Abakoa
Abakoa (antzinako grezierazko ἄβαξ*, abax, *hitzetik, “koadro, laukizuzena”) eragiketa aritmetikoak (batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak, erroak eta baita logaritmoak ere) egiteko erabiltzen den eskuzko tresna da, laukizuzen formako koadro baten barruan jarritako hari edo zotz paraleloetan sarturiko bolatxoak dituena, harian gora nahiz behera mugi daitezkeenak, hari bakoitzean gora edo behera dagoen bola kopuruak hariari dagokion posizio hamartarreko unitate kopurua adierazten duela. Historian zehar, antzinako hainbat zibilizaziotan mota guztietako kalkuluak egiteko erabilitako tresna izan da, hala nola Txinan, Indian eta Antzinako Erroman. XX. mendean kalkulagailuak eta konputagailuak agertu ziren arte, kalkuluak egiteko tresna arrunta izan da, herrialdearen arabera abakoak eta horien erabilera desberdina bazen ere. Egun, abakoak erabiltzen jarraitzen dugu, baina gehienbat haurrei matematika irakasteko tresna didaktiko gisa.