela. Marxistek aldarrikatutako**sozialismo zientifiko** horren arabera, klase borrokaz langileriak kapitalismoa gainditu eta klaserik gabeko gizarte batera,komunismoan oinarritua, helduko da. Ikus, gainera

-Ekoizpen-indarrak

Irakurleari

Artikulu bat eskatu

Erabili galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun.