Ez-jaiak


KategoriakAntropologia

2020ko pandemian zehar, Euskal Herriko eta Espainiako herrietako jaiak bertan behera geratu ziren kasurik gehien gehienetan. Alternatiba eta erabaki horren aurka ez-jaiak izenekoak (gazteleraz, no fiestas) ospatu ziren hainbat herritan, gobernutik eta udaletatik jarritako debekuei aurre eginez. Antropologiaren aldetik bereziki interesgarria den fenomenoa  da, aspaldiko jai ofizialen aldean herritik, bereziki gazteriatik, antolaturiko jaiak izan direlako. Ezin esan ez-jaiak erritual baten gisa ospatu direnik, erritua tradiziozko ekintza gisa ulerturik, errepikapenaren eta tradizioaren baldintza betetzen ez dutelako. Baina ez dezagun ahaztu errituek aldaketarako eta berrikuntzarako duten ahalmen bizia, ez-jaien kasuan modu bizi eta berehalakoan garatu dena. Beste alde batetik ez-jaiek erritu batzuen ezaugarriak bildu dituzte, bereziki negazioa jai horien alde nagusia bilakatu da, izenetik hasita, ez-jai horretatik alegia. Izan ere, ez.jaietan bezalaxe, negazioa eta alderanzketa beste erritu askoren ezaugarria da, hala nola inauterietan.

Izena duen guztia omen da

Pandemiaren eta alarma-egoeraren ezarpen eta gutxira geratu ziren bertan behera udako herri jaiak, hilabete batzuk lehenagotik. Erabaki horiek maiatzean zehar izan ziren kasu gehienetan, kasu batzuetan jaietako egitarau ofizial alternatiboa prestatu bazen ere, jende gutxi biltzekoak omen ziren ekitaldiekin. Berehala, herrietan betiko jaiak ospatzekoak ziren datak gerturatzean, sortu ziren jai horiek ospatzeko deialdi informalak, herriko jai-batzordeen eskutik kasu batzuetan eta sare sozialen bitartez besteetan.

Ekimen horiek berehalako ekitadia ospakizun informal horiei jarritako izena bera da: ez-jaiak. Bi interpretazio ematen ditugu izen horri buruz: alde batetik, debekuei itzuri egiteko estrategia da, ez-jaiak ospatzen ari direnez, ez dira jaiak ospatzen ari, eta beraz jazarpen politikoa lekuz kanpo egongo lizateke. Beste interpretazio bat ere ematen dugu: izena duen guztia omen da, euskal mitologian ohikoa adierazpenari kasu eginez, eta beraz ez-jaia bada zerbait, ez-jaiaren adierazpen beraren bitartez, gazteek bere ekimenak garatzeko eremua aurkitu dute: ez-jaiak badira, izena badute, eta ospatu egingo ditugu.

Negazioaren ospakizuna

Victor Turner eskoziar antropologoak adierazi zuenez (Turner, 1980), erritu guztien ezaugarriak dira anbiguotasuna eta paradoxa. Haren arabera, errituak limen edo mugan kokatzen dira, eta posible dena adierazten dute, hipotesi, konjetutra eta desira. Ez-jaien kasuan garbi azaltzen da alderdi hori: ez-jaiak ospatzean, benetan balira bezala, errituaren funtzio nagusia lortzen da, kaos emankor bat sortzea, egitura sozialen dekonstukzioa, egitura berriak sortze aldera (Geis, 2006).

Altxamendua

Ez-jaiek inauteriekiko duten beste parekotasun bat bi ospakizun horiek gertatzen diren giroarekin du zerikusirik, eta kasu bietan irtenbide berdina bilatuz: inauteriak negu gorrian gertatzen diren bezalaxe, ez-jaiak pandemia giroan ospatu dira, gobernuek ezarritako kontrol zorrotzeko denbora batean, gazteentzat bereziki gogorra izan dena. Ez dezagun ahaztu gainera, inauteriak Garizumaren aurretik ospatzen zirela, pribazio eta kontrol egoera batean, eta ez-jaiak ere, pribazio eta kontrol zorotzeko giro batean sortu eta garatu direla.

Erreferentziak

  • Ingrid Geist, El ritual como sintagmática del sentido.
  • Victor Turner,  La selva de los símbolos], Siglo XXI, Madrid 1980.
Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Ez-jaiak"; Gizapedian, 29 abuztua, 2020, /ez-jaiak/.
523 hitz

Artikulu bat eskatu

Erabili ezazu galdetegi hau artikulu eskaera bat bidaltzeko. Lehenbailehen osatzen saiatuko gara.



Harpidetu zaitez

Gure azken edukien berri jaso nahi baduzu zure email helbidean, egin zaitez harpidedun hurrengo galdetegi hontan.