Azalera handiko saltokiak
Azalera handiko saltokiak edo azalera handiko saltegiak bezeroentzako espazio zabalean garatzen den txikizkako salmentarako merkataritza-establezimenduak dira. Haietan biltzen dira hipermekatuak, saltoki handiak eta azalera handiko saltoki espezializatuak. Produktu-aukera zabala eta sakona izaten dute, hala nola hipermerkatuetan eta saltoki handietan; beste batzuetan, mota jakin bateko produktuak baino ez dituzte saltzen, hala nola kirolarekin lotuak eta brikolajearekin, baina beti eskaintza zabal batekin. Gehienetan prezio konpetitiboak izaten dituzte, eskala-ekonomiek ematen dizkieten abantailei esker. Maiz, herri eta hirietako periferian kokatzen dira, pabiloi motako eraikinetan. Saltoki handien izendapena legezkoa da, eta izendapen hori dendako metro karratuen araberakoa da (Espainian adibidez, saltoki handiak 2.500 metro karratutik gorako denda txikizkariak); gainera, saltoki handi baten irekierak legezko baldintza eta baimen bereziak behar ditu.
Historikoki, saltoki handien zabalkuntza masa-kontsumoarekin lotzen da, eta bereziki 1960tik 2010 urtera arte zabaldu den eredua da. Saltoki handien ugaltzeak herri eta hiri kaskoetako denda txikien krisia eta itxiera eragin du hainbat kasutan. 2010etik aurrera ordea, saltoki handien eredua ere krisian sartu da, merkataritza elektronikoaren garapenean eta familietan eta kontsumo-ohituretan izandako aldaketen ondorioz.** Beste hizkuntzetan: **gaztelaniaz, *grandes superficies. *