Gizapedia

Giza · Gizarte · Zientziak

Ikasliburua: Antropologiaren oinarriak

Antropologia ulertzeko bide bat: zer den antropologia, kultura, gizarteak, sinesmenak, hizkuntza eta eboluzio kulturala.

20 artikulu 20 kapitulu
1. Kapitulua

Antropologia (definizioa)

182 hitz

Antropologia gizakia, zentzu zabalean, ikergai duen jakintza-arloa da. Bere zabaltasuna dela eta, bereziki konparaziozko ikerketan oinarritzen da, historiako garai batetik bestera nahiz kultura edo gizarte batetik bestera gizakiek dituzten ezberdintasunak ikertuz. Ezberdintasun horiek ezaugarri ezberdinei buruzkoak dira, eta hala antropologia arlo berezitu batzuetan banatzen da, hala nola gizakien ezaugarri fisikoak (ilearen, begien kolorea jatorri ezberdina duten gizakien artean) aztertzen dituen antropologia fisikoak, giza kulturen alderdiak(ohiturak, balioak eta abar) ikertzen dituen antropologia kulturala eta hizkuntzaren ezaugarriak gizatalde batetik bestera alderatzen dituen hizkuntza-antropologia. Batzuen arabera, arkeologia ere antropologiaren beste adar bat da. Ikus, gainera

2. Kapitulua

Antropologia filosofikoa

152 hitz

Antropologia filosofikoa gizakia bere kontzeptu eta zentzurik sakonenean zer den hausnartzen duen antropologiaren adarra da, hausnarketa horretatik abiatuta, antropologiak berak diziplina gisa garatu eta gizakia aztertze aldera. Zehazki, antropologia filosofikoak giza errealitatearen eta esperientziaren oinarri ontologikoak, fenomenologikoak eta epistemologikoak, psikismoa, kontzientzia eta identitatea, oro har, ezarri nahi ditu, gero oinarri zehatz horietatik ikerketa antropologiko positiboan planteatzen diren giza fenomenoei heldu ahal izateko.** Beste hizkuntzetan: **gaztelaniaz, *antropología filosófica. *

4. Kapitulua

Antropologia kulturala

279 hitz

Antropologia kulturala gizarteak haien kulturen ikuspuntutik ikertzen dituen jakintza-arloa da, antropos edo gizakiak gizarte eta kultura horietan duen jokabide kulturala (sinesmenak, ohiturak, errituak, …) ulertzeko eta horren zentzua edo esanahia atzemateko, nahiz kulturen arteko konparazioa egiteko, gizakiok kultura bereganatzeko ditugun modu eta mekanismo unibertsalak ulertze aldera. Antropolioga kulturalaren metodologia bi fase edo arlotan garatzen da: alde batetik, etnografiak gizatalde eta gizarteetan landa-lana egin eta kulturaren deskribapen lokala egiten du; etnologiaren bitartez, berriz, etnografian jasotako datuak konparatu egiten dira, kultura desberdinetarako, mundu osoko gizakiak, gizarteak eta kulturak era bateratuan ulertzeko. Etnografia eta etnologia dira beraz bere metodologia eremuak, eta termino horietatik galdetu liteke ea antropologia etnos edo etniarekin loturik dagoen. Hain zuzen, tradizio kontua dela esan liteke, antropologia antzinako etniak edo etnia primitiboak eta haien praktika kulturalak hasi baitzen ikertzen. Egun, antropologia kulturalaren ikerketa-esparrua zabaldu da, eta hiriko gizataldeak, klase sozialak eta talde korporatiboak ere ikertzen ditu, baina atxikitzen du oraindik ere antzinako tradizioa, eguneroko praktika kulturalek (bizimoduak, lanak, errituak, ohiruak, hala nola sukaldaritzan, janzkeran ,,.), azaletik hutsalak diruditen arren, gizakiaren eta gizarteen nukleo sakonak azaltzen dituztela, haietan modu zorrotzean barneratzen lortzen denean.

Ikus, gainera

5. Kapitulua

Antropologia politikoa

119 hitz

Antropologia politikoa, sistema politikoak eta, oro har, boterea eta autoritatea gizarteen emaitza gisa aztertzen dituen antropologia kulturalaren diziplina bat da. Estatuaren azterketatik haratago, gizarteetan botere- eta aginte-harremanak eta gatazkak nola garatzen diren ere aztertzen ditu.

6. Kapitulua

Kultura (definizioa eta kontzeptua)

261 hitz

Kultura adiera ezberdinak dituen hitza da, ikuspuntuaren arabera. Latinezko cultura (“zaintza, hazkuntza”) hitzetik dator, eta historian pertsonen espiritu, gogo edo adimenaren hazkuntzaren adiera hartzen joan da. Ikuspuntu humanista edo estetiko batetik kultura lan intelektual eta artistikoen praktika da, praktika horiek pertsonak goratu egiten dituztelarik. Antropologiaren aldetik, berriz, kultura giza-talde baten baten bizimodua eta jokabidea da, gizataldearen baitan edo gizartean bereganatu edo ikasitakoa, hala nola haren ohiturak, balioak eta antolamenduak, gizatalde horren edo gizataldeko kideen izaera eta ikuskera sakona adierazten dutenak, gizaki eta gizatalde horretako kide diren heinean; hala, euskaldunen kultura eta txeroki indigenen kultura aipatzen dira.

Ikuspuntu soziologiko batetik, berriz, kultura gizarte baten garapen intelektual, izpiritual eta estetikoen prozesuen multzoa da, prozesu horiek positiboak direlakoan eta aurrerapena dakartelakoan. Kultura ondarearen kontzeptua azken ikuspuntu honetatik garatutako kontzeptua lizateke. Azkenik, psikoanalisitik ere aztertu da kultura (Freuden “Egoezina Kulturan” lanean oinarrituta): ikuspuntu horretatik kultura naturaren indarrak menderatzeko gizakiak eratutako jakintza eta ahalmenen multzoa, gizakien arteko harremanak finkatzeko erakundeekin batera. Ikus, gainera

7. Kapitulua

Sinesmenak

143 hitz

Sinesmenak ideia, pentsamendu, jarrera eta haiei loturiko praktika multzo bateratu bat dira, subjektuaren gogamena eta kultura, hots, gizakiaren barne bizitza nahiz gizarte harremanak egituratu egiten dituztenak. Sinesmenek osatzen duten multzo bateratuaren bitartez, subjektuaren kosmobisioa eta mundu ikuskera eratzen dira. Magia, mitoak eta erlijioa izaten dira, antzinako kulturetan, sinesmenen atal nagusiak. Beste hizkuntzetan: ingelesez, beliefs; gaztelaniaz, creencias.

8. Kapitulua

Ahaidetasuna (ahaidetasun-harremana)

260 hitz

*Agian, ahaidetasun linguistikoa bilatzen ari zinen. *

Antropologiaren ikuspegitik, ahaidetasuna, ahaidetasunezko harremana edo senidetasuna gizarte harremanak ezarri eta arautu egiten dituen sistema nagusietako bat da. Odolkidetasunean eta ezkontza-ahaidetasunean oinarritzen da gehienetan, baina kontzeptu biologiko eta zibil horiek gaindituz, esanahi askoz ere sakonagoa du, eta biziraupenerako eta elkarbizitzarako, finean gizataldeen iraupena ziurtatzeko, harreman-sistema bat da. Horrela, ahaidetasuna fenomeno sozial eta kulturala da,  gizon emakumeen kontzientziaren sakon-sakonean existitzen dena. Ahaidetasun-sistemak bi atal ditu: alde batetik atal malgu bat, ahaideen arteko harreman lauso, informal eta instituzionalizatu gabeak jasotzen dituena, eta bestetik atal zurrun bat, kristalizatua nolabait esateko, hala nola ezkontza, non derrigorrezko harremanak ezartzen diren, eta tabuek eta pribilejioek arautzen dutena, errituen bitartez adierazten direnak. Horretarako, ahaidetasun-sistema orotan beharrezko dira izendapen multzo bat (osaba, ematzea, suhia, arreba, …) eta jarrera eta portaeren kode bat.

Ahaidetasuna ikertu eta aztertu duen antropologo nagusia Claude Lévi Strauss izan da, eta arlo horretan egindako lanaren erreferentzia nagusiak* Anthropologie structurale* (1958) eta Les Structures élémentaires de la parenté (1967) dira.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, parentesco; ingelesez, kinship.

9. Kapitulua

Ohiturak eta usadioak

160 hitz

Ohiturak eta usadioak pertsona, gizatalde eta gizarteek dituzten portaera errepikatu eta iraunkorrak dira, azkenean haien kulturako osagai bilakatzen direnak, tradizioa deitzen dena osatuz. Horien garrantzia nabarmena da kulturetan eta morala eta zuzenbidea finkatzeko irizpide gisa erabiltzen dira maiz. Halaber, gizartearen kontrola eta erreprodukzioa ziurtatzeko baliatzen dira. Ikus, gainera

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, “Ohiturak eta usadioak”; Gizapedian, 4 abuztua, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/ohiturak-eta-usadioak/.

10. Kapitulua

Ahozko tradizioa

192 hitz

Ahozko tradizioa iraganari buruz gizatalde baten barruan jaso, oroimenean gorde eta gero transmitutu egiten diren ahozko testigantzak dira, maiz belaunaldi batetik bestera. Hala, kultura bateko iraunkortasunerako funtsezko elementua da. Bi motako ahozko tradizioak jasotzen dira: zuzenak, bizitako gertakariak kontatzen direnean, eta zeharkakoak, beste batengandik jasotako informazioa transmititzen denean, eta benetako tradizioa osatzen duena. Idatzizko tradizioaren osagarria da, historiografia eta etnografia ikertzerakoan, baina ahozko tradiziotik jasotako informazioak horren fidagarritasunari buruzko arazo handiagoak planteatzen ditu; kasu horietan testigantza batzuk jasota, horiek alderatzea ezinbestekoa da tradizioaren informazio hori finkatzeko. 1

Erreferentziak

  1. Aryal D. Oral tradition and communication. NepJOL. https://www.nepjol.info/index.php/BOHDI/article/download/2813/2497. Published 2009.
11. Kapitulua

Behaketa partehartzailea

193 hitz

Gizarte zientzietan, behaketa partehartzailea ikerketa teknika kualitatiboa da, non ikertzailea ikertu nahi duen gizarte eremuan murgildu eta behatu edo ikusten duenaren deskribapen zehatz sistematiko eta egituratua egiten duen, bere esperientzia, inpresio eta iritziak ere barneratuz. Etnografian erabiltzen da bereziki. Zuzeneko behaketaren aldaeretako bat da, behaketa ez partehartzailearekin batera. Behaketa partehartzailearen euskarri nagusia ikertzailearen landa-koadernoa da. Bronislaw Malinowski poloniar antropologia izan zen teknika honen aitzindaria, behaketa arrakastatsua izateko behatzen diren taldeak eta gizabanakoak eroso eta naturaltasunez jokatzea beharrezkoa zela nabarmenduz, horretarako ikertzailea behatzen den taldean integratzea komenigarria izanik.** Beste hizkuntzetan: **ingelesez, participant observation; gaztelaniaz, observación participante.

Ikus, gainera

12. Kapitulua

Akulturazioa

254 hitz

Akulturazioa: indigena honek jantzi arrotzak ditu soinean.

Akulturazioa, kultura ezberdinetako gizataldeak harremanetan izatearen edo elkar ukitzearen ondorioz, haietako batek bestearen kultura elementu zenbait bereganatu edo kultura horretara moldatzeko prozesua da. Maila indibidualean ere definitzen da, gizabanakoa beste kulturekin kontaktuan izanda bere jarrera, bere iritzi eta balioetan gertatzen diren aldaketak izendatzeko.

Etimologiaz, ad- latinezko aurrizkiarekin osaturik dago, eta horrela kultura batetik besterako mugimendua, norabide bakarreko prozesua alegia, adieraziko luke zehazkiago, eta ez bi kulturen arteko elkarrekintza. Norabide bakarreko adiera horretan, tokiko kulturek eta kultura indigenek Mendebaldeko kultura bereganatzeko egiten duten mugimendua izendatzeko erabili da, haien dekulturazio edo kultura galtzearen ondorioz. Beste batzuetan ordea, kanpotik etorritako gizabanako eta gizataldeak tokiko kultura bereganatu edo kultura berria osatzeko prozesua izendatzeko erabili izan da.

Akulturazioaren ondorioz gizatalde baten erabateko asimilazio kulturala gertatzen da batzuetan, kanpoko gizataldea guztiz integratzen denean hain zuzen, kultura nagusiko balio kulturalak onartutakoan.1

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. Teske R, Nelson B. Acculturation and assimilation: a Clarification. American Ethnologist. 1974:351-367. http://users.clas.ufl.edu/marilynm/Theorizing_Black_America_Syllabus_files/Acculturation_and_Assimilation_A_Clarification.pdf.
13. Kapitulua

Asimilazio kulturala

183 hitz

Agian asimilazioaren kontzeptu psikologikoa, Piageten teorian, bilatzen ari zinen.

Antropologian, asimilazio kulturala edo kultur asimilazioa multilkulturitate egoera batean gutxiengoan dagoen kultura batek, kultura minoritario batek alegia, kultura nagusi bateko elementu gehienak bereganatzen dituen prozesua eta horren ondorioa da, aldi berean bere jatorrizko elementu kulturalak kultura nagusiaren esku utziz - horien esanahia galtzearekin batera (ikus, apropiazio kulturala) - edo baztertuz. Asimilazio kulturala erabateko akulturazioa dela esan liteke, kultura nagusirako erabateko irekitasuna, eta gizarte multikulturaletan dauden interkulturalitate edo hareman kulturalen aldaeretako bat bat da, integrazioarekin, segregazioarekin eta esklusioarekin batera.

14. Kapitulua

Enkulturazioa (endokulturazioa)

186 hitz

*Agian kulturalizazioa produktu batean bertako kultura-elementuak txertatze gisa bilatzen ari zinen. *

*Agian inkulturazioa bere adiera erlijiosoan bilatzen ari zinen. *

Enkulturazioa edo endokulturazioa, batzuetan inkulturazioa eta kulturalizazioa ere deitua, gizabanako batek bere gizarte edo taldeko kultura bereganatzeko prozesua da, hizkuntza, balioak, sinesmenak eta bestelako elementu kulturalak eskuratuz, familiaren baitan, eskolan edo beste erakunde sozialetan gertatzen dena, kultur transmisioko mekanismoen bitartez. Sozializazioarekin loturiko kontzeptua da, baina ez da harekin nahastu behar: sozializazioa, gizarte talde batean integratzea, enkulturazioaren bitartez gertatzen da, baina bestelako prozesu psikosoziologikoen bitartez ere gertatzen da.

Ikus, gainera

  • Akulturazioa, beste kultura bateko elementuak bereganatzeko prozesua.
15. Kapitulua

Erlatibismo kulturala

225 hitz

*Erlatibismo kulturala (kultura-erlatibotasuna) kultura guztiak maila eta balio berekoak eta sinesmen eta pentsamolde guztiak, edozein kulturatan, zuzenak eta baliozkoak direla baieztatzen duen ikuspegi antropologikoa da. Beraz, kulturaren arabera definitzen diren morala eta egiatasun eta estetika irizpideak *erlatiboak *dira (ikus, erlatibismoa, orokorrean) eta beraz, ez-alderagarriak horren arabera.  Hartara, erlatibismo kulturala etnozentrismoaren guztiz aurkako ikuspegia litzateke.

Aurreko definizio hori gehienontzat printzipioz zentzuzkoa eta onargarria den arren, praktikan dilema moral handiak planteatzen ditu, hala nola ablazio eta emakumearen genitalen mutilazioa praktikatzen duten kulturei buruzko balorazioa. Dilema horiek gainditzeko, kulturen arteko talka gertatzen denean, elkarrizketa eta elkar ulermena bultzatu beharko lirateke, internalismoa eta partikularismoa alde batera utziz eta unibertsalismorantz joaz, egia/faltsua edo dena/ezer ez logika alde batera utziz eta ikuspegi kritiko eta irekia bultzatuz.

Ikus, gainera

16. Kapitulua

Identitate kulturala (nortasun kulturala, kultur identitatea)

144 hitz

Identitate kulturala, nortasun kulturala edo kultur identitatea identifikazio-elementuen multzoa da, hala nola ohiturak, balioak, sinesmen eta esperientziak, gizatalde baten baitan partekatuak, eta taldekideek beste gizataldeen bereizgarri gisa baliatzen dituztenak; aldi berean, gutxi gorabehera gizartean, edo are talde kultural zabalago batean, integratuta egon. Beste hizkuntzetan: ingelesez, cultural identity; gaztelaniaz, identidad cultural.

17. Kapitulua

Multikulturalismoa (kultura aniztasuna)

334 hitz

Multikulturalismoa, multikulturalitatea edo kultura aniztasuna (aniztasun kulturala ere deitua) gertatzen da kultura anitzek espazio geografiko eta sozial berdina partekatzen dutenean, haietako bakoitzak bere kultura, ohitura eta balio propioak atxikiz, besteekiko harreman, elkartruke edo akulturaziorik gabe, eta aldi berean  bizikidetzan eta berdintasunean, haien artean menpekotasunik sortu gabe (hala ez balitz, segregazio, asimilazioa edo esklusioa sortuko lirateke). Labur esanda, pluraltasun kulturala baino ez da. Hori horrela, multikulturalitateak besterik gabe elkarrekin egoteari baino ez dio erreferentzia egiten, kulturen arteko harremanak jasotzen dituen interkulturalitateak ez bezala.

Halaber, eta hauxe izaten da adiera ohikoena, multikulturalismoa kultura haien bizikidetzarako printzipio eta politika zenbait barnehartzen dituen termino generikoa izaten da, kulturaz desberdinak diren gutxiengo eta beste gizataldeen presentzia, aukerak eta tratamendu berdinak eta orekatuak aldezten dituena, diskriminaziorik gabe, bereziki eremu instituzionalean, eta ordena soziala atxikitze aldera, tolerantzia  sustatzen duena, baina orokorrean bakoitza bere kultura propioa atxikiz. Batzuetan, multikulturalitatea, kultura aniztasunaren egoera, eta multikulturalismoa, kultura anitzen bizikidetzaren sustapena, bereizten dira. Interkulturalismoa, berriz, haratago doa eta kulturen arteko asimilazioa eta integrazioa sustatzen ditu.

XX. mendeko azken hamarkadetatik puri-purian dabilen gaia da, bereziki Mendebaldeko herrialdeetara etorritako**migrazioei** eman beharreko erantzunaren inguruko eztabaidan. Globalizazioarekin loturiko fenomenoa izan arren, harekin desberdintasun nabariak ditu: globalizazioak uniformizazioa ekarri eta berdintzen duen bitartean, multikulturalismoak ezberdintasun kulturalak aitortu eta sostengatzen ditu. 1

Ikus, gainera

-Hibridazio soziala

Erreferentziak

  1. Berkes L. The Development and Meaning of the Concept of Multiculturalism . International relations Quarterly. 2010;1(4):1-6. http://www.southeast-europe.org/pdf/04/DKE_04_A_E_Berkes-Lilla_Kantor-Judit.pdf.
18. Kapitulua

Xenofobia (definizioa)

257 hitz

Xenofobia kanpotik etorritako gizatalde eta gizabanakoei zaien onarpen-eza, mesfidantza, ezinikusia eta gorrotoa da, azkenean diskriminazioa, esklusioa edo bazterketa eta kanpokoaren aurkako indarkeria ekartzen dituena. Xenofobiaren oinarriak objektiboak izan daitezke (hala nola, lanpostua galtzeko beldurra) nahiz guztiz irrazionalak (arrazismoan oinarritzen direnean esaterako);etnozentrismo, natibismoarekin eta nazionalismoarekin loturik ere ager daiteke. Arbuiatu egiten den kanpokoak zein diren deskribatzeko ezaugarriak lausoak dira (adibidez, maiz ez dira atzerritarrak soilik xenofobiaren biktimak, eta badira atzerritarrak xenofobiaren biktima ez direnak), baina definizio batzuk eman dira, hala nola fisikoki gertu baina taldetik urrun dagoen hura da, ezberdintzat hartzen dena gugandik gertu bizi arren, kanpotik etorrita gugandik distantzia sozial handia dutenak.

Historian gauzatu diren bi estrategia xenofoboak antropofagia (hots, kanpokoa jan edo irentsiz) eta antropoemia (hots, kanpokoa baztertuz). Egun, indarrean diraute bi estrategia horiek, literalki ez bada ere: asimilazionismoa, finean antropofagiaren aldaera besteriz ez dena, kanpoko gizabanakoei haien nortasuna eta kultura ezabatu eta kultura nagusiko balioetan integratzen direnean; eta antropoemia, kanpokoa baztertu edo besterik gabe itzuliarazi egiten zaionean. Ikus, gainera

-Aporofobia

19. Kapitulua

Eboluzionismo soziala

197 hitz

Antropologian, eboluzionismo soziala edo eboluzionismo antropologikoa gizarteek eta kulturek beti aurrera egiten dutela baieztatzen duen ikuspuntu antropologikoa da, modu progresibo eta uniforme batean, eta gizarte eta kulturen arteko diferentziak euren eboluzioaren maila ezberdinetan daudelako gertatzen dira. Ikuspegi honen arabera, gizarte guztiak eboluzio maila berera helduko lirateke denborarekin. Aurkako ikuspuntua da erlatibismo kulturala da, gizarteek patroi desberdinak jarraitzen dituztela, eta ondorioz alderatu ezin direla, aldezten duena. Eboluzionismoa XIX. mendean sortu zen, Ilustrazioaren ondorioz aurrerabidearen ideia puri-purian zegoenean; horren defendatzaile nagusiak Edward B. Tylor eta Lewis Henry Morgan estatubatuar antropologoak izan ziren.

Erreferentziak

20. Kapitulua

Antropozenoa

160 hitz

Antropozenoa gizakiak Lurraren kondizio fisiko, geologiko eta biologikoetan eragina dueneko aroa da, hala nola paisaiak aldatuz, beste espezieen hedadura mugatuz eta baita desagerraraziz ere, eta aldaketa klimatikoa sortuz. Adiera zabalean, giza jarduerak planetan duen eraginen multzoa da. Batzuen arabera, duela 14.000 urte abiarazitako aroa da, mamuten desagerpenarekin batera, ehizaren ondorioz; beste batzuen arabera berriz,  Industria Iraultzarekin batera hasitako garaia, orduan hasi zirelako nabarmentzen gizakiak ingurumenean zuen eragina.** Beste hizkuntzetan: **ingelesez, anthropocene; gaztelaniaz, antropoceno.

Irakurleari

Artikulu bat eskatu

Erabili galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.

Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun.