Ikas-komunitateak (ikaskuntza-komunitateak)
Ikas-komunitateak edo ikaskuntza-komunitateak eskola moderno eta berritzailearen baitan garaturiko kontzeptua izan da, hala nola Paulo Freire-ren (1921-1997) eskutik. Bereziki gizarte-arazo larriak zituzten komunitate baztertuetan garatu dira, ikasleen errendimendu akademiko eskasekin. Ikas-komunitatearen oinarria ikaskuntza dialogikoa da, zeinaren arabera besteekiko harremanetan ikasi egiten dugun edo ikasi beharko genukeen, gizaki askeak izateko (ikus, gainera, lankidetzazko ikaskuntza). Horrela, ikas-komunitateen helburua ikasleen gizarte inguruneko eragile guztiak (irakasleez gainera, gurasoak, ahaideak, auzokoak, …) ikaskuntzarako proiektu batean inplikatzea da ikasleak pertsona aske, solidario eta kritikoak izatera eramango dituen hezkuntza-proiektu baten baitan. Labur esanda, parte hartzea eta eraldaketa soziala dira ikas-komunitatearen ardatzak. Ipar Amerikan eta Brasilen bereziki garatu diren esperientziak dira. Espainiar estatuan, La Verneda-Sant Martí Bartzelonako helduen eskola izan da erreferente nagusi bat. Beste hizkuntzetan: ingelesez, learning communities; gaztelaniaz, comunidades de aprendizaje.