Eskola laikoa (hezkuntza laikoa)
Eskola laikoa eta, oro har, hezkuntza laikoa, doktrina eta dogma erlijioso ororekin zerikusirik ez duen moduan irakasten eta ikasten den hezkuntza-erakunde eta sistema da, eta, gainera, horietatik eratorritako edozein ikuskera alde batera uzten du, horrela askatasun eta pentsamendu kritikoaren printzipioetan hezteko. Nolanahi ere, eskola laikoa ez da erlijioaren aurkako eskola bat, eta onartu eta defendatu egiten du erlijio sinesmenetan hezteko askatasuna, baina, aldi berean, hezkuntza hori eskola bezalako espazio sozial eta publikotik kanpo kokatu behar dela berresten du.